Maiz egiten diren galderak
Software bat eskuratzen denean, diru truk edo doan, haren jabetza al daukagu?
Haren jabetza daukagu, soilik garapena kontratatu badugu (adibidez, A bezeroak garapen bat eskatzen dio B hornitzaileari) edo titulartasuna eskuratzen dela zehazten bada. Hori ez da gertatzen publiko zabalak eskuratzen duenean, beraz pertsona batek programa bat erosten duenean, lizentzian datozen eskubide eta askatasunak ditu soil-soilik. Adibidez, lizentziako klausula batek esaten badu ekipamendu bakar batean instalatu daitekeela, beste batean instalatzeko, lehenengo hartatik kendu behar litzateke.
Nola du izena askea ez den softwareak?
Pribatiboa, askatasunak hartzen edo kentzen dituelako. "Jabedun" hitza ere erabiltzen den arren, zuzenagoa da “pribatibo” edo “ez aske” hitzak erabiltzea, software libreak ere izan baitezake jabea.
Software askeak doaneko softwarea esan nahi al du? Doaneko softwareak software askea esan nahi al du?
Nahiz eta ingeles hizkuntzan free hitzak “aske” eta “doan” adierak dituen, software askeak ez du “doaneko” esan nahi, libertateen lege eta etika arloei buruz ari da. Askea den softwarea doan lor daiteke, baina zerbitzuak baldin baditu gerta daiteke kostu bat izatea. Adibide muturreko bat GNU/Linux RHEL banaketa izan daiteke, ez dena doan, baizik eta diru kopuru txiki baten truke, euskarri zerbitzuak eta eguneratzeak jasotzeko.
Doan den programa oro ere ez da askea. Adibide bat flash edo PDF bisore bat izan daiteke, doan dena, baina iturri-kodea eskaintzen ez duena. Beste adibide bat "freeware" izeneko aplikazioak dira, ez dute inolako kosturik baina bai mugapenik ( adibidez funtzionaltasunetan edo erabilera denboretan) edo propagandarik.
Egin al daiteke negoziorik software askearen bidez?
Bai. Red Hat, Google, IBM eta beste enpresa batzuk ari dira horretan. Batzuek beren negozio guztia software askearen inguruko zerbitzuen salmentan oinarritzen dute, eta beste batzuek software aske doanekoa erabiltzen dute kostuak txikitzeko.
Software aske oro publikoa al da?
Ez. Erakunde batek eska dezake programa baten garapena, eta haren jabe eginez lizentzia aske bat jar dezake software horrentzat, baina agian ez du nahi zabaldu edo argitaratzerik hainbat arrazoi direla medio, adibidez, argitaratzeko behar adina testatuta ez dagoelako edo jabearen oso gauza espezifikoa delako eta argitaratzeak ezer berririk ez dakarrelako. Kasu horretan, software askea litzateke baina pribatua, ez publikoa.
Programa askeak Linux-erako bakarrik daude?
Ez, programaren lizentziak esaten baitu askea den ala ez, eta ez funtzionatzeko beharrezko dituen osagaien –sistema eragilea barne- lizentziak. Hala, badira programa aske eta multiplataformakoak, hainbat sistema eragile erabiltzen dutenak, Firefox, Thunderbird, OpenOffice, Blender, Gimp, eta abar. Gerta daiteke halaber programa bat askea izatea eta sistema eragile pribatu batean bakarrik ibiltzea, adibidez Mac OS X, honen garatzaileak ez baitu pasa beste sistema eragile batzuetara.
Linuxen dabilen programa oro askea da? Eta doan?
Ez. Badira programak GNU/Linux sistema eragilean dabiltzanak, baina itxiak dira, adibidez Skype Linux-erako: doan da, baina ez aske. Eta badira halaber programa pribatiboak eta ez doanekoak Linuxen dabiltzanak, adibidez ordenagailu granja bidez pelikulak errenderizatzeko erabiltzen den softwarea.
Zein alde dago Software Aske (Free Software) eta Iturri Irekiko Softwarearen (Open Source Software) artean?
Lehen izendapena Free Software Foundation-ek babesten du eta zentzu politikoagoa du zehaztu egiten baitu askatasun alderdia. Bigarrena Open Source Initiative-etik dator eta alde teknikoagoak aipatzen ditu, eta gainera ez du “Free” izena erabiltzen, ingelesez “doan” adieraz dezakeena.
Praktikan ia gauza bera da, gehienak baitira bi erakundeek software askearen adierazletzat onartutako lizentziak (ikus erreferentzia hau).
Seguruagoa al da software askea software pribatiboa baino?
Seguruagoa da auditagarritasunean, iturri-kodea eskuragarri baitako berrikusi ahal izateko. Aurkako joera "security through obscurity" da, oso maiz agertzen dena programa pribatiboetan.
Ez du zertan seguruagoa izan gainerako alderdietan; adibidez akatsak zuzentzeko abiadura, hauek zuzentzeko dauden baliabide eta pertsonen araberakoa baita, eta hala, azkarragoa izan daiteke komunitate bat programa aske baten inguruan, edo programa itxi baten enpresa fabrikatzailea.
Hobetzeko ahalmen handiagoa software askeak du ala pribatiboak?
Software libreak, iturri-kodea eskuragarri nola baitaukan eta hobetzeko askatasuna ematen baituen, edozein pertsona edo erakundek, behar dituen ezagupenak baditu, egin dezake, eta ez bakarrik jatorrizko egileak. Hau egunen batean falta bada ere, hobetzeko aukera hor da.