Datuak Babesteko Euskal Legea


aurrekoa aurkibidea | hurrengoa

22. artikulua.- Arau-hauste motak 

1.- Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira. 

2.- Hauek dira arau-hauste arinak: 

  1. Interesdunak eskatzen badu tratatzen ari diren datu pertsonalak zuzentzeko edo indarrik gabe uzteko, eta legez hala egin behar bada, eskari horri kasurik ez egitea forma-arrazoiengatik. 

  2. Datuen babesarekin zerikusi funtsezkoa ez duten gauzetan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak halako informazio bat eskatzen duenean legez dagozkion aginpideak bete beharrez, informazio hori ez ematea. 

  3. Datu pertsonalen fitxategia Datuak Babesteko Erregistroan inskribatzeko eskaria ez egitea, non eta ez den arau-hauste larria. 

  4. Tartean direnengandik, legez eman beharreko informazioa eman gabe jasotzea zuzenean datu pertsonalak. 

  5. Isilpekotasuna, legezko betebeharra baita, apurtzea, non eta ez den arau-hauste larria. 

3.- Hauek dira arau-hauste larriak: 

  1. Fitxategiak sortzen edo fitxategi horietarako datu pertsonalak biltzen hastea, xedapen orokor bidezko baimenik gabe. Xedapen horrek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dena delako lurralde historikoan argitaraturik agertu beharko du. 

  2. Datu pertsonalak biltzen hastea, tartean direnen oniritzi berariazkoa eskatu gabe, oniritzi hori beharrezkoa denetan. 

  3. Legezko printzipio eta bermeak urraturik edo garapeneko erregelamenduetan datozen babes-aginduak bete gabe tratatzea, edo erabiltzea gero, datu pertsonalak, non eta ez den oso arau-hauste larria. 

  4. Datuetara iristeko eta datuen aurka egiteko eskubideari bidea ixtea edo oztopoak jartzea eta eskatutako informazioa emateari uko egitea. 

  5. Datu pertsonalak babesteko legeen babespean diren pertsonen eskubideei erasaten bazaie, erabat zuzenak ez diren datu pertsonalak mantentzea edo datu horiek direla-eta legez egin beharreko zuzenketak edo indargabetzeak ez egitea. 

  6. Fitxategietan jasotako datu pertsonalak isilpean gorde beharra ez betetzea administrazio- edo zigor-arloko arau-hausteei buruzko datuak badira, edo herriogasunari buruzkoak badira, bai eta inoren izaerari antzemateko behar beste datu pertsonal duen beste edozein fitxategitako datuak badira ere. 

  7. Datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak, lokalak, programak edo ekipoak beharrezko segurtasun-neurririk gabe edukitzea. 

  8. Lege eta erregelamenduetan zehazturiko komunikazioak Datuak Babesteko Euskal Bulegora ez bidaltzea, eta jaso behar dituen edo eskatzen dituen agiri eta informazioak ez ematea. 

  9. Ikuskatze-lanei oztopoak jartzea. 

  10. Datu pertsonalen fitxategia ez inskribatzea Datuak Babesteko Erregistroan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak hala eskatu badu. 

  11. Datuak beste batengandik jaso badira, tartean dagoena ez den beste batengandik, legez eman beharreko informazioa ez ematea. 

4.- Hauek dira oso arau-hauste larriak: 

  1. Datuak engainu edo iruzur bidez biltzea. 

  2. Datu pertsonalak inori jakinaraztea edo uztea, hartarako baimenik ez dagoenean. 

  3. Tartean denak hartarako oniritzirik eman ez badu berariaz, ideologiaren, sindikatu-bazkidetzaren, erlijioaren edo sineskeren berri ematen duten datu pertsonalak biltzea eta tratatzea. 

  4. Legez hala egin behar ez bada edo tartean denak hartarako oniritzirik eman ez badu berariaz, arrazari, osasunari edo bizimodu sexualari buruzko datuak biltzea eta tratatzea. 

  5. Ideologia, sindikatu-bazkidetza, erlijioa, sineskerak, arraza, etnia edo bizimodu sexuala adierazten duten datu pertsonalak jasotzeko bakarrik sortzea fitxategiak. 

  6. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak edo datuetara iristeko eskubidearen titularrak eskatu arren ez jarraitzeko horrela, datu pertsonalei legez kanpoko tratamendua ematen jarraitzea. 

  7. Oinarrizko eskubideak erabiltzea galarazten edo oztopatzen bada horrela, datu pertsonalak lege onez ez tratatzea edo aplikatu behar zaizkien printzipio eta bermeei muzin eginda tratatzea. 

  8. Paragrafo honetako bertako e) letran zehazturiko datu pertsonalak edo tartean denak oniritzia eman gabe polizia-lanerako bildu direnak isilpean gorde beharra urratzea. 

  9. Datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, indarrik gabe uzteko eta datuen aurka egiteko eskubideak behin eta berriz aintzakotzat ez hartzea edo oztopatzea. 

  10. Inoren datu pertsonalak fitxategi batean sartzerakoan, legearen arabera egin beharreko jakinarazpena sistemaz ez egitea. 

5.- Artikulu honetan egin den arau-hausteen tipifikazioa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoak aginpiderik ez duen gaietan datuen babesari buruzko Estatuko legeetako tipifikazioek bere hartan irauten dute. 

aurrekoa aurkibidea | hurrengoa

 

Azken eguneratzea: 2005/09/26