Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko uztailaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Batxilergoaren antolamendua eta ebaluazio-prozesua arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 174
  • Hurrenkera-zk.: 4142
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/26
  • Argitaratze-data: 2010/09/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren, maiatzaren 3koaren, seigarren azken xedapenak ezartzen du autonomia-erkidegoek Lege horretako arauak garatu ahal izango dituzte. Ildo horretan, otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuak, Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen duenak, zenbait arau orokor hartzen ditu, Batxilergoa antolatzeko, eta ebaluazio, promozio eta titulaziorako. Beharrezkoa da arau orokor horiek zabaltzea eta zehaztea.

122/2010 Dekretuak, 2010eko apirilaren 20koak, Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen duen otsailaren 3ko 23/2009 Dekretua aldatzen duenak, zenbait aldaketa sartu zituen, Batxilergorako aurreikusitako ebaluazioari buruzko arauetan eragina dutenak.

Agindu honek aipatutako bi dekretu horietako antolamendu-arau orokorrak garatu eta zehazten ditu. Gainera, kontuan hartzen du Batxilergoaren egitura ezarri eta gutxiengo irakaskuntzak finkatzeari buruzko azaroaren 2ko 1467/2007 Errege Dekretuak ezarritakoa.

Ikastetxeek pedagogia- eta kudeaketa-autonomia dute, bestalde, eta hori dela-eta, ikastetxeak ebaluatzeko mekanismoak ezarri behar dira. Horrenbestez, ikasleen ikasketa-prozesuez gain, ebaluazioak irakaskuntza-prozesuak eta irakaskuntza-jarduera bera aztertu behar dituzte.

Ebaluazio-prozesuaren koherentzia bermatu behar da, eta prozesu horretarako beharrezkoak diren dokumentuak eta txostenak ezarri. Irakasleei metodologikoki orientatzeko eta ikasleek gaitasunak eskuratzeko egiten duten prozesua jarraitzea erraztuko dieten neurriak proposatzen dira. Halaber, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen egokitzapen- eta salbuespen-aukerak ere zehazten dira, betiere, egokitutako edo salbuetsitako gaitasun-mailak ez badu eragozten titulua eskuratzeko beharrezkoak diren Batxilergoko gaitasun orokorren eta zehatzen gutxieneko maila lortzea.

Batxilergoko bigarren maila egiteko baldintzak malgutu egiten dira. Hala, errepikatzeko baldintzak unibertsitate-irakaskuntzarako aurreikusitakoetara hurbiltzen dira. Dena den, titulua eskuratzeko, beharrezkoa da, oraindik ere, aukeratutako Batxilergoko modalitatea osatzen duten ikasgai guztiak gaindituta izatea.

Gainera, ikasleen eta familien parte-hartzea ere azpimarratzen da, ikasturte hasieratik izan behar duten informazio-eskubidea bermatuz, irakasle, guraso, tutore eta ikasleen arteko elkarlanetik ahalik eta emaitzarik onenak atera daitezen. Ikasleek eta, hala badagokio, guraso eta legezko ordezkariek programazioa eta ikasleen errendimenduaren ebaluazioan eragiten duten proba eta ariketak eskuratzeko baldintzak ezartzen dira. Hala, ebaluazio-prozesu guztia bideratu behar duen objektibotasuna eta aipatu ebaluazioa arautzen duten irizpide guztiak ezagutzea bermatuko da.

Kalifikazioen aurkako erreklamazioak egiteko sistema zehaztuta geratu da agindu honetan, bidezko ebaluazioaren gehienezko bermeak eduki ahal izateko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Azken finean, Batxilergoan xedatzen den ebaluazioan, ikasle-talde beraren irakasle-taldeak, era koordinatuan lan egin beharko du, hezkuntza-estrategia egokienak aztertu eta zehazteko, ikasle guztiek etapa horrentzat aurreikusten diren gaitasun orokor eta zehatz guztiak eskura ditzaten. Helburu horrekin, Batxilergoko ikasgai desberdinen programazio didaktikoek irakurketaren eta komunikazio-gaitasunaren interesa eta ohitura sustatuko duten jarduerak jaso behar dituzte, bai eta ikasleek beren kabuz ikasi, taldean lan egin eta hainbat ikasketa-testuingurutan espiritu ekintzailea gara ditzaten zuzenduriko proposamen pedagogikoak ere.

Proposatzen den ebaluazio-ikuspuntuaren ondorioz, irakasleek ikasleak bultzatu behar dituzte kooperazio-izaera duten eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzen dituzten jarduerak egitera, ikerketa-lan monografiko eta hainbat didaktika-departamentu barne hartzen dituen diziplina arteko proiektuen garapen gisa. Metodologia hori, batez ere, aukerako ikasgaietan erabiliko da.

Azkenik, hainbat eranskinetan, ebaluaziorako beharrezkoak diren agiriak daude: espediente akademikoa, ebaluazio-aktak, ikastetxez aldatzeagatiko txostena eta Batxilergoko ikasketen historiala. Etorkizun hurbilean, ikastetxeek agiri horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako formatu elektronikoan beteko dituzte.

Aurrekoari jarraiki,

Agindu honek xedea hau da: Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen duen otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuan eta hori aldatzen duen apirilaren 20ko 122/2010 Dekretuan Batxilergorako ezarritako antolamendu- eta ebaluazio-arau orokorrak garatzea.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan aplikatu beharko da, publikoetan zein pribatuetan.

  1. Batxilergoa derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondorengoaren zati da eta bi ikasturtetan banatzen da. Erregimen arruntean, ikasleak lau urtean egon ahal izango dira, jarraian edo ez, Batxilergoa ikasten.

  2. Batxilergoak hiru modalitate ditu eta malgutasunez antolatzen da, ikasgai komunen, modalitateko ikasgaien eta aukerako ikasgaien bidez.

  3. Batxilergoko modalitateen egituraren helburua ikasleak espezializatzea ahalbidetzea da, ikasleen interesen eta etorkizunean ondorengo ikasketak eta laneko bizitza hastearen arabera.

  4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urrutiko Batxilergoko irakaskuntzen eskaintza egingo du, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, batik bat.

  5. Batxilergoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin eta goi-mailako hezkuntzarekin koordinatuko da, ikasleen trantsizio egokia bermatzeko eta hezkuntza-prozesuaren jarraipena errazteko.

  1. Ezingo da Batxilergoan bi ikasketa-erregimen desberdinetan aldi berean matrikula egin.

  2. Ikastetxeak eskaintzen dituen modalitate bateko ikasgairen batean talderik ez balitz osatuko, eskatutako gutxieneko ikasle-kopurua lortu ez delako, gehienez ikasturteko ikasgai bat egin ahal izango dute urrutiko erregimenean. Kasu horretan, bai ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak bai ikasgaia ematen duen ikastetxeak ebaluazio-prozesuan beharrezkoa den koordinazioa egingo dute ikasturtean zehar, ikasketa-buruzagitzaren eta tutoretzaren bidez.

    Ikasturtea amaitzean, ikaslea ikasgaia urrutiko erregimenean egiten ari den ikastetxeko ikasketa-buruzagitzaren ardura duen pertsonak azken ebaluazioaren emaitza bidaliko du ikaslearen jatorrizko ikastetxeko ikasketa-buruzagitzara, dagozkion ebaluazio-agirietan txerta dadin.

  3. Aurreikusitako eskolatze-urteak ez agortzeko asmoz, ikasleek matrikula ezeztatzeko eska diezaiokete beren ikasketak egiten ari diren ikastetxeko zuzendariari, ondoko baldintzetako bat betetzen denean: ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten gaixotasun, lanpostu edo pertsona- edo familia-izaerako obligazioak izatea.

