Departamento de Cultura y Política Lingüística

ni

izord. Singularreko lehen pertsonaren izenordaina, hitz egiten ari dena adierazten duena. ik. neu. Ni heldu naiz lehen. Nik behintzat horrela uste dut. Nik neronek ikusia. Nire etxea erre dute. Nireak egin du. Ni baitan, nire baitan: nigan.  v  Fil. Filosofiaren historian hainbat interpretazio izan du ni-ak: 1) Pertzepzio, gogo irudia, pentsamendu, sentimen eta egintza guztien subjektua (teoria subjektiboa, San Agustin, Kant). 2) Gai ez-materiala (substantziaren teoria, Berkeley, Descartes, J.S. Mill). 3) Pertzepzioen eta ideien bilduma edo konbinazioa (konplexutasunaren teoria, Hume, Husserl).  v  Psik. Norbanakoaren batasunaren eta identitatearen kontzientzia; giza gogoaren ahalmenen euskarria, pertzepzioaren eta kontzientziaren zentroa eta esperientzia afektiboaren eta intelektualaren gune subjektiboa. Ni-ak bai kontzientzia egoera askotarikoen aldiberekotasuna eta jarraitasuna eta bai fenomeno afektibo, intelektual eta aktiboak biltzen ditu multzo batean.  v  Freuden teoria psikoanalitikoan, ni-a psikearen egitura hirukoitzaren sistema funtzionaletako bat da, “zera” inkontzientea eta “super ni” etikoarekin batera. Ni-ari kanpoko mundua eta barneko mundua, bai eta super ni-a eta zera harremanetan jartzea dagokio. Ni-a, beraz, kanpoko munduaren, libidoaren (zera) eta zorroztasunaren (super ni-a) eragin eta arriskupean aurkitzen da eta gizakiari dagokio, azken batean, mendetasun horietatik askatzea eta gainditzea eta beraren buruaren jabe egitea.