Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko martxoaren 22koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean ematea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 66
  • Hurrenkera-zk.: 1993
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/03/22
  • Argitaratze-data: 2010/04/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duenak, 8. artikuluan zehazten du baimena duten ikastetxeek heziketa-zikloen eskaintza partziala egin ahal izango dutela, eta eskaintza hori helduentzat soilik izango dela. Eskaintza partzial horrek heziketa-zikloaren lanbide-modulu guztiak hartu ahal izango ditu, eta ikaslea lanbide-moduluka matrikulatu ahal izango da, dekretu horren 29. artikuluan adierazten den bezala.

Era berean, 32/2008 Dekretuaren 25.4 artikuluan zehazten da lanbide-modulu bat edo zenbait gainditzen dituztenek jasoko dutela ikasketa-ziurtagiria, eta ziurtagiri horrek, ikasketa-ondorioez gain, eskuratutako gaitasunak pilatzeko egiaztatze partzialaren ondorioak ere izango dituela Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalari dagokionez.

Etengabeko prestakuntza sustatzeko asmoz, 32/2008 Dekretuaren 5.5 artikuluan ezartzen da lanbide-moduluak prestakuntza-unitate laburragoetan ematea arautuko dela. Unitate horietan ziurtagiriak ere emango dira, eta prestakuntza-unitate guztiak gainditzen dituenari lanbide-moduluaren ziurtagiria emango zaio.

Agindu honekin pertsona helduei euren kualifikazio-maila hobetzeko aukera eman nahi zaie, Lanbide Heziketako heziketa-zikloek eskaintzen dituzten lanbide-gaitasunei dagokienez. Horretarako, prestakuntza-eskaintza malguagoa egiten da, euren premiei egokitua.

Azkenik, bizi dugun prozesu ekonomikoak handitutako Lanbide Heziketako prestakuntza-eskariak direla-eta, beharrezkoa da xedapen iragankor bat gehitzea, 2010-2011 ikasturterako lehen deialdi orokorra egin aurretik eskaintza honen barruan heziketa-ziklo horiek emateko baimena duten ikastetxeek garatzen dituzten jarduerak hartu ahal izateko, agindu honetan xedatutakoari jarraiki.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Agindu honen xedea Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean eman, ebaluatu eta egiaztatzea arautzea da, horiek lanbide-moduluka eta/edo unitate laburragoetan eskaini eta egin ahal izateko.

Metatutako eskaintza partzialeko modalitateko lanbide-modulua osatzen duten prestakuntza-unitateak dira kredituak. Unitate guztiak egin behar dira dagokion lanbide-modulua ebaluatu eta kalifikatu ahal izateko.

Eskaintza partzial honen hartzaileak pertsona helduak, 18 urtetik gorakoak edo adin hori ikasturtea hasten den urtean egiten dutenak izango dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 66.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Baina lege horren 67.1 artikuluaren arabera, salbuespen gisa, 16 urtetik gorako pertsonek ere egin ditzakete ikasketa horiek, horiek egitea eskatu eta euren lan-kontratuak ikastetxera erregimen arruntean joaten uzten ez badie.

Eskaintza honetako edozein modalitatera sartzeko, pertsona helduek eskatutako titulazioa eduki, edota heziketa-zikloetan sartzeko proba gainditu beharko dute, ikasi nahi d(ir)en modulua edo moduluak erdi-mailako edo goi-mailako ziklo batekoak diren.

Eskaintza partziala modalitate hauetan egin daiteke:

Orokorra: lanbide-modulu osoa eskainiko da, eta irakaslea izango da sekuentziazioaren eta programazioaren arduraduna.

Metatua: kredituka sekuentziatuta egingo da, eta gainditu diren kredituak onartu ahal izango dira. Modalitate honi heltzen dionak Etengabeko Ikaskuntza eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak adierazitako programazioaren sekuentziazioari jarraitzeko konpromisoa hartuko du.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloak edozein modalitatetan eman ahal izango dituzte heziketa-ziklo horiek eskaintza osoan emateko baimena duten EAEko ikastetxeek -publikoek zein pribatuek-, betiere dagozkien deialdietako baldintzak betetzen badira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du ikastetxe publikoek eta pribatuek, horretarako egiten d(ir)en deialdiak edo deialdiek zehazten duten aldian, ezarri ahal izango dituzten ikastetxeak eta lanbide-moduluak.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskaintza hau egiteko egoki deritzon deialdiak egin ahal izango ditu, eta ikasturteko gutxienez deialdi bat egin beharko du.

  2. Ikastetxe pribatuentzako deialdien kasuan, eskolak emateko baldintzez gain, dagokion finantzaketa lortzeko baldintzak ere arautuko dira.