    Eskaerak apirila amaitu aurretik egingo dira eta dagozkion egiaztagiriekin batera aurkeztuko dira. Ebazpena ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari dagokio eta bere dokumentazio ofizialean jasoa geratuko da. Ikastetxe pribatuen kasuan, ebazpen horren berri emango zaio atxikitako ikastetxe publikoko zuzendariari.

  4. Zientziak eta Teknologia modalitatean, ikasle guztiek egin beharko dituzte Fisika eta Kimika eta Matematika I ikasgaiak. Giza Zientziak eta Gizarte Zientziak modalitatean, ikasle guztiek egin beharko dituzte bi ikasgai, gutxienez, eta hauetatik aukeratu beharko dituzte: Mundu garaikidearen historia, Latina I eta Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika.

  5. Ikastetxeek ikasgai guztiak eskainiko dituzte, eta ikasleek ikasten ari diren modalitateko edo, Arteak modalitatearen kasuan, bideko ikasgai guztien artean aukeratu ahal izango dute. Ikasleek modalitateko ikasgaiak aukeratzeari dagokionez, muga bakarra dago: ikasgai jakin bat aukeratzen duten ikasleen kopurua nahikoa ez bada, ezin izango dute ikasgai hori egin. Edonola ere, bermatu beharko da lehen ikasturtean modalitateko lau ikasgai ematen direla gutxienez ere, eta Zientziak eta Teknologia eta Giza Zientziak eta Gizarte Zientziak modalitateetan, bigarren ikasturtean bost ikasgai ematen direla gutxienez ere.

  1. Bigarren ikasturtean, egin gabeko ikasgai baten aurretiko ezagutzak izatea eskatzen duen ikasgai bat egin dezakete ikasleek, betiere, aldi berean ikasgai horrekin lotutako lehen ikasturteko ikasgaia egiten badute, 2010eko apirilaren 20ko 122/2010 Dekretuko I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera. Ikasgai hori gainditu gabeko ikasgaitzat hartuko da, baina ez da konputagarria izango, eta beraz, ez ditu aldatuko ikaslea bigarren ikasturtera igarotzeko baldintzak.

  2. Salbuespen gisa, bigarren ikasturtea hasi aurretik, ikasle batek ikasturte horretako ikasgaiarekin lotutako lehen ikasturteko ikasgaiari buruzko ezagutzak dituela frogatzen badu, eta ezagutza horiek bigarren ikasturteko ikasgaia probetxuz egiteko beharrezkoak badira, ikasle horrek ez du lehen ikasturteko ikasgaia egin beharko. Ezagutza horiek dituztela frogatu nahi duten ikasleek azterketa egin beharko dute. Ikasgaia ematen duten irakasleek antolatuko dute azterketa hori, edo dagokion sail didaktikoak. Azterketa hori gainditzeak ondorio bakarra izango du: bigarren ikasturteko ikasgaia egiteko gaitzea. Azterketa hori gainditzeak ez du inola ere esan nahi ikasgai hori gaindituta dagoenik. Beraz, azterketa hori gaindituta ere, titulua lortzeko gainditu behar diren modalitateko sei ikasgaiak gainditu behar dituzte ikasleek. Bestalde, azterketa horren emaitza ez da kontuan hartuko Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko.

  1. Ikastetxeko zuzendariak, lehen hiruhilekoan zehar modalitate-aldaketak onartu ahal izango ditu egiaztatutako arrazoiengatik, betiere taldeen antolamenduak hala egiteko aukera eskaintzen badu eta eskatutako modalitaterako itxarote-zerrendan dauden beste ikasleek izan dezaketen eskubidearen kaltetan izan gabe.

  2. Lehen maila oso-osorik errepikatu behar duten ikasleek modalitatea aldatu ahal izango dute. Arteak modalitatearen kasuan, bidea aldatu ahal izango dute.

  3. Modalitate berean maila errepikatzen dutenek modalitateko ikasgaiak zein aukerako ikasgaia aldatu ahal izango dituzte.

  4. Bigarren mailara pasatzen direnek modalitatea aldatu ahal izango dute, edo, Arteak modalitatearen kasuan, bidea. Hala ere, honako hau errespetatu beharko dute:

    1. Modalitate berriari dagozkion ikasgaiak egin beharko dituzte, guztira modalitateko sei ikasgai gainditu arte. Beharrezkoa da horietatik bost, gutxienez, aukeratutako modalitatekoak izatea, titulua eskatu ahal izateko. Gainera, modalitateko ikasgaitzat edo aukerako ikasgaitzat hartu ahal izango dira albo batera utzitako modalitatean edo bidean gaindituta dauden ikasgaiak.

    2. Lehentasunezko ikasgaiak haiekin lotutako aurretiazko ikasgaiak egin ondoren egin ahal izango dira, edo ikasleak dagokion maila-probaren bidez beharrezko ezagutzak egiaztatzen dituenean.

    3. Modalitate edo bidea aldatzeagatik ikasle batek lehen mailako ikasgaiak egin behar baditu, eta ikasle hori bigarren mailara igaro bada, ikasgai horiek ez dute hurrengo mailara pasatzea eragotziko.

  5. Ikastetxearen antolamendu-arrazoiak direla-eta bigarren mailako ikasleek ezin badute modalitatea edo bidea aldatzeagatik egin beharreko lehen mailako ikasgaien eskoletakoren batera joan, ikasgai horiek ematen dituzten departamentu didaktikoek lan-plana proposatuko diete ikasle horiei. Plan horretan, eska daitezkeen gutxieneko edukiak eta gomendatutako jarduerak adieraziko dira. Gainera, departamentuek ikasgai horiek gainditzen direla egiaztatzeko proba partzialak programatuko dituzte.

  6. Gaueko edo urrutiko erregimeneko Batxilergotik erregimen presentzial arruntera pasatzen diren ikasleek ezingo dute aurrez erregimen horretan egoteko gehienezko lau urteak beteta izan. Lehen ikasturtean hasten badira, Agindu honen 29. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  7. Jatorrizko erregimenean aukerako ikasgairen bat ebaluazio positiboaren zain baldin badago eta zuzeneko erregimen arruntean ematen ez bada, ikasleak beste batengatik ordezkatu beharko du.

  1. Lehen mailan ikasleak matrikulatzen diren Atzerriko hizkuntza ikasgai komuna, orokorrean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan atzerriko lehen hizkuntza gisa egin denaren jarraipena izango da.

  2. Salbuespen gisa, lehen mailan matrikulatzean, atzerriko hizkuntza aldatzeko eskatu ahal izango dute ikasleek. Dena den, horretarako, maila-proba bat egin beharko dute, ikasturtea hasi aurretik, maila horretako ikaskuntzak aprobetxatzen jarraitzeko beharrezkoak diren eta aurreko etapari dagozkion ezagutzak dituztela egiaztatzeko. Maila-proba hori hizkuntza horren ardura duen departamentu didaktikoak ezarriko du. Berdin egingo da Atzerriko bigarren hizkuntza aukerako ikasgaiarekin.

  1. Curriculumeko ikasgairen bat atzerriko hizkuntzetan ematen duten ikastetxeek, ikasleak onartzerakoan, ikastetxe guztiek aintzat hartu beharreko irizpideei jarraituko diete. Hizkuntza-eskakizunak ez dira irizpide horietako bat izango.

  2. Atzerriko hizkuntzaren batean Batxilergoko ikasgairik ematen bada, bermatu beharko da ikasleek ikasgai bakoitzaren oinarrizko terminologia eskuratzen dutela Batxilergoa egiten ari diren hizkuntza ofizialean.

