arapaima
iz. Zool. Teleosteo handien generoko arraina (Arapaima gigans). 5 m-tik gora neurtu dezake eta 200 kg pisatzen ditu. Ur gezatako arrainik handiena da. Gorputz luzarana izaten du, aho handia, behe baraila irtena, eta bular hegats handiak. Mota bakarra dago. Kolore grisa du, distira gorri eta urdinduna; distira horiek ezkatek eragiten dituzte. Brasilgo eta Guyanetako ibai handietan bizi da. Piraruku izena ere ematen zaio. Bere haragia oso aintzat hartua da, eta hortzak egurra lantzeko erabili izan dira.