Departamento de Cultura y Política Lingüística

Pi i Margall, Francesc

Katalan politikaria eta idazlea (Bartzelona, 1824 - Madril, 1901). Zuzenbide ikasketak amaitu ondoren, Artearen Historia aztertzen hasi zen, Bartzelonan. Madrila jo zuen gero kazetaritzako ikasketak egitera eta historiakoak osatzera. 1852an Historia de la pintura (Pinturaren historia) obra argitaratu zuen, baina elizak zentsuratu egin zion. Alderdi Demokratako kide egin zen, eta La reacción y la revolución (Erreakzioa eta iraultza) obra kaleratu zuen 1855. urtean; bertan garbi azaldu zuen federalismoaren aldeko jarrera. Alderdi Demokratan zuen eragina nabarmen areagotu zen demokraten eta progresisten arteko batasunari uko egiten zion Emilio Castelarrekin izan zituen eztabaiden ondoren. 1866. urteko matxinadan parte hartu ondoren, Parisa erbesteratu behar izan zuen. Han Pierre-Joseph Proudhon frantses sozialistaren Du principe fédératif et de la nécessité de reconstituer le parti de la révolution obra itzuli zuen, El principio federativo. Espainiara itzulitakoan errepublikarrek lagundurik 1869. urtean diputatu hautatu zuten Bartzelona hiriaren ordezkari. 1873an, Errepublika ezarri zenean, Gobernazioko ministro izendatu zuten Pi i Margall. Krisi gogor bati aurre egin behar izan zion, eta Biltzarre Konstituziogilea osatzeko hauteskundeetarako dei egin zuen. Biltzar Konstituziogileak federalismoa aldarrikatu zuen Espainian urte berean, eta ekainaren 8an gobernuko lehendakari hautatu zuten Pi i Margall. Hilabete egon zen karguan, Pi i Margall-ek dimisioa eman ondoren bertan behera geratu baitzen Lehen Errepublika. Politikagintzatik aldendu eta kazetaritza eta literatura lanetan eman zituen bizitzako azken 20 urteak.