Arautegia

Inprimatu

81/2020, DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, segurtasun industrialarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 2742
  • Xedapen-zk.: 81
  • Xedapen-data: 2020/06/30
  • Argitaratze-data: 2020/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

EAEko gizartean jarduera industrialak iraganean izan duen, gaur egun duen eta etorkizunean izango duen zentraltasunak eta sektore horri eragiten dioten aldaketa-dinamika sakon eta konplexuek azaltzen eta funtsatzen dute segurtasun industrialaren euskal sistemako estandar altuak etengabe hobetzea. Horrekin bat, zuzenean eragindako sektoreek eta iritzi publikoak segurtasun-maila optimoak bermatzeko egindako eskaera ulerkorrak direla eta, arauketa- eta kontrol-teknika eta -sistema integralak egituratu behar dira.

Eskubideen eta interesen dibertsitatearen eta garrantziaren babesa eta sustapena bultzatzen dituenez sistema horrek, arau-proposamenetan zehaztu behar da. Hala, proposamen horiek aldaketaren abangoardian egon behar dute, eta beren helburuak izan behar dira bateratzea, batetik, sistemaren funtzionamendu egokiari lotutako baliabide publiko eta pribatuen efikazia eta efizientzia, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak interes publikoetarako eskaini behar duen zerbitzurik onena eskaintzea.

Sistemaren eraketan, zuzenbide pribatuko subjektuen lankidetza-historia eta protagonismo gorakorra, jarduera eta instalazio industrialen garapenak eta funtzionamenduek bete behar dituzten segurtasun-baldintza teknikoen heterogeneotasun eta zehaztasunaren isla direnak, baita EAEko segurtasun industrialaren sistema sektore ekonomiko arautuaren modernizazio eta garapenaren oinarriaren gain egituratu beharrarena ere, industria-segurtasuna zerbitzu publikotzat hartzen duen ideian oinarritu behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legea indarrean jarrita eta horren bidez botere publikoek autonomia-estatutuaren 10.30 artikuluaren bidez beren gain hartu zuten eskumen esklusiboa baliatuta EAEko sektore industrialaren etorkizuneko antolamenduaren oinarriak jarri zituzten eta, horren barnean, segurtasun industrialeko instalazioen eta jardueren segurtasunarenak. Azken arloari buruzko xedapenek garrantzi berezia izan zuten, eta horiek dekretu honetan osatzeko eta garatzeko asmoa dago, bereziki, eraginpeko ekonomia-sektoreko eta EAEko gizarteko legegintza-aldaketak, joerak, dinamikak eta aldaketak iparrorratz direla.

Aipatutako azaroaren 12ko 8/2004 Legea indarrean dela hainbat tresna arauemaile Legea garatzera bideratu dira, bertan jasotako gaikuntzaren mende. Horrela hedatutako esku-hartze ordenatzailearen (berez estatuko eta Europako botere publikoek arlo honetan hasitako ariketa arautzaileen berdina) ezaugarri da, batik bat, antolamendu-sektore espezifikoen mende egotea, eta horren emaitza gisa zatiketa eta sakabanatze handiko testuinguru juridiko bat eratzea. Segurtasun industrialaren arloko araudiaren ukitu bereizgarri hauek, hala araututako objektuaren izaera tekniko eta poliedrikoaren nola ekoizpen arauemaileko zentro ugarik esku-hartzearen adierazpen direnak, gainditu nahi dira dekretu hau onartuta; izan ere, panorama arautzaileari egonkortasun, koherentzia eta ulergarritasun handiagoa emango dio.

Tresna hori indarrean jarrita lortu nahi den hobekuntza ez da mugatzen, jakina, indarrean dagoen esparru juridikoaren hobekuntza teknikora. Izan ere, modu kontsekuentean, aurrerapen bat ekarriko du azaroaren 12ko 8/2004 Legean ezarritako printzipioen eta balioen sustapenean. Hori ez da soilik teknika arauemailea hobetzearen emaitza, baizik baita honen guztiaren emaitza ere: karga administratiboak murriztu eta sinplifikatzeko konpromisora bideratutako berrikuntza garrantzitsuak sartzea, operadore ekonomiko ukituen jarduketa eta erabaki-hartzea erraztea eta Jaurlaritzak eskura dituen giza baliabideen eta materialen kudeaketa-arrazionalizazioan sakontzea.

Dekretuak berrogeita hamabost artikulu ditu lau kapitulutan banatuta, zazpi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

  1. kapituluak, bederatzi artikuluk osatuak, xedapen orokorrak ezartzen ditu. Horien artean daude arauaren aplikazioaren xedeari eta eremuari buruzkoak, definizio operatiboen zerrenda bat, baita interesdunek Administrazioarekin izan beharreko erlazioei buruzko erregulazio bat ere. Horrela arautzen dira, batetik, arauaren xedeko subjektuek komunikazioetan baliabide elektronikoak erabiltzeko beharra, eta bestetik, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 6.7 artikuluan xedatutako ordezkaritza gaituaren figura, interesdun guztiak joan ahal izango direna, nortasun juridikoa izan ala ez, baita hura aurkeztu ahal izango den modalitateak ere. Lehen kapituluan, erantzukizunpeko adierazpenen eta komunikazioen araubide juridikoa ere ezartzen da.

  2. kapitulua, hiru ataletan banatzen da, horietako lehenengoaren xedea da arautzea segurtasun industrialeko jardueren eta instalazioen hasiera eta martxan jartzea. Lehenengo atal hori, bi artikuluk osatua, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 4. eta 9. artikuluetako xedapenak garatzen ditu eta, alor honetako Europar Batasuneko araudian jasotako agindua gauzatzeko, araubide orokor bat hedatzen du, kokatzeko askatasuna eta zerbitzua eskaintzeko askatasunak koroatua eta erantzukizunpeko adierazpenaren inguruan egituratua, zeinen erregulazioa gauzatu den azaroaren 12ko 8/2004 Legeak eta bete beharreko oinarrizko araudiak ondore hauetarako ezarritakoari jarraituta.

    1. atalean, bestalde, segurtasun industrialeko jardueren eta instalazioen garapenari eta funtzionamenduari buruzko araubide juridikoa dago. Horrela, betekizunen eta betebeharren zerrenda bat ezartzen da. Horiek guztiak, oro har, segurtasun industrialeko jardueren edo instalazioen titularrei eska dakizkieke. Araubide orokor horrekin batera, segurtasun industrialeko zenbait jardueren titularrei soilik eska dakizkiekeen betekizun eta betebehar espezifikoen araubide bat egongo da. Bi araubideak, hala azaroaren 12ko 8/2004 Legeko nola estatuko oinarrizko araudiko xedapenetatik eratorriak, dekretuaren izaera orokor eta sektoreartekoarekin bat eginda eratu dira. Eta dekretua, azken alderdi horri dagokionez, bete beharreko araudi sektoriala integratzen duten xedapenekin bateragarria izan beharko da. Gainerakoan, 14. artikuluan xedatutako zenbait gertakari jakinarazteari buruzko betebeharra ezartzen da, eta 16. artikuluan aurreikusten da segurtasun industrialeko Administrazioaren esku jarri beharreko dokumentazioa industria-segurtasuneko jarduera edo instalazioa hasten den edo martxan jartzen denetik; aurreikuspen hau aurreko atalean aipatutako zerbitzuaren hasiera eta martxan-jartzearen araubide orokorretik eratortzen da.

      1. kapituluaren hirugarren eta azken atalak segurtasun industrialeko jarduera eta instalazio horien kontrola erregulazioaren mende jartzen du eta, ondore horietarako, ezartzen du kontrol horrek, batez ere, ikuskapenen edo gainbegiratzeen forma izango duela, eta araubide sektorialari esleitzen dio arauz xedatzen diren kontrol-eragiketek izan beharreko izena. 3. atal honetako lehenengo artikuluaren hirugarren eta laugarren apartatuek kontrol-jarduketen xedea mugatzen dute. Horretarako, jarduketon xedeko errealitateak eta artikulu bereko bigarenak aipatu baldintzetara edo betekizunetara egokituta ote dauden egiaztatu behar diren kontrol-jarduketak ezartzen ditu.

        Atal honetatik, halaber, 26. artikulua nabarmendu behar da; izan ere, segurtasun industrialaren arloan EAEko botere publikoei, orokorrean, eta, era partikularrean, EAEko gobernu organo eskudunei dagokien ahalmen betearazlearen alderdietako bat arautzea da helburua. Horrela, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 8. artikuluko xedapenean oinarrituta, segurtasun industrialeko Administrazioaren ahalmenaren oinarrizko ildoak ezarri dira. Ahalmen hori dela bide, dekretu honetan edo bete beharreko indarreko araudian xedatutako betebehar orokorretatik betekizun partikularrak ondorioztatu ahal izango ditu (egin beharrekoak, egin behar ez direnak edo jasan beharrekoak), lehen horiek ez-betetzetik eratorritako arriskuak murriztera edo desagerraraztera bideratuta egongo direnak.

        Azkenik, 27. artikuluak, «Behin-behineko neurriak» arautzen dituenak, oinarrizko legeriak neurri horien eta «kautelazkoen» artean ezartzen duen bereizketari jarraituta, horri dagokion administrazio-prozedura erkideari buruzko estatuko araudiko erregulazioa barne hartzen du, erkidegoko araudian zehapen-ahalari buruz xedatutakoarekin bat etortzeko xedearekin.

      2. kapitulua, «Segurtasun Industrialeko Administrazioa» izenburua duena, bi ataletan banatzen da. Lehenengo atalean Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren arauketa dago, Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluari buruzko abenduaren 9ko 208/2008 Dekretuko xedapenak integratuta gauzatu dena, nahiz eta horietako batzuk aldatu egin diren.

        Bigarren atalean, bestalde, «Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroa» sortu eta arautzeko arauak daude. Erregistro hau azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 5. artikuluan xedatutako Erregistro Industrialaren parekoa da, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osorako erregistro elektroniko, publiko eta bakarra da. Era berean, industriaren arloan eskumena duen Sailari atxikitzen zaio eta bere helburuak eta aplikazio-eremua zehazten dira. Halaber, inskriba daitezkeen datuen jatorria arautzen da, tartean, «datu osagarrien» definizioa. Hala datu hauek guztiak hartzen ditu: erantzukizunpeko adierazpena, jakinarazpena edo baimen-eskaera aurkeztu zen datari eta agintaritzari buruzkoak, erantzukizun zibil profesionalaren aseguruei buruzkoak, edo gauzatu diren kontrol-jarduketei buruzkoak. Sarbide eta hedapenerako arauak, martxoaren 17ko 29/2015 Dekretuak, industria-jarduerak hasteko erregimenari eta Industria Erregistroari buruzkoak, Erregistro Industrialari buruz ezartzen dituenaren baliokideak, 47. artikuluan xedatzen dira; aldiz, 48. artikuluan biek izan beharreko elkarreragingarritasuna adierazten da, administrazio publikoen jarduketan izan beharreko efikazia- eta efizientzia-printzipioen arabera.

      3. kapituluak, bestalde, azaroaren 12ko 8/2004 Legea garatzen du, hertsapen-isun (lehenengo atala) eta betearazpen subsidiario (bigarren atala) bidezko nahitaezko betearazpenari dagokionez.

        Hertsapen-isunei buruzko atalean, indarrean dagoen araudi-esparruarekiko berrikuntza nagusi gisa, hauek guztiak daude jasota: definizio bat du bete beharreko egintzak agindutakoa betetzeko gutxieneko aldiaren ingurukoa; isunen zenbatekoa zehazteko irizpideari buruzko berariazko aipamena; eta isunak ezarriko dituzten prozeduren ebazpena eman eta jakinarazteko epearen ezarpena.

        Bigarren atalak hertsapen-isunei buruzko atalaren antzeko egitura jarraitzen du. Horrela, 53. artikuluan xedapen orokorrak daude, 54. artikuluan organo eskudunari buruzko xedapenak daude eta 55. artikuluan dekretuak araututako arloan emandako administrazio-egintzen betearazpen subsidiarioa arautuko duten arauak zehazten dira.

        Lehenengo Xedapen Gehigarrian nortasun juridikorik gabeko erakundeen araubidea dago. Aipatutako araubidea diseinatu da urriaren 1eko 39/2015 Legeak horretarako ezarritakoarekin bat eta, zehapen-arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoarekin bat, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoarekin bat.

        Bigarren Xedapen Gehigarrian sektoreko erregelamenduek eta dekretu hau garatzeko ematen diren xedapenek agente kolaboratzailearen beste figura batzuk aurreikusteko aukera jasotzen da, azken horretan aurreikusitakoez bestelakoak.

        Hirugarren Xedapen Gehigarriak, berriz, industria-instalazioak abian jartzeko prozedura errazteko den urriaren 30eko, 229/2012 dekretuaren ildoa jarraikiz, energia-hornidurarako zehaztasun bereziak arautzen ditu.

