Gure azterketa 2018ko LIBRECONen inguruan
Argitalpen-data:
[LibreCon-en argazkia]
LIBRECONek zortzigarren edizioa egin du, eta Bilbo (Bizkaia) egoitzatzat aukeratu du hirugarrenez. Gainera, oraingoan CEBITen babesa jaso du, Europako ekitaldi teknologikorik garrantzitsuenetako batena, alegia.
Antolatzaileen arabera, edizio hau orain arteko nazioartekoena izan da. Hala erakusten dute hamabi herrialdetatik etorritako hizlariek eta Zirkulu Hispaniar-Alemanaren enpresari nabarmenen eta Open Forum Europe, CEBIT eta OSADL (Alemania), CNLL eta Pôle Aquinetic (Frantzia) edo ESOP (Portugal) bezalako software libreko elkarteen eta nazioarteko sektoreko enpresa garrantzitsu ugariren presentziak.
Hauek dira antolatzaileek jakinarazitako zenbakizko daturik esanguratsuenak: bertaratutako 1.200 pertsona, 600 enpresa (haietako 40k erakustokiak jarri dituzte) eta 70 hitzaldi.
Dakizuenez, «Libre utzi edo berrerabili. Zertan jarri behar du arreta Administrazio Publikoak?» mahai-inguruaren bidez parte hartu genuen biltzarrean, Nerea Lopez-Uribarri Goicolea Administrazioko eta Zerbitzu Orokorren sailburuordeak moderatua. Hartan, Euskadiko Kontratazio Elektronikorako Plataformaren arrakasta azaldu genuen, eta Eusko Jaurlaritzak softwarearen berrerabilerari dagokionez indarrean dagoen araudia betetzeko eman beharko lituzkeen hurrengo urratsen inguruan hausnartu genuen. Solasaldi horri esker, Eusko Jaurlaritzaren Software Libreko Bulego Teknikoak bere lana hobetzeko ondorio-markoa ezarri ahal izateko iritziak eta ezagutzak jaso genituen.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) «Blockchain: Administrazio Publikoaren elkarlan-eredu berria» izeneko hitzaldia eskaini zuen, Oscar Guadillaren eskutik. Honek garatzen ari diren ekimenetako batzuk eta beste Administrazio batzuekiko balizko elkarlan-proiektuak azaldu zituen.
Hala, edizio honetan, euskal administrazio publikoak, gizarteak eta ekonomiak aurrera egiteko funtsezkoak izanik, teknologia libreek eskaintzen dituzten konponbideen lehiakortasun mailako abantailen aldeko bere defentsa sendoa berretsi du.
Pertsona ugarirekin hitz egin dugu, asko ikasi dugu prospektibaz eta hitzaldi eta eztabaida-mahai mordoen ekarpenak jaso ditugu, baina Richard Stallman Free Software Foundationen presidente nekaezinaren amaierako hitzaldia nabarmendu nahi genuke.
Gaur egun indarrean jarraitzen duen diskurtsoa eskaini zuen, era guztietako ikus-entzuleentzat ulergarria. Plazera izan da edizio interesgarri honetan parte hartzea.
Hona hemen 2018ko LibreCon ekitaldiaren laburpen-bideoa.