Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

44/1981 DEKRETUA, martxoaren 23koa (Dekretu horren bidez, Estatuak honako arlo hauetan zituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen: kultura arloko fundazioak eta elkarteak, liburuak eta liburutegiak, zinematografia, musika eta antzerkia, gazteria, sustapen soziokulturala, ondare historiko-artistikoaren sustapena eta kirolaren sustapena).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1980
  • Gaia: Gizarte Komunikabideak, Kultura, Ondare Historikoa, Jabetza Intelektuala; Justizia; Segurtasuna
  • Jardun-eremua: Kultura; Justizia
Xedea:

1. Batik bat EAEn jarduten duten kultura-fundazio eta kultura-elkarteen gainean Estatuak betetzen zituen eginkizunak EAEri eskualdatzea. 

2. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren altxor dokumentala eta bibliografikoa babesteko eta zaintzeko arloan Estatuko Administrazioak zituen eskumen guztiak. 

Altxor dokumentala eta bibliografikoa esportatzeko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek egin beharko dituzte. Eskabideari uko eginez gero, espedientea horrenbestez bukatuko da. Kontrakoa gertatuz gero, Kulturako Ministerioari eta Ekonomiako eta Merkataritzako Ministerioari horren berri emango zaie, behin betiko ebazpena eman dezaten. 

Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioek elkarri emango diote Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan altxor dokumentala eta bibliografikoa babesteko eta zaintzeko egiten dituzten administrazio-jarduera guztien berri. 

Jabetza nahitaez kentzearen arloan eta eskuratzeko lehentasunezko eskubidearen arloan, Estatua Autonomia Erkidegoaren ahalmenetan subrogatu ahal izango da, Autonomia Erkidegoak ahalmen horiek erabiltzeari uko egiten dionean. Autonomia Erkidegoak eskuratzeko lehentasunezko eskubidea erabiltzen ez badu indarrean dagoen legeriak horretarako finkatu duen epearen lehen erdian, eskubide horri uko egin diola joko da. 

3. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu «Centro Nacional de Lectura» delakoak («Centros Provinciales Coordinadores de Bibliotecas» izenekoen bidez) egikaritzen zituen eskumenak; horien artean, zentro horien mendeko liburutegiei kredituak banatzeko lana. Hala eta guztiz ere, erakunde horrek maileguak banatzen jarraituko du harik eta Autonomia Erkidegoak bere ogasuna izan arte. 

4. Estatukoa den Vitoria-Gasteizko liburutegi publikoaren kudeaketa Autonomia Erkidegoari eskualdatzea, Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren arteko hitzarmenean finkatu bezala. 

5. «Oficinas Provinciales de Depósito Legal» izenekoek EAEn betetzen zituzten eginkizunak hartuko ditu bere gain Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak; baina, hala ere, «Instituto Bibliografiko Hispánico» delakoaren goi-ikuskaritzak bere lana egiten jarraituko du, bera baita lege-gordailuaren behin betiko zenbakia emateko eskumena duen organoa. Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek bibliografia nazionala prestatzeko behar den informazio guztia bidaliko dute. 

Euskal Autonomia Erkidegoak handitu egin ahal izango du bere lege-gordailuan sartu beharreko aleen kopurua. Eta, aldi berean, Autonomia Erkidegoak beste horrenbeste ale bidali beharko dio lehen adierazitako institutuari, eskualdaketa gertatu aurretik gordailua jasotzen zuten bulegoek bidaltzen zioten baldintza berberetan, bidali ere. 

Orain arte bezala, Liburuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISBN) emateko eskumena Espainiako Liburuaren Institutu Nazionalak (INLEren) izango du. 

Liburuzaleen obren arauzko ale-kopurua aurkezteko dispentsari dagokionez, Autonomia Erkidegoak hartuko du erabakia, «Instituto Bibliografiko Hispánico» txostena egin ondoren. 

6. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu Erkidegoan bertan dauden Jabetza Intelektualeko Erregistroaren Probintziako Bulegoen gaineko eskumenak. Obren behin betiko inskripzioa egitea Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorrari dagokio. 

7. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu zinematografia babesteko eta sorkuntza eta jarduera zinematografikoa sustatzeko arloan Estatuko Administrazioak zituen eskumen guztiak. 

Alabaina, Zinematografia Babesteko Fondoaren bilketari eta aplikazioari dagokienez, Autonomia Erkidegoak eta Estatuko Administrazioak akordioa egingo dute. 

8. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu musikako eta antzerkiko jarduerak sustatzeko eta bultzatzeko eskumenak. 

9. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu «Dirección General de Juventud y Promoción Sociocultural» delakoaren eskumenak. 

Estatuko Administrazioari dagokio Estatu barruko lankidetza eta nazioarteko harremanak sustatzea, gazteriaren, emakumearen, haurren, hirugarren adinekoen eta garapen-komunitarioaren arloan. 

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatuko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dauden eta «Instituto de la Juventud» izeneko erakunde autonomoak kudeatzen zituen gazteen etxeak, gazteen klubak eta jolas-instalazioak eta kirol-instalazioak. 

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatuko zaizkio bere lurralde-eremuan kokatuta dauden eta kanpamentuen, aterpetxeen, egoitzen eta auzolandegien Estatuko Sarean sartuta dauden instalazioak. Alabaina, Estatuko Administrazioak, Autonomia Erkidegoarekin bat etorrita, plaza-kopuru bat gordeko du beretzat, era horretan, Espainiako gazteekin kultura-harremana sustatzetzeko aukera izateko, eta, orobat, nazioartean hartzen diren konpromisoei aurre egin ahal izateko. 

10. Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko ondare historiko-artistikoa, arkeologikoa eta monumentala babesteko arloan Estatuko Administrazioak zituen eskumenak, ahalmenak eta botereak. 

Balio historiko-artistikoko, arkeologikoko, etnologikoko eta paleontologikoko ondasun higiezinen esportazioak Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek izapidetu beharko dituzte. Eskabideari uko eginez gero, espedientea horrenbestez bukatuko da. Kontrakoa gertatuz gero, Kulturako Ministerioari eta Ekonomiako eta Merkataritzako Ministerioari horren berri emango zaie, behin betiko ebazpena eman dezaten. 

Autonomia Erkidegoko lurraldean inter vivos egintzen bidez arte-lanak eskualdatzen direnean, Autonomia Erkidegoko organo eskudunei horren berri eman beharko zaie, Legeak xedatutakoa betez. 

Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioek elkarri jakinaraziko diote Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan ondare historiko-artistikoa, monumentala eta arkeologikoa babesteko eta zaintzeko egiten dituzten administrazio-jarduera guztien berri. 

Nahitaezko desjabetzearen eta eskuratzeko lehentasunezko eskubidearen arloan, Estatua Autonomia Erkidegoaren ahalmenetan subrogatu ahal izango da, Autonomia Erkidegoak ahalmen horiek erabiltzeari uko egiten dionean. 

Indarrean dagoen legeriak finkatu duen epearen lehen erdian EAEk erosteko lehentasunezko eskubidea erabiltzen ez badu, eskubide horri uko egin diola ulertuko da. 

11. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu kultura fisikoaren eta kirolaren arloan Kirol Kontseilu Gorenak EAEn zituen eskumenak.

Aurreko paragrafoan aipatutako eskualdaketak ez du eraginik izango Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko edo nazioarteko eskola-lehiaketak edo eskola-jokoak antolatzeko eta koordinatzeko dituen ahalmenetan. 

Kirol-ikuskizunak baimendu eta antolatu ahal izango ditu, Espainiako Batzorde Olinpikoak eta federazioek dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

Eskumenen konfigurazioa