Ipuin hautatuak. Zatiak
Egia esan, aski da Kixoteko parrafo bat edo beste ikuskatzea Cervantes estilista ez zela sumatzeko (gutxienez hitzaren oraingo adiera akustiko-apaingarrian) eta interes handiegia zuela Kixote eta Santxoren patuetan, bere ahotsari kontu eginez haiekiko arreta barreiatzeko. (Irakurlearen etika sineskeriaz betea)
Menard-ek –gogoan dut– esan ohi zuen gaitzestea eta laudatzea operazio sentimentalak direla, kritikarekin batere zerikusirik ez dutenak. (Pierre Menard, Kixotearen egile)
Norbaitek berrikuntza bat saiatu zuen: aldeko zenbakien erroldan aurkako zorte bakan batzuk tartekatzea. Berrikuntza honen bitartez, zenbakidun laukien erosleak patu bikoitz baten baitan geratzen ziren: diru puska bat irabazi edo isun bat ordaindu, ez nolanahikoa batzuetan. Arrisku txiki horrek (zorte oneko hogeita hamar zenbaki bakoitzeko, asturu gaitzeko bat zegoen), normala denez, jendearen interesa piztu zuen. Babiloniarrak jokora eman ziren. Zorte-txartelik hartzen ez zuena adoregabetzat jotzen zen, gixontzat. (Loteria Babilonian)
Unibertsoa (bestelako deituraz, Liburutegia) galeria hexagonalez osaturik dago; galerien kopurua mugagabea da, eta beharbada infinitua; haizeztapenerako hutsarte handi bana daukate erdigunean, baranda apalez hesituak. Edozein hexagonotatik beheko eta gaineko solairuak ikusten dira: azkenik gabe. (Babelgo Liburutegia)
Premisa ukaezin horietatik ondorioztatu zuen Liburutegia erabatekoa dela eta hogeitaka ortografia-ikurren konbinazio posible guztiak jasota daudela bertako apaletan (kopuru izugarri handia; ez, hala ere, infinitua), hots, adieraz litekeen guztia: hizkuntza guztietan. Den-dena: etorkizunaren historia zehatz-zehatza, goiaingeruen autobiografiak, Liburutegiaren katalogo doia, milaka eta milaka katalogo gezurrezkoak, katalogo horien faltsutasunaren frogabidea, benetako katalogoaren faltsutasunaren frogabidea... (Babelgo Liburutegia)
Gero gogoetatu nuen justu norberari gertatzen zaizkiola gauza guztiak, justu oraintxe. Mendeak eta mendeak, eta soilik orainaldian gertatzen dira gertatu beharrak; ezin konta ahala gizon airean, lurrean eta itsasoan, eta benetan pasatzen den oro niri pasatzen zait... (Banatuz doazen bidexken jardina)
Ts´ui P´ên-ek behin esango zuen: “Liburu bat idaztera erretiratzen naiz”. Eta beste behin: “Labirinto bat eraikitzera erretiratzen naiz”. Denek imajinatu zituzten bi obra; inork ez zuen pentsatu liburua eta labirintoa objektu bakarra zirenik. (...) Ts´ui P´ên hil zen; inork ere, haren eskuko izan ziren lur zabaletan, ez zuen labirinto haren arrastorik aurkitu; nobelaren nahasmenduak pentsarazi zidan bera zela labirintoa. (Banatuz doazen bidexken jardina)
Nekerik gabe ikasiak zituen ingelesa, frantsesa, portugesa, latina. Ez zen, ordea, beharbada, pentsatzeko oso gai. Pentsatzea diferentziak ahaztea da, orokorrera jotzea da, abstrakziora. Funesen mundu mukurrutuan ez zen xehetasunik baizik, xehetasun ia bereiztezinak. (Funes oroimentsua)
Zaldizko unatu odoltsu bat zetorren sortaldetik. Enegandik urrats batzuetara, zalditik irauli zen. Boz mehe asegaitz batez egin zidan, latinez, hiriaren harresiak bustitzen zituen ibaiaren izenaren galdea. Erantzun nion Egipto ibaia zela, euriek elikatzen dutena. “Besterik da jarraika nabilan ibaia –ihardetsi zuen tristeki–, gizonak heriotzetik ikuzten dituen ibai sekretua.” Odol iluna zerion bularraldetik. (Gizon hilezkorra)
“Jauregi hau jainkoek egina da”, pentsatu nuen lehendabizi. Barruti biztanlegabeak ikertu, eta zuzendu nuen: “Hau eraiki zuten jainkoak hilak dira”. Bereiztasunei erreparatu, eta erran nuen: “Hau eraiki zuten jainkoak eroturik zeuden”. (Gizon hilezkorra)
Apika monotonoek kutsaturik, imajinatu zuten gizon oro bi gizon dela eta benetakoa bestea dela, zeruan dagoena. Orobat imajinatu zuten gure egintzak alderantziz ispilatzen direla beste aldean, halako moldez ezen, beila egiten badugu, besteak lo egiten du, fornikatzen badugu, bestea kastua da, ebasten badugu, bestea eskuzabala da. Behin hilez gero, harekin bat egingo dugu eta hura izango gara. (Teologoak)
Zalantza baten ondoren, barren-barreneko kezka bat inori aitortzean erabili ohi dugun ahots lau, inpertsonal horrez, esan zidan poema amaitzeko ezinbestekoa zuela etxea, zeren sotoko bazter batean Aleph bat baitzegoen. Aleph bat puntuak oro beren baitan dauzkaten espazioko puntuetariko bat dela argitu zuen. (Aleph-a)
Besteari, Borgesi gertatzen zaizkio gauzak. Ni Buenos Airesen barrena ibiltzen naiz eta neure astia hartzen dut, dagoeneko mekanikoki apika, bebarru baten arkuari eta sarrerako langari begira geratzeko; Borgesen berri postatik izaten dut eta haren izena irakasle terna batean edo biografia-hiztegi batean ikusi ohi dut. Gogoko ditut hareazko erlojuak, mapak, XVIII. mendeko tipografia, etimologiak, kafearen zaporea eta Stevensonen prosa; bestea gogaide dut zaletasunotan, baina halako banitate batez janzten ditu, antzezle baten ezaugarriak bailiren. (Borges eta ni)
Ilunbetan ez zuen ikusi, baina pausoengatik sumatu zuen ortozik zegoela eta gero, ohantzean, etxe barrenetik biluzik etorria zela. Neskatxak ez zuen besarkatu, ez zion hitz bakarrik ere egin; ondoan etzan zitzaion eta dardaraz zegoen. Lehen aldia zuen gizonik ezagutzen zuela. Alde egin zuenean, ez zion musurik eman; Espinosak pentsatu zuen neskatxaren izenik ere ez zekiela. (Ebanjelioa Markosen arabera)
Fermín Egurenek ezinikusia eduki zidan beti. Harro egoteko motiborik ez zitzaion bere ustetan falta: sortaldetarra izatea, kriolloa izatea, emakume guztiak erakartzea, jostun garesti bat aukeratu izana eta, sekula ez dut jakingo zergatik, euskaldun jatorrikoa izatea, oraindaino jende horrek ez baitu, historiatik bazter, behiak jetzi besterik egin. (Biltzarra)
Esan zidan Hareazko Liburua zeritzola bere liburuari, zeren ez liburuak eta ez hareak ez baitute ez hasierarik ez amaierarik. (Hareazko liburua)