  1. Ikastetxeek beren Curriculum Proiektuan ezarriko dituzte Batxilergoko ikasgai bakoitzaren programazio didaktikoak egiteko irizpide orokorrak, ikasleek Batxilergoko oinarrizko gaitasunak eskuratzea berma dadin eta emaitzak hobetzea lagun dezan.

  2. Departamentu didaktikoek eta ikasgaiak emateko ardura duten pertsonek Batxilergoko curriculuma landu eta zehaztuko dute ikasgai bakoitzerako. Beste departamentu batzuekin proiektu bateratuak egiten direnean, elkarlanean arituko dira.

  3. Departamentu didaktikoek eta ikasgaiak emateko ardura duten pertsonek dagozkien programazioak egingo dituzte. Besteak beste, helburuak zehaztu, edukien segida adierazi, testuingurura hobekien egokitzen den metodologia ezarri, eta ebaluatzeko eta kalifikatzeko prozedurak eta irizpideak jaso beharko dituzte. Ikasleen premien eta ezaugarrien arabera, aniztasuna tratatzeko neurriak ere jasoko dira.

  4. Irakasleek programazio didaktikoen arabera garatuko dute beren hezkuntza-jarduera, ikasleen baldintza zehatzetara egokituz.

  5. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak irakasle-taldeak sortzea sustatuko du, ikerketa, esperimentazioa eta hezkuntza-berrikuntza bultzatzeko. Talde horiek departamentu didaktikoen arteko elkarlanaren bidez egingo dituzte programazioak, proiektu bateratuen bidez.

  1. Hezkuntza- eta lanbide-orientazioak emanez zein tutoretza pertsonalak eginez, ikasle guztien gaitasunak osorik eta orekaz garatzen lagundu nahi da bai eta gainerako pertsonekin harremanak izaten eta, behar denean, lan-munduan sartzen ere.

  2. Irakasle guztiek honako ardura hauek dituzte: ikasleak ikaskuntzan orientatzea eta zuzentzea, eta haiei hezkuntza-prozesuan laguntzea. Irakasle tutorearekin elkarlanean egin behar dute, eta behar denean, Orientabide Sailarekin eta familiekin elkarlanean.

  3. Ikastetxeek arreta bereziarekin lagunduko diete ikasleei eta haien familiei, zenbait prestakuntza-aukeraren artean hautatu behar dutenean.

  4. Ikasle bakoitzak irakasle tutore bat izango du. Tutoreak ardura hauek ditu: banan-banako arreta eta jarraipena egitea; akademia- eta lanbide-orientabidea ematea; eta ikasleen, irakasleen eta familiaren arteko bitartekaria izatea. Gainera, irakasle-taldea koordinatu behar du, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak garatzean eta ebaluatzean.

  5. Gurasoek edo legezko tutoreek parte hartu eta babestu egin behar dute beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesua. Gainera, jakin egin behar dute zer erabaki hartu diren ikasleen ebaluazioaren eta maila-igoeren inguruan, eta lagundu egin behar dute ikastetxeek ikasleen heziketa aurrera eramateko hartzen dituzten neurriak betetzen.

  6. Tutoretza Plana otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren 32. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz garatuko da.

  1. Batxilergoan, hezkuntzako ohiko indartze-neurriak nahikoa ez badira, beharrezko curriculum-egokitzapenak egingo dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat. Curriculum-egokitzapen horiek eskolatze-denbora malgutu ahal izango dute. Horrenbestez, gehienez ere sei urte eman ahal izango dira Batxilergoko erregimen arruntean.

  2. Batxilergoko eskolatze-aldia malgutzeko eskaera ikastetxeko zuzendaritzak egingo dio Pedagogia Berriztapeneko Lurralde Arduradunari, Hezkuntza Ikuskaritzak txostena egin eta gero.

  3. Curriculumerako egokitzapenez gain, ikasgairen batean ere curriculum-egokitzapenak proposa daitezke, betiere, egokitzapenek Batxilergoaren helburuei eusten badiete. Eragina izan dezakete zenbait ebaluazio-helburu eta -irizpidetan, baina Batxilergoko gaitasun orokorretan eta egindako modalitatearen gaitasun zehatzetan nahikoa mailan eskuratuko dela bermatu beharko dute. Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak egingo ditu izapideak, eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartu beharko ditu, Hezkuntza Ikuskaritzak txostena egin ostean.

  4. Halaber, salbuespen partzialak edo osoak egin ahal izango dira, betiere, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak berariaz onartzen baditu, baina entzumen-, ikusmen- eta motrizitate-arazo larriak dituzten ikasleentzat soilik, behar den bezala egiaztatutako ezohiko baldintzek hala gomendatzen badute. Salbuespen partzialak banakako curriculum-egokitzapentzat hartuko dira, ebaluaziorako eta ikasturte-igoeretarako.

  5. Ikasgai batean edo gehiagotan salbuespen partziala, osoa edo curriculum-egokitzapen bat eskatzen duten ikasleei eta, adin txikikoen kasuan, gurasoei edo tutoreei jakinaraziko zaie zein diren titulua lortzeko benetako aukerak, eskatutako salbuespenaren edo egokitzapenaren arabera.

  6. Unibertsitatean sartzeko probetara aurkezten diren ikasleen zerrenda ziurtatuan (ikastetxeek bidali behar dute Unibertsitatera, probak hasi baino lehen), adierazi beharko dira ikasgairen batean salbuetsita dauden edo banakako curriculum-egokitzapenak dituzten ikasleak.

Adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleek, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak hala identifikatuta, beren egoera pertsonalei egokitutako hezkuntza-erantzuna jasoko dute. Hala, Batxilergoaren iraupena murriztu ahal izango da neurri hori beren gaitasunak, oreka pertsonala eta gizarteratzea garatzeko egokiena dela aurreikusten denean.

Batxilergoko ebaluazio-agiri ofizialak honako hauek dira: espediente akademikoa, ebaluazio-aktak, ikastetxez aldatzeagatiko txosten orokorra eta Batxilergoko ikasketen historiala. Azken biak ebaluaziorako oinarrizko agiriak dira. Agiri horiek gordetzea ikastetxeko idazkaritzari dagokio. Hezkuntza Ikuskaritzari dagokio ebaluazio- eta mugikortasun-agiri ofizial guztiak ikuskatzea.

  1. Agiri horretan, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio-datuak jasoko dira, bai eta ebaluazio-prozesuari buruzko informazioa eta Batxilergoko ikasketen historiala ere, agindu honen I. eranskineko ereduaren arabera. Halaber, ikasleak egindako curriculuma ezartzen duen araua aipatuko da, bai eta honako hauek ere: eskolatze-urte bakoitzean egindako ikasgaiak, deialdi bakoitzeko (ohikoa zein ezohikoa) ebaluazioaren emaitzak, Batxilergoko batez besteko nota, hurrengo mailara igarotzeari eta Batxilergoko titulua emateko proposamenari buruzko erabakiak (eta erabaki horiek zer datatan hartu ziren), ikastetxe-aldaketei buruzko informazioa eta matrikula-ezeztapena, halakorik badago.

  2. Ikasgaien ebaluazio-emaitzak Agindu honen 25.4 artikuluan xedatzen den bezala jasoko dira, eta curriculum-egokitzapenak dituzten ikasleen kasuan, CNE adieraziko da dagokion ikasgaietan, haien kalifikazioarekin batera. Ikasgairen batean salbuetsita dauden ikasleentzat, «Salbuetsia» hitza edo «SALB» kodea erabiliko da. Salbuespen partzialen kasuan, kalifikazioa ere adieraziko da. Baliozkotutako ikasgaiak dituzten ikasleentzat, «Konbalidatua» terminoa eta «KB» kodea erabiliko da.

