Epaimahia:
Jon Muñoz jauna, epaimahaiburua.
Irene Aldasoro anderea, epaimahaikidea.
Xabier Kintana jauna, epaimahaikidea.
Andolin Eguzkitza jauna, epaimahaikidea.
Román Berriozabal jauna, epaimahaiko idazkari.
Epaimahiaren erabakia:
Aztergai izan ditugun liburuen kalitateaz eta literatura-dimentsioaz luze-zabal hitz egin, eztabaidatu eta iritzi trukaketari ekin ondoren, epaimahai honek hau erabaki du:
1999ko urteko “Euskadi” literatura saria, euskarazko literatura itzulpen onenari dagokiona, Juan Garzia Garmendia jaunari ematea “Ipuin hautatuak” izenarekin egindako ipuin antologia itzultzeagatik. Ipuinok Jorge Luis Borges idazle argentinarrak idatzitakoak dira.
Lan horrek badu, epaimahai honen iritziz, nahiko meritu esandako saria eskuratzeko. Horien artean honako hauek lirateke azpimarragarrien:
Borgesen mundua eta idaztankera zaila egoki ematen jakin izan duelako, kontuan hartuta Borgesen hizkuntzak dituen berezko ezaugarriak: maila jasoa eta zehaztasuna.
Euskarari orain arte arrotzak izan zaizkion estilo eta erretorikari aurre egin behar izan dio, horretarako euskal literaturan diren hainbat baliabide erretorikoren bila ibili behar izan du eta beste hainbeste asmatu.
Bukatu baino lehen, epaimahaiak aurton aurkeztu diren itzulpenen maila ona azpimarratu nahi du eta horrek euskal literaturari egiten dion ekarria orobat.