Juan Garzia Garmendia
Juan Garzia Garmendia Gipuzkoako Legazpiko herrian jaio zen 1955ean. Filologia Hispaniarreko lizentzia eskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Itzultzaile izateaz gain, idazle eta irakasle ere bada.
William Shakespeare ("Soneto hautatuak", "Hamlet"), Gilbert K. Chesterton ("Ostegun izan zen gizona") edo Herman Melville ("Bartleby izkribatzailea") bezalako maisuen lanak gurera ekarri izanagatik da batez ere ezaguna. Melvilleren itzulpenak, hain zuzen, Orixe saria merezi izan zuen 1991n.
Literatura eta pentsamendua elkartzen dituzten liburuak ere aldatu ditu gurera. Horren lekuko, Roland Barthesen Testuaren atsegina. Jorge Luis Borgesen Ipuin hautatuak ez da Hego Amerikako literaturako gailur gorenetatik euskaratu duen bakarra: Juan Rulforen Pedro "Páramo" ere itzulia du haren ondotik. Beste itzulpen batzuk: Henry Jamesen Aspernen paperak, Primo Leviren "Sistema periodikoa", Marcel Schwoben Bizi alegiazkoak eta Samuel Becketten "Godoten esperoan".
Idazle gisara ere ez du sormen lanik falta: "Txirritaren Baratzea Norteko trenbidetik"(1997) eta "Joskera lantegi" (1997) saiakera liburuez gain, "Fadoa Coimbran" (1995) nobela eta hainbat narrazio labur idatzi ditu. "Itzalen itzal" (1993) liburuan jasota daude ezagunenak.
"Pernixio" ipuinarekin Ignacio Aldecoa saria jaso ondoren, egilearen lehen ipuin bilduman ("Akaso", 1987) agertu zen ipuin luze hura. Umore kolpeak, bukaerako efektuak eta denboraren erabilera txalotu zizkioten bilduma hari. Hainbat urte geroago, 1993an, Iñaki Aldekoak "Euskal ipuinen antologia bat" bildumarako hautatu zuen "Pernixio" narrazioa. Ez da antologiatan ageri den Garziaren lan bakarra, hala ere: "Gubbio" ipuina ere, Renoko (Nevada, AEB) Unibertsitateak argitara eman duen "An Anthology of Basque Short Stories" (2004) bildumarako aukeratu du Mari Jose Olaziregik.