Departamento de Cultura y Política Lingüística

Prekanbriko

Geol. Kanbriko aurreko aldia, lurra sortu zenetik (orain dela 4.600 milioi urte inguru) orain dela 600 milioi urte inguru arte hedatu zena. Lehen geologia aldia da. ik. kanbriko. v Aldi hartan lehen harriak lurpetik ur azalera irteten hasi ziren eta kontinente bat sortuz joan zen. Agidanean, lehen kontinente hura, granitoz eta labazko harriz osatua zen, batez ere. Orain dela 2.500 milioi urte inguru kontinente hura handituz joan zen lurpetik irtendako granito eta labazko harri berriez, eta puzzle baten piezen antzera banatu zen, kontinente handiak egituratuz. Halaber, aldi hartan gertatu ziren lehen higidura orogenikoak, uroniarra, esaterako. Orain dela 3.500 milioi urte inguru sortu ziren lehen izaki biziak: bakterioak eta alga zianofizeoak. Algek askatzen zuten oxigenoa burdinarekin elkartu zen eta burdina pilatzean meak sortu ziren; gaur egun ustiatzen diren burdin mea asko orduan eratutakoak dira, adibidez. Alga haiek, ordea, etengabe askatzen zuten oxigenoa; hala, orain dela 1.800 milioi urte inguru oxigenoa itsasoan eta atmosferan pilatuz joan zen. Atmosferako oxigenoak ozonozko geruza bat eratu zuenean, Eguzkiaren irrada ultramoreetatik babestu zuen lurra eta hartaz baliaturik izaki bizi berriak sortu ziren kostaldeko ur azaleko itsasoetan: koral zuriak, marmukak, harrak eta gorputz biguneko beste animaliak.