        Laugarren Xedapen Gehigarriak ur-hornidurako barne-instalazioei egiten die erreferentzia, eta bosgarrenak istripu larriei buruzko araudiari.

        Seigarren Xedapen Gehigarriak, bestalde, zehapenak argitaratzeko araubidea jasotzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 35.4 artikuluan aurreikusitako esparruaren barruan.

        Zazpigarren Xedapen Gehigarriak eta azkenak erantzukizunpeko adierazpenen eta komunikazioen ereduen onarpena arautzen du.

        Lehenengo Xedapen Iragankorraren bidez, dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozeduren araubide juridikoa ezartzen da; Bigarren Xedapen Iragankorrak, berriz, gauza bera egiten du dekretu hau indarrean jartzean Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kide diren pertsonei dagokienez.

        Bestalde, Xedapen Indargabetzaile Bakarrak, preskribatu egiten du indarreko xedapenak berariaz indargabetzea, horien edukia arau honetako testuan txertatu delako edo arau honetan xedatutakoarekin bat ez letorkeelako, bere osoan iraunez gero.

        Azken Xedapenetako Lehenengoak, Bigarrenak eta Hirugarrenak lantzen dituzten indarreko xedapen juridikoen aldaketaren oinarria da, era berean, horiek (jatorrizko idazketa mantenduz gero) dekretu hau osatzen duten xedapenekin bat ez etortzea.

        Azken xedapenetako Laugarrenak, azkenik, dekretu honetan jasotako xedapenak indarrean jartzea xedatzen du.

        Hori guztia dela eta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko sailburuak hala proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 30ean egindako bileran hala erabaki eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legea garatzea segurtasun industrialaren arloan.

  1. Dekretu honetako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean jarduera garatu edo bertan dauden segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio guztiei aplikatu behar zaizkie.

  2. Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, ibilgailuen azterketa teknikoa bere araudi espezifikoak arautuko du, eta, dekretua aplikagarri den guztian, bertan jasotako xedapenek.

  3. Xedapen horiek ez zaizkie aplikatuko, ezta ere, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean xedatutakoaren arabera aldez aurreko administrazio-baimena behar duten jarduera eta instalazioei,.

Dekretu honetan xedatutakoetarako, definizio hauek ezartzen dira:

  1. Segurtasun industriala: nahitaezko xedapenen sistema, zeinaren helburua baita arriskuak prebenitzea eta mugatzea, bai eta pertsonei, ondasunei edo ingurumenari kalteak eragin diezazkieketen istripuen aurkako babesa ere, baldin eta kalte horiek industria-jardueraren edo instalazioak edo ekipoak erabili, funtzionatu eta mantentzearen ondorio badira, eta industria-produktuak ekoitzi, erabili edo kontsumitu, biltegiratu edo hondatzearen ondorio badira.

  2. Segurtasun industrialeko instalazioa: aparatu, ekipamendu, produktu, elementu eta osagai multzoa, martxan jartzeko, diseinatzeko, funtzionatzeko edo kontrolatzeko, segurtasun industrialeko araubidearen mende dagoena.

  3. Segurtasun industrialeko jarduera: hasiera, garapena edo kontrola segurtasun industrialeko araubidearen mende dituen eragiketa oro, xede dituena segurtasun industrialeko produktuak edo horiek baliaraztetik eratorritako azpiproduktuak lortzea, eraldatzea, garraiatzea, merkaturatzea, banatzea, hornitzea, biltegiratzea, bilgarria jartzea, ontziratzea edo prozesatzea, eta segurtasun industrialeko instalazioak diseinatzea, instalatzea, konpontzea, mantentzea edo kontrolatzea, edo segurtasun industrialeko beste jarduera batzuk kontrolatzea.

  4. Segurtasun industrialeko administrazioa: segurtasun industrialaren arloan eskumenak dituzten organoak, eta horiei lotuta edo mende dauden zuzenbide publikoko erakundeak.

  5. Titularra: kasuan kasuko baimenean, erantzukizunpeko adierazpenean edo jakinarazpenean era horretan izendatutako pertsona fisiko edo juridikoa.

  6. Segurtasun industrialeko produktua: sektoreko erregelamenduan izen hori emandako gauza higigarria, eta segurtasun industrialeko araubidearen mende dituena ekoizpena, eraldaketa, garraioa, bilgarriratzea, ontziratzea, prozesatzea, mantentze-lanak edo kontrola.

  7. Sektoreko erregelamendua: segurtasun industrialaren arloan indarrean dagoen xedapena edo horien multzoa, zeinaren bidez ezartzen baitira instalazioak edo segurtasun industrialeko jarduerak, edo horietatik eratorritako produktuak edo azpiproduktuak, abiarazteko, zerbitzuan jartzeko, diseinatzeko, garatzeko, funtzionatzeko edo kontrolatzeko bete beharreko berariazko baldintzak edo betekizunak.

  8. Agente kolaboratzailea: dekretu honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 14. artikuluan ezarritakoa betez, agente, kontrol-erakunde edo agente ikuskatzaile gaituaren izaera duen pertsona fisiko edo juridikoa.

Segurtasun industrialeko araubidea xedapen hauek osatzen dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legean arlo horren gainean jasotako xedapenek, dekretu honetako xedapenek, bete beharreko sektoreko erregelamenduek eta aplikatu beharreko oinarrizko xedapenek edo xedapen osagarriek. Halaber, araubide hori osatuko dute Europar Batasuneko Zuzenbideko arauek, horietan xedatzen diren baldintzetan.

  1. Pertsona juridikoaren baldintza betetzen duten pertsona interesdun guztiak edo segurtasun industrialeko jarduera baten titularra diren pertsona fisikoak behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera segurtasun industrialeko administrazioekiko harremanetan.

  2. Zuzendaritza eskudunak 8. eta 9. artikuluetan, hurrenez hurren, aurrikusitako jakinarazpenen eta erantzukizunpeko adierazpenen ereduak argitaratuko ditu. Eredu horiek, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 5. artikuluaren hirugarren apartatuan ezarritako alderdiak aintzat hartuko dituzte, eta sektore-esparruaren araberakoak izan ahalko dira, baita segurtasun industrialeko instalazio edo jarduera motaren araberakoak ere.

    Aurreko paragrafoan aipatzen diren ereduak, kontrakorik xedatu ezean, borondatez erabiltzekoak izango dira, eta gaiaren arabera eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez onartuko dira, Zazpigarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitako moduan.

    Indarrean dauden erantzukizunpeko adierazpenen eta komunikazioen eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

  3. Segurtasun industrialeko administrazioak, efikazia- eta efizientzia-printzipioen arabera, zenbait dokumentu eta datu aurkezteko araubide bereziak ezar ditzake. Dokumentu eta datu horiek ez dira aurkeztutzat hartuko bestelako baliabideen bidez aurkezten badira.

  1. Aurreko artikuluan aipatzen diren dokumentuak hala segurtasun industrialeko jardueraren edo instalazioaren titularrak nola bere ordezkariak aurkeztu ahal izango ditu, artikulu honetan eta bete beharreko gainerako araudian xedatutako zehaztapen eta baldintzetan.

  2. Agente kolaboratzaileak gaituta egongo dira dekretu honen xedapenetan oinarrituta abiarazi diren prozeduretako interesdunen ordezkaritzan baimen eskeak, erantzukizunpeko adierazpenak eta jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez aurkezteko.

    Ordezkaritza gaitu orokor hori baliatzeak betebehar hauek onartzea dakar:

    1. Interesdunarekin batera dokumentu bat formalizatzea, ordezkaritza hori baliatu aurretik. Bertan, bien identifikazio-datuak adieraziko dira, baita ordezkari bidez jardutearen xedea eta ondorioak ere.

    2. Ordezkaritza egiaztatzea artikulu honen bosgarren apartatuan xedatutako baldintzetan, organo eskudunak horrela eskatzen duenean.

    3. Ardurarekin jardutea eta prozeduraren interesdunari behar beste informazio ematea, haren ordezkaritzan segurtasun industrialeko administrazioan gauzatu dituen izapideei buruz.

  3. Halaber, era espezifikoan gaitu ahal izango dira aurreko apartatuan aipatutako dokumentuak baliabide elektronikoen bidez aurkezteko, segurtasun industrialeko administrazioarekin xede horretarako hitzarmenak sinatzen dituzten interesdun fisiko edo juridikoen ordezkaritzan.

    Aipatutako hitzarmenen araubide juridikoa erkidegoko araudian ezarriko da eta, horrelakorik ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoa.

  4. Salbu eta berariaz aurreikusten edo hitzartzen ez bada, ordezkari gaituak gauzatutako izapideek dakartzaten jarduera administratiboak ordezkatutako pertsonekin egindakotzat joko dira.

  5. Bigarren eta hirugarren apartatuetan xedatutako gaikuntza orokor eta espezifikoen bidez zehaztu ahalko da horien bitartez baliatzen den ordezkaritzaren baliozkotasunaren presuntzioa, alde batera utzi gabe segurtasun industrialeko administrazioak, edozein unetan, ordezkaritza hori egiaztatzea eskatu ahal izango duela. Ordezkaritza hori egiaztatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluaren laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera.

  6. Artikulu honetan aipatzen den ordezkaritzaren baldintzak eta betekizunak edo ordezkaritza baliatzetik eratorritako betebeharrak ez betetzeak berekin ekarri ahal izango du kasuan kasuko izapidea edo izapideak ez gauzatutzat hartzea, ez-betetze horretatik erator daitezkeen administrazio-erantzukizunen edo beste arloren batekoen kalterik gabe.

  1. Segurtasun industrialeko instalazioak era bakar eta argian identifikatu beharko dira martxan jartzen direnetik martxan egoteari uzten dioten arte.

  2. Xedapen orokorren bidez, baliozkotzat emandako identifikazio-sistemak (instalazio motaren araberakoak izan ahalko direnak) ezarri daitezke, bai eta horiek ezartzeko baldintzak ere.

    Sistema horiek, hala badagokio, instalazioari buruzko informaziorako sarbide elektronikoa eman beharko dute.

  1. Erantzukizunpeko adierazpena izango da interesdunak sinatutako dokumentu bat zeinean adierazten baitu, bere erantzukizunaren pean, betetzen dituela dekretu honetan ezarritako betekizunak eta indarrean dauden gainontzeko araudiak segurtasun industrialeko jarduera hasteko, mantentzeko edo eteteko edo segurtasun industrialeko instalazioa zerbitzuan jartzeko, martxan mantentzeko edo zerbitzutik kanpo uzteko ezarritako betekizunak, hori egiaztatzen duen dokumentazioa segurtasun industrialeko Administrazioaren eskura jartzen duela, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko instalazioen edo jardueren garapen- eta funtzionamendu-aldi osoan.

    Aurreko paragrafoan aipatzen diren betekizunek espresuki jasota egon behar dute, argi eta zehatz, dagokion erantzukizunpeko adierazpenean. Segurtasun industrialeko administrazioak edozein unetan errekeritu ahal izango du aurkez dakiola aipaturiko eskakizunak betetzearen egiaztagiriak.

  2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da dekretu honen 10.2 eta 14.g) artikuluetan jasotako kasuetan.

  3. Erantzukizunpeko adierazpenenek, segurtasun industrialeko jardueren edo instalazioen hasiera edo zerbitzuan jartzea baimenduko dute, bertan aipatutakoaren arabera aurkezpen egunetik aurrera. Halaber, erantzukizunpeko adierazpenek balio izango dute, industria-segurtasuneko Administrazioari dekretu honen 14.g artikuluan aipatutako egitateen berri emateko.

    Aurrekoa dekretu honek eta gainontzeko ordenamendu juridikoak segurtasun industrialeko administrazioari eta agente kolaboratzaileei esleitzen dizkien ahalmenak kaltetu gabe eta dekretu honetan betetzeko diren baldintzak eta betebeharrak baztertu gabe ulertu behar da.

  4. Eska daitekeen erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak gaitasuna emango dio, artikulu honetan xedatutako baldintzetan, kasuan kasuko segurtasun industrialeko jarduera Estatu osoan garatzeko. Erantzukizunpeko adierazpena Euskal Autonomia Erkidegokoaz bestelako Administrazio Publiko batean aurkeztu duten interesdunek beren zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte eta era askean ezarri ahal izango dira beste erkidego horretan, artikulu honetan xedatutako baldintzetan. Aurrekoa dekretu honen 5.3 artikuluak dioen moduan, segurtasun industrialeko administrazioak beharrezkoak bezala definituta dauden erregimen berezien bidez datuen aurkezpena errekeritu dezakeela kontuan hartuz ulertu behar da.

  5. Segurtasun industrialeko instalazio bat martxan jartzea helburu duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea ez dago lotuta eta bateragarria da segurtasun industrialeko jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena edo baimen eskea aurkeztearekin, instalazioa eta jarduera lotuta egonda ere.

    Dekretu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, industria-segurtasuneko instalazio batek industria-segurtasuneko jarduera bati eragiten diola ulertuko da haren funtzionamenduak azkenaren berezko helburuetarako balio badu.

