Departamento de Cultura y Política Lingüística

Prampolini, Enrico

Italiar pintorea, marrazkigilea eta idazlea (Modena, 1894 - Turin, 1956). Luccan, Turinen eta Erromako Arte Ederretako akademian egin zituen pinturako ikasketak. Futurismorantz bideratu zituen bere obrak 1912. urteaz geroztik. Agiri bat argitaratu zuen hurrengo urtean Kromofonia izenburupean, eta beste agiri batzuk idatzi zituen ondorengo urteetan: Atmosferoestructura (1923), Makinaren estetika (1923) eta Izpirituaren arkitektura (1924). Pantomima Futurista antzerkiaren zuzendaria izan zen Parisen 1926-1927 urteetan. Antzokirako pintura lan ugari egin zituen, eta eszenografia irakasle izendatu zuten Milango Breda akademian. Obra nagusiak: Airetiko perspektiba (1919), Jainkoen arteko elkarrizketa (1926), Espazioko eskafandrista (1929) eta Espazioko organismoa (1929). Picassoren eragina igarri zaio bestalde, Cassandra al Mare obran (1945).