  1. Matrikulatze-prozesua bi fasetan egingo da eskaintza honetan: lehenik izena ematea, eta bigarrenik, matrikula formalizatzea. Nolanahi ere, ikaslea ez da matrikulatuta egongo bigarren fasea gauzatu arte.

  2. Etengabeko Ikaskuntza eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak erabakiko du zer ikastetxek matrikula ditzaketen ikasleak dagokion aldirako, eta zer epetan egin beharko duten. Matrikula lanbide-moduluka egingo da.

  3. Eskaintza partzial honetako modalitate guztietan, matrikulazioa egin dezaketen ikastetxeek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako aplikazio informatikoan grabatu beharko dituzte ikasleen matrikulazioari buruzko datuak, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak horretarako zehazten dituen epeetan eta moduan.

  4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatutako moduluetan, izena emateko edo matrikulatzeko eskaerek modulu bakoitzerako eskainitako gehienezko plaza kopurua gainditzen badute, ikastetxeek eskaeren hautaketa bat egingo dute, eta ikasle onartu eta baztertuen zerrenda bat argitaratuko dute, lehentasun-irizpide hauen arabera:

    1. Lehendik heziketa-zikloan matrikulatutako pertsonak, zikloa osatzeko egin nahi duten modulua baino geratzen ez zaienak.

    2. Prestakuntza-eskaintzaren zikloarekin lotutako arloan lanean ari diren edo langabezian dauden langileak.

    3. Ziklo bereko prestakuntza-modulu edo gaitasun-unitateren bat gaindituta duten pertsonak.

    4. Eskatzailea adin nagusiagokoa izatea.

  1. Eskaintza hau egiteko deialdietan, ikasleak zer lanbide-modulutan matrikula daitezkeen eta taldeek finantzatuak izateko izan behar dituzten ezaugarriak adieraziko dira.

  2. Ikastetxeek eskaintza partziala eskatu duten ikasleak eskaintza osoko moduluetan sartu ahal izango dituzte, ahal baldin bada, eta ezingo dira eskaintza osoko ikasletzat hartu.

  1. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra arautzen duen dekretuaren arabera, lanbide-modulu bakoitza irakasle bakar batek emango du oro har.

  2. Irakasle horrek dekretu horren tutoretzakoak diren funtzioak beteko ditu gainera.

  1. Lanbide-modulua gehienez bi aldiz egin ahal izango da modu presentzialean.

  2. Programazioari, horren garapenari eta ebaluazio-sistemari dagokienez, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra arautzen duen dekretuan xedatutakoari eta lanbide-moduluaren tituluaren dekretuan xedatutakoari helduko zaie. Curriculuma eta modulu bakoitzaren ordu-iraupena heziketa-ziklo hori Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen dekretuan ezarritakoak izango dira.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak metatutako eskaintza partzialerako kredituetan sekuentziatuko du curriculuma, hala badagokio kredituak zer ordenatan egin behar diren adierazita.

  4. Eskaintza partzialari dagozkion lanbide-moduluak emateko ordutegia ikasleen premietara egokituko da.

  1. Moduluak emateko ezartzen diren tratamendu metodologikoak eta ikasi eta irakasteko prozesuak pertsona helduen ezaugarrietara egokituko dira, eta lanbide-modulurako ezarritako ikaskuntza-emaitzak bermatzen dituzten ebaluazio-ekintza guztiak diseinatuko dira.

  2. Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa jarraitua izango da, jarduera sistematiko eta etengabekoa, ikasi eta irakasteko prozesuan bertan integratua, eta lanbide-modulu hori ematen ari den irakasleak egingo du.

  3. Metatutako eskaintza partzialean, ebaluazioa kredituka egingo da, eta ezaugarri hori eta ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak dagokion lanbide-moduluaren programazioan agertuko dira.

  4. Ikasleen etengabeko ebaluazio-prozesua aplikatzeak ikasle horiek eskoletara eta dagokion lanbide-modulurako programatutako jardueretara modu erregularrean joatea eskatzen du. Nolanahi ere, asistentziari dagokionez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen dituen dekretuan xedatutakoari helduko zaio.

  5. Ikasleek euren eskola-errendimendua objektibotasun osoko irizpideen arabera ebaluatua izateko duten eskubidea bermatzearren, dagokion modulua ematen duen irakasleak ondorengoak jakinaraziko ditu, hartutako ebaluazio-prozesuaren arabera:

    Egingo diren ebaluazio-egunak eta -saioak.

    Dagokion moduluan kalifikazio positiboa lortzeko behar diren edukiak eta ikaskuntza-emaitzak.

    Ezartzen diren ebaluazio-jarduerak, -tresnak eta -uneak.

  1. Lanbide-modulu bakoitza lau deialditan ebaluatu ahal izango da, baina Lantokiko Prestakuntzakoa eta Proiektukoa bitan egingo dira.