  3. Espediente akademikoak zaintzea eta artxibatzea ikastetxeen ardura da. Bestalde, espedienteen zentralizazio elektronikoa horretarako xedatzen den prozedurari jarraituz egingo da, betiere, ikastetxe horien berezko eskumenak ordezkatu gabe.

  1. Ebaluazio-aktak maila bakoitzerako egingo dira, eta eskola-aldia amaitzen denean eta ezohiko probaren deialdian itxiko dira. Agindu honen II. eranskinean zehazten diren ereduaren eta ezaugarrien araberakoak izango dira.

  2. Aktetan, taldea osatzen duten ikasleen izenen zerrenda agertuko da, eta ikasturteko ikasgaien ebaluazioaren emaitzak, espediente akademikoan erabilitako termino eta kode berberekin adieraziak. Talde berean modalitate edo, Arteak modalitatean, bide bateko baino gehiagoko ikasleak badaude, modalitatearen edo bidearen arabera egingo dira aktak.

  3. Hurrengo mailara pasatzeari edo, hala badagokio, ikasturte berean beste urtebetez geratzeari buruzko erabakien emaitzak ere jasoko dira aktetan. Bigarren mailari dagokion aktan, aurreko ikasturtean gainditu gabeko ikasgaiak dituzten ikasleak agertuko dira, eta Batxilergoko titulua emateko proposamena jasoko da. Nolanahi ere, taldearen irakasle-talde osoak sinatuko ditu aktak, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izango dute.

  4. Ikastetxe pribatuek ebaluazio-akta bakoitzaren bi ale egingo dituzte: bata ikastetxearentzat berarentzat, eta bestea hura atxikita dagoen institutura bidaliko da, ezohiko deialdiari dagokion ebaluazio-saioa egin eta hamar eguneko epean.

  5. Aktak zaintzea eta artxibatzea ikastetxeen ardura da. Bestalde, akten zentralizazio elektronikoa, horrelakorik badago, horretarako xedatzen den prozedurari jarraituz egingo da, betiere, ikastetxe horien berezko eskumenak ordezkatu gabe.

  1. Ikasleen ebaluazioa eta etapa osoan zehar egindako aurrerabide akademikoari buruzko erabakiak jasotzen dituen agiri ofiziala da, eta burututako ikasketen egiaztagiria. Ikastetxeko idazkariak sinatuko du, eta zuzendariak oniritzia eman beharko du. Gainera, Agindu honen III. eranskinean zehazten diren ereduaren eta ezaugarrien araberakoa izango da.

  2. Ikasketen historialak hauek jasoko ditu, gutxienez ere: ikasleak egindako curriculuma ezartzen duen araua, ikaslearen identifikazio-datuak, eskolatze-urte bakoitzean egindako ikasgaiak, deialdi bakoitzeko (ohikoa zein ezohikoa) ebaluazioaren emaitzak, Batxilergoko batez besteko nota, hurrengo mailara igarotzeari eta Batxilergoko titulua emateko proposamenari buruzko erabakiak (eta erabaki horiek zer datatan hartu ziren), ikastetxe-aldaketei buruzko informazioa eta matrikula-ezeztapena, halakorik badago Ebaluazioaren emaitzak espediente akademikoan eta ebaluazio-aktetan erabilitako termino eta kode berberekin adieraziko dira.

  3. Batxilergoko ikasketen historiala ikasleari emango zaio ikasketak gainditzen dituenean. Egoera hori espediente akademikoan jasoko da.

  1. Ikastetxez aldatzeagatiko txosten pertsonalean jasoko da ikasleak maila amaitu gabe beste ikastetxe batera aldatzen denean haren ikaskuntza-prozesuaren jarraitutasunerako beharrezkoa den informazioa. Bertan, honako elementu hauek jasoko dira:

    1. Burutu diren ebaluazio partzialen emaitzak.

    2. Heziketa indartzeko eta segimendurako neurri osagarriak nahiz egindako curriculum-egokitzapenak, halakorik izan bada.

    3. Ikaslearen aurrerabide orokorrari buruz egokitzat jotzen diren oharrak.

  2. Ikastetxez aldatzeagatiko txosten pertsonala tutoreak egin eta sinatuko du, zuzendariaren oniritziarekin, ikasgaietako irakasleek emandako datuak oinarritzat hartuz.

  3. Ikastetxez aldatzeagatiko txosten pertsonala tutoretzaren ardura duten irakasleek sinatuko dute, eta ikastetxeko zuzendariak oniritzia eman beharko du, ikasketen historialaren aldaketarekin helburuzko ikastetxearen eskaera jatorrizko ikastetxean jaso eta hamar egun balioduneko epean, ondoko artikuluan jasotzen denarekin bat eginez.

  1. Ikasle bat beste ikastetxe batera doanean ikasketekin jarraitzeko, jatorriko ikastetxeak ikasketa-historiala bidaliko du, ahalik eta azkarren, beste ikastetxe horretara, honek hala eskatuta. Jatorriko ikastetxeak egiaztatu beharko du ikasketa-historialean azaltzen diren datuak gordeta dagoen espediente akademikoarekin bat datozela. Gainera, aurreko artikuluan arautzen den bezala, lekualdaketa dela-eta egin beharreko txosten pertsonala ere bidaliko du, ikasleak ikasturtea bukatu ez badu.

  2. Ikastetxe guztiek ahalik eta gehien erraztuko dute ikasleen mugikortasuna, eta egiaztagiria ahalik eta azkarren bidaltzen ahaleginduko dira, interesdunak hala eskatzen duenean, xede-ikastetxean aurkezteko. Egiaztagiri hori, ikaslearen egoera akademikoaren isla zuzena izan behar da, ikasleak xede-ikastetxean behin-behineko matrikula ondo egiteko aukera izan dezan. Egiaztagiri hori egiteko, IV. eranskinean jasotzen dena har daiteke eredu gisa.

  3. Matrikulazioa behin betikoa izango da ikasketa-historiala behar den bezala beteta jasotzen denean. Ikastetxe hartzailea hura gordetzeaz arduratuko da eta dagokion espediente akademikoa irekiko du. Espediente akademiko horretan, jasotako informazio guztia gehitu eta ikaslearen taldeko tutorearen eskura jarriko du.

  4. Ikaslea atzerriko ikastetxe batera badoa eta ikastetxe horretan ikaslea eskolatuta dagoen hezkuntza-sistemako ikasgairik ematen ez bada, ez da ikaslearen Batxilergoko ikasketa-historiala bidaliko. Ikasleari atzerriko hezkuntza-sistemako irakaskuntza baliokideetan sartzen laguntzeko, jatorriko ikastetxeak ziurtagiri akademikoa egingo du IV. eranskinean ereduaren arabera.

    Batxilergoko ikasketa-historiala ikaslea matrikulatuta egondako azken ikastetxean egongo da gordeta, jatorriko hezkuntza-sistemara itzultzen den arte. Azken ikastetxera edo beste batera itzul daiteke; beste batera joaten bada, hartara bidaliko da ikasketa-historiala. Batxilergoaren baliokideak diren ikasketak atzerrian amaitzen baditu, hari emango zaio.