  6. Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren batek zehaztasunik ez badu edo faltsua bada, edo aurkeztu ez bada, edo agintaritza eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzearen egiaztagiria, eragindako segurtasun industrialeko jarduerarekin edo instalazioaren garapenarekin edo funtzionamenduarekin jarraitzeko ezintasuna zehaztu ahal izango da, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.

    Halaber, agintaritza eskudunak inguruabar horietatik bat edo batzuk daudela adierazten duen ebazpena eman ahal izango du. Horren bidez, interesduna behartu dezake egoera juridikoa segurtasun industrialeko jarduera edo instalazioa abiarazi edo martxan jarri aurrekora leheneratzera, eta xede bereko erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko urte bateko debekua ezar diezaioke, betiere sektoreko erregelamendu aplikagarrian ezarritako baldintzen arabera.

    Alde batera utzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluaren laugarren apartatuan xedatutakoa, aurreko lerrokadan aipatutako ebazpena eman aurretik, hiru eguneko epea egongo da interesdunari entzunaldia egiteko.

  1. Jakinarazpentzat hartuko da interesdunak agintaritza eskudunari identifikazio-datuak eta haren xedea mugatzeko behar diren datuak adierazten dizkion dokumentua. Azken datu horiek izango lirateke dena delako baldintzak eta gertaera horietan inplikatuta dauden pertsonak indibidualizatzen dituztenak.

    Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, identifikazio-datuak izango dira izena eta abizena eta nortasun-agiri nazionala edo identifikazio fiskaleko zenbakia, pertsona fisikoen kasuan, eta, pertsona juridikoen kasuan, izen soziala eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

    14.e) eta f) artikuluetan aipatutako gertaerak segurtasun industrialeko Administrazioari jakinarazteko, jakinarazpen bat aurkeztu beharko da, dekretu honettan aurreikusitako termino eta baldintzetan.

1. ATALA

SEKTORE INDUSTRIALEKO JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK ABIARAZTEA ETA ZERBITZUAN JARTZEA

  1. Segurtasun industrialeko jardueren ezarpenari, hedapenari eta lekualdaketari dagokienez, kokatzeko askatasuna eta zerbitzu-prestazio askea aitortzen dira, dekretu honetan ezarritako mugekin.

  2. Segurtasun industria-jarduera bat hasteko edo instalazio bat martxan jartzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da Industria segurtasuneko Administrazioaren aurrean.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko instalazio jakin batzuetan, baldin eta instalazio horien erregulazio espezifikoak xedatzen badu instalazio horiek zerbitzuan jartzeko ez dela beharrezkoa industria-segurtasuneko administrazioari horren berri ematea.

    Ez da aplikatu beharrekoa zango, ezta ere, apartatu honetako lehenengo paragrafoan ezarritakoa, baimen-araubidearen mende dauden industria-segurtasuneko jarduera eta instalazioei dagokienez; izan ere, jarduera eta instalazio horiek, hasierari edo zerbitzuan jartzeari dagokionez, beren araudi espezifikoaren mende egongo dira.

  3. Segurtasun industrialeko jardueren eta instalazioen abiarazpena eta zerbitzuan jartzea indarreko araudiaren mende egongo dira, non eta ez den kontrakoa xedatzen edo era arrazoituan ebazten.

  4. Araudi sektorialak besterik ezartzen ez badu, ezin izango da artikulu honetan aurreikusitako araubidearen mendeko segurtasun industrialeko instalazioen exekuzioa hasi, harik eta aurkeztutako baimen-eskaera onartzeko ebazpena eman arte.

  1. Halaber, administrazio-baimena eskatuko da segurtasun industrialeko instalazioak martxan jartzeko, baldin eta, beren diseinuarengatik, norakoagatik, kokapenarengatik, kokalekuarengatik edo behar bezala justifikatutako beste inguruabar batengatik, segurtasun-baldintzen arloan indarrean dauden xedapen teknikoak betetzen ez badituzte.

  2. Aipatutako instalazioak zerbitzuan jartzeko, edozein kasutan, agintaritza eskudunak egoki iritzitako segurtasun-neurriak errekeritzen dira, edo segurtasun industrialeko betekizunak agintaritza eskudunak xede horretarako baliokidetzat hartzen dituenak betetzen direla egiaztatu beharko da. Neurri eta baldintza horiek erabat egongo dira diskriminazio ezaren, premiaren eta proportzionaltasunaren printzipioen mende.

    Artikulu hau garatzeko ematen diren xedapenek segurtasun-neurri horiek hartzeari buruzko edo salbuespenezko baimen horien araubidea osatzen duen beste edozein alderdiri buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko beharra aurreikus dezakete.

  3. Aurretik ezarri denari begira emango den ebazpena salbuespenezkoa eta arrazoitua izango da. Hau eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izango da, eskaerak Administrazio eskudunaren erregistroan harrera duen egunetik zenbatzen hasita, izapidetu dadin.

    2. ATALA

    SEGURTASUN INDUSTRIALEKO JARDUEREN ETA INSTALAZIOEN GARAPENA ETA FUNTZIONAMENDUA

  1. Segurtasun industrialeko jarduera baten garapena edo segurtasun industrialeko instalazio baten funtzionamendua soilik mantendu ahal izango da kapitulu honetan eta indarrean dagoen gainerako araudian ezarritako betebehar orokor eta espezifikoak betetzen badira.

  2. Betekizun eta baldintza orokorrak bete daitezela eskatu ahal izango zaie, alde batera utzi gabe artikulu honetako laugarren apartatuan ezarritakoa, dekretu honen aplikazio-eremuko segurtasun industrialeko jarduera baten edo segurtasun industrialeko instalazio baten pertsona fisiko edo juridiko titularrei.

  3. Betekizun eta baldintza espezifikoak bete daitezela eskatu ahal izango zaie, alde batera utzi gabe artikulu honetako laugarren apartatuan ezarritakoa, soilik dekretu honetako 17., 18. eta 19. artikuluen mende dauden pertsona fisiko edo juridikoei. Betekizun eta betebehar espezifiko horiek betetzea kasu guztietan bateragarria izango da aurreko apartatuan aipatzen diren betekizun eta betebehar orokorrak betetzeko eskakizunarekin.

  4. Aurreko apartatuetan aipatutako betekizun eta betebeharrak bete daitezela eskatu ahal izango zaie, halaber, kapitulu honetako manuak ez betetzeagatik segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio baten titular izaera ukatu zaien pertsona fisiko edo juridikoei, baldin eta titulu legitimo bat badute ahalmena ematen diena instalazio horiek edo segurtasun industrialeko jardueretarako eskubidea erabiltzeko edo baliatzeko. Bi pertsonari edo gehiagori eska dakiekeenean betekizunak edo betebeharrak betetzea, era solidarioan erantzungo dute.

Alde batera utzi gabe araudi sektorialean eta aplika daitekeen espezifikoan ezarritakoa, segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio bat garatu edo funtzionatzeko betekizun orokorrak dira hauek:

  1. Segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio horren titularra ez egotea kasuan kasuko lanbidean, ogibidean, industrian edo merkataritzan jarduteko desgaitua, epai irmo baten arabera.

  2. Segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio horren titularrak ez izatea segurtasun instalazio edo industrialeko jarduera hori abiarazi, garatu edo martxan jartzeko debekurik, ebazpen irmo baten arabera.

  3. Titularrak instalaziook edo segurtasun industrialeko jardueretarako eskubideak erabili eta baliatzeko ahalmena ematen dion titulu legitimoa izatea.

    Betekizun hori ez dute bete beharko Xedapen Gehigarri Bakarran aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko erakundeek, izaera hori dutenei betekizun hori betetzea eskatzearen kalterik gabe.

  4. Dena delako segurtasun industrialeko jarduera edo instalazioa bat etortzea dekretu honetan, hori garatzeko ematen diren xedapenetan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritako preskripzio eta betekizun teknikoekin.

  5. Hala dagokionean, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea edo titular den jardueraren edo instalazioaren hasiera edo martxan jartzea baimentzeko ebazpen bat lortzea, kapitulu honetako lehenengo atalean ezarritakoaren arabera.

Alde batera utzi gabe araudi sektorialean eta aplika daitekeen espezifikoan ezarritakoa, industria-segurtasuneko jarduera edo instalazio baten titularrak bete beharreko baldintza orokorrak dira hauek:

  1. Segurtasun industrialeko administrazioaren eskura izatea 15. artikuluan aipatzen den nahitaezko dokumentazioa.

  2. Titularra den edo mantentze-lanak, konponketak eta kontrol-lanak egiten dituen segurtasun industrialeko instalazioen edo jardueren funtzionamendua bertan behera uztea edo uzteko agintzea, araudi sektorial aplikagarrian ezarritako baldintza edo betekizun teknikoak betetzen ez badituzte.

  3. Segurtasun industrialeko administrazioarekin elkarlanean aritzea dekretu honetan eta bete beharreko indarreko gainerako araudian xedatutako baldintzetan.

  4. Eskatutako dokumentazioa aurkeztea industria-segurtasuneko administrazioari, eta dokumentazio horretan industria-segurtasunaren arloko xedapenak betetzen diren zehazteko garrantzitsua den edozein dokumentu jaso ahal izango da.

    Aipaturiko betebeharra betetzeko epea 5 egunekoa izango da. Bost eguneko epe hori luzatu ahal izango da ofizioz edo alderdiek eskatuta, inguruabarren arabera egokia bada eta horrekin ez badira kaltetzen hirugarrenen eskubideak. Luzapen horren baldintzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz ezarriko dira.

    Letra honetan xedatutako betebeharra artikulu honetako a) letran xedatutakoa alde batera utzi gabe ulertu behar da.

  5. Segurtasun industrialeko Administrazioari jakinaraztea, jakinarazpen baten bidez eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean, haien titulartasuneko jardueran edo instalazioan gertatutako istripuak.

    Dekretu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, istriputzat hartuko dira segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio baten garapen edo funtzionamendu normala aldatzen duten aldi bateko gertaerak, horietan pertsonak, ondasunak edo ingurumena kaltetzen badira.

  6. Segurtasun Industrialeko administrazioari jakinaraztea, jakinarazpen baten bidez, eta sektoreko erregelamenduak besterik ezartzen ez badu, gertatzen diren unetik hasita bost eguneko epean, jardueraren edo instalazioaren titularra izateagatik ezagut ditzakeen gertaera hauek:

    1. Segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio bat garatzeko eta funtzionamenduan egoteko eskatutako betekizunak gerora betezeari uztea.

    2. Instalazioen titulartasuna edo segurtasun industrialeko jardueraren edo instalazioaren titularraren izen soziala edo forma aldatzea.

    3. Segurtasun industrialeko instalazioak lekualdatu izana, kontuan izan gabe lekualdatze horrek prozesuetan, gaitasunean edo ekipamendu-ondasunetan aldaketak ekartzen dituen.

  7. Industria Segurtasuneko administrazioari jakinaraztea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eta sektoreko erregelamenduak besterik ezartzen ez badu, gertatzen diren unetik hasita bost eguneko epean, beren titulartasuneko jarduerarekin edo instalazioarekin zerikusia duten honako gertaera hauek:

    1. Segurtasun industrialeko jarduera nabarmen aldatzea, horrela ulertuko da kasu guztietan produktu tratatuen edo lortutakoen edo eskainitako zerbitzuen klasea, espeziea edo izaera aldatzea.

    2. Segurtasun industrialeko instalazioa handitzea alegia, ekipamendu-ondasunen egoera aldatzea, baina beti instalazioen ahalmen osoak edo partzialak handitzeko egiten bada. Handitzea izango da, era berean, instalazioak aldatzea, eraikitako azalerak handitzeko, edo industria-jarduera berri bat egitea, indarrean dagoen erregistro-inskripzioan ageri denaz bestelakoa.

    3. Segurtasun industrialeko instalazioak zerbitzutik kanpo jartzea edo segurtasun industrialeko jarduera etetea.

  8. Segurtasun industrialeko administrazioko teknikariei, kontrol-erakundeei edo gaitutako agente ikuskatzaileei sartzen uztea segurtasun industrialeko jarduera garatzen den tokira edo segurtasun industrialeko instalazioak dauden tokira, dagozkien kontrol-eginkizunetan, segurtasun industrialeko erregelamendu-xedapenak betetzen direla egiazta dezaten.

  9. Industria Segurtasuneko Administrazioak bere kontrol eskumenak gauza ditzan eta agente kolaboratzaileek beraien eginkizunak bete ditzaten errazteko ezinbestekoak diren neurriak hartzea

  10. Hala dagokionean, sinatzea aplikatu beharreko erregelamendu sektorialaren arabera instalazioak mantentzeko egin beharreko kontratuak.