  2. Deialdiak lanbide-moduluaren ordutegi lektiboaz kanpo egingo dira, eta egutegia eta ordutegia nahikoa aurrerapenez adieraziko dira, ikasleek prestatzeko elementuak izan ditzaten eta kalifikazio positiboa lor dezaten. Hirugarren eta laugarren deialdietan, lanbide-modulu osoa kontuan hartuta ebaluatuko dira ikasleak.

  3. Bigarren deialdia lehenengoa egin eta gehienez bi hilabeteko epean egin beharko da.

  4. Eskaintza partzialeko modalitate hauek egiten dituzten pertsonek aparteko deialdi bat eskatu ahal izango dute, eskaintza osoa egiten duten pertsonen baldintza berberekin.

  1. Etengabeko ebaluazio-saioak. Eskaintza partzial orokorrean egiten diren etengabeko ebaluazio-saioak modulua eskaintza osoko modalitatean emango balitz bezala egingo dira. Metatutako eskaintza partzialean, kredituak ebaluatuko dira saio horietan, eta I. eranskinean agertzen den metatutako ebaluazio partzialaren akta beteko da. Kredituen kalifikazioak zenbakizkoak izango dira, 1etik 10era.

  2. Azken ebaluazioko saioak. Azken ebaluazioko saioetan lanbide-moduluari dagokion kalifikazioa erabakiko da. Kalifikazioa zenbakizkoa izango da, 1etik 10era.

    Lehenengo azken saioan, eskaintza osoko modulu bat izango balitz bezala jardungo da eskaintza orokorrean; metatutako eskaintzan, berriz, irakasleak, ikasleak kreditu guztiak gainditu baditu, lanbide-modulua kalifikatuko du, dagozkion kredituetan lortutako kalifikazioak kontuan hartuta. Kredituren bat gainditzen ez bada, kalifikazioa negatiboa izango da, eta kreditu horien kalifikazioak akta osagarrian jasoko dira.

    Bigarren azken ebaluazioan, lehenengoan ebaluazio positiboa izan ez duten ikasleak baino ez dira agertuko. Deialdi horretara joaten ez direnek EA (ez aurkeztua) kalifikazioa izango dute. Metatutako eskaintzan, ebaluazioa gainditu gabeko kredituei buruzkoa izango da soilik. Metatutako eskaintzan saioa amaitutakoan, deialdi horretan kreditu guztiak gainditu ez badira, dagokion akta osagarria egingo da, lehenengo saioan egin zen bezalaxe, eta atal berezian, bigarren azken ebaluazioa dela jasoko da.

    Bi modalitateetako 3. eta 4. ebaluazioetan modulu osoa ebaluatuko da, eta ikastetxeek eskaintza osoko lehen edo bigarren mailetako azken deialdietara deitu ahal izango dituzte ikasleak, hots, modulua dagoen zikloa eskaintza osoan ematen ez bada, ikastetxeak Lanbide Heziketako eskaintza osoko zikloetan egiten duen edozein deialditara.

  3. Azken ebaluazioko aktak. Azken saio bakoitzean akta bat egingo da, heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen dituen dekretuan agertzen den ereduaren arabera.

    Metatutako eskaintzako modalitatean, lehenengo eta bigarren azken saioetan akta osagarria egingo da modulu osoa gainditu ez dutenen kreditu gaindituekin. Akta osagarri hori II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera egingo da.

    Azken aktak, erantsitako akta osagarriekin batera, akta ofizialtzat joko dira, eta ezingo da argudiatu kreditu gaindituak izatea, metatutako ebaluazio partzialaren aktan horrela agertzen dela medio.

  4. Ikastetxeak deialdi guztietako emaitzen berri emango die ikasleei, eta dagozkien agirietan jasoko ditu.

Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra arautzen duen dekretuan ezarritakoaren arabera, lanbide-modulu baten kalifikazioa zenbakizkoa izango da modalitate guztietan, batetik hamarrera bitarte, hamartarrik gabe. Bosteko edo hortik gorako kalifikazioak positibotzat jotzen dira. Bigarren, hirugarren eta laugarren deialdietara aurkezten ez direnei EA (ez aurkeztua) kalifikazioa jarriko zaie.

Modalitate honetako ebaluazio-prozesuko agirien forma eta gordetzeko modua Lanbide Heziketarako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen dituen aginduan ezarritakoak izango dira.

Ikasle baten espedientea lekuz aldatuko da, heziketa-ziklo bateko modulu bat edo batzuk egiteko espedientea ikastetxe batean hasi eta gero, ikasle batek modulu hori edo horiek edo beste modulu bat espedientea hasi zen ikastetxea ez den beste batean egin nahi d(it)uenean.

