Euskarazko literatura itzulpena
Irabazlea: Karlos Zabala Oiartzabal
Izenburua: Zubi bat Drinaren gainean
Argitaletxea: Alberdania-Elkar
18.000 euroko saria.
Epaimahaia:
Xabier Mendiguren Bereziartu, epaimahaiburua.
Bakartzo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikidea.
Elizabete Manterola Agirrezabalaga, epaimahaikidea.
Karlos del Olmo Serna, epaimahaikidea.
Ander Arana Bareño, epaimahaikidea.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak
Zubi bat Drinaren gainean liburu ederra da, euskaraz erraz irakurtzen dena eta guretzako ezezagun den beste mundu bat erakusten diguna.
Prosa ongi itzulia, deskribapenak oso lortuak, elkarrizketa biziak eta sinesgarriak.
Balio erantsi giza beste hizkuntza bat gurera ekartzea.
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Karlos Zabala Oiartzabal (1963).
Filologia eta itzulpengintza ikasketak.
Azken hamar urtean literatura itzultzea izan du lanbide. Euskaratu ditu, besteak beste, Jules Verneren Mikel Strogoff, Joao Ubaldo Ribeiroren Buda zoriontsuen etxea, Emile Zolaren Parisen sabela (Euskadi Saria 2005) edo André Malrauxen Esperantza euskaratu ditu, besteak beste.
Zubi bat Drinaren gainean
Han, zubiko kapijan, zeruaren, ibaiaren eta muinoen artean, belaunaldiz belaunaldi jabetzen ziren hiri txikiaren filosofia jatorraz: bizitza mirari ulertezina dela, ahitu eta aienatu egiten delako etengabe, eta, hala ere, irmo eta sendo dirauelako, Drinaren gaineko zubiak bezala.
XVI. mendetik XX.era, lau mende pasa irauten duen kronika idatzi zuen Ivo Andritxek, Vixegrad hiriaren eta bertako hiritarren poz eta atsekabeen kontakizun xehea, Drina Ibaia eta haren gaineko zubia direlarik amodio eta gorrotoen lekuko, naturaren nahiz historiaren gorabeheren ikusle mutu.
Eguneroko gazi-gozoak samurtasun eta enpatiaz jasotzen ditu egileak, baina horien azpitik estatu interesen joko-taula dago Balkanetan, eta zibilizazioen arteko talka patuaren ezinbestekotasunez betetzen da, gizaldiz gizaldi.
Zatia
Egunsentian langarra hasi zuen, udazkenean bezala. Euri xehe haren azpian, azken patruilak zubitik hurbileko etxeetan eta dendatan begiratzen ari ziren, oraindik norbait gelditzen ote zen. Dena hil antzean zegoen: ofizialen kasinoa, Lotikaren hotela, kuartel suntsitua eta bazarraren sarrerako hiruzpalau dendak. Baina Ali Hoddaren saltokian imana aurkitu zuten, etxetik iritsi eta txepenaka jaitsi berria zuena. Jendarmeen iduriko, imana gizon xelebrea zen, eta oso serio ohartarazi zioten denda berehala itxi eta plazatik alde egin behar zuela, zubitik hurbil egotea hertsiki debekatuta zegoelako eta "bizi arriskua" zegoelako, horrela egin ezean. Imanak zer esaten ari diren ez dakiten mozkorrak balira bezala begiratu zien, eta ia erantzun zien leku hartan bizia arriskuan aspalditik zegoela eta, edonola ere, denak hilik zeudela jadanik, lurperatzeko txanda noiz iritsiko; baina iritzia aldatu zuen, azken egunetako esperientzia txarren irakaspenari kasu eginez, eta esan zien, lasai eta naturaltasunez, dendatik gauza batzuk hartzera etorri zela eta etxera itzuliko zela berehala. Jendarmeak presaka zebiltzan, inondik ere, eta, imanari handik lehenbailehen aldentzeko berriz ohartarazi ondoren, plaza zeharkatu eta zubirantz joan ziren. Ali Hoddak urruntzen ikusi zituen. Pauso isilez zihoazen, goizeko lehen euriak tapiz heze lodi bihurtutako hautsa zanpatuz. Zubian zehar pasatzen ere ikusi zituen, harrizko karelaren babesean, haien buruak, sorbaldak eta fusilen muturreko baioneta luzeak baino ikusten ez zirela. Butkoveko haitzetako gailurren gainetik lehenengo eguzki printzak agertu ziren.
Horrelakoak dituk haien agindu guztiak, zorrotzak, garrantzitsuak eta alferrekoak sorreratik, pentsatu zuen Ali Hoddak, barrena irribarreka zuela, irakasleari ziria sartu dion ume batek bezala. Txepenaka altxatu zuen, baina barrura lerratzeko moduan, eta gero goian bermatu zuen, kanpotik begiratuta saltokia itxita zegoela pentsa zezaten.
Euskarazko literatura itzulpenari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
- "Zelestina". Joxe Antonio Sarasola. Argitaletxea: Alberdania-Elkar