  11. Hala dagokionean, eta aplikatu beharreko erregelamendu sektorialak horrela ezartzen duenean, behar den garaian eskatzea aldizkako ikuskatzeak edo berrikuspenak egin daitezela, eta, horretarako, sarbidea erraztea agente kolaboratzaileei, beren eskura jarriz azken ikuskatze edo berrikuspenaren ziurtagiria.

Sektoreko araudiak ezarritako betekizun edo baldintza teknikoak betetzen direla egiaztatzeko, sektoreko araudian eta industria-segurtasunaren araubidea osatzen duten gainerako arauetan horretarako aurreikusitako bitartekoak eta baldintzak erabiliko dira.

  1. Segurtasun industrialeko jardueren titularrek segurtasun industrialeko Administrazioaren eskura mantendu beharko dute, segurtasun industrialeko jardueraren hasieratik, dokumentazio hau:

    1. Hala dagokionean, bete behar dituzten betekizun espezifikoen indarreko araubidean eska daitezkeen dokumentuak.

    2. Dokumentazio tekniko industriala, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 15. artikuluan xedatutako baldintzetan.

    3. Dekretu honetan edo aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritakoaren arabera eska daitezkeen beste dokumentu batzuk.

  2. Proiektua behar duten segurtasun industrialeko jardueren titularrek segurtasun industrialeko Administrazioaren eskura mantendu beharko dute, segurtasun industrialeko zerbitzua martxan jartzen denetik, dokumentazio hau:

    1. Eskumena duen teknikariak sinatutako proiektua.

    2. Eskumena duen teknikariak egindako ziurtagiria. Bertan adieraziko du segurtasun industrialeko instalazioa aurreko apartatuan adierazitako dokumentaziora egokitzen den eta, hala dagokionean, dagozkion araudiko baldintza tekniko eta preskripzioak betetzen dituen.

    3. Dokumentazio tekniko industriala, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 15. artikuluan xedatutako baldintzetan.

    4. Dekretu honetan edo aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritakoaren arabera eska daitezkeen beste dokumentu batzuk.

  3. Proiektua behar ez duten segurtasun industrialeko jardueren titularrek segurtasun industrialeko administrazioaren eskura mantendu beharko dute, segurtasun industrialeko zerbitzua martxan jartzen denetik, dokumentazio hau:

    1. Memoria edo dokumentazio baliokidea, aplikatu beharreko araudi sektorialak horrela ezartzen duenean.

    2. Gaitutako enpresa instalatzaileak egindako instalazio-ziurtagiria. Bertan, adieraziko da, hala dagokionean, dagozkion arautegiko baldintza teknikoak eta preskripzioak betetzen direla.

    3. Dokumentazio tekniko industriala, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 15. artikuluan xedatutako baldintzetan.

    4. Dekretu honetan edo aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritakoaren arabera eska daitezkeen beste dokumentu batzuk.

  4. Erregelamemdi bidez ezartzen den kasuetan, segurtasun industrialeko instalazioen titularrei eskatu ahal izango zaie kontrol-erakunde batek egindako ziurtagiria edukitzea.

  5. Dekretu honetako 5. artikuluaren arabera, segurtasun industrialeko Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez erlazionatu behar duten pertsona fisiko edo juridikoek bermatu beharko dute artikulu honetan xedatutako dokumentazioa Administrazio horren eskura jartzen dutela baliabide elektronikoen bidez.

    Xedapen orokor bidez ezarriko dira baldintza eta betekizun teknikoak, eta horien bidez bete beharko da aurreko lerrokadan ezarritako xedapena.

    Industria Segurtasuneko Administrazioak behar diren baliabideak jarriko ditu, harekin harremanetan jartzeko betebeharra ez duten pertsonek, egoki iritzitako bitarteko elektronikoak erabiliz, Industria Segurtasuneko Administrazioaren eskura jar ditzaten nahitaezko agiriak, apartatu honetan ezarritako baldintzetan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 14.1.b) artikuluan ezarritakoaren esparruan, gaitutako agenteak dira segurtasun industrialeko instalazioak edo jarduerak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu edo kontrolatzeko jardueren pertsona fisiko edo juridiko titularrak.

  2. Gaitutako agenteak 12., 13. eta 14. artikuluetan xedatutako betekizun eta betebeharren araudiaren mende egongo dira, salbu eta 14. artikuluko j) eta k) letretan xedatutako betebeharren mende.

  3. Aurreko apartatuan aipatzen den araubide orokorra osatzen duten betekizunez gain, gaitutako agenteek jarraian xedatzen diren espezifikoak bete beharko dituzte:

    1. Behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko dituzte segurtasun-baldintza optimoetan egiteko beren jarduerak; horrez gain, aplikatu beharreko araudi sektorialean xede berdinerako espezifikatzen direnak ere izan beharko dituzte.

    2. Aseguru-kontratu bat edo bere jardueran aritzean izan dezakeen erantzukizuna estaltzeko bestelako berme baliokide bat sinatzea (egiten duten segurtasun industrialeko jarduera hasi baino lehen eta jarduera garatzen den bitartean ondoreekin mantendu beharko du), dekretu hau garatzeko xedapenetan edo aplikatu beharreko araudi sektorialean ezartzen den zenbatekoarekin.

    3. Pertsona fisikoak direnean, jarduera hasi aurretik izatea, garatuko duten jardueran behar bezala aritzeko behar den ezagutza teoriko eta praktikoa eta gaitasuna dutela egiaztatzen duen titulua, ziurtagiria edo beste edozein dokumentazio.

      Aurreko lerrokadan aipatzen den ezagutza ziurtatzen duten tituluak, ziurtagiriak eta dokumentazioa xedapen orokor bidez zehaztuko dira.

      Pertsona juridikoaren izaera duen gaitutako agente baten edo beste edozein agente kolaboratzaile baten kontura, segurtasun industrialeko instalazioen diseinu, instalazio, mantentze eta kontrol jarduerak materialki gauzatzen dituzten pertsona fisikoei ere aplikatuko zaizkie c) atal honetan egiten diren aurreikuspenak.

  4. Bigarren apartatuan aipatzen den araubidea osatzen duten betebeharrez gain, gaitutako agenteek jarraian ezartzen diren espezifikoak bete beharko dituzte:

    1. Egiaztatzea beren jarduera garatzen duten segurtasun industrialeko jardueren edo instalazioen titularrek aurreko artikuluan aipatzen den nahitaezko dokumentazioa dutela.

    2. Beren jarduera garatzen duten jardueren edo instalazioen inguruko nahitaezko ziurtagiriak egitea. Horietan adieraziko da ikuskatzeko, kontrolatzeko edo berrikusteko jarduketa zehatzaren pertsona fisiko gaitu arduradunaren identitatea.

    3. Jarduten duen jardueretako edo instalazioetako titularrak edo erabiltzaileak informatzea ikusitako akatsei eta horiek ez zuzentzeak izan ditzakeen erantzukizunei buruz, baita aldizkako ikuskapenak egiteko datari eta eragiten dioten aldaketa arauemaileei buruz ere.

    4. Detektatutako akatsetatik pertsona, ondasun edo ingurumenarentzat arrisku larri eta berehalakoa edo kalte larria etor daitekeela ikusten denean, eragindako ondasun juridikoak babesteko behar diren zuzenketa-neurriak hartzea.

    5. Azken hamar urteetan diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu eta kontrolatzeko egindako jarduketen zerrenda duen fitxategi eguneratu bat izatea, salbu eta araudi sektorialak beste epe bat ezartzen badu.

    6. Segurtasun industrialeko Administrazioaren eskura mantentzea aurreko bost urteetan diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu eta kontrolatzeko egindako jarduketei buruzko dokumentazioa, araudi sektorialak beste eperik ezartzen ez badu.

    7. Industria-arloko organo eskudunari jakinaraztea mantentze-zorroko altak eta bajak, araudi espezifikoaren arabera eska daitezkeen mantentze-kontratuen kopiak emanez.

  1. Dekretu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, kontrol-erakundeak izango dira 21. artikuluan aipatzen diren ikuskatze-jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko titularrak.

    Halaber, kontrol-erakundeei dagozkie Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 14.2 artikuluan xedatutako eginkizunak, betiere araudiaren arabera horretarako gaituta badaude.

  2. Kontrol-erakundeek 12., 13. eta 14. artikuluetan aipatzen diren betebeharren eta betekizunen araubide orokorraren mende egongo dira, salbu eta 14. artikuluko j) eta k) letretan xedatutako betebeharren mende, eta, gainera, jarraian ezarritako betekizun espezifikoen mende egongo dira:

    1. Behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak eta inpartzialtasun eta independentzia izan beharko dituzte segurtasun-baldintza optimoetan egiteko beren jarduerak; horrez gain, dekretu hau garatzeko ematen diren xedapenetan ezartzen direnak edo aplikatu beharreko araudi sektorialean xede berdinerako espezifikatzen direnak ere izan beharko dituzte. Betekizun hau bete dela egiaztatze-erakunde nazional batek egiaztatuko du.

    2. Aseguru-kontratu bat edo bere jardueran aritzean izan dezakeen erantzukizuna estaltzeko bestelako berme baliokide bat sinatzea (egiten duten segurtasun industrialeko jarduera hasi baino lehen eta jarduera garatzen den bitartean ondoreekin mantendu beharko du), Dekretu hau garatzeko xedapenetan edo aplikatu beharreko araudi sektorialean ezartzen den zenbatekoarekin.

  3. Aurreko apartatuan aipatzen den araubide orokorra osatzen duten betebeharrez gain, kontrol-erakundeek jarraian xedatzen diren espezifikoak bete beharko dituzte:

    1. Jakinaraztea segurtasun industrialaren arloko organo eskudunari, 15 eguneko gehieneko epean, ikuskatzean eta kontrolatzean ikusitako akatsak, salbu eta horiek oso larriak badira. Kasu horretan, jakinarazpena berehala egin behar da eta, kasu guztietan, dagokion ikuskapena amaitu eta hogeita lau ordu baino lehen.

    2. Salatzea, organo eskudunean, dekretu honek araututako arloan arau-hauste bat dakarten gertaerak, hau da, ikuskatu eta kontrolatzeagatik ezagututako gertaerak.

    3. Eragindako ondasun juridikoak babesteko behar diren zuzenketa-neurriak hartzea, istripu edo larrialdi bat izateko arrisku larriko kasuetan.

    4. Organo eskudunari proposatzea, istripu edo larrialdi bat izateko arrisku larriko kasuetan, behar diren behin-behineko neurriak har ditzala.

    5. Segurtasun industrialeko Administrazioaren eskura mantentzea jarduketei buruzko dokumentazio guztia, hau da, gutxienez duela hamar urtetik dekretu honen arloan gauzatutako jarduketei buruzkoa, salbu eta araudi sektorialean bestelako epe bat ezartzen bada.

  4. Alde batera utzi gabe dekretu honetako 24.7 artikuluan ezarritakoa, kontrol-erakundeek, segurtasun industrialaren araudiak esleitzen dizkien eginkizunetan jarduten dutenean, egindako ziurtagiri, txosten eta gainerako dokumentuek segurtasun industrialeko Administrazioak edo bere agenteek egindakoen balio eta efikazia berdina dute.

  5. Kontrol-erakundeek egindako ziurtagiri, txosten eta gainerako dokumentuak erreklamatu ahal izango dira arlo honetan eskumena duen organoan.

    Aurreko lerrokadan aipatutako erreklamazioa tramiterako onartuko da, baldin eta dagokion kontrol-erakundean desadostasuna adierazi bada eta hori formalizatu zenetik hamar egun igaro badira. Ez da epe hori igarotzen utzi beharko, baldin eta epea amaitu aurretik kontrol-erakundeak erantzun egiten badio desadostasun horri.

    Araudi sektorialak besterik ezartzen ez badu, ezin izango du beste kontrol-erakunde batek kontrola eskatu industria-segurtasuneko administrazioan aurkeztutako erreklamazioa baietsi arte.

    Apartatu honetan ezarritakoaren arabera hasitako prozedurak ebatzi eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, erreklamazioa tramitatzeko Administrazioaren erregistroan sarrera eman zaion egunetik kontatzen hasita.

    Apartatu honetan aurreikusitakoaren arabera hasitako prozedurak bideratzeko eta ebazteko organo eskuduna industriaren arloan eskumena duen sailaren kasuan kasuko lurralde-ordezkaritza izango da, lege- edo erregelamendu-mailako arau bidez beste bat ezarri ezean.

  1. Dekretu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, gaitutako agente ikuskatzaileak izango dira 21. artikuluan aipatzen diren ikuskatze-jarduerak egiten dituzten eta kontrol-erakundeak ez diren pertsona fisiko edo juridiko titularrak.

  2. Gaitutako agente ikuskatzaileak kontrol-erakundeen betebehar eta betekizunen araubidearen mende egongo dira.

    Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, 18.2 artikuluko a) letran xedatutako betekizuna egiaztatuko da, gaitutako agente ikuskatzaileen kasuan, horretarako bete beharreko araudi sektorialean xedatzen denaren arabera.