  5. Ikasle bat hizkuntza koofiziala duen autonomia-erkidego batetik lekualdatzen bada, ikasgai horretan lortutako kalifikazioek curriculumeko gainerakoen balio bera izango dute, batez besteko nota kalkulatzeko. Dena den, azken kalifikazioa negatiboa izan balitz, ez da gainditu gabeko ikasgaitzat hartuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lurralde-kudeaketan, eta ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

Batxilergoa ematen duten ikastetxeek edozein unetan, interesdun pertsonek hala eskatuta, ikasketen egiaztapena egin ahal izango dute egindako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak zehaztuz. Ziurtagiri hori ikastetxeko idazkaritzaren ardura duen pertsonak izenpetuko du ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

Ikasleek ikasitakoaz gain, irakasleek irakaskuntza-prozesuak eta beren irakaskuntza-jarduera ere ebaluatuko dute, etapako eta ikasgai bakoitzeko hezkuntza-helburuen lortze-mailarekiko. Ebaluazio horretan, datu hauek zehaztuko dira gutxienez:

  1. Ikasleek lortutako ikasketak.

  2. Irakaskuntzaren indibidualizazio-neurriak, eta bereziki, erabilitako laguntza- eta indartze-neurriak.

  3. Programazioa eta haren garapena, eta batik bat, irakaskuntza-estrategiak, ikasleak ebaluatzeko prozedurak, ikasgelen antolamendua eta ikastetxeko baliabideen aprobetxamendua.

  4. Helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen egokitze-maila adimen-gaitasun handiko ikasleen eta hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleen ezaugarrietara eta beharretara.

  5. Ikasleekiko harremana eta bizikidetza-giroa.

  6. Taldeko eta departamentuko gainerako irakasleekiko koordinazioa.

  7. Tutorearekiko eta, behar denean, familiekiko harremanak.

Otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren 22.1 artikuluan xedatzen denaren arabera, hezkuntza-etapa horretan, irakasleek egingo dute ikasleen ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioa. Horretarako, kontuan izango dituzte curriculumaren elementuak, ikasle bakoitzak ikasgai guztietan izan duen ikaskuntza-prozesuaren bilakaera eta ikasturtean zehar erakutsi duen heldutasuna, eta eskola-emaitzak, Batxilergoko helburuei dagokienez, bai eta, etapa amaieran, goi-mailako ikasketak egiteko dituzten aukerei dagokienez.

  1. Ikastetxeek ebaluazio-prozesuko alderdi nagusiak sartuko dituzten beren hezkuntza-proiektuan. Bestalde, ikastetxeko Curriculum Proiektuari dagokio ikasturte bakoitzeko ebaluazio-irizpideak zehaztea.

  2. Ikasleek objektibotasun osoko irizpideen arabera ebaluatuak izateko eskubidea dute, bai eta beren ikasketen emaitzak ezagutzeko ere, ebaluazio-prozedura informalen eta formalen bidez eskuratutako informazioak prestakuntza-balioa izan dezan eta ikasleek beren hezkuntzaren hobekuntzan konpromisoa har dezaten.

  3. Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxeek argitara emango egingo dituzte ikasgai guztien ebaluazio-irizpide komunak, eta irizpide horiek ebaluazioan, ikasleak hurrengo mailara igaroko diren ala ez erabakitzean eta titulua ematean aplikatuko dira.

  1. Tutoretzaz arduratuko diren irakasleek beren taldeko ikasleei dagozkien Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken mailako amaierako ebaluazioaren txostena aztertuko dute. Horri esker, hobeto jakingo dute nolakoa den ikasle bakoitzaren bilakaera, bai eta pertsona- eta testuinguru-egoerak ere. Irakasle-talde horrek, ikasgai desberdinetako irakasleei ezagutaraziko dizkiete ikasle bakoitzaren ibilbide akademikoari buruzko alde garrantzitsuenak.

  2. Eskolatzearen lehen hilabetea amaitu aurretik, taldearen tutoreak ebaluazio-saio bat deituko du, ikaslearen hasierako egoera ezagutu eta baloratzeko asmoz, ikasgai desberdinen hezkuntza-gaitasunen eskuratze-mailari dagokionez.

  3. Hasierako ebaluazioa irakasle-taldearen erreferentzia-puntua izango da curriculumaren garapenari eta ikaslearen ezaugarri eta ezagutzetara egokitzeari buruzko erabakiak hartu ahal izateko. Irakasle-taldeak, hasierako ebaluazioaren emaitza ikusita, hezkuntzan berariazko laguntza-premiak dituzten ikasleentzat curriculum-egokitzapenari dagozkion neurriak hartuko ditu.

  4. Ikasle batek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu eta Batxilergoa beste ikastetxe batean egiten badu, ikastetxe hartzaileak koordinazio-mekanismoak ezarriko dituzte ikaslearen jatorriko ikastetxearekin. Horri esker, hobeto jakingo dute zer ikaskuntza-maila lortu duen ikasleak, eta zein diren haren hezkuntza-beharrik adierazgarrienak. Ikasturteko hirugarren hiruhilekoan, bereziki, zuzendaritza-taldeak bere ikasleen jatorrizko ikastetxeekin bilerak bultzatuko ditu. Matrikula-prozesua amaitzen denean, ikaslearen azken ebaluazio-txostena eskatuko dio jatorriko ikastetxeari.

  1. Ebaluazioa jarraitua izango da, ikaslearen irakatsi eta ikasteko prozesuan murgilduta egongo baita, eta bereizia izango da, curriculumeko ikasgaien arabera. Irakasleek ikasleen bilakaera aztertuko dute ikasgai bakoitzean eta horien ebaluazio-irizpideak hartuko dituzte erreferentzia gisa horietako bakoitzean aurreikusten diren helburuen lorpen-maila baloratzeko.

  2. Irakasle-taldeak, irakasle-tutoreek koordinatuta eta ikasle bakoitzaren irakasleek osatuta, hau aztertuko du: ikasleek ikasgai guztietan izan duten bilakaera, Batxilergoko helburuei dagokienez nolako heldutasun akademikoa duten eta, etaparen amaieran, goi-mailako ikasketetan aurrerapenak egiteko zer aukera duten.

  3. Dena den, ikasleen etengabeko ebaluazioa egiteko, beharrezkoa da ikasleak eskoletara erregularki joatea eta ikasgai guztietarako programatutako jardueretara joatea. Antolamendu eta Funtzionamendu Erregelamenduan edo Barne Erregelamenduan, ikastetxeek zehaztuko dute zenbat falta egin daitekeen gehienez ikasturte bakoitzean eta ikasgai bakoitzeko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Dekretu horretan adierazitakoaren arabera, falta-kopuru hori egiten duen ikasleek etengabeko ebaluaziorako eskubidea galtzen dute, baina ezohiko deialdian aurkeztu ahal izango dira, matrikulatutako gainerako ikasleak bezala.

  1. Ebaluazio-saioa, tutoretzan diharduen pertsonak koordinatuta, irakasle-taldearen bilera da, eta helburua, ikaslearen hobekuntzarako, irakaskuntza-prozesuaren inguruko informazioa trukatzea eta erabakiak hartzea da.

  2. Ikasturte bakoitzean zehar, ohiko eskola-aldiaren barruan, ikasle-talde bakoitzarentzat, gutxienez, hiru ebaluazio-saio egingo dira, hasierako ebaluazio-saioaz gain, ikastetxeek beren hezkuntza-proiektuetan jaso dezaketenari kalte egin gabe. Azken ebaluazio-saioa eta ohiko bukaerako ebaluazioa saio berberean burutu daitezke.

  3. Talde bakoitzeko tutoreak saioen akta egingo du. Akta horretan, hartutako akordioak eta erabakiak jasoko dira. Akordio eta erabaki horien ondoriozko emaitzen balorazioa izango da hurrengo ebaluazio-saioaren hasiera-puntua. Ebaluazio-saioetan parte hartutako irakasleek sinatuko dituzte saio horien aktak.

