Kulturaren Euskal Planaren garapena. 2004-2005
Hasiera-hasieratik, eta Planaren oinarri gisa, metodo parte
hartzailea hautatu zen. Era askotako lantaldeak izan dira -Euskal Herriko
gizarte eragileak eta eragile pribatuak eta EAEko eragile publikoak eta
erakundeak- lehen diagnostikoak lantzen eta etorkizuneko jarduera-ildoak
hautematen erantzukizun handiena izan dutenak.
Metodologia horrek guztiz blaitu zuen Batzorde Iraunkorraren
egitekoa, elementu komunen hautaketa eta hobekuntzarako ia zuzenketa guztiak
onartzeko jarrera irekia uztartzen zituela, testua alde guztietatik kolektiboa
izan zedin. Horrek heldutasun prozesu bat islatzen du. Lanari kokaleku ezagun
batetik abiatuta ekin ondoren, beste posizio batzuk entzun eta ezagutu ziren eta
Kulturaren Euskal Kontseiluan aurkitzen diren sentsibilitate guztiekin
identifikatzen diren posizioak formulatzeko gai izan zen. Horrela ulertzen da
Kontseiluak aho batez sustengatu izana, horrek posizio partikularrak ukatzen ez
baditu ere.
Metodologiak, bada, abantaila ugari zituen.
Abantailarik handiena kultura sortzen duten edo alor horretan
parte hartzen duten eragile askotarikoek jardueren barru-barrutik ekarri duten
ezagutza izan da. Horrek konpromisoa eta interesa eragin ditu gai
estrategikoetan, eta ez gai jakin batzuetan bakarrik entzunak eta aintzakotzat
hartuak izatea, baita ere administrazioak bestela lortuko ez lukeen informazio
aski baliotsua eskura izateko eta ulertzeko moduen trukaketa sustatzeko;
horrenbestez esan liteke emaitza, neurri handi batean, adierazgarria
dela.
Gainera, etorkizunari begira, ezagutza partekatu hori, kultura
komun hori, oinarri sortzailea da berez, eta horrek eragileek erronkei modu
bertsuan, lankidetza landuz, aurre egin diezaien lagunduko du, ulerturik
sortzaile denaren ekonomian, etorkizuna irudikatzea eta hura posible egitea
batera doazela.
Ondoren, eta bildutakoa oinarri harturik, administrazioek,
konpromisoak bete eta finantzatu behar dituztenak izanik, beren ikuspegiek eta
aurrekontuek eskaintzen dituzten baliabideen aurreikuspenak eman
dituzte.
Diagnostikoetan -ez jardueretan- ekarpen kritikoenak ere
errespetatzeko joera gorde da -horrek ez du esan nahi ezinbestean ekarpenarekin
ados egon behar denik-, eragileen aurrean Planaren egiazkotasuna babestearren
eta haiek oro har Plana onar dezaten. Dena den, Plana laburtu eta orokortu behar
izan da, eta horrek, ezinbestean, hautatzea, azterketa bakoitzari edo sektoreko
jarduera-ildorako proposamen bakoitzari muina ateratzea eskatzen du. Nahitaez,
lagungarriak ez diren adierazpenak edo errepikapenak ezabatu egin dira.
Proposamen operatiboen alorrean, behar adina landu gabekoak edo adostasun maila
handiagoa eskatzen dutenak ez dira jarduera-ildo bihurtu; nolanahi ere, horiek
erabat ez baztertzearren, oroitzapen gisa "etorkizunean garatzeko proposamenak"
bezala definitu dira.