Santa Grazi
Zuberoako hego-ekialdeko udalerria, Atharratze-Sorholüzeko kantonamenduan. Sainte-Engrâce du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Hauze; ekialdean, Ligi-Atherei eta Beretetzeko harana (Biarno); mendebalean, Larrañe; hegoaldean, Izaba (Nafarroa). 72,69 km2. 1999ko erroldaren arabera, 254 biztanle (santagraztarrak). Oso eskualde menditsuan dago eta erraz gainditzen dituzte 1.000 m-ak hegoaldean nahiz iparraldean dituen mendiek: Binbaleta (1.416 m), Cortaplana (1.696 m), Lakora (1.877 m), Heilegaina (1.689), Txuri-Punta (1.621 m), Arrahandia (1.656 m), Ützigaina (1.618 m) eta Izeito (1.464 m) iparraldean eta Hilague (1.337 m), Igontze (1.387 m), Arboti (1.542 m) eta Izarbe (1.559 m) hegoaldean. Santa-Graziko errekak igarotzen du udalerria, Larrañeko errekarekin bat egitean Uhaitzaindi ibaia osatzen duela. Euskara, zuberera; euskaldunak, % 95. Abere hazkuntza (ardi eta behi azienda), basogintza (pagoak, haritzak) eta zerbitzuen alorra (turismorako azpiegiturak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XII. mendeko gaztelu itxurako eliza erromanikoa (hiru habearte, hiru abside, XVI. mende hasierako kanpandorrea, XII. mendeko kapitelak) eta hilerriko hilarri zaharrak. v Historia. Santa-Grazi herriaren izen zaharra Urdaix zen, 1476. urteko dokumentu baten arabera. XI. mendean Santa-Grazi Leireko abatetxe nafarraren mende zegoen; geroago agustindarren esku geratu zen. Pirinioetako igarobide guztiz garrantzitsua izan zen XIX. mendea arte.