  3. Gaitutako agente ikuskatzaileek, segurtasun industrialaren araudiak esleitzen dizkien eginkizunetan jarduten dutenean, egindako ziurtagiri, txosten eta gainerako dokumentuek kontrol-erakundeek egindakoen balio eta efikazia berdina dute. Horiek ere erreklamatu ahal izango dira, azkenekoen jarduketa dela eta jartzen den erreklamazioaren termino eta baldintza berdinetan.

    3. ATALA

    SEGURTASUN INDUSTRIALEKO JARDUEREN ETA INSTALAZIOEN KONTROLA

  1. Industria-segurtasuneko jardueren eta instalazioen kontrola ikuskapenen, ikuskaritzaren edo laginketaren, eta aldizkako ikuskapenen eta berrikuspenen bidez egingo da, bai eta sektoreko araudian aurreikusitako beste edozein kontrol-modalitateren bidez ere.

  2. Kontrolen bidez egiaztatuko da segurtasun industrialeko instalazio eta jarduerak dagozkien funtzionatu edo garatzeko segurtasun industrialaren arloko indarreko araudiak ezartzen dituen baldintza edo betekizunetara egokitzen direla.

  3. Segurtasun industrialeko instalazioetan kontrolatuko dira instalazioa osatzen duten aparatu, ekipamendu, produktu, elementu eta osagaiak eta instalazio horietan jardun duten pertsonak. Nolanahi ere, instalazioak partzialki kontrolatu ahal izango dira, araudi sektorialean aurreikusitako baldintzetan.

  4. Segurtasun industrialeko jardueretan kontrolatuko dira jarduera horien xede diren prozesu eta produktuak, eta jardueraren garapenean esku hartu duten pertsonak.

  5. Kontrol-jarduketak, maiztasun, irismen eta baldintza teknikoei dagokienez, egingo dira aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritakoaren eta agintaritza eskudunak horretarako onartutako auditoria- edo kontrol-planen arabera.

  1. Ikuskapen bidezko segurtasun industrialeko jarduera eta instalazioen garapen eta funtzionamenduaren kontrola, artikulu honetan eta arloko araudian jaso bezala egingo dute Industria Segurtasuneko Administrazioak kontrol erakundeek edo gaitutako ikuskatzaileek.

  2. Segurtasun industrialeko Administrazioak kasu hauetan soilik esku hartuko du segurtasun industrialeko jardueren eta instalazioen kontrolean, ikuskapenaren bidez.

    1. Arauren batek xedatzen badu nahitaezkoa dela esku-hartze hori egitea.

    2. Segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio baten garapen edo funtzionamenduarekin erlazionatutako salaketa sendo bat badago, eta hori argitzeko dagokion ikuskapena egin behar bada.

    3. Istripuren bat gertatzen denean eta segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio baten garapen edo funtzionamenduaren ondorio denean, baldin eta dagokion ikuskapena beharrezkotzat jotzen bada zer gertatu den argitzeko edo erantzukizuna norena den zehazteko.

      Segurtasun industrialeko Administrazioaren mendeko langileak, artikulu honetan arautzen den kontrol-eginkizunetan ari direnean, agintaritza-agenteak izango dira eta gaituta egongo dira, egoitzaren bortxaezintasunarekiko errespetua ezartzen duten mugen barnean, era librean sartzeko edozein unetan eta aurretik abisatu gabe segurtasun industrialeko jarduera edo instalazioak egiten diren edo dauden tokira eta bertan egoteko ikuskapenak irauten duen denboran.

  3. Atal honetan aurreikusten diren eta arloko araudiak ezartzen dituen baldintzak eta terminoak jarraituz egingo da kontrol erakundeek edo gaitutako ikuskatzaileek egindako ikuskapena.

  1. Industria segurtasuneko jardueren eta instalazioaren funtzionamenduaren eta garapenaren kontrola Industria segurtasuneko Administrazioak egingo du ikuskaritza edo laginketaren bidez, honako irizpide hauek jarraituz:

    1. Kontrol ekintza hauek aldizkakoak izango dira eta eskuduna den agintaritzak onartutako ikuskaritza eta kontrol planei jarraituz egingo dira.

    2. Izaera integrala ahalko dute izan eta hauen bidez, industria segurtasuneko araudipean dauden jarduera edo instalazio guztiak kontrolpean jar daitezke, 20. artikuluko 3. eta 4. apartatuek ezartzen dutenari jarraituz.

    3. Beste Administrazio eta erakunde publikoekin koordinatuz edo beraien laguntzaz egin daitezke, baita merkatua zaintzeko kanpainen barruan ere.

  2. Industria Segurtasuneko Administrazioak, aldizka, ikuskaritza edo kontrol planak onartuko ditu, honako irizpideei jarraituz:

    1. Kontuan hartuko dira, batez ere, gizarte-eskariak eta Industria jardueren eta instalazioen funtzionamenduaren eta garapenaren berezko istripu-tasa eta arriskugarritasuna.

    2. Ikuskaritza edo kontrol planak beste Administrazio Publikoa eta Sektore Publikoa osatzen duten erakundeen lankidetzaz gauzatuko dira.

    3. Arau-arloak eta, hala badagokio, kontrola jaso beharko duten instalazioak, jarduerak edo bien elementuak bereiztuz landuko dira.

    4. Behin onartuta, honi buruz gardentasun arloko araudiak aurreikusten duenari jarraituz azalduko dira.

  1. Industria segurtasuneko instalazioen funtzionamenduaren kontrola ikuskapen eta aldizkako berrikuspenen bidez, arloko araudiak ezartzen dituen pertsona fisiko edo juridikoek egingo dute.

  2. Aldizkako ikuskapen eta berrikuspenak izango dira, aplikatu beharreko segurtasun industrialaren arloko araudi sektorialaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen aplikazio-eremuaren barnean sartzen diren jarduera eta instalazioei nahitaez eta ohiko eran egiten zaizkienak.

  3. Jarduera eta instalazioen titularrak horiek beren bizitza baliagarrian dagokion araudi sektorialean ezarritako maiztasunarekin ikuskatu eta berrikusteko ardura du. Dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean xedatutakoaren arabera dagokion segurtasun industrialeko Administrazioaren mendeko ikuskatzaileak edo agente kolaboratzaileak ikuskatu eta/edo berrikusiko ditu.

  4. Agente kolaboratzaileek jarduera eta instalazioak ikuskatu edo berrikusiko dituzte aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritako preskripzio teknikoen arabera eta, hala dagokionean, bete beharreko dokumentazio teknikoan edo ikuskapen-eskuliburuetan horretarako espezifikatzen direnen arabera.

  1. Ikuskapen guztietan, gertaerak deskribatzen dituen akta bat idatziko da, eta artikulu honetan xedatutakoaren arabera egingo da.

  2. Ikuskapen-aktak idatziz egingo dira, bitarteko elektronikoen bidez, non eta haien izaerak ez duen eskatzen adierazteko eta jasota geratzeko beste modu egokiagoren bat.

  3. Akten kopia bat egingo da eta hori segurtasun industrialeko jarduera edo instalazioaren titularri bidaliko zaio edo gaitutako ordezkariari, eta, hala dagokionean, enpresa mantentzaileari, hamabost eguneko gehieneko epean, ikuskapena egin zenetik kontatzen hasita. Akats oso larriak dauden kasuan, aktaren kopia dagokion ikuskapena amaitzen den unean bidaliko da, eta, kasu guztietan, ikuskapena amaitzen denetik hogeita lau ordu pasatu baino lehen.

  4. Alde batera utzita araudi sektorialean horretarako xeda daitekeena, akta bakoitzean hau jasoko da:

    1. Akta sinatzen duen pertsonaren identifikazio-datuak, horretarako gaitzen duen titulazioa adierazita, elkargo kide-datuak eta, hala dagokionean, pertsona juridikoa zeinen kontura jarduten duen. Jarduketa pertsona batek baino gehiagok egiten badute, akta jarduketak zuzentzen dituenak sinatuko du eta pertsona horrek esku hartu duten gainerako pertsonen identitatea adieraziko du.

    2. Akta egin zen lekua eta eguna.

    3. Kontrola gauzatzen den instalazio edo jardueraren datuak, eta jasota geldituko da, ahal denean, kontrol-jarduketa egin zaion pertsona fisiko edo juridikoaren informazio hau: izena eta abizenak edo izen soziala, nortasun agiri nazionala edo identifikazio fiskaleko zenbakia, segurtasun industrialeko jarduera, eta segurtasun industrialeko jarduera garatzen den edo segurtasun industrialeko instalazioa kokatzen den toki fisikoa.

    4. Ikuskapenean jardun duen agenteari arreta eman dion pertsonaren identifikazio-datuak, elkarlanean aritzeko prest dagoenean, baita bere izaera edo ordezkaritza ere zeinen titulupean esku hartzen duen.

    5. Aztertutako gai edo alderdiak eta bestelako baldintzak, esaterako, adierazitako gertaeren ezagutza-iturrien deskribapena eta instalazioaren titularrak edo bere ordezkariak ikuskapen-bisitan zehar jarritako alegazioak edo egindako oharrak.

    6. Akta sinatzen duenaren sinadura.

  5. Aktan hutsak zuzentzeko eskaera egiten bada, aktan jasoko dira ikusitako akatsak eta zer epetan zuzendu behar diren, eta eskaera horri ez bazaio erantzuten izan daitezkeen administrazio-erantzukizunen zerrenda.

  6. Jardun duen ikuskatzaileak egokitzat jotzen badu behin-behineko neurriak hartzea, aktan jasoko ditu bere erabakia arrazoitzeko baldintzak, neurri horien izaera eta irismena eta, hala dagokionean, aurkaratzeko interesdunak dituen tresnak.

  7. Alde batera utzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 77.5 artikuluan ezarritakoa, ikuskapen-aktek ziurtasun-presuntzioa eta froga-balioa izango dute horietan adierazten diren gertaeren inguruan; halere, horiek batera baloratu beharko dira espedienteko froga-materialarekin batera.

  1. Berrikuspen guztietan gertaerak deskribatzen dituen ziurtagiri bat egingo da.

  2. Berrikuspen-ziurtagiriak idatziz egingo dira, gehienbat, baliabide elektronikoen bidez.

  3. Ziurtagirien kopia egingo da eta hori dagokion berrikuspena amaitzen denean segurtasun industrialeko instalazioaren titularrari edo, hala dagokionean, bere ordezkariari bidali beharko zaio.

  4. Alde batera utzita araudi sektorialean horretarako xeda daitekeena, ziurtagiri bakoitzean hau jasoko da:

    1. Ziurtagiria sinatzen duen pertsonaren identifikazio-datuak, gaitzen duen bere titulazioa adierazita, elkargo kide-datuak eta, hala dagokionean, pertsona juridikoa zeinen kontura jarduten duen. Jarduketa pertsona batek baino gehiagok egiten badute, ziurtagiria jarduketak zuzentzen dituenak sinatuko du eta pertsona horrek esku hartu duten gainerako pertsonen identitatea adieraziko du.

    2. Ziurtagiria egin zen lekua eta eguna.

    3. Kontrol-jarduketa gauzatu zaion instalazio-datuak.

    4. Aztertutako gaiak edo alderdiak eta gainerako baldintzak.

    5. Ziurtagiria sinatzen duenaren sinadura.

  5. Berrikuspenaren ondorioz ikusten bada akatsak daudela, horiek dagokion ziurtagirian jasoko dira. Halaber, horietan eta, hala dagokionean, eragiten zaien ondasun juridikoen osotasuna bermatzeko zuzenketa-neurriak jasoko dira.

  1. Segurtasun industrialeko administrazioak, organo eskudunen eta arrazoietan oinarritutako ebazpenaren bidez, segurtasun industrialeko jarduera edo instalazioen titularrei ezarri ahal izango dizkie eska daitezkeen eta dekretu honetan edo bete beharreko indarreko gainerako araudian ezarritako betekizun eta betebehar orokorrak betetzeko egin beharreko, egin behar ez diren edo jasan beharreko betebeharrak. Betebehar horiek ezarriko dira efikazia- eta proportzionaltasun-printzipioek araututa eta ez dute inola ere zehazpen izaera izango.

  2. Aurreko apartatuan aipatzen diren betebeharrak ezartzeko organo eskuduna industriaren arloan eskumena duen sailaren kasuan kasuko lurralde-ordezkaritza izango da, lege- edo erregelamendu-mailako arau bidez beste bat ezarri ezean.

  3. Segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio bat gelditu edo eteteko betebeharra soilik ezarri ahal izango da azken horien funtzionamendu edo garapenetik pertsona, ondasun edo ingurumenarentzat arrisku larri eta berehalako bat etortzen denean. Gelditze edo etete horrek aipatutako jarduera edo instalazio osoari edo zati bati eragin diezaioke.

  4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren betebeharrak independenteak eta bateragarriak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen VI. kapituluan arautzen den ahalmena gauzatzean ezar daitezkeen zehapen-neurriekin.