Kasu horietan, eskaintza osoko modalitateari aplikatzeko den araudia hartuko da kontuan.

  1. Baliozkotzeak eta exentzioak Lanbide Heziketarako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen dituen aginduan eta dagozkien tituluen dekretuetan ezarritakora egokituko dira.

  2. Metatutako eskaintza partzialean, bigarren azken ebaluazioa egin ondoren, modulua egin den ikastetxeko zuzendariak gainditu gabeko lanbide-modulu bakoitzeko kreditu gaindituak egiaztatuko ditu, III. eranskinean agertzen den agiriaren ereduaren arabera. Kredituen egiaztapen horrek ikasleak modulua modu presentzialean edo urrutitik egitea erabakitzen badu balio izango du; gainera, balioa izaten jarraituko du, ikasleak modulu osoa 3. eta 4. deialdietan gainditzen ez badu ere.

  3. Kredituen egiaztapenaren kopia bat eskatzen duen ikasleari igorriko zaio, eta ziurtagiria edo ziurtagiriak dituen jatorrizkoa ikaslearen espedientean artxibatuko da. Ikasle horiek ez dute metatutako eskaintzako modalitatean edo urrutiko prestakuntza telematikoan egiaztatutako kreditu horiek egin beharrik izango.

  1. Lantokiko Prestakuntzako eta Proiektuko moduluak bi alditan egin ahal izango dira eskaintza partzialean: arrunta eta apartekoa.

    Aldi arrunta otsailaren eta ekainaren artekoa izango da, dagokion zikloko eskaintza osoko ikasleak LPko eta Proiektuko moduluak egiten ari diren bitartean. Aldi horretarako matrikula urtarrilean zabalduko da, eta ebaluazioa eskaintza osoko ikasleekin egingo da.

    Aparteko aldia ikasturte-hasieratik otsailera arte egingo da. Kasu horretan, matrikulazioa deialdi orokorreko eskaintza partzialeko gainerako ikasleekin egingo da, eta ebaluazioa, eskaintza osoko ikasleek LPko modulua egin aurretik ikastetxeak egingo duen ebaluazio-saioan.

  2. Eskaintza partzialeko Proiektuko moduluak ez du ikastetxera modu erregularrean joatera behartzen, eta modulua tutorepetzen duen irakasleak adierazten dituen jarduera, ariketa eta proben bidez garatuko da.

  3. LPko moduluaren zati bat profesionaltasun-ziurtagiri bati dagozkion lanez kanpoko praktiken bidez egiaztatu ahal izango da, profesionaltasun-ziurtagiri hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak heziketa-zikloak emateko baimendutako ikastetxe batean egiten denean. Kasu horretan, ikastetxeko zuzendariak ziurtagirian (IV. eranskina) jasotako ordu kopurua egiaztatuko du, eta jatorrizkoa ikaslearen espedientean artxibatu eta interesdunari kopia eskuetsi bat igorriko dio. Agiri hori ziurtagiriarekin lotutako heziketa-ziklo bateko LP egiteko matrikulatzen denean aurkeztuko du ikasleak, eta bertan agertzen diren LPko orduak ez ditu egin beharko.

Egiten ari den moduluaren iraupenaren % 80 egin aurretik deuseztatuko da matrikula, eta deialdiari uko egitea modulu horren ebaluazio-deialdiaren eguna baino 7 egun lehenago egingo da.

Deuseztatzearen eta uko egitearen eraginak Lanbide Heziketarako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen dituen aginduan jasotakoak izango dira.

Lehenengoa. Eskaintza osoko heziketa-ziklo baimenduak dituzten ikastetxe guztiek gaitasun-unitateari lotutako lanbide-modulu bat edo bi eta lantokiko prestakuntzakoa eskatu ahal izango dituzte 2009-2010 ikasturtea amaitu aurretik. Etengabeko Ikaskuntzaren Zuzendaritzak eskaera onartu ondoren, agindu hau argitaratu eta hurrengo hamabost egunetan egingo da matrikula, eta ebaluazio-saioak, 2009-2010 ikasturteko azken deialdietako ebaluazio-egunetan.

Bigarrena. Agindu honetan 5. artikuluan ezarritako metatutako eskaintzako modalitateari buruz xedatutakoa ez da indarrean jarriko Lanbide Heziketako sistema berria Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen den arte.

2008ko ekainaren 3ko Agindua, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialeko modalitatean ematea arautzen duena, indargabetuta geratzen da.

Lehenengoa. Etengabeko Ikaskuntzaren Zuzendaritzari agindu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio.

Bigarrena. Agindu honetan prozeduraren arloan aurreikusi ez den guztian, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, aplikatuko da.

Hirugarrena. Agindu hau EHAAn argitaratzen den biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 22a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (14)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.