  4. Ebaluazioaren emaitzak 0tik 10era bitarteko zenbakien bidez kalifikatuko dira, hamartarrik gabe, eta 5etik beherako kalifikazioak negatiboak izango dira. Ezohiko probaren deialdian ikasleren bat probara azaltzen ez bada, idatziz jasoko da ez dela aurkeztu (EA), eta kalifikazio negatiboa izango du ondorio guztietarako.

  5. Batez besteko nota lehen eta bigarren mailetan egindako ikasgai guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da, hurbilen den ehunenera biribilduta. Batez besteko aritmetikoa distantzia berera badago goiko eta beheko ehunenetara, ehunenik handienera biribilduko da.

    Berdintasunaren printzipioa eta ikasle guztien arteko lehia askea bermatze aldera, erlijioko ikasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioak ez dira kontuan hartuko Unibertsitatean sartzeko batez besteko nota kalkulatzean, ez eta beken, ikasteko laguntzen edo bestelako laguntzen deialdietan ere, haietan espediente akademikoak aintzat hartzen badira.

  6. Batxilergoko bigarren ikasturtean bederatzi puntuko edo gehiagoko batez besteko nota lortzen duten ikasleei, «Ohorezko Matrikula» aipamena egin ahal izango zaie espedientean eta Batxilergoko ikasketa-historialean.

    «Ohorezko Matrikula» emateko muga dago: bigarren mailan, 20 ikasletik bati eman dakioke da, edo hamabostetik gorako zatikiari. Berdinketaren kasuan, etapako lehen mailako kalifikazioak ere kontuan hartuko dira. «Ohorezko Matrikula» lortu izana ikasleen ebaluazio-agirietan adieraziko da berariazko eginbidearen bidez.

  7. Ebaluazio-saioetan, jarraitutako ikaskuntza-prozesu pertsonalari eta proposatutako hobekuntza-neurriei buruz zer informazio eman adostuko da. Informazio hori ikasle bakoitzari emango zaio, edo, hemezortzi urte baino gutxiagoko ikasleen kasuan, haien gurasoei edo legezko tutoreei, ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasotakoaren arabera.

Departamentu didaktikoek errefortzu-programa bat antolatu behar dute, zenbait ikasgai gainditu gabe bigarren mailara igarotzen diren ikasleei ikasgai horiek errekuperatzen laguntze aldera. Urteko errefortzu-programa bat egingo dute hala behar duen ikasle bakoitzarentzat. Programa horretan, eska daitezkeen gutxieneko edukiak eta gomendatutako jarduerak adieraziko dituzte. Halaber, bere garaian kalifikazio negatiboaren oinarri izan ziren zailtasunen errekuperazioa egiaztatzeko proba partzialak programatuko dituzte.

  1. Lehen maila amaitzean, azken ebaluazio-saioan, ikasturteko ikasgaien azken kalifikazioa emango da.

  2. Bigarren mailako ebaluazioan, azken kalifikazioa ematerakoan, irakasleek adierazi beharko dute ikasle bakoitzak goi-mailako ikasketak egiteko zer aukera duen.

  3. Ebaluazio negatiboa duten ikasleek gainditu gabeko ikasgaien ezohiko deialdietara aurkezteko aukera izango dute. Ekainaren 30a baino lehen antolatuko dituzte ikastetxeek deialdi horiek.

  1. Otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz, lehen maila amaitzean, eta ebaluazio-prozesuaren ondorioz, ikasleen irakasleek osatutako irakasle-taldeak ikasleak bigarren mailara igaroko diren ala ez erabakiko ditu.

  2. Bigarren mailara pasatuko dira egindako ikasgai guztiak gainditzen direnean edo gehienez bi ikasgaitan ebaluazio negatiboa jasotzen denean.

  3. Ikaslea hurrengo mailara igarotzearen inguruko erabakiak irakasle-taldeak hartuko ditu, orientazio-departamentuaren aholkularitzarekin, hala badagokio, eta ikasleek egindako ikasgaien helburuak lortu dituzten ala ez kontuan hartuz.

  4. Bigarren mailara ikasgai guztiak gainditu gabe pasatzen direnak gainditu gabe dituzten ikasgaietan matrikulatu beharko dira. Ikastetxeek errekuperaziorako jarduerak eta gainditu gabeko ikasgaien ebaluazioa antolatuko dituzte.

  5. Lehen mailan gainditu gabeko ikasgaien ebaluazioa eta kalifikazioa bigarren mailakoena baino lehenago egingo da, bai ohiko deialdian bai ezohiko deialdian.

  1. Bigarren mailara pasatzen ez diren ikasleek urtebete gehiago geratu beharko dute lehenengo mailan, eta maila osoa egin beharko dute ebaluazio negatiboa duten ikasgaiak lau baino gehiago badira.

  2. Bigarren mailara igaro ez eta hiru edo lau ikasgaitan ebaluazio negatiboa dutenek aukera hauek dituzte:

    1. Batxilergoko 1. mailako ikasgai guztietan berriro matrikulatzea, aurreko ikasturtean lortutako kalifikazioei uko eginez.

    2. Batxilergoko 1. mailako ikasgai guztietan berriro matrikulatzea; horrela, aukera izango dute dagoeneko gaindituta dituzten ikasgaietako prestakuntza finkatzeko eta haien kalifikazioa hobetzeko. Bigarren urtean kalifikazioa txikiagoa lortuko balute, aurreko urtean lortutakoa mantenduko litzateke.

    3. Ebaluazio negatiboa izan duten ikasgaietan matrikulatzea. Ikastetxeen antolamendu-baliabideen arabera, euren prestakuntzarako ikastetxeko zuzendaritzak egoki deritzenak ere ikasi ahal izango dituzte.

      Nolanahi ere, ikastetxeek adin txikiko ikasleen aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena eskatuko dute, hautatutako aukeran ikasteko.

  3. Bigarren maila amaitzean ikasgai batzuetan ebaluazio negatiboa duten ikasleak ikasgai horietan matrikulatu ahal izango dira, eta ez dute gainditutako ikasgaiak berriz egin beharrik izango.

  4. Agindu honen 3.1 artikuluan aurreikusitako ea betetzean ikasgai guztiak gainditu ez dituzten ikasleek helduentzako Batxilergoan jarraitu ahal izango dituzte beren ikasketak, bai gaueko bai urrutiko erregimenean.

  1. Batxilergoa edozein modalitatetan ondo egiten duten ikasleek Batxilergoko titulua jasoko dute. Titulu hori bakarra da, eta lan- eta ikasketa-ondorioak izango ditu. Batxilergoko tituluak irakaskuntza hauetan sartzeko aukera ematen du: unibertsitate-irakaskuntzan, goi-mailako irakaskuntza artistikoetan, goi-mailako lanbide-heziketan, goi-mailako arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntza profesionaletan eta goi-mailako kirol-irakaskuntzetan.

  2. Batxilergoko titulua eskuratzeko beharrezkoa izango da ebaluazio positiboa izatea ikasgai komun guztietan, modalitateko sei ikasgaitan (horietako bost bide edo modalitate berekoak izanik) eta aukerako bi ikasgaitan.

  3. Ikasleek Batxilergoko irakaskuntzak egin eta gainditu dituzten ikastetxe publikoak, edo ikastetxe pribatuak atxikirik duenak, egingo du Batxilergoko titulua egiteko proposamena, hori lortzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleen alde. Ikastetxe publikoetako zuzendariek bermatuko dute proposamenek titulua eskuratzeko ezarritako baldintza akademikoak betetzen dituztela.