  5. Artikulu hau aplikatzean ireki daitezkeen prozeduren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da hasierako erabakiaren egunetik zenbatzen hasita.

  1. Behin-behineko neurriak ezarri ahal izango dira prozedura hasi ondoren, baita hasi aurretik ere hori egitea beharrezkotzat jotzen denean inplikatutako interesen babesa ziurtatzeko eta horrek errespeta ditzan proportzionaltasun, eraginkortasun eta kostu txikiagoaren printzipioak.

  2. Prozedura hasten denean ezarri beharreko behin-behineko neurriak, ofizioz edo alderdiak eskatuta eta era arrazoituan, hartuko ditu administrazio-organo eskudunak prozedura ebazteko interesdunei aurrez entzunaldia eginda bost eguneko epe komunean.

    Aurreko lerrokadan adierazitako aurretiko entzunaldia ordezka daiteke, epe berdinean egindako ondorengo alegazio-izapide baten bidez, ikusten bada behin-behineko neurriek, aurretiko entzunaldiaren izapidea egin arte atzeratuz gero, eraginkortasuna galduko dutela.

  3. Prozedura hasi aurretik, organo eskudunak prozedura hasi edo bideratzeko, ofizioz edo alderdiak eskatuta, baita Administrazioaren mendeko ikuskatzaileak ere, era arrazoituan hartu ahal izango dituzte, atzeraezin diren urgentziazko kasuetan eta inplikatutako interesak behin-behinean babesteko, behar diren behin-behineko neurriak eta proportzionatuak. Neurri horiek prozedura hasteko akordioan baieztatu, aldatu edo adierazi beharko dira. Prozedura hori neurriak hartu eta hurrengo hamabost egunetan eman beharko da, salbu eta zehapen-prozedura bat bada, erkidegoan indarrean dagoen araudiak zehatzeko ahalaren arloan beste epe bat ezartzen badu.

    Nolanahi ere, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura ez bada hasten aipatutako epe horretan, edo prozedura hasteko erabakian ez bada espresuki ezer esan neurriei buruz.

    21. artikuluko hirugarren apartatuan aipatzen diren pertsonek egindako ikuskapen-aktek behin-behineko neurriak badituzte, oinarria izango dira organo eskudunak azken horiek ezartzeko.

  1. Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean xedatutako baldintzetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 56. artikuluko nahi beste behin-behineko neurri hartu ahal izango dira, beharrezkotzat jotzen badira inplikatutako interesak zaintzeko.

    Segurtasun industrialeko jarduera edo instalazio baten garapen edo funtzionamendua aldi baterako etetea dakarren behin-behineko neurria soilik hartu ahal izango da garapen edo funtzionamendu horrek berekin badakar pertsona, ondasun edo ingurumenarentzako kalte larri edo arrisku larri bat eta berehalakoa. Aipatutako aldi bateko eteteak segurtasun industrialeko jarduera edo instalaziori erabat edo zati batean eragin diezaioke.

  2. Ezin da behin-behineko neurririk hartu, interesdunei kalte konpongaitza edo konponezina badakarkie edota legeek babestutako eskubideak zapaltzen baditu.

  3. Behin-behineko neurriak kendu edo aldatu ahal izango dira prozedura izapidetzen den bitartean, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, baldin eta neurriak hartu zirenean kontuan hartu ezin ziren gorabeherak edota gerora sortutakoak azaltzen badira.

    Betiere, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura amaitzeko administrazio-ebazpena eraginkor bihurtzen den unean bertan.

  4. Kautelazko neurriak gorabehera, egindako arau-hausteari dagozkion zehapenak ezarri egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

1. ATALA

INDUSTRIA SEGURTASUNERAKO EUSKAL KONTSEILUA

Industria Segurtasunerako Kontseilua segurtasun industrialarekin erlazionatutako interes sozialen eta jardueren sektore ordezkagarrien aholku- eta partaidetza-organoa da.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua industria arloko Sailari atxikia dago, baina ez dago bere egitura organikoan sartuta.

  1. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

    1. EAEko botere publikoek segurtasun industrialaren arloan onartutako xedapen orokorrak lantzeko proiektuei buruzko nahitaezko txostenak egitea.

    2. Jarduketa-planei buruz txostenak egitea segurtasun industrialaren arloan.

    3. Segurtasun industrialaren arloan ikerlanak eta txostenak egin daitezela sustatzea.

    4. Segurtasun industrialeko politikaren lanketa, kontsulta eta segimenduan aholkuak ematea.

    5. Segurtasun industrialaren arloan, xedapen orokorrak esleitzen dion beste edozein.

  2. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluak, bere eginkizunak betetzean, genero-ikuspegia txertatuko dagokion eremu guztietan, eta ematen dituen dokumentuetan hizkera ez-sexista erabiliko dela bermatuko du.

  3. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluak kideen hizkuntza-eskubideak erabat errespetatuz beteko ditu bere eginkizunak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du ematen dituen dokumentu guztietan.

Industria Segurtasunaren Kontseiluak Osoko Bilkuran jardungo du, eta batzorde berezien laguntza izan dezake.

  1. Osoko Bilkura presidenteak, presidenteordeak eta idazkariak, eta hemeretzi bokalek osatzen dute.

  2. Kontseiluaren presidentea izango da segurtasun industrialaren arloan eskumena duen sailburuordea. Presidenteordea segurtasun industrialaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da. Idazkaria sailburuordeak bere sailburuordetzako funtzionarioetatik horretarako izendatzen duen funtzionarioa izango da.

  3. Industria Segurtasunaren Kontseiluko Osoko Bilkurako bokalak hauek izango dira:

    1. Industria-arloan eskumena duen saileko segurtasun industrialaren eremuko arduraduna.

    2. Industria-arloan eskumena duen Saileko segurtasun industrialeko administrazio-eremuko arduraduna.

    3. Energiaren arloan eskumena duen Saileko energiaren eremuko arduraduna.

    4. EAEko Ingeniari Industrialen Kontseiluko ordezkari bat.

    5. EAEko Perituen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseiluaren ordezkari bat.

    6. Enpresa-erakundeetako hiru ordezkari.

    7. Konfekoop Euskadiko Kooperatiboen Konfederazioaren ordezkari bat.

    8. Kontrol-erakundeen ordezkari bat.

    9. Kontsumitzaileen federazioen hiru ordezkari.

    10. Euskadiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberako Eusko Ganberako ordezkari bat.

    11. Energiaren enpresa banatzaile edo merkaturatzaileen hiru ordezkari, sektore hauetako bakoitzeko bana: gasa, elektrizitatea eta petrolio-produktuak.

    12. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen ordezkari bat.

    1. Ingurumenaren arloan eskumena duen Saileko ordezkari bat.

  4. Euskal Administrazio Publikoarekin duten estatutu-harremanagatik Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kide izateko hautatutako pertsonen kasuan, ez dago izendapenik egin beharrik.

  5. Gainerako kideak Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren presidenteak izendatuko ditu dagokion erakundeak edo erakundeek proposatuta lau urterako.

    Apartatu honetan aurreikusitakoarn ondorioetarako, kide horien agintaldia amaitu baino lehen, iragarki bat argitaratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan, eta, horren bidez, izendapen-proposamenak aurkezteko aukera emango zaie gutxienez hamar egun balioduneko epean horretarako eskubidea duten erakundeei.

    Jasotako izendapen-proposamenak bat baino gehiago badira, presidenteak egingo du izendapena, egokitasun eta gaitasun irizpide objektiboak kontuan hartuta. Irizpide horiek jasota geratu beharko dira eskabideetan, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa betez. Era berean, ziurtatu beharko da dekretu honen 3.d) artikuluan jasotako segurtasun industrialeko jarduera mota guztiak egiten dituztenen berezko interesen ordezkagarritasuna.

  6. Kideek beren kargua utziko dute heriotzagatik, dimititzeagatik, ezgaitasunagatik edo izendatuak izateko ezaugarri hori galtzeagatik.

    Bosgarren apartatuan aipatzen diren kideak izendatzeko ebazpenean, ordezkoen zerrenda ere ezarriko da, kargua uzteagatik edo kanpoan edo gaixorik egoteagatik ordeztu behar direnerako.

    Laugarren apartatuan aipatzen diren kideak dagokion organoak edo organismoak askatasunez izendatutako pertsonak ordeztu ahal izango ditu, baina Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako emakumeen eta gizonen berdintasun- beteta.

  7. Kontseiluko idazkariak ahotsa izango du baina ez du boto-eskubiderik izango Kontseiluak hartzen dituen akordioetan.

  8. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren presidenteak baimendu ahal izango du bilkuretan, edo haien zati batzuetan, eztabaidatzekoak diren gaietan adituak egotea. Aditu horiek, bakarrik eurei dagokien gai edo gaietan izango dute hitza eta ez dute boto eskubiderik izango.

  1. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren barruan izaera teknikoa duten Batzorde Bereziak eratu ahal izango dira. Emango zaizkien egitekoen arabera, Osoko Bilkurak baimendu eta izendatuko ditu lankidetza eta babes iraunkor edo puntualerako.

    Osoko Bilkurari laguntza emango diote Batzorde Berezi horiek, zientzia, teknologia, ikerketa eta segurtasun industrialari lotutako alde espezifikoak landuko dituzte. Horretarako, gai jakinei buruzko lanak, azterlanak, txostenak eta proposamenak egingo dituzte, Osoko Bilkuran eztabaidatzeko eta onartzeko.

  2. Batzorde Bereziak Euskal Administrazio Publikoaren kideek eta Batzordeak eratzean egokiagotzat jotzen diren sektore industrialeko profesionalek integra ditzakete.

  1. Industria Segurtasunerako Kontseiluaren Osoko Bilkurak ohiko bilkura egingo du urtean behin.

  2. Industria Segurtasunerako Kontseiluaren Osoko Bilkurak aparteko bilkura egin dezake presidenteak edo kideen heren batek idatziz eskatuta.

  1. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren deialdiak presidentearen aginduz egingo dira, gutxienez, zazpi egun lehenago. Deialdian zehaztuta jarriko da gai-zerrenda eta bilkura zein egunetan, non eta zein ordutan egingo den.

  2. Gutxieneko aurrerapenari buruzko betekizunetik bereiziko dira deialdiaren aginduan urgente gisa definitzen diren bilkurak.

    Bilkura horiek urgentziazkoak direla, gai-zerrendako lehenengo puntu gisa adieraziko dena, organoko kideen gehiengoak berretsi beharko du horiek egin ahal izateko.

  3. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko edozein kidek proposa diezaioke presidenteari gai-zerrendan gai bat sartzeko, betiere, hiru eguneko aurrerapenarekin egiten bada, gutxienez, eta proposamenarekin batera hori justifikatzeko txosten labur bat aurkezten bada.

  1. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua baliozko eran eratuko da, lehen deialdian agertzen badira kideen erdia gehi bat.

  2. Quorum nahikorik ez badago, bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehenengo deialditik hogeita hamar minutura, baina, kasu horretan, nahikoa izango da kideen herena bertan egotea.

  3. Dena dela, bilkura baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa izango da presidentea eta idazkaria edo horien ordez dihardutenak bertan egotea.

  1. Erabakiak baliozkoak izateko, bertaratutako gehienen aldeko botoa behar da, eta berdinketak presidentearen kalitatezko botoarekin ebatziko dira.

  2. Bozkatzeko sistemari dagokionez, botoa zuzenekoa, pertsonala eta ordezkaezina izango da, eta botoaren sekretutasuna bermatuko da edozein kidek presidenteari horrela egiteko eskatuz gero.

  3. Osoko Bilkuraren erabakiak aktan jaso beharko dira. Akta hori egingo da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 18. artikuluan ezarritako eduki eta prozeduren arabera.

Industria Segurtasunerako Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezar dezake, dekretu honen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen esparruan, bere barne-erregelamendua.

Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kidea izateagatik ez da ordainsaririk jasoko, baina Kontseilu horretako kideek eskubidea izango dute gastu eta dietak ordainduak izateko, zerbitzuagatiko kalte-ordainei eta gainontzeko arau osagarri eta garapenari buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak, eta Goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen bidez: edo horiek ordezten dituzten arauak, ezarritako baldintzetan.

2. ATALA

SEGURTASUN INDUSTRIALEKO INSTALAZIOEN ERREGISTROA

Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroa sortuko da. Erregistro administratiboa izango da, eta elektronikoa, publikoa eta bakarra Euskal Autonomia Erkidego osorako.

  1. Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroa industriaren arloan eskumena duen Sailari atxikita egongo da.

  2. Industria-administrazioaren arloan eskumenda duen Zuzendaritzaren titularra izango da segurtasun industrialeko instalazioen erregistroaren arduraduna.

  3. Industria-arloan eskumena duen Sailak Lurralde Historikoetan dituen Lurralde Ordezkaritzak izango dira segurtasun industrialeko instalazioen erregistroaren organo arduradunak.

Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroak helburu hauek ditu:

  1. Integratzea segurtasun industrialeko instalazioei buruzko informazioa, hau da, segurtasun industrialeko administrazioari esleitutako eskumenak era efikaz eta efizientean gauzatzeko informazioa.

  2. Segurtasun industrialari buruzko informazio-tresna bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, Administrazio Publikoen, herritarren eta enpresa-sektorearen zerbitzura.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundea maila operatiboan eratzen duten erakundeei behar diren datuak ematea Estatistiken Euskal Planetan eta Urteko Estatistika Programetan zehaztutako segurtasun industrialaren arloko eragiketa estatistikoak egiteko.

  1. Lurraldearen ikuspuntutik, segurtasun industrialeko instalazioen erregistroak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dauden segurtasun industrialeko instalazioen pertsona juridiko fisiko eta juridiko titularren datuak izango ditu.

  2. Ikuspuntu materialetik, segurtasun industrialeko instalazioen erregistroak dekretu honen aplikazio-eremuan dauden segurtasun industrialeko instalazioen pertsona juridiko fisiko edo juridiko titularren datuak izango ditu.

  1. Industria Segurtasuneko instalazioen erregistroan eginiko inskripzioak ez dira eratzaileak.

  2. Inskripzioa egiteko eskumena izango duten agintariak izango dira, beren eskumeneko lurralde-eremuan, industriaren arloan eskumena duen Saileko Lurralde Ordezkaritzak.

  3. Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroan ofizioz inskribatuko da datu hauetatik abiatuta: segurtasun industrialeko administrazioko organo eskudunek emandako ekintzetako datuak, erantzukizunpeko adierazpenetako, jakinarazpenetako, baimen-eskaeretako eta interesdunek segurtasun industrialeko administrazioari bidaltzen dizkioten beste edozein dokumentatutako datuak, eta interesdunek administrazioari jakinarazten dioten informazioa osatzen duten datuak.

    Halaber, inskripzioak egingo dira emandako datuetatik, elkarreragingarritasuna bermatzen duten baliabide elektronikoen bidez, Industria erregistroaren bidez eta, hala dagokionean, EAEko Administrazioaren beste erregistro batzuen bidez, baita bestelako Administrazio Publiko edo Erakunde Publikoek eman dezaketen segurtasun industrialeko jarduerekin erlazionatutako datuen bidez ere.

  4. Inskripzioa baliabide elektronikoen bidez egingo da, betiere bizkortasunaren, arintasun administratiboaren eta efikaziaren printzipioei jarraiki.

  5. Industria-segurtasuneko instalazioen erregistroa kudeatzeko eskumena duten organoek zainduko dute erregistro horretan jasotako datuak uneoro eguneratuta daudela, eta bere esparruko instalazio guztiei dagozkiela.

Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroek, aurreko artikuluko bigarren apartatuan aipatzen den datu-basean oinarrituta eginda, informazio hau izango dute:

  1. Oinarrizko datuak:

    1. Segurtasun industrialeko instalazioen pertsona fisiko edo juridiko titularrei buruzko oinarrizko datuak:

      Izena eta abizenak edo izendapena edo izen soziala, dagokionaren arabera.

      Identifikazio fiskaleko zenbakia.

      Autonomia Erkidegoak esleitutako identifikazio-zenbakia.

      Egoitza (lurralde historikoa).

    2. Segurtasun industrialeko instalazioei buruzko oinarrizko datuak:

      Autonomia Erkidegoak esleitutako identifikazio-zenbakia.

      Kokapena (lurralde historikoa).

  2. Datu osagarriak:

    Interesdunek aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen, jakinarazpen eta, hala dagokionean, baimen-eskaerei buruzko datuak. Horien artean egongo dira zer egunetan aurkeztu ziren eta zer agintaritzari aurkeztu zitzaizkion.

    Hala dagokionean, segurtasun industrialeko instalazioak lotura duten segurtasun industrialeko jarduera edo jarduerei buruzko datuak.

    Hala dagokionean, baimen-emateen ebazpenei buruzko datuak. Horien artean egongo dira zer egunetan eman diren ebazpenak eta zer agintaritzak eman dituen.

    Gauzatutako kontrol-jarduketei buruzko datuak, hau da, egindako ikuskapen- edo berrikuspen-aktetan jasotakoak eta kontrol-jarduketa horiekin erlazionatutako administrazio-prozeduretan emandako ekintzetakoak.

    Segurtasun industrialeko instalazioen titularrek sinatu behar dituzten erantzukizun zibil profesionalaren aseguruei buruzko datuak.

Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroan inskribatzeak identifikazio-zenbaki bat esleitzea dakar.

  1. Industria-segurtasuneko instalazioen erregistroan jasotako datuak eskuratzeko, interes legitimo baten titulartasuna egiaztatu beharko da aldez aurretik.

  2. Industria Segurtasuneko Instalazioen Erregistroan jasotako datuak eskuratzeko sarbidean, ezin da alde batera utzi datuen babesari eta jabetza industrialari buruzko araudian xedatutakoa.

  3. Aurreko atalean aipatutako mugen barruan eta kontuan hartu beharreko beste muga batzuen barruan, industria-arloan eskumena duen sailak, enpresa-sektorearentzat eta, bereziki, herritarrentzat interesekoak diren segurtasun industrialeko instalazioen erregistroko datuak argitaratuko ditu aldiro.

  4. Aurreko apartatuetan jasotako segurtasun industrialeko erregistroko datuetarako sarbidea eta publikotasunaren mugak ez dira aplikatuko estatistika-sekretuak bermatutako estatistika-informazioarekiko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren apirilaren 23ko 4/1986 Legearen arabera.

Segurtasun industrialeko instalazioen erregistroak eta industria-erregistroak osotara elkarreragingarriak izan behar dute, hartara berma dadin haien bateragarritasun informatikoa eta elkarrekiko konexioa, eta orobat erregistro-idazpenen eta horietan dauden datuak modu telematikoan bidaltzeko aukera emanez.

1. ATALA

HERTSAPEN-ISUNAK

Industriaren arloko organo eskudunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 103. artikuluaren lehenengo apartatuan jasotako kasuetan, hertsapen-isunak ezarri ahal izango ditu interesdunak behartzeko gauzatu beharreko egintzan ezarritakoa betetzera.

Hertsapen-isunak ezartzeko organo eskudunak zehapen arinak ezartzeko eskumena duena izango da, salbu eta une bakoitzean indarrean dagoen industriaren arloan eskumena duen Sailaren egitura organikoaren Dekretuak beste bat zehazten badu.

  1. Hertsapen-isun bidezko ebazpen bat nahitaez gauzatuko da, beti errespetatuz profesionaltasun-printzipioa. Betearazteko bitarteko bat baino gehiago onargarri denean, askatasun indibiduala gutxien murrizten duena aukeratuko da.

  2. Hertsapen-isunak ezarri ahal izango dira soilik indar betearazlea duten egintzak gauzatzean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 103. artikuluan xedatutako edozein kasu gauzatzean.

  3. Hertsapen-isunak era jarraitu eta errepikatuan ezarri ahal izango dira agindutakoa betetzeko behar den denbora kontuan hartuta, zehaztuko diren denbora-tarteen arabera.

    Aurreko lerrokadan xedatutakoaren ondoreetarako, hertsapen-isunak hilabete bateko edo hortik gorako maiztasunarekin ezarriko dira eta errepikatu egingo dira agindutakoa bete arte.

  4. Hertsapen-isunen zenbatekoak ez du sei mila euroko zenbatekoa gaindituko.

  5. Isunen zenbatekoa zehaztuko da proportzionaltasun- eta ekitate-irizpideen arabera, eta kontuan hartuta haiek bideratzeko egintzan ezarritakoa betetzeko eragina izan dezaketen alderdiak.

    Hertsapen-isunei ezarriko zaien zenbatekoa hertsapen-isun horiek jarraipena ematen dioten isunak ezarriko du.

  6. Hertsapen-isunak ezar litezkeen zehapenekiko independenteak izango dira, eta horiekiko bateragarriak.

  1. Hertsapen-isunak ezartzeko prozedura hasi baino lehen, prozedura hasteko organo eskudunak interesdunari ohartaraziko dio, ebatzitakoa ez bada betetzen horretarako ezarritako epean, nahitaez gauzatu ahal izango dela hori baliabide horren bidez, atal honetan xedatutako kasuetan eta mugekin.

    Aurreko lerrokadan aipatutako epea ezarriko da, egintzak agintzen duena betetzeko behar den denbora kontuan hartuta, eta ezingo izan hamar egunetik beherakoa.

  2. Hertsapen-isunak ezartzeko prozedura organo eskudunaren akordio bidez hasiko da, eta, bertan, prozedura egiten zaion egintzako edukiaren adierazpenak agertu beharko du.

  3. Hertsapen-isunak ezartzeko prozeduren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, hasiera-akordioaren egunetik kontatuko direnak.

  4. Gauzatzen den egintzan ezarritakoa ebazpenaren aurreko edozein unetan betetzeak zehaztuko du jarduketak artxibatu behar diren.

    2. ATALA

    BETEARAZPEN SUBSIDIARIOA

  1. Industriaren arloan eskumena duen organoak berak edo hirugarrenen bidez administrazio- egintzak gauzatu ahal izango ditu, baldin eta ebazpen horiek xedapen-edukia obligatutakoaz bestelako pertsona batek egin badezake.

  2. Kapitulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, betearazpen subsidiarioren bidez gauzatzen den egintzaren edukian agertuko beharko du dagokion ohartarazpenak. Bertan ezarriko da, horretarako ezarritako epean ez bada ebatzitakoa betetzen, hori nahitaez gauzatuko dela baliabide horren bidez, Kapitulu honetan xedatutako kasuetan eta mugekin.

    Aurreko lerrokadan aipatutako epea ezarriko da, egintzak agintzen duena betetzeko behar den denbora kontuan hartuta, eta ezingo izan hamar egunetik beherakoa.

  3. Egoerak irauten duelako pertsonen osasun edo ingurumenarentzat berehalako arrisku bat etor badaiteke, egintza nahitaez gauza daiteke baliabide honen bidez, aurreko lerrokadan aipatutako aurretiazko ohartarazpena gauzatu gabe.

Administrazio-ebazpenak berak gauzatzeko edo hirugarrenei enkargatzeko organo eskuduna zehapen arinak ezartzeko eskumena duena izango da, salbu eta une bakoitzean indarrean dagoen industriaren arloan eskumena duen Sailaren egitura organikoaren Dekretuak beste bat zehazten badu.

  1. Egintzaren betearazpen subsidiarioa obligatuaren kontura egingo da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 101. artikuluaren arabera, gastu, kalte eta galeren zenbatekoa eskatuko da.

    Behin-behineko eran likidatu ahal izango da aurreko apartatuko zenbatekoa eta betearazpena baino lehen egin ahal izango da, behin betiko likidazioaren zain.

  2. Obligatuaren etxebizitzan sartu behar izango balitz, organo eskudunak haren baimena lortu behar du, edo, horrelakorik ezean, epailearen baimena.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Nortasun juridikorik gabeko erakundeak.

  1. Nortasun juridikorik gabeko erakundeek, dekretu honetan ezarritakoaren arabera, segurtasun industrialeko instalazioen titularrak izan ahalko dute, baldin eta instalazio horiek ez badute loturarik segurtasun industrialeko jarduera batekin.

  2. Nortasun juridikorik gabeko erakundeak interesdunak izan daitezke dekretu honetan ezarritakoaren arabera gauzatzen diren prozeduretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  3. Nortasun juridikorik gabeko erakundeak ordezkari baten bidez erlazionatuko dira segurtasun industrialeko Administrazioarekin eta baliabide elektronikoak erabiliko dituzte harekin erlazionatzeko.

  4. Nortasun juridikorik gabeko erakundeek gaitutako ordezkariaren bidez jardun ahal izango dute Administrazioaren aurrean, dekretu honen 6. artikuluak ezarritako baldintzetan.

  5. Legeak jarduteko gaitasuna aitortzen dienean, nortasun juridikorik gabeko arau-hauste gisa tipifikatutako egitateen egile eta erantzuleak izan daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako azaroaren 12ko 8/2004 Legean eta zehapen-arloan erkidegoko araudiak horretarako ezartzen duenaren arabera.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Agente kolaboratzailearen beste figura batzuk.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren esparruan, sektoreko erregelamenduek eta dekretu hau garatzeko ematen diren xedapenek arau honetan ezarritakoak ez diren agente kolaboratzailearen beste figura batzuk aurreikusi ahal izango dituzte.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Behe tentsioko eta energia elektrikoa sortzeko instalazioak. Energia hornidura.

  1. Behe tentsioko edo energia elektrikoa sortzeko instalazio elektrikoen erantzukizunpeko adierazpena instalazio horiek gauzatu dituen instalatzaileak berak izapidetzen badu, adierazpen hori Instalazio Ziurtagiriaren (Buletina) baliokidea izango da, arauzko ondorioak izan ditzan eta energia elektrikoaren hornidurarako. Bestela, titularrak edo haren ordezkariak enpresa instalatzaileak behar bezala betetako Instalazio Ziurtagiriaren ale bat erantsi beharko du prozeduran.

