Kulturaren Euskal Planaren garapena. 2004-2005
Planak kontzeptu eta gaikako sarrera bat du, diagnostiko orokor
batzuk eta ardatz estrategikoei buruzko epe luzeko hausnarketa. Hausnarketa
horretatik abiatuta, oso epe luzeko jarduera-ildoak proposatzen dira, batetik,
eta lau urterako ildo eta jarduera plana, bestetik. Planak, hala, segidako
kapitulu hauek ditu.
Lehen kapituluak kontzeptuen esparrua
xedatzen du, 2003ko maiatzeko "aurretiko dokumentu markoa"ren gai orokorrei
berriro lotzen zaie sarrera moduan; gai horietan areago sakontzen du ordea,
sektoreko arazoak hobeto zehazteko. Izan ere, okerra da euskal kultura
aztertutako sektoreetan bakarrik dagoela pentsatzea. Zalantzarik gabe, horiek
kultur jarduerak egituratzen dituzte, baina ez kulturaren dimentsio guztiak.
Planak jorratuko dituen egiturazko arazoak ezin dira alde batera utzi. Euskal
kulturaren arazo orokorrak dagokien testuinguruan jarri behar ziren,
identitatearen arazoari buruzko eztabaida eta ulertzeko erak zabaldu eta
bultzatu, edo euskal kulturaren kontzeptuari buruzkoa, edo euskal kulturaren
gaineko pertzepzioei zein hura gatazka politikoetatik gordetzeko premiari edo
gaur egungo mundu globalizatuan kokatzeko moduari buruzkoa.
Horrekin zenbait baliza ezarri nahi ziren testuinguru gisa,
baina baita Planak dituen mugak agertu ere. Esate baterako, ez du sartu behar
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren alorrean, baina bai, aldiz, kulturaren
sektore eta esparru bakoitzean euskarak duen presentzian. Halaber, ez da ahaztu
behar Euskal Herriko zati batean bakarrik izan daitekeela erabat
eraginkorra.
Alabaina, eta gai horiek labainak direla kontuan izanik,
sarrerako hausnarketa hori bide-erakuslea baino ez dela adierazi behar da,
bultzatzeko, sentsibilitate desberdinak hurbiltzeko saiakera bat, lanerako
dokumentu hutsa; beraz, ez du, inondik ere, agindu izaerarik, eta ez du jarrera
komunik edo erabakirik agertzen, alderdi horiek hurrengo kapituluetan garatuko
direlarik.
Bigarren kapituluak diagnostikoak
eskaintzen ditu, bai euskal kulturari buruzko orokorra bai kultura hori
mugatzeko proposatu diren hiru eremuei buruzkoak: ondarea, arteak eta kultur
industriak. Diagnostikoak egiteko, lehenik sektore bakoitzean azterlan bana egin
da, gero horiek azpisektoretan trinkotu dira, horretarako balio-katea zein
gizarte esparrua eta orain arte eragile publikoek garatu dituzten politikak
aztertuz. Sektorekako diagnostiko zehatz horiek, hala nola euskara edo kultura
digitalari buruz zeharka egin direnak, web-ean ageri dira eta oso baliagarriak
dira.
Hirugarren kapituluan, handiena eta mamitsuena,
Kulturaren Plana zehatz-mehatz azaltzen da, oinarrietatik abiatuta:
betekizuna, erronkak, lehentasunezko helburuak eta irizpideak.
Plana bideragarri egin dezakeen antolaketa sistema azaltzen da eta ardatz
estrategikoak, jarduera-ildoak eta jarduerak aipatzen dira, martxan jartzeko
egutegiarekin batera.
Laugarren kapituluan planaren betekizuna
bermatuko duten segimendu eta ebaluazio tresnak aurkezten
dira.
Azken kapituluan jarraitu den
metodologia azaltzen da. Plana egitea esperientzia parte
hartzailea da berez, oso emankorra, eta beste egoera eta eremu batzuetan ere
baliagarria gerta daiteke.
Eranskinean taldeetan parte hartu duten pertsonen zerrenda jaso
da, argi eta garbi izanik beren lankidetzak ez dituela azken emaitzarekin
konprometitzen.