  4. Musikako eta dantzako ikasketa profesionalak amaitzen dituzten ikasleek Batxilergoko titulua jasoko dute, Batxilergoko ikasgai komunak gaindituz gero.

  1. Ikasleei eta haien familiei beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartzeko eskubidea bermatze aldera, tutoreek, bai eta gainerako irakasleek ere, ikasleen ikasketen bilakaerari buruzko informazioa emango dute. Informazio hori curriculumean ezarritako helburuei eta ikasgai bakoitzaren helburuak betetzeko garaian antzemandako aurrerapen eta arazoei buruzkoa izango da.

  2. Ikasturtean zehar, gutxienez ere hiru aldiz, tutoreak idatziz jasoko du ikasketa-aprobetxamenduari eta bere hezkuntza-prozesuaren bilakaerari buruzko informazioa, eta ikasleei edo, hemezortzi urte baino gutxiago badituzte, beren gurasoei edo legezko tutoreei emango die.

  3. Ikasturtea amaitzen denean, ikasleek eta, hemezortzi urte baino gutxiago badituzte, haien gurasoek edo legezko tutoreek azken ebaluazioaren emaitzei buruzko informazioa jasoko dute, idatziz. Informazio hau jasoko dute, gutxienez ere: egindako ikasgaietan zer kalifikazio lortu dituen, eta kalifikazio horiek kontuan harturik, hurrengo mailara igaroko den ala ez edo, hala badagokio, titulazioa jasoko duen ala ez.

  4. Ikasleek ebaluaziorako eta bere dedikazioaren, ahaleginaren eta eskola-errendimenduaren aitorpen objektiborako duten eskubidea bermatzeko, irakasleek honako hauei buruzko informazioa emango diete, haiei eta haien gurasoei edo legezko tutoreei: ikasgai bakoitzaren eta aurreko mailetan gainditu gabeko ikasgaien helburu, eduki, metodologia eta ebaluazio-irizpideei buruzkoa, eta ikasgai horietan kalifikazio positiboa lortzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzei buruzkoa.

  5. Ikasleek, gurasoek edo legezko tutoreek azken ebaluazioaren eta ezohiko probaren inguruko erreklamazioak egin ahal izango dituzte, agindu honetan jasotzen den prozeduraren arabera.

  1. Ikasleek eta, adin txikikoen kasuan, gurasoek edo legezko ordezkariek ikasleen errendimenduaren ebaluazioan eragina izango duten lan, proba eta ariketa guztiak eskuratu ahal izango dituzte, zuzenduta daudenean, eta dagozkion alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, bai eta lan, proba eta ariketa horiek berrikusteko eskatu ere. Zuzenketan ezingo da kalifikazio kuantitatibo edo kualitatibo bat soilik jarri; aitzitik, egindako akatsak adierazi beharko dira, edo kalifikazioaren azalpen arrazoitua eman beharko da.

  2. Ikastetxeko Antolamendu eta Funtzionamendu Erregelamenduak edo, hala badagokio, Barne Erregelamenduak ezarriko du zein den erreklamazio-prozedura, eta berrikustea noiz eta zer baldintzatan egingo den. Bestalde, kontuan hartuko irakasleentzat lotesleak direla ikastetxeko Curriculum Proiektua eta argitaratutako programazioak eta kalifikazio-irizpideak, Curriculum Ofizialaz gain. Ikastetxeek beren erreklamazio-prozedurak egokituko dituzte, baina, edozein kasutan, aintzat hartu beharko dute 201/2008 Dekretuak, abenduaren 2koak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoak, ezarritakoa.

  3. Ikasleek ikasturte osoan zehar egindako probak, lanak eta ariketak eskuratzeko aukera izan dezaten, irakasleek ikastetxean eduki beharko dituzte. Ikasleen ohiko eta ezohiko deialdien azken probak dagokion departamentuan utzi eta urtebetez gordeko dira.

  4. Ikastetxeko bertako instantzien aurreko erreklamazioak:

    Ikastetxean bertan erreklamazioak egiteko prozedura ikastetxeko Antolamendu eta Funtzionamendu Erregelamenduak edo Barne Erregelamenduak xedatutakoaren araberakoa izango da.

    Araudi horretan xedatutakoa nahikoa ez bada, honako arau hauek aplikatuko dira:

  1. Kalifikazioak (partzialak edo behin betikoak) jakitera eman ondoren, ikasleek 48 orduko epea izango dute kalifikazio horien aurkako erreklamazioak aurkezteko.

  2. Lehenik eta behin, erreklamazioak inplikatutako irakasleari aurkeztu behar zaizkio. Irakasle horrek 48 orduko epean erantzungo du. Ikaslea irakaslearen erantzunarekin ados ez badago, honela jokatu beharko du:

    1. Ebaluazio partzialak:

      Erreklamazioa tutorearen aurrean egingo da, eta tutoreak kasuan kasuko departamentuan aurkeztuko du, departamendu erabakia har dezan.

    2. Azken ebaluazioa.

      1. Ohiko eta ezohiko deialdien behin betiko kalifikazioen aurkako erreklamazioak idatziz aurkeztu beharko zaizkio ikastetxeko zuzendariari. Ikasle ofizialek eta ikasle libreek prozedura berari jarraitu beharko diote.

      2. Zuzendariak ikasgaiari dagokion departamenduan aurkeztuko ditu erreklamazioak, eta departamentuak erabakia hartu beharko du, eta erabaki horri buruzko txosten arrazoitua eman. Ezohiko deialdian lortutako kalifikazioaren aurkako erreklamazioen kasuan, txostenak zehaztu beharko du deialdi horretako proba bat datorren programatutako edukiekin, ikasgaiaren helburuekin, eta departamentuak berak ezarritako eta jakitera emandako ebaluazio-irizpideekin.

        Erreklamazioa onartzen bada, departamentuko buruak erabaki bat proposatuko dio ikastetxeko zuzendariari, eta kalifikazio berria aktetan eta gainerako dokumentuetan jaso beharko da, araututako prozedurari jarraikiz.

      1. Ikastetxetik kanpoko instantzien aurreko erreklamazioak:

        Ohiko eta ezohiko deialdien kalifikazioen aurkako erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean barne-erreklamaziorako prozesua amaitzen denean. Honela jokatuko da:

      1. Ikaslea ez badago ados departamentuak hartutako erabakiarekin, alegazio-idatzi bat aurkez dezake Lurraldeko Ikuskatzailetzako Buruzagitzan, 48 orduko epean. Ikastetxeko zuzendariari egoera horren berri emango zaio, eta zuzendariak honako hauek bidaliko dizkio Ikuskatzailetzari: erreklamazioa eragin duten ariketak, programazioa azaltzen duen dokumentazioa, ikasleei eskatutako maila eta ebaluazio-irizpideak, eta ikastetxe barruan erreklamazioak izan duen prozesua.

      2. Aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du Hezkuntza Ikuskaritzak, eta kasuan kasuko departamentuak aurrez finkatutako ebaluazio-irizpideekin eta programazioaren edukiekin bat datorren ikusiko du. Horren ondoren, hau egingo da:

        1. Goiko baldintzak betetzen badira, erreklamazioa atzera botatzea proposatuko du Ikuskatzailetzak.

        2. Erreklamazioa eragin duen ariketa ez badator bat aurrez finkatutako programazioko edukiekin, Ikuskatzailetzak departamentuari eskatuko dio beste proba bat prestatzeko, egiteko eta ebaluatzeko, eta prozesu hori ikuskatuko du.

        3. Erreklamazioa eragin duen ariketa bat badator programazioko edukiekin, baina jarritako nota departamentuak aurrez finkatutako ebaluazio-irizpideetara egokitzen ez bada, kalifikazio hori aldatzea (igotzea edo jaistea) proposatuko du Ikuskatzailetzak.

