Departamento de Cultura y Política Lingüística

neurosi

iz. Psik. Nerbio sistemaren eritasuna edo nahasmendua, anatomia oinarri ezagunik ez duena. Neurosiak oreka psikikoa galarazten, nortasuna eraldatzen eta larritasun egoera ekartzen du. Lau dira neurosi mota nagusiak: 1) Antsiazko neurosia: sistema neurobegetatiboaren desoreka, estuasun iraunkorra eragiten duena. Ezaugarri somatiko nagusiak: arnasa hartzeko zailtasuna (ik. disnea); takikardia mingarria; digestio okerra; arazoak gernua isurtzerakoan; buruko mina. 2) Neurastenia: ahulezia eta erresumin egoera dakarren desoreka. Ezaugarri somatikoak antsiazko neurosiaren antzekoak dira, eriak ondo zehaztu ezin dituen oinazeekin batera. 3) Neurosi histerikoa: antsia egoera batek gorputzean eragiten dituen kalteak (psikomotrizitate arazoak, zentzumenen desoreka, etab) ezaugarri dituena. Neurosi histerikoaren krisietan, epilepsia gogorarazten duten larrialdiak gertatu ohi dira. 4) Neurosi obsesiboa: ideia, sentimendu eta ekintza baten aurka setatzea. Eria, nahiz eta ondo dakien alferrikako lanean ari dela, bere obsesioaren mende bizi da (garbia dagoena ere garbitzea, gauzak behin eta berriz zenbatzea edo egiaztatzea, etab.).