Arautegia
Inprimatu5/2014 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa, igogailuak mantendu eta aldizka ikuskatzeko prozedura ezartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 29
- Hurrenkera-zk.: 651
- Xedapen-zk.: 5
- Xedapen-data: 2014/01/28
- Argitaratze-data: 2014/02/12
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren 8/2004 Legeak xedatzen duenez, industriako segurtasuna nahitaezko xedapen-sistema bat da, eta bi helburu ditu: arriskuei aurrea hartzea eta muga jartzea, batetik, eta, bestetik, istripuen aurkako babesa, istripu horiek pertsona, ondasun edo ingurumenari kalte egiteko modukoak badira eta industria-jarduerak sortuak badira, edo instalazioen edo ekipoen erabilerak, funtzionamenduak eta mantentzeak sortuak. Industria Administrazioaren ardura izango da industriako segurtasun-sistema ondo dabilen zaintzea, sistema orokorki harturik. Horretarako, industriako instalazioak, tresnak, ekipoak eta produktuak ondo ote dabiltzan ikuskatu beharko du, tartean diren eragileei eta instalazioen jabeei dauzkaten betebeharrak betearaziz.
Orain arte hainbat xedapenek arautu izan dituzte igogailuak. Xedapenek segurtasun-eskakizunak ezartzen dituzte, igogailuak erabiltzea ez izateko arriskutsua erabiltzaileentzat, instalazioen inguruan daudenentzat, mantentzen dituztenentzat eta eraikinentzat.
Alde horretatik, instalazioen baldintza teknikoak ez ezik, neurri handi batean, mantentze-lan egokiak egitea ere bada igogailuen segurtasunaren oinarria, hala instalazioak eraginkorrak direla ziurtatzeko nola segurtasun-baldintzak ahalik eta onenak izateko.
Mantentze-lanak egokiak direla eta, horrenbestez, segurtasun-baldintzak onak direla egiaztatzeko, industria arloaren eskumena zuen Eusko Jaurlaritzako Sailak Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2002ko ekainaren 7ko Aginduaren bidez ezarri zuen igogailuak aldizka ikuskatzeko eta haiek mantentzeko eta zaintzeko lanak egiteko prozedura. Agindu horrek igogailuak aldizka ikuskatzeko irizpideak finkatzen ditu, igogailuak mantentzeko ikuskapen guztiak egitea eta instalazioen akatsak konpontzea helburutzat hartuta.
Alabaina, otsailaren 8ko 88/2013 Errege Dekretua, azaroaren 8ko 2291/1985 Errege Dekretuaren bidez onartutako Jasotzeko eta Mantentze Lanetako Aparatuen Erregelamenduko AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarria onartzekoa, onartu zutenetik, 2002ko ekainaren 7ko Agindua ezin aplikatuzkoa da neurri batean, kontraesana dagoelako haren eta 88/2013 Errege Dekretuaren artean. Hori dela eta, beharrezkoa da igogailuak mantentzeko eta ikuskatzeko prozedurak jarraibide tekniko osagarrira egokitzea eta, horretarako, berariazko irizpide tekniko berriak onartzea igogailuak aldizka ikuskatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legeak, bere azken xedapenetako bigarrenean, gaikuntza ematen dio Gobernu Kontseiluari lege hori aplikatu eta garatzeko xedapenak onar ditzan.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko urtarrilaren 28an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretuaren xedea:
Igogailuak mantentzeko lanen irismena eta maiztasuna eta igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresen betebeharrak zehaztea.
Igogailuak aldizka ikuskatzeko prozedura arautzea, ikuskapena arauzko baldintzen araberakoa izateko.
Agindu honetako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko igogailu guztiek bete behar dituzte, haien erabilera dena delakoa izanda ere, baldin eta otsailaren 8ko 88/2013 Errege Dekretua, azaroaren 8ko 2291/1985 Errege Dekretuaren bidez onartutako Jasotzeko eta Mantentze Lanetako Aparatuen Erregelamenduko AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarria onartzekoa, bete behar badute.
