Departamento de Cultura y Política Lingüística

Santa Luzia

(Izen ofiziala, Santa Luzia; Ing., Saint Lucia). Antilla Txikietako uhartea eta estatua, Karibe itsasoaren ekialdean, Martinika (Frantzia) eta San Bizente uharteen artean. 616 km2 eta 159.585 biztanle (2008ko estimazioa, santaluziarrak). Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala), frantses patoisa. Hiriburua: Castries (64.404 biztanle, 2001). Hiri nagusiak: Vieux Fort eta Soufrière. Etniak: beltzak, % 90; mestizoak, % 6; Indiako indiarrak, % 3; zuriak, % 1. Erlijioa: katolikoa, % 90; protestantea, % 7; anglikanoa, % 3. Dirua: Karibeko ekialdeko dolarra. 1979ko otsailaren 22an Santa Luzia estatu burujabe bihurtu zen, Commonwealth erakundearen barruan. Monarkia konstituzionala da, erregimen parlamentarioa duena. Konstituzioa 1979. urtekoa du. Espainiarrek aurkitu eta konkistatu zuten 1502an. Orduz geroztik etengabeak izan ziren uhartea menderatzeko ahaleginak, XIX. mendea arte amaitu ez zirenak; 1814an, azkenik, ingelesen esku geratu zen, eta kolonia azukre-ekoizlea bihurtu zen. Lurraldea eta biztanleak. Uharte menditsua eta sumendi jatorrikoa da, klima tropikala du eta zikloien pasabidean dago. Gaur egun, biztanle gehienak afrikar esklaboen ondorengoak dira (% 90,3), kolonien garaian indarrean eraman zituztenak. Biztanleen erdiak ia hirietan bizi dira gaur. Oso biztanleria gaztea da (% 44 hamabost urtetik beherakoak), eta hazkunde tasa oso handia da (1997. urtean, % 1,9). Bizi itxaropena 72 urte ingurukoa zen 1999. urtean. ■ Ekonomia. Dinamismoa eta ahultasuna dira aldi berean Santa Luziako ekonomiaren ezaugarriak. Nekazaritzak pisu handia duen arren, turismoari eta industria txikiari garrantzi handia eman zaie, ekonomia alorrak ugaritu nahi baitira; izan ere, banana ekoizpena izan da azken hamarraldietan Santa Luziako diru iturri nagusia, baina gaur arriskuan dago, Latinoamerikaren konkurrentzia gero eta handiagoa dela-eta; hala, nekazaritzaren sektoreak 1997. urtean beheraldiko bosgarren urtea egin zuen, bananaren ekoizpenak jaitsialdi larria izan baitzuen. Nolanahi ere, bananaren esportazioak ematen ditu oraindik nekazaritzako sarrera gehienak (barne produktu gordinaren % 11). Nekazaritzak, bere garrantzia gorabehera, klimaren mendekotasun handia du (lehorteak, urakanak). Merkataritzarako arrantza oso emankorra izan daiteke etorkizunean. Eremu frankoen sorreraren bidez, industria txikia (elikagaiak, enbalajea…) bultzatu nahi da. Turismoa asko ari da indartzen, eta gaur egun Santa Luziako ekonomiaren motor nagusia da, era askotako jarduerak sortzen baititu. Kanpoko zorra ordea, oso handia izanik (120 milioi dolar 1995. urtean), eragozpen larria da uharteko ekonomian; orobat da handia langabezia tasa. Historia. K.o. lehen mendeetan arawak indiarrak bizi ziren uhartean. Geroago, karibe indiarrek uhartetik kanpora egotzi zituzten. Europarrak 1500 inguruan iritsi ziren. XVII. mendean ingelesak uhartea kolonizatzen ahalegindu ziren, baina karibeek aurre egin zieten, eta handik kanpora egotzi zituzten. 1650 urtean Martinikako frantsesek uhartean finkatzea lortu zuten, eta karibeekin itun bat izenpetu zuten 1660an. 1763tik aurrera San Bizente eta Grenadako frantses nekazariak Santa Luziara joan ziren, eta kotoia eta azukre kanabera lantzen hasi ziren. Hurrengo mendean uhartearen jabetza frantsesen eta ingelesen arteko liskarbide izan zen, harik eta, 1814an, Parisko Hitzarmenak ingelesen aldeko epaia eman zuen arte. Frantziaren eraginak hizkuntzan eta erlijioan iraun du. 1834an esklabotasuna debekatu zenean Santa Luzian 13.000 esklabo beltz baino gehiago bizi ziren. 1838-85 bitartean, Santa Luzia, Haizealdeko gainerako uharteekin batera, Barbados-ko gobernariaren mende egon zen. XIX. mendean azukre kanaberaren industriaren gainbehera etorri zen; geroago, ordea, banana eta kakaotzea sartzearekin batera, berriro indartu zen, baina, hala ere, 1964an, lantzeari utzi zitzaion erabat. 1924an, konstituzio baten bidez, ordezkaritza-gobernu bat onartu zen. 1958tik 1962ra Santa Luzia Mendebaleko Indietako Federazioaren barruan egon zen. 1967an burujabetasuna erdietsi zuen, Britainia Handiarekin elkartutako estatu gisa. 1979ko otsailaren 22an estatu burujabe bihurtu zen, Commonwealth erakundearen barruan. Harrezkero Nazio Batuetako eta Amerikako Estatuen Elkarteko kide da. 1983an, Estatu Batuekin batera, Grenadako inbasioan parte hartu zuen. Independentzia lortu zenean (1979) John Compton, garai hartan Langileen Alderdi Batuaren (UWP) buruzagia, izan zen independentziarako negoziazioetan solaskide nagusia, eta hura bihurtu zen Lehen ministroa. Alabaina, lehen hauteskundeetan Santa Luziako Alderdi Laborista (SLLP) irten zen garaile, eta orientabide sozialistako politika bultzatu zuen. Baina UWP alderdiak, J. Comptonen buruzagitzapean aurrena eta Vaughan Lewisenean gero, aginpidea lortu eta bertan egon zen 1982. urtetik 1997. urtea arte. Kenny Anthony, Alderdi Laboristakoa, izan zen hurrengo estatuburua. Santa Luzia Karibe Ekialdeko Estatuen Erakundeko kide da (OECS), eta Karibe Ekialdeko herrialdeen arteko loturak estutzearen alde dihardu. 2007an Anthonyk bere kargua utzi behar izan zuen gaixorik zegoelako, eta Stephenson Kingek ordezkatu zuen.
http://www.stlucia.gov.lc/