Araujo, Orlando
Venezuelar idazlea (Calderas, 1927 - Caracas, 1987). Jaioterritik hasita, Venezuelako hainbat herri eta hiritan ikasi ondoren, Unibertsitate Zentralean lizentziatu zen ekonomia eta letretan. Besteak beste, olerkigintza, kontakizuna, saiakera, ekonomia eta kazetaritza landu ditu bere lanetan. Araujoren Lengua y creación en la obra de Rómulo Gallegos (1955, Hizkuntza eta sorkuntza Romulo Gallegosen obran) saiakera bere obrari buruzko kritikarik onena zela aitortu zuen Gallegosek berak. 1966an, Manuel Díaz Rodríguez idazle venezuelarrari buruzko beste saiakera bat argitaratu zuen, La palabra estéril (Hitz antzua); bertan literatura obraren miatzaile zorrotz moduan agertzen da Araujo. Bi urte geroago, Un muerto que no era el suyo (Hildakoa ez zen berarena) kontakizunarekin El Nacional egunkariko ipuin lehiaketa irabazi eta beste saiakera bat argitaratu zuen: Venezuela violenta (Indarkeriazko Venezuela). 1970ean, indar handiz eta istorioak asmatzeko zuen gaitasunagatik harridura sortuz agertu zen Venezuelako fikzioan, Compañero de viaje (Bidelaguna) ipuin bilduma bikainarekin. Saiakerara itzuliz, 1975ean Literaturako Sari Nazionala eskuratu zuen Contrapunto de la vida y la muerte: ensayo sobre la poesía de Alberto Arvelo Torrealba (1974, Bizitzaren eta heriotzaren kontrapuntua: Alberto Arvelo Torrealbaren poesiari buruzko saiakera) lanarekin. Hurrengo urteetan, beste lan batzuen artean Los viajes de Manuel Vicente Pata Caliente (Manuel Vicente Pata Calienteren bidaiak) kontakizuna argitaratu zuen.
- Arauca
- Araucana, La
- Arauco
- araudi
- arauja
- Araujo, Orlando
- Araukania
- Araukania
- araukaniar
- araukaria
- araukariazeo