          Kasu guztietan, txostena eta dagokion proposamena Hezkuntzako Lurralde Ordezkariari bidaliko zaizkio, Hezkuntza Ikuskaritzan erreklamazioa aurkeztu eta 7 eguneko epean ebazpena egin dezan.

Lehenengoa. Hezkuntza Ikuskaritzaren ikuskapena.

Hezkuntza Ikuskaritzari dagokio ebaluazio-prozesuaren garapena aholkatzea eta ikuskatzea, bai eta hura hobetzeko neurriak proposatzea ere. Horretarako, ikastetxeetara egiten dituzten bisitaldietan, bertako zuzendaritza-taldearekin, irakasleekin eta ebaluazioaren gainerako arduradunekin bilduko dira ikuskatzaileak, eta arreta bereziz aztertuko dituzte ikasleen ebaluazioaren emaitzen balorazioa eta analisia. Gainera, Agindu honetan xedatutakoa betetzen dela ere aztertuko dute. Horretarako, ikasleen azken ebaluazioaren emaitzak erabiliko dituzte.

Bigarrena. Ikasleen datu pertsonalak.

Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, haiek ikastetxe batzuek beste batzuei lagatzeari, eta datuen segurtasunari eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen legerian xedatutakoa beteko da, bai eta, batik bat, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa ere.

Hirugarrena. Musikako eta dantzako ikasketa profesionalak amaitu eta Batxilergoko ikasgai komunak gainditzen dituzten ikasleen Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzea.

Musikako edo dantzako ikasketa profesionalak amaitu eta Batxilergoko ikasgai komunak gainditzen dituzten ikasleen Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko, Batxilergoko ikasgai komun guztien kalifikazioen eta musikako edo dantzako ikasketa profesionaletako dagokion espezialitateko 5. eta 6. mailetako ikasgaien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa egingo da. Batez besteko hori ehunenik hurbilena biribilduko da; distantzia berera badago goiko zein beheko ehunenetara, ehunenik handienera biribilduko da. Musikako edo dantzako ikasketa profesionaletako 6. mailan zuzenean sartzen diren ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, kontuan hartuko dira maila horretako ikasgaien kalifikazioak eta Batxilergoko ikasgai komun guztien kalifikazioak.

Lehenagoko ikasketa-planetatik datozen ikasleak Batxilergoaren antolamendu berrian sartzea.

  1. Antolamendu berrian sartu behar diren Teknologia eta Naturaren eta Osasunaren Zientziak modalitate zaharretako ikasleak Zientziak eta Teknologia modalitatean matrikulatuko dira. Kasu horretan, modalitate horretan eskuratuko dute Batxilergoko titulua.

  2. Ikasketa-plan berrira egokitzeko, baliokidetzat hartzen dira: Filosofia I, eta Filosofia eta Herritartasuna; Filosofia II eta Filosofiaren Historia; Diseinua eta Diseinuaren oinarriak; Enpresen ekonomia eta antolamendua, eta Enpresaren Ekonomia. Halaber, baliokidetzat joko dira sistema berrikoen homonimoak diren sistema zaharreko ikasgai komunak eta modalitateko ikasgaiak.

    Halaber, honako hauek ere baliokidetzat hartuko dira: Irudia eta Ikus-entzunezko Kultura, Musikaren Historia, Musikaren eta Dantzaren Historia, eta Espainiako Historia.

  3. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak ezarritako Batxilergoko lehen maila egin eta ikasgai guztiak gainditu ez dituzten ikasleek, LOEk ezarritako Batxilergoko bigarren maila hasi baino lehen, lehen mailan egindako eta gainditu gabeko ikasgaiak errekuperatu beharko dituzte, besterik ez.

  4. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak ezarritako Batxilergoko bigarren maila egin eta errepikatu behar duten ikasleek bigarren mailan eta, hala badagokio, lehen mailan gainditu gabeko ikasgaiak.

  5. Xedapen honek ukitutako ikasleei ez zaie aplikatuko 1467/2007 Errege Dekretuaren 7.6 artikuluan aurretiko ezagutzak behar dituzten ikasgaiei buruz araututakoa, ikasgai hauei dagokienez: Elektroteknia, eta Lurraren zientziak eta Ingurumen-zientzia.

  6. Modalitateko ikasgaitzat Mekanika egin eta gainditu ez duten ikasleek bi aukera hauek dituzte: modalitateko beste ikasgai bat hartu edo ikasgai hori Mekanika aukerako ikasgairako ezarritako curriculumari jarraituta egin. Kasu horretan, Mekanika ikasgaia eskatutako modalitateko sei ikasgaietako bat izango da.

  7. 2008-2009 ikasturtearen ondoren Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan musikarako eta dantzarako ezarritako ikasketa profesionalak egiten dituzten ikasleei Batxilergoaren egitura ezarri eta gutxiengo irakaskuntzak finkatzeari buruzko azaroaren 2ko 1467/2007 Errege Dekretuaren 15.3 artikulua aplikatuko zaie, baldin eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak araututako Batxilergoko ikasgai komunak gaindituta badituzte. Horri esker, Batxilergo-titulua lortuko dute.

  8. Aurreko idatz-zatian aipatutako ikasleen Batxilergoko tituluan jarri beharreko batez besteko nota honela kalkulatuko da: Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioen eta musikako edo dantzako ikasketa profesionaletako 5. eta 6. mailetako ikasgaien kalifikazioen (dagokion espezialitatean) batez besteko aritmetikoa egin beharko da. Ehunenik hurbilenera biribilduko da, eta distantzia berera badago goiko zein beheko ehunenetara, ehunen handira. Musikako edo dantzako ikasketa profesionaletako 6. mailan zuzenean sartzen diren ikasleen kasuan, batez besteko nota kalkulatzeko, maila horretako ikasgaien kalifikazioak eta Batxilergoko ikasgai komun guztien kalifikazioak hartuko dira kontuan.

  1. Indargabetuta eta baliorik gabe geratuko dira agindu eta erabaki hauek:

    1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1997ko ekainaren 27ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Batxilergoaren ezarpen orokorra arautzen duena (uztailaren 16ko EHAA).

    2. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko uztailaren 21eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Batxilergoaren ezarpen orokorra arautzen duen 1997ko ekainaren 27ko Aginduaren 24.4 artikulua aldatzen duena (abuztuaren 13ko EHAA).

    3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2000ko urtarrilaren 13ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Batxilergoaren ezarpen orokorra arautzen duen 1997ko ekainaren 27ko Agindua aldatzen duena (urtarrilaren 24ko EHAA).

    4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2002ko azaroaren 28ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Batxilergoaren ezarpen orokorra arautzen duen Agindua bigarren aldiz aldatzen duena (2003ko urtarrilaren 16ko EHAA).

    5. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2004ko abenduaren 3ko Agindua, Bigarren Hezkuntzako ikasketak erdi-mailako musika- eta dantza-irakaskuntza artistikoekin batera egin ahal izateko neurriak ezartzen dituena (2005eko urtarrilaren 4ko EHAA).

    6. Hezkuntzako sailburuordearen 1998ko uztailaren 28ko Ebazpena, Antolatutako Hezkuntza Jarduera (AHJ) Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko lehenengo mailarako arautzen duena (abuztuaren 28ko EHAA).

  2. Indargabetuta geratuko dira, halaber, maila bereko edo txikiagoko arauak, agindu honetan araututakoaren aurka badoaz.

Lehenengoa. Agindu hau garatzea.

Hezkuntza Sailburuordetzari baimena ematen zaio agindu hau interpretatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.