Ros Marbá, Antoni
Katalan orkestra zuzendaria (Hospitalet de Llobregat, 1937). Bartzelonako Kontserbatorioan sartu zen, eta hango zuzendaritzan lan egin zuen Toldrárekin batera. Celibidacherekin ikasi zuen Vienan eta Martinunekin Dusseldorfen. 1965ean Radiotelevisión Española orkestra sinfonikoaren zuzendari izendatu zuten, eta harrezkero hainbat orkestra ospetsu zuzendu ditu: Ciudad de Barcelona Orkestra (1967), Espainiako Orkestra Nazionala (1978-1981) eta Holandako Ganbera Orkestra (1979). Era berean, Operako Antzoki Nazional-Errege Antzokiko musika zuzendari ere izan zen. Estilo eklektikoko zuzendaria da, eta bere errepertorioan nabarmentzekoak dira obra barrokoak eta erromantikoak; nazioartean karrera zabala osatu du orkestra zuzendari gisa, eta horrez gainera, konposizioaren alorrean Manuel de Fallaren Fuego fatuo eta Concierto desconcertante (1986) obrak suite orkestral gisara moldatu ditu. Espainiako Musikako Sari Nazionala jaso zuen 1989an, Cristóbal Halffterrekin batera.