Igogailuak mantentzeko ikuskapenen bidez egiaztatu behar da igogailuen segurtasun-baldintzak ahalik eta onenak direla eta, matxurarik izateko arriskua ahal bezainbat txikituta, instalazioak ahalik eta eraginkorrenak direla.
Aurreko paragrafoan finkatutako helburua lortzeko beharrezko elementu guztiak ikuskatu behar dira; hala ere, igogailuak mantentzeko ikuskapenek gutxienez dekretu honetako I. eranskinean aipatutako irismena izango dute.
Maiztasun honekin egin behar dira igogailuak mantentzeko ikuskapenak:
Familia bakarrarentzako etxebizitzetako igogailuak eta 0,15 m/s-ko abiadura edo txikiagoa dutenak mantentzeko ikuskapenak, lau hilabetean behin.
Gainerako igogailuak mantentzeko ikuskapenak, hilabetean behin.
Jasotzeko eta Mantentze Lanetako Aparatuen Erregelamenduko 11., 12. eta 19. artikuluek eta AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarriaren 5.3.1, 5.4. eta 7. atalek xedatzen dituztenez gain azaroaren 8ko 2291/1985 Errege Dekretuaren bidez onartu zuten Jasotzeko eta Mantentze Lanetako Aparatuen Erregelamendua, artikulu honetako betebeharrak dituzte igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresek.
Hauen berri eman behar diete titularrei, idatziz:
Noiz egiten dituzten instalazioak mantentzeko ikuskapenak eta zer emaitza lortzen dituzten.
Zer elementu aldatzen dituzten edo aldatu behar dituzten, igogailuak ondo ibiltzeko.
Zer akats dituzten instalazioek.
Zer aldaketa dauden legedian.
Noiz egin behar duten aldizkako hurrengo ikuskapena.
Dekretu honen 6. artikuluan aipatutako jakinarazpena egingo dute.
Hauen berri eman behar diote industria-gaien gaineko eskumena duen lurralde-ordezkaritzari, idatziz:
Zer aldaketa dauden beren ardurapeko instalazioen zerrendan igogailuak zaintzen dituzten enpresak aldatzeagatik edo instalazioak urte-sasoi batzuetan bakarrik erabiltzeagatik. Gehienez, 30 egun dituzte horrelakoak jakinarazteko, eta II. eranskineko eredua erabili behar dute.
Igogailuei alta emateko, II. eranskineko agiria ez ezik beste hauek ere aurkeztu behar dira: mantentze-lanak egiteko kontratua; aldizkako azken ikuskapenaren ziurtagiria baimendutako kontrol-erakundeek ikuskatu behar dituzte igogailuak; eta igogailuaren kokapenaren eta instalazioaren ezaugarrien plano edo krokis bat.
Ea badagoen instalazioei, pertsonei edo ondasunei kalte egiten dien istripurik. Lehenbailehen jakinarazi behar dituzte horrelakoak, eta, gehienez ere, 24 orduan. Horretarako, III. eranskinean adierazitako eredua erabiliko da.
Beren ardurapeko instalazioen zerrendako zer igogailu ez dituzten ikuskatzen, aldizkako ikuskapena egiteko epea igarota ere.
Nahiz eta igogailu bat beren ardurapeko instalazioen zerrendatik kanpo gelditu, agiri hauek urtebetez gorde behar dituzte, eguneratuta:
Jasotzeko aparatuen erregistro-zenbakia (RAE zenbakia).
Igogailuen ezaugarriak.
Igogailuaren kokapenaren eta instalazioaren ezaugarrien planoa edo krokisa.
Instalazioak martxan jartzeko agirien kopiak.
Mantentze-lanak noiz egiten diren frogatzeko egiaztagiriak (gutxienez, azken bi urteetakoak).
Matxurak eta abisuak (gutxienez, azken bi urteetakoak).
Aldizkako ikuskapenen ziurtagirien kopiak (gutxienez, azken biak).
Hala badagokio, akatsak konpondu izanaren ziurtagiriak.
Igogailuaren liburua egunean izan behar dute. Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2001eko apirilaren 3ko Aginduak ezarri zuen igogailuaren liburua.
IV. eranskinean adierazitako jarduna gauzatzeko behar diren jarduera-prozedurak izango dituzte eskura.
Igogailuak aldizka ikuskatzerakoan antzemandako akatsak konpondu izana egiaztatu behar dute.