  2. Energiaren arloan eskumena duen organoak egunero eta telematikoki jakinaraziko dizkio enpresa hornitzaileari izapidetutako datuak eta dokumentuak. Ondorioz, hornidura elektrikoaren titularrak ez du zertan aurkeztu beharko martxan jartzeko agiririk hornidura kontratatzeko.

  3. Beren berezitasunagatik, aldi baterakoak diren obretarako edo ekitaldietarako hornidura elektrikoa lortzeko, araubidez ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da enpresa banatzailean.

    Aldi baterako hornidura elektrikoaren iraupenak ezin izango du gainditu dagokion administrazio-lizentzian edo baimenean obrarako edo ekitaldirako finkatutako iraupena, ezta horretarako emandako luzapenen iraupena.

  4. Industria segurtasuneko instalazioetan probak egiteko energia-hornidura lortzeko, energia instalazioa dagokion araudian ezartzen denera egokitzen dela egiaztatzen duen egiaztagiri teknikoa enpresa banatzailean edo hornitzailean aurkeztu beharko da. Ziurtagiri hori arloko araudiak gaitutako agemte kolaboratzaile batek emango du.

    Probetarako behin-behineko energia hornidurak, proba horiek egiteko behar den denbora bakarrik iraun beharko du. Ezin izango da 30 egunetik gorakoa izan inolaz ere, eta horiek igarotakoan, enpresa banatzaileak edo hornitzaileak eten egin beharko du horniketa. Arrazoitutako ebazpen baten bidez, luzapena baimendu ahal izango da, eskakizuna egiterakoan azaldutako salbuespeneko inguruabarrak daudela ziurtatzen denean.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ur-hornidurako barne-instalazioak.

    Eraikuntzaren Kode Teknikoa onartzen duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuarekin bat etorriz, barneko ur-instalazioek bete behar duten lege-esparru teknikoa ez dago industria-segurtasunari lotuta. Beraz, ezabatu egiten da industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organismoan izapidetzeko eskakizuna, hargatik eragotzi gabe beste arau-eremu batzuetan ezar daitezkeen eskakizunak.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Istripu larriak.

    Istripu larriei buruzko araudiaren mendeko industria-segurtasuneko jarduerak eta instalazioak hasteko eta martxan jartzeko, araudi horretan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Baldintza hori betetzeko irismena eta baldintzak bete beharreko araudi sektorialean ezarritakoak izango dira.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zehapenak argitaratzea.

  1. Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenak argitaratzeko prozedura ofizioz hasiko da ebazpen-egintzako proposamenaren bidez. Proposamen horretan, baita ebazteko eskumena duen organoaren ebazpenean ere, jaso beharko da zehapen hori argitaratu egingo dela xedapen gehigarri honetan xedatutako eran.

  2. Zehapena argitaratzeko ez dira hiru hilabetetik gora pasatuko ebazpen-egintza irmo bihurtzen den egunetik kontatzen hasita.

  3. Datu hauek argitaratuko dira: erantzulearen identifikazioa, egindako arau-haustea, ezarritako zehapena eta zehapen-ebazpena irmo bihurtu den eguna.

  4. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez argitaratzeko moduaz gain, ebazteko eskumena duen organoak publiko egiteko beste baliabide batzuk erabili ahal izango ditu, betiere erabilera horrek interesdunen edo prozeduratik kanpoko pertsonen eskubide eta interes legitimoak errespetatzen baditu.

    Apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gaiaren arabera eskumena duen saileko titularraren bidez erregistro publiko bat sortu ahal izango da, xedapen gehigarri honetan aipatzen diren iragarkietako datuak jasotzeko.

  5. Argitaratutako zehapen-ebazpenei dagozkien datuak ezereztu egingo dira, ofizioz edo alderdiak eskatuta, zehapenei dagokien preskripzio-epearen aldi baliokidea pasatu ondoren, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erantzukizunpeko adierazpenen eta komunikazioen ereduak

  1. Gaiaren arabera eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez onartutako erantzukizunpeko adierazpenen eta komunikazioen ereduek eduki eta egitura jakin bat izan beharko dute, eta eredu horietan, gutxienez, instalazio eta jardueraren titularrari, agente kolaboratzailearen jarduleari, ordezkaritza-ahalmena baliatzeko eskubideari eta aipatzen den instalazioak edo jarduerak dituen alderdi teknikoei buruzko datuak jaso beharko dira. Era berean, lege- edo erregelamendu-mailako aurreikuspenetan oinarritutako gainerako datuak ere jaso beharko dira.

    Instalazio edo jardueraren alderdi teknikoei buruzko datutzat hartuko dira instalazio edo jarduera horien mota, izaera eta ezaugarri tekniko nagusiak identifikatzea ahalbidetzen dutenak, bai eta instalazio edo jarduera berak sortzen dituen segurtasun industrialerako arriskuak identifikatzea ahalbidetzen dutenak ere, betiere bete beharreko sektoreko araudian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  2. Erantzukizunpeko adierazpenen eta komunikazioen ereduak onartzen dituen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

  3. Xedapen gehigarri honetan aurreikusitakoa aplikatuz onartzen diren eredu espezifikoak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak.

    Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurek hasi ziren egunean indarrean zegoen araudia bete beharko dute.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kideak.

    Dekretu hau indarrean jartzen denean, Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluko kideek dagozkien karguetan jarraituko dute 32. artikuluan xedatutako arrazoien arabera kargua utzi arte.

  1. Segurtasun industrialaren arloan indargabetuta geratu dira dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko arau guztiak, eta bereziki:

    1. 208/2008 Errege Dekretua, abenduaren 9koa, Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluari buruzkoa.

    2. 229/2012 Dekretua, urriaren 30ekoa, industria-segurtasuneko instalazioak abian jartzeko prozedura sinplifikatzen duena.

    3. Industria-jarduerak hasteko erregimenari eta Industria Erregistroari buruzko martxoaren 17ko 29/2015 Dekretuaren 3., 5., 6., 7., 8., 9., 10., 11. eta 23. artikuluak.

      AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Industria-jarduerak hasteko erregimenari eta Industria-Erregistroari buruzko martxoaren 17ko 29/2015 Dekretua aldatzea.

      Industria-jarduerak hasteko erregimenari eta Industria Erregistroari buruzko martxoaren 17ko 29/2015 Dekretuaren 16. artikulua honela geratzen da idatzita:

      1. Industria Erregistroko inskripzioa honela egingo da:

        1. Industria-arloan eskudun den Sailak Lurralde Historikoetan dituen Lurralde Ordezkaritzek ofizioz egingo dute, betiere oinarritzat hartuta interesdunek erantzukizun-adierazpenetan edo jakinarazpenetan aurkeztutako datuak, edo eskudun den organoak jarduera hasi aurretik emandako baimenetan edo dekretu honen 15. artikuluan aurreikusitako borondatezko jakinarazpenetan jasotako datuak.

        2. Edo Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroak edo hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko beste Erregistro batzuek emandako datuak oinarritzat hartuta,

        3. Edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuek, beste administrazio publiko batzuek edo beste organismo edo erakunde batzuek eman diezazkioketen datuak oinarritzat hartuta.

        4. Edo segurtasun industrialeko administrazioko organo eskudunek emandako egintzak oinarritzat hartuta.

      2. Era berean, jarduera aldatzeari eta uzteari buruzko oharrak egingo dira.

      3. Inskripzioa baliabide informatikoen bidez egingo da, betiere bizkortasunaren, arintasun administratiboaren eta gutxieneko kostuaren printzipioei jarraiki.

      4. Industria Erregistroko datuak etengabe eguneratuak egon daitezen beharrezkoak diren jardunak garatu eta egiaztapenak egingo dira.

      AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Aldatzea 5/2014 Dekretua, urtarrilaren 28koa, igogailuak mantendu eta aldizka ikuskatzeko prozedura ezartzeko dena.

      5/2014 Dekretua, urtarrilaren 28koa, igogailuak mantendu eta aldizka ikuskatzeko prozedura ezartzeko dena, honela idatzita geratzen da:

      Bat. 11. artikuluaren 3. apartatua honela idatzita geratzen da:

      1. Segurtasun industrialeko Administrazioaren organo eskudunak ofizioz aldi baterako eten ahal izango du, kontrol-erakundeak ikusitako alderdietan oinarrituta, instalazioen funtzionamendua eta behar diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu ukitutako interesak babesteko.

      Bi. 12. artikuluaren lehenengo apartatua honela idatzita geratzen da:

      1. Instalazioen titularrek arduratu behar dute akatsak konpontzeaz, eta baimendutako enpresa bat kontratatu behar dute horretarako. Akatsak ez badira zuzentzen, diziplina-prozedura hasi ahal izango da edo dagokion zehapen-prozedura hasi ahal izango da.

      AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Aldatzea 5/2018 Dekretua, urtarrilaren 16koa, industria-segurtasunari buruzko araudia bete behar duten instalazio eta ekipoak aldizka ikuskatzeko kudeaketa-prozedurari buruzkoa.

      5/2018 Dekretua, urtarrilaren 16koa, industria-segurtasunari buruzko araudia bete behar duten instalazio eta ekipoak aldizka ikuskatzeko kudeaketa-prozedurari buruzkoa, honela idatzita geratzen da:

      Bat. Honela idatzita geratzen da 3. artikuluko 2. apartatua:

      1. Aldizkako ikuskapen guztiek dagokien ikuskapen-ziurtagiri, -txosten edo -akta egingo dute dagozkien erregelamendu sektorialek agindutakoaren arabera, eta dokumentu horien kopia entregatu beharko zaio instalazio edo ekipamenduaren titularrari, eta, hala dagokionean, enpresa mantentzaileari, 15 eguneko gehieneko epean ikuskapena egin zenetik, salbu eta akatsak oso larriak badira. Kasu horretan, ikuskapena edo dagokion berrikuspena amaitzen den unean bidali beharko da, eta, kasu guztietan, amaitzen denetik hogeita lau ordu pasatu baino lehen.

      Bi. Honela idatzita geratzen da 5. artikuluko 2. apartatua:

      1. Ikuskapenean detektatzen diren akats guztiak ahalik eta azkarren zuzendu behar dira. Edozein kasutan, akats oso larriak hartutako kautelazko neurriak kendu aurretik zuzenduko dira, akats larriak kontrol-erakundeak edo gaitutako agente ikuskatzaileak horretarako ezarritako epean, eta akats arinak nahitaezko aldizkako hurrengo ikuskapena baino lehen.

      Hiru. Honela idatzita geratzen da 6. artikulua:

      1. Ikuskatutako instalazio edo ekipamenduan akats oso larriren bat aurkitzen bada, eta pertsonak, ondasunak edo ingurumena kaltetu baditzake, kontrol-erakundeak edo gaitutako agente ikuskatzaileak zuzenketa-neurri egokiak hartuko ditu instalazio edo ekipamendu industrialaren funtzionamenduari dagokionez. Hartutako neurriak arriskuarekiko proportzionalak izango dira eta behar-beharrezkoak arrisku hori saihesteko. Neurri horiek arriskua desagertu arte iraungo dute -harrarazi zituen arriskua desagertu arte-, eta akatsak konpontzeko behar den denbora edo beste neurri mota batzuk hartzeko beharrezko denbora gainditu gabe, betiere.

        Zuzenketa-neurri jakin bat hartzekotan, teknikoki arrazoiturik egin beharko da, eta dena delako instalazioaren funtzionamenduaren edo ekipamenduaren eta arriskuaren artean zein harreman edo lotura kausal dagoen azaldu beharko da.

        Instalazioa gelditzeko neurria soilik hartu ahal izango da bestelako zuzenketa-neurriak hartuta ezin bada saihestu arriskua gauzatzea. Gelditze hori erabatekoa edo partziala izan daiteke, betiere, helburu berdina beteta, teknikoki posible bada.

      2. Kontrol-erakundeak edo gaitutako agente ikuskatzaileak berehala jakinaraziko dio zuzenketa-neurriak hartu direla industria-arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzari, eta zehaztuko da ea ikuskapena burutu ahal izan den ala ez.

      3. Segurtasun industrialeko Administrazioaren organo eskudunak ofizioz aldi baterako eten ahal izango du, kontrol-erakundeak edo gaitutako agenteak ikusitako alderdietan oinarrituta, instalazioen funtzionamendua eta behar diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu ukitutako interesak babesteko.

      AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

      Dekretu hau 2020ko urriaren 1ean jarriko da indarrean.

      Hala ere, 7. artikuluan jasotako aurreikuspenek ez dute ondoriorik izango horiek garatzen dituen erregelamendu-xedapena indarrean jarri arte.

      Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 30ean.

      Lehendakaria,

      IÑIGO URKULLU RENTERIA.

      Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

      MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.