EUSKARAZKO LITERATURA
Irabazlea: Nevadako egunak
Izenburua: Bernardo Atxaga
Argitaletxea: Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
- Ur Apalategi Idirin, epaimahaiburua
- Pello Otxoteko Vaquero, epaimahaikidea
- Jon Kortazar Uriarte, epaimahaikidea
- Arantxa Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikidea
- Lourdes Otaegi Imaz, epaimahaikidea
EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK
Nevadako Estatu iparramerikarrean 2007-2008 artean igarotako egonaldi baten kronika du abiapuntu, baina narratiba autobiografikoa izanez bukatzen du. Testuinguru arrotzaren estimuluen haritik, narrazioan zehar iragana eta oraina, ozeanoaz alde bateko eta bestekoa, errealitatea eta fikzioa, eta are ametsen mundua, txirikordatuz joango dira, azken orduetako tentsio uneetara heldu arte.
Hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan, eta kontatzeko modu xume bati esker, erabateko eta besteko irakurleentzako ekarpen hunkigarriak eskaintzea lortu du, literaturaren dohainez. Narrazioan naturaltasun osoz elkartzen dira ildo eta jatorri oso ezberdinetako kontaerak, Obabakoak narrazio bilduman egina zuen gisan, baina, oraingoan, bereziki azpimarragarri gertatzen dira Nevadako fikziozko gertaerak iraganaren oroimenarekin eta mundu onirikoarekin lotzean erabilitako zubi metaforiko iradokiorrak. Hartara, eleberriaren genero marka alde batera utzirik, modu leunean eta bariatuan aletzen ditu hainbat gai, apurka-apurka gailenduko direlarik, halere, gizakiaren baitan tematsu dirauen beldur sentimenduen eragin sakona, edota pertsona maitatuen galeraren oroimina.
SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU
Bernardo Atxaga (Jose Irazu, benetako izenez), Asteasun jaio zen 1951n. Ekonomia ikasketak egin zituen Bilbon, eta Filosofiakoak Bartzelonan. Bere lehen lan literarioak Euskal literatura 72antologian argitaratu zituen 1972an. Geroztik lan asko argitaratu ditu.
Garrantzitsuenak hauek: Ziutateaz (Lur, 1976); Etiopia (Pott liburutegia, 1978); Henry Bengoa, Inventarium (Emak bakia baita / Elkar, 1986); Obabakoak (Erein, 1989); Behi euskaldun baten memoriak (Pamiela, 1991); Gizona bere bakardadean (Pamiela, 1993); Sara izeneko gizona (Pamiela, 1993); Zeru horiek (Erein, 1995); Groenlandiako lekzioak (Erein, 1998); Hitz beste eginez (Pamiela, 2000); Soinujolearen semea (Pamiela, 2003); Lekuak (Pamiela, 2005); Markak. Gernika 1937 (Pamiela, 2007); Zazpi etxe Frantzian (Pamiela, 2009); Paradisua eta kantuak(Pamiela, 2012).
NEVADAKO EGUNAK
Kronika da hasieran, eta bukaeran nobela. Bere pieza guztiak bereziak dira, baina motiboak eta pertsonaiak, beti berberak. Obabakoak bezain aldakorra da, eta Soinujolearen semea bezain trinkoa. Ez dago orrialde berdinik, ezta orrialde solterik ere.
Liburuaren atmosfera nagusia biografiarena da. Bere orrialdeetan azalduz doazen pieza guztiek giza espererientzia dute abiapuntu. Egileak bere berri ematen du haietan, zer bizi izan zuen, zer pentsatu eta imajinatu zuen Estatu Batuetako Nevadan pasatutako denboran, 2007ko abuztutik 2008ko ekainera; baina beste pertsonaia batzuk ere hartzen ditu aintzat, hurbilekoak eta arrotzak, lehengoak eta oraingoak. Lekuek ere badute garrantzia, eta batez ere desertuak.
ZATIA
Reno beti dago isil-isilik. Kasinoak eraikuntza estankoak dira, dena moketa barrutik, eta ez da hotsik hedatzen joko-makinen edo jantokien esparrutik harago. Kaleetan, Virginia Street nagusian bertan, ez da trafikoa nabarmentzen. Ezta 80 zenbakia daraman autobidean ere, edota 395ean. Iduri luke kaleak eta autobideak berak ere moketaz estalita daudela, edota jendea, autoak, kamioiak, gordean ibiltzen direla.
Iluntzen duenean, isiltasuna –isiltasuna dagoelako inpresio subjektiboa- areagotu egiten da. Txintxarri baten hotsak erne jarriko lituzke guardiako poliziak. Petardo batek eztanda egingo balu, autoaren gurpilak lehertu beharrean abiatuko lirateke, alarma argiak piztuta.
AURREKO EKITALDIETAKO IRABAZLEAK
- (1997) Epaltza, Aingeru. Tigre ehizan, Elkarlanean.
- (1998) Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania.
- (1999) Lertxundi, Anjel. Argizariaren egunak, Alberdania.
- (2000) Oñederra, Lourdes. Eta emakumeari sugeak esan zion, Erein.
- (2001) Saizarbitora, Ramon. Gorde nazazu lurpean, Erein.
- (2002) Borda, Itxaro. %100 Basque, Susa.
- (2003) Lizarralde, Pello. Larrepetit, Erein.
- (2004) Muñoz, Jokin. Bizia lo, Alberdania.
- (2005) Cano, Harkaitz. Belarraren ahoa, Alberdania.
- (2006) Zaldua, Iban. Etorkizuna, Alberdania.
- (2007) Montoia, Xabier. Euskal Hiria sutan, Elkar.
- (2008) Muñoz, Jokin. Antzararen bidea, Alberdania.
- (2009) Lete, Xabier. Egunsentiaren esku izoztuak, Pamiela.
- (2010) Etxegoien, Fermín. Autokarabana, Pamiela.
- (2011) Apalategi, Ur. Fikzioaren Izterrak, Susa.
- (2012) Cano, Harkaitz. Twist, Susa.
- (2013) Saizarbitoria, Ramón. Martutene. Erein.