Datuak Babesteko Euskal Legea


aurrekoa aurkibidea | hurrengoa

17. artikulua.- Zereginak 

1.- Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen fitxategiak direla-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideen eremuan, hona hemen Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunak: 

  1. Datuak babesteko legeak bete daitezen zaintzea eta nola aplikatzen diren kontrolatzea, batez ere informaziorako eskubideari eta datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe uzteko eskubideari dagokienez. 

  2. Lege eta erregelamenduetan zehazturik dauden baimenak ematea. 

  3. Beharrezkoa bada, datuen tratamendua datuak babesteko indarrean dagoen legediko printzipioetara egokitzeko beharrezko jarraibideak ematea, beste erakunde batzuen aginpideei ezer kendu gabe. 

  4. Tartean direnen eskariei eta erreklamazioei kasu egitea. 

  5. Datu pertsonalak tratatzea dela-eta dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea pertsonei. 

  6. Tratamenduen erantzule eta arduradunei, esateko dutena entzun eta gero, datu-tratamendua indarrean dauden legeetara egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, ez badituzte lege horiek betetzen, tratamendua gelditzeko eta fitxategiak indarrik gabe uzteko agintzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan. 

  7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea, eta, beharrezkoa izanez gero, bere iritziz lege honetako 22. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteen erantzuleak direnen aurka diziplinazko prozedura hasteko proposatzea, eta hartu beharreko zuhurtziako neurriak hartzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan. Hori guztia lege honetan zehazturik dagoen moduan. 

  8. Lege hau garatzeko xedapen orokorretako egitasmoei buruzko txostenak egitea, derrigor. 

  9. Bere lana egiteko beharrezkoa duen laguntza eta informazio guztia eskatzea fitxategien erantzuleei. 

  10. Datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin zaintzea. Horretarako, urtero-urtero, fitxategi horien zerrenda bat argitaratuko du, beste hainbat informazio osagarrirekin. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak erabakiko du zein informazio osagarri eman. 

  11. Urteko txostena idatzi, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzara bidali. 

  12. Funtzio estatistiko publikoari buruzko legeek estatistikako datuen bilketari buruz eta estatistikako isilpekotasunari buruz dakartzaten xedapenak bete daitezen zaintzea, beharrezko jarraibideak ematea, estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko irizpenak ematea eta 24. artikuluan aipaturiko ahalmena erabiltzea. 

  13. Datu pertsonalen fitxategien segurtasuna eta herritarrek fitxategi horiei buruz dituzten eskubideak hobeto babeste aldera, Datuak Babesteko Estatuko Bulegoarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeekin lankidetzan aritzea hartarako beharrezkoak diren jarduera guztietan. 

  14. Lege honetako 2.1 artikuluko herri-administrazioek, erakundeek eta korporazioek datu pertsonalen babesari buruz egiten dizkioten galderei erantzutea, eta lege honen aplikazioaren pean dauden datu pertsonalen tratamenduari buruz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek egiten dizkioten galderei erantzutea. 

  15. Lege eta erregelamenduetan emandako beste eginkizun oro. 

2.- Aurreko zenbakian zehaztu diren eginkizunak direla-eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontroleko agintetzat hartuko da, eta lan horretan erabateko independentzia eta objektibotasuna izango du, legeak bermaturik. 

aurrekoa aurkibidea | hurrengoa

 

Azken eguneratzea: 2005/09/26