Departamento de Cultura y Política Lingüística

Nunes, Emmanuel

Portugaldar musikagilea (Lisboa, 1941). Musika ikasketak Lisboako Kontserbatorioan egin zituen lehenbizi, eta ondoren Paris eta Darmstadt-en aritu zen. Kolonian lan egin zuen Karlheinz Stockhausen eta Henri Pousseur-ekin batera. Nunesen lehenengo lanetan idazketa polifoniko konplexua nabarmentzen da, gerra ondoko Europako abangoardiako estetikari asko zor diona: Graduak (1965), harizko hirukoterako; Purlieu (1970), harizko orkestrarako; Suaren eta itsasoaren letaniak II (1971). Nunesek adierazkortasun zakarra landu zuen, kontraste gogorrak eginez. Gertaera akustiko finenak kontuan hartzen dituzten partiturak, eta askotan jatorri elektroakustikora jotzen dutenak, landu ditu: Ruf (1975-1977), orkestra eta elektronikarako; Wandlungen (1986), bost biribilketa hogeita bost tresnetarako eta elektronikarako; Quodlibet (1990-1991), hiru tresna multzorako; Machina mundi (1991-1992), abesbatza, lau tresna bakarlari, orkestra eta elektronikarako. Alemaniako Friburgoko Kontserbatorioko konposizio irakaslea da, eta Europako musika gaztearen ordezkari nagusietako bat.