Gaztelaniazko literatura
Irabazlea: Luisa Etxenike
Izenburua: El ángulo ciego
Argitaletxea: Bruguera
18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Juan Bas López, epaimahaiburu.
Francisco Soguero García, epaimahaikide.
Angela Serna Rodríguez, epaimahaikide.
Felipe Juaristi Galdos, epaimahaikide.
Arantxa Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du aho batez 2009. urteko Euskadi literatura saria, gaztelerazko literatura modalitateari dagokiona, LUISA ETXENIKEren El ángulo ciego lanari ematea. Bruguerak argitaratu du liburua.
Epaimahaiak eleberri honen balio literarioak azpimarratu nahi ditu. Bi narrazio-bide -desioarena eta errealitatearena- uztartzen dituen emaitza bikaina dugu; introspekzio-prosa poetikoaren bidez eta, aldi berean, indar eta erritmo bizi eta sakonez transmititzen den biluztasun zail baten bidez ehundua. Lantzen duen gaiari eta argumentuari dagokionez ere bai, zeren biktimen ikuspuntutik indarkeriaren zentzugabetasunaz eta haren ondorioez egindako hausnarketa eta salaketa lasaia baita.
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Luisa Etxenike (Donostia, 1957)
Los peces negros (2005), Vino (2000), El mal más grave (1997), eta Efectos secundarios (1996) elaberriak, eta Ejercicios de duelo (2001) eta La historia de amor de Margarita Maura (1990) kontaketa-bildumak argitaratu ditu.
Antologia askotan sartu izan dira bere kontaketak; berriena Inmaculada Pertusa eta Nancy Vosbrugen Un deseo propio: Antología de escritoras españolas contemporáneas (Bruguera, 2009).
Frantsesatik itzuli ditu Jacques Roubaud (Algo negro), Jean-Michel Maulpoix (La cabeza de Paul Verlaine) eta Claude Lanzmann (Alguien vivo pasa).
El Pais egunkariaren Euskadiko edizioan iritzi-zutabegilea da.
2007. urtean gobernu frantsesetik jaso zuen Caballero de la Orden de las Artes y las Letras saria.
Saritutako liburuaren ingurukoak
"Angelu itsua" -automobiletako atzerako ispiluak islatu ezin duen puntu hori- eleberri honetako protagonista den Martínen aitak eraikitako gordelekua da, bere bizipen baliotsuenak, ametsak, babesteko eraikia. Bertan, angelu itsuan, ez dago tokirik terrorismoaren indarrez eta inguruko mehatxuen abaroan hazitako beldurrarentzat, segurtasun-gabeziarentzat, intolerantzia basatiarentzat edo arriskuarentzat. Terrorismo hiltzailea, narratzailearen aita heriotzara daramana, baina hura garaitzeko hitzaren indarraren aurrean errenditu behar dena, bi kontakizuneko nobela bizi, argi-emaile eta formalki ausart honen barrena aurkituko duguna. Etxenikeren trebetasun literarioak indar biziz jazten ditu hitzak, eta basakeriaren aurrean askatasunezko pentsamolde eta jokabidez hornitzen gaitu (Martínen amaren solasak erakusten duen moduan), baina, aldi berean, bizipenoi kontakizun artistikoen tankera ematen die. El ángulo ciego (Angelu itsua) eleberri ausarta da: bai terrorismoak bizitza pertsonalean dituen ondorioen gaineko gogoeta eskaintzen digulako, bai kontaera original eta liluragarri baten eredua delako.
Gaztelaniazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
Gaztelaniazko literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:
- "Elementos", Mª Luisa Balda. Argitaletxea: Bassarai
- "Propuesta imposible", Javier Saez de Ibarra. Argitaletxea: Páginas de Espuma