Aranzadi Etxeberria, Engrazio
«Kizkitza» Euskal idazlea (Donostia, 1873 - Bilbo, 1937). Lehen eta bigarren mailako ikasketak Tolosako eskolapioetan egin zituen, eta Zuzenbide eta Filosofia eta Letretakoak Salamancan eta Deustun, hurrenez hurren. Donostiako Diputazioan lan egin zuen. Politikan integrista zen, baina Sabino Arana ezagutu ondoren nazionalismoaren bultzatzaile sutsuenetako bat izan zen Gipuzkoan. «Bizkaitarra» aldizkarian argitaratu zuen artikulu batengatik Hendaiara alde egin behar izan zuen, bere ideia abertzalek zirela eta, lehen errefuxiatu bihurturik. Sabino hil ondoren alderdiaren eta eliz agintarien arteko tirabirak izan ziren eta Aranzadi —fraide beneditarra— eskumikatu egin zuten denbora labur batez. 1927ra arte Bilboko «Euzkadi» egunkari abertzalearen zuzendaria izan zen, «Kizkitza» izengoitiz sinatuz. Mugimendu abertzalea Europako joera politikoetara irekitzen saiatu zen (irlandar, txekiar, kroaziar eta abarrekin harremanetan jarririk). Aranzadiren obra nagusiak: La Nación Vasca (1931), La casa solar vasca (1932), Ereintza (1935).