Aldizkako ikuskapenekin zerikusia duten prozedurak kudeatzeko, industria-gaien gaineko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak horretarako prestatutako aplikazio informatikoa erabiliko dute.
Baldin eta industria-gaien gaineko eskumena duen lurralde-ordezkaritzak informazio edo agiririk eskatzen badie, haren eskura jarri behar dute. Bereziki, agiri hauek aurkeztu behar dizkiote, urtarril bakoitzean:
Beren ardurapeko igogailuen kopurua, antzinatasun, erabilera eta igogailu motaren arabera sailkatuta.
Azken urtean Lurralde Historikoan gertatutako istripuak eta, tartean, igogailuen mantentzea egiten duten pertsonek izandakoak.
Pertsonak erreskatatu diren igogailuak.
Lurralde Historikoan sarri matxuratzen diren igogailuak, baita igogailu bakoitzak urtean dituen matxuren batez bestekoa ere, antzinatasun, erabilera edo igogailu motaren arabera. Alde horretatik, igogailu batek matxura gehiegi ditu baldin eta urtean 10 matxura baino gehiago baditu, edo, igogailua industrian edo eraikin publikoetan erabiltzen bada, baldin eta 15 baino gehiago baditu.
Solairu-parekatzearekin zerikusia duten matxurak.
Igogailuak erabilgarri diren bitartean ikuskatuko dira, arauz ezarritako industria-segurtasunaren eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ikuskapen horiek horretarako gaitutako kontrol-erakundeek egingo dituzte. Maiztasuna ITC-AEM 1 «Igogailuak» Jarraibide Tekniko Osagarrian ezarrita dago, edo hura ordezten duen araudian.
Igogailuen titularrek (jabeek edo errentariek) arduratu behar dute dagokionean igogailuak ikuskatzeko eskatzeaz, eta ikuskapenak egiten lagundu behar diete kontrol-erakundeei, instalazioetan sartzen utzita.
Igogailuak ikuskatzeko, «Igogailuen aldizkako ikuskapenen eskuliburu»ko irizpideak erabili behar dira.
Igogailuak aldizka ikuskatzeko datak martxan jartzeko dataren araberakoak dira. Igogailuak ez ikuskatzeak edo ikuskapenak egiten atzeratzeak ez dakar ikuskapenak dagokionean egin behar ez izatea.
Aldizkako hurrengo ikuskapena egiteko epea amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez, igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresek jakinarazpen bat bidali behar diete titularrei, dagokion ikuskapena egiteko epea noiz bukatzen den adierazteko, eta ikuskapenei buruzko araudi teknikoa ere bidali behar diete. Gainera, industria-gaien gaineko eskumena duen lurralde-ordezkaritzak egindako agiri bat bidali behar diete, jakinarazteko ikuskapenak nahitaezkoak direla legez eta azaltzeko zer kontrol-erakundek ikuska ditzaketen igogailuak eta zer ondorio izan ditzakeen igogailuak epe barruan ez ikuskatzeak.
Igogailuak ikuskatu aurretik, kontrol-erakundeek jakinarazi behar diete titularrei noiz duten asmoa igogailuak ikuskatzeko.
Ikuskapenetan, honako elementu hauek ikuskatuko dira:
Hutsunera sartzeko ateak eta euren katigatze-dispositiboak.
Esekitze-kableak eta lokailuak.
Abiadura mugatzailea, kabina-geldiarazlea, bastidorea eta gidariak.
Kabina.
Kontrapisua eta gidariak. Kontrapisu-jausgailua.
Kabinako motelgailuak eta kontrapisua.
Aginteak eta beste segurtasun-dispositibo batzuk.
Hutsunea eta esparrua.
Makina-gela, trakzio-ekipoa eta maniobra-koadroa. Polea-gela. Igogailuek ez badute makina-gelarik, makinak gordetzeko guneak.
V. eranskinak zehazten du zer egiaztatu behar den.
Igogailuak ikuskatzeko, kontrol-erakundeek instalazioetara bidali behar dituzte igogailuak zaintzeaz arduratzen direnak, beharrezko egiaztapenak eta probak egiteko.
«Igogailuen aldizkako ikuskapenen eskuliburu»ko egiaztapenak eta probak egin behar dituzte kontrol-erakundeek.
Igogailuak ikuskatu eta hamabost egunean gehienez ere, kontrol-erakundeek ikuskapenen ziurtagiriak bidali behar dizkiete instalazioen titularrei, eta haien kopiak igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresei. Gainera, epe berean, ikuskapenaren datu guztiak adierazi behar dituzte Eusko Jaurlaritzaren barruan industria-gaien gaineko eskumena duen sailak berariaz prestatutako aplikazio informatikoan.
Ikuskapenaren ziurtagirian honako hauek adierazi behar dira gutxienez:
Kontrol-erakundearen izena.
Ziurtagiri-zenbakia, jasotzeko aparatuen erregistro-zenbakia eta ikuskapenaren indarraldia.
Ikuskapena egiten duen pertsonaren izena eta sinadura.
Zein espezifikazio teknikorekin egiten den ikuskapena.
Instalazioaren ezaugarriak.
Akatsen identifikazioa eta deskripzioa, VI. eranskinaren arabera.
Akatsen kalifikazioa eta haiek konpondu izana egiaztatzeko epea.
Ikuskapenaren emaitzak.
Ikuskapenean dauden pertsonak.
Ikuskapenaren data.
Interesgarri iritzitako oharrak.
Ikuskapenen aktekin batera, instalazioetan antzematen diren akats guztien zerrendak bidali behar dira. Akatsek VI. eranskinean zerrendatutakoen artekoak izan behar dute.
Ikuskapenekin ados ez badaude, instalazioen titularrek erreklamazioa aurkez dezakete industria-gaien gaineko eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, ikuskapenen aktak berrikus ditzan. Erreklamazio horien ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, indarreko legedian aurreikusitakoari jarraikiz.
Dagozkion prozeduren bidez, industria-gaien gaineko eskumena duen lurralde-ordezkaritzak kontrol-erakundeen ikuskapen-lana kontrola dezake, eta instalazioetan bertan egon daiteke, igogailuak 2. atalean adierazitako aldizkako ikuskapenen eskuliburuan esaten den bezala ikuskatzen direla egiaztatzeko.
Igogailuak aldizka ikuskatzerakoan antzematen diren akatsak arriskuaren arabera kalifikatu behar dira, irizpide hauek kontuan izanik:
Akats oso larria: akats oso larriak dira pertsonei edo instalazioei kalte egiteko moduko berehalako arrisku larria ekar dezaketenak. Oso akats larririk antzematen bada, igogailua berehala gelditu behar da, eta ezin da martxan jarri akatsa konpondu arte.
Akats larria: akats larriak dira, batetik, pertsonen eta gauzen segurtasuna berehalako arriskuan jartzen ez dutenak baina instalazioek huts egiten badute arriskuan jar dezaketenak eta, bestetik, instalazioak erabiltzeko aukera murrizten dutenak.
Akats arina: akats arinak dira oso larriak edo larriak ez direnak.
VI. eranskinak dakar akatsen zerrenda eta ebaluazioa.
Igogailuak ikuskatu izana nabarmentzeko, baldin eta ikuskapenen emaitzak onak badira, alegia, akats larririk edo oso larririk ez badago, kontrol-erakundeek VII. eranskineko ezaugarri-eredua jarri behar dute kabinan eta beheko solairuko atean, ondo ikusten den leku batean.
Baldin eta oso akats larririk antzematen bada igogailuak ikuskatzerakoan, kontrol-erakundeen ekimenez, igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresek zerbitzu egin gabe utzi behar dituzte igogailuak, eta titularrei jakinarazi ezin dituztela jarri martxan akatsak konpondu arte.
Kontrol-erakundeak lehenbailehen jakinaraziko dio industria-gaietako Lurralde Ordezkaritzari kautelaz geldiarazi dela instalazioa.
Industria-gaien eskumena duen zuzendaritzak geldiarazte hori berretsi edo indargabetuko du.
Instalazioen titularrek arduratu behar dute akatsak konpontzeaz, eta baimendutako enpresa bat kontratatu behar dute horretarako. Akatsak konpontzen ez badituzte, isun hertsagarriak jar dakizkieke, eta/edo zigor-espediente bat abiarazi.
Igogailuak ikuskatzerakoan antzematen diren akatsak lehenbailehen konpondu behar dira, eta konponketa-egiaztagiria aurkeztu behar da konpondu izana egiaztatzeko. Igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresek akatsak konpondu dituztela jakinarazi behar diete igogailuak ikuskatzen dituzten kontrol-erakundeei, Eusko Jaurlaritzaren barruan industria-gaien gaineko eskumena duen sailak berariaz prestatutako aplikazio informatikoaren bidez.
Hurrengo ikuskapenean egiaztatuko da akats arinak zuzendu egin direla. Aurreko ikuskapenetan atzemandako akatsak berriro gertatzen badira, hala zehaztu beharko da ikuskapen-ziurtagirian.
Akats larriak igogailuak ikuskatu eta sei hilabetean konpondu behar dira gehienez ere. Igogailuen titularrek edo, haien izenean, igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresek akatsak konpondu dituztela jakinarazten badiete, berriz, kontrol-erakundeek egiaztapen-ikuskapena egin beharko dute, jakinarazpena hartu eta 30 egun naturaleko epean. Sei hilabete igaro eta igogailuak zaintzeaz arduratzen diren enpresek ez badute jakinarazten akatsak konpondu dituztela, kontrol-erakundeek ikuskapen-bisita egin beharko dute berriro, akatsak konpondu diren egiaztatzeko, eta, ikusten badute akatsak ez direla konpondu, oso larritzat kalifikatu behar dituzte, eta igogailuak zerbitzutik kanpo utzi.
Instalazioa geldiaraztea eragin duten eta oso larriak diren akatsak zuzentzeko, kontrol-erakundeek egiaztatu beharko dute titularrak edo haren izenean ari den kontserbazio-enpresak jakinarazi duela akatsak zuzenduta daudela, igogailuak atzera martxan hasi aurretik. Ikuskapen-bisitan akatsak zuzendu direla egiaztatu ondoren, kontrol-erakundeek aldeko ikuskapen-ziurtagiria emango dute.
Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2002ko ekainaren 7ko Agindua, igogailuen aldizkako ikuskapenak eta igogailuen mantentze- eta zaintza-lanak egiteko prozedura zehazten duena, indargabetuta geratu da, baita dekretu honen aurkako maila bereko edo beheragoko beste xedapen oro ere.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari eranskinak aldatzeko ahalmena ematen zaio, bai eta dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak egokitzekoa ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko urtarrilaren 28an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Igogailuek eranskin honetako gutxieneko mantentze-programa bete beharko dute.
Lan horiek egiten dituzten langileek enpresako plantillakoak izan behar dute, behar besteko prestakuntza eta esperientzia izan behar dute, eta adierazitako ekintzak egin gutxienez.
Igogailuaren liburuan eta dokumentu bidez jasota geratu behar da instalazioa ikusteko egindako bisita.
Gutxienez egiaztapen hauek egin behar dira instalazioan:
Erabilitako laburdurak:
(I) = Ikusizko ikuskapena
(F) = Funtzionamendu onargarria egiaztatzea
(E) = Eragin
(B) = Bete
Mantentze-egiaztapen bakoitzean gutxienez egin beharreko egiaztapenak:
Ateak (guztietan):
Funtzionamendua (F).
Sarrailak (itxiera mekanikoa, kontrol elektrikoa eta orririk baden) (F).
Egoera orokorra (lasaierak, heldulekuak, deformazioak, oxidazioak, seinaleztapenak...) (I).
Behatxuloak eta presentzia adierazten duten argi-seinaleak (I).
Makina-geletan:
Sarrera (I).
Atea (I).
Inskripzio-laukia (I).
Ateko sarraila (F).
Etengailu orokorra, magnetotermikoak, diferentzialak (E).
Argiztapena (F).
Hormak, aireztapena, bankadako sarrera, beste instalazio batzuk (I).
Igogailuaren liburua (B).
Balazta (F).
Larrialdietarako jarraibideak, balaztaren palanka (I).
Makina, olioaren maila eta ihesak, maniobra-koadroa, abiadura-mugatzailea (I).
Esekidurako edota trakzioko elementuak (txirrika, kableak,...) (I).
Motorraren funtzionamendua, ohiz besteko zaratak (F).
Igogailuaren elementuak garbitzea, eta mantentzea eragozten duten elementuak kentzea.
Erreskate automatikoaren sistema (instalatzea derrigorrezkoa denean): (F), derrigorrezkoa ez bada: (I).
Txirrika-gelan (hala badagokio):
Sarrera (I).
Atea (I).
Sarraila (F).
Argiztapena (F).
Geldialdiaren etengailua (F).
Entxufea, sabaia, lurzorua, txirrikak (I).
Igogailuaren elementuak garbitzea, eta mantentzea eragozten duten elementuak kentzea.
Kabinan:
Egoera orokorra, argiteria, errotuluak eta plakak (I).
Botoiak, alarma, larrialdiko argia, bi norabideko komunikazioa (hala badagokio) (F).
Kabinako atea (F).
Funtzionamendua, zaratak (F).
Berrikuspen-botoiak, solairu arteko geldialdiak, stop-a, etendura-elementuen lasaitzea (F).
Etendura-elementuak kabinari lotzeko lokailuak (I).
Jausgailu-sistema (I).
Bizi-salbatzaile sistema (hala badagokio) (F).
Kabinaren sabaia garbitzea, eta mantentzea eragozten duten elementuak kentzea (B).
Hobian:
Hormen, aireztapenaren eta kanpoko instalazioen egoera orokorra (I).
Karrera-bukaerak (F).
Kontrapisua, bastidorea, lokailuak (I).
Mugatzailearen etendura- eta jarduera-elementuak (I).
Gidariak eta bere lokailuak (I).
Motelgailuak (I).
Argiztapena (F).
Zuloko geldialdi-etengailua (F).
Olio-ihesik badagoen ikustea (F).
Kable mugatzailearen tentsioa (F).
Zuloa garbitzea, eta mantentzea eragozten duten elementuak kentzea (B).
Gutxienez sei hilabetean behin egin beharreko egiaztapenak. (Egiaztapen horiek urtean behin egingo dira, familia bakarreko igogailuetan, bai eta 0,15 metro segundoko abiadurara iristen ez dien igogailuetan ere).
Makina-geletan:
Ikusi lasaierarik ba ote dagoen makinan (F).
Ikusi etendura-elementuen irristadura (kableena,...) (F).
Ikusi abiadura-mugatzailea, bere kontaktu elektrikoa, txirrika, gurpila eta gainerako elementuak (E).
Ikusi maniobra-koadroa (F).
Ikusi nola dagoen zentral hidraulikoaren segurtasun-balbula.
Ikusi nola dagoen olioa (F).
Kabinan:
Ikusi kabinaren lasaierak (urratzaileak, birakariak) (F).
Ikusi kabinako lokailu-sistema.
Hobia:
Ikusi kontrapisuko lokailu-sistema (F).
Berrikusi kontrapisuaren bastidorea (F).
Segurtasun-ibilbidea egiaztatzea (F).
Urteko gutxieneko egiaztapenak.
Ikusi zenbateko kliskatze-abiadura duen mugatzaileak (F).
Ikusi nola dauden gidarien lokailuak (F).
Ikusi nola dagoen balbula jausgailua (E).
Egiaztapen bereziak.
Egiaztatu bost urtean behin nola dagoen erabilera publikoa duten eta sarritan erabiltzen diren aparatuen multzo traktorea.
(Ikus .PDF)
Enpresa kontserbatzaileek beren jarduera-arlo guztien kalitatea bermatzeko behar diren jarduera-prozedurak izan beharko dituzte.
Kalitate-sisteman, jarduera-prozedurak dokumentuak dira, egin beharreko ekintzak edo prozesuak zehazki deskribatzen dituztenak.
Prozedura horiek tresnak dira, eta jarduerak aurreikusi bezala gauzatzeko balio dute.
Prozeduretