Departamento de Cultura y Política Lingüística

Posidonio Rodaskoa

(Gr. Poseidonios). Greziako filosofo estoikoa (Apamea, Siria, K.a. 135 - Erroma, K.a. 50). Filosofia ikasketak Paneziorekin egin zituen Atenasen. Rodasen eman zuen ia bizitza osoa, eta han eskola estoikoaren buru izan zen. Helenismoaren garaiko jakinduria bildu eta erromatarrei irakatsi zien: Zizeron, Lukrezio, Virgilio, Manilio, Seneka Gaztea eta Plinio Zaharraren maisu izan zen. Eragin handia izan zuen filosofia estoikoaren garapenean; saiatu zen filosofiaren eta erlijioaren arteko kontraesanak adosten, Aristotelesen eta Platonen doktrinak Zenonen estoizismoarekin bat egiten, eta estoizismoaren hatsapen nagusi bat garai hartako greziarren eta erromatarren erlijiora egokitzen. Berrogeita hamabi liburu idatzi zituen historiaz. Geografoa, astronomoa eta etnografoa ere izan zen. Haren idazlan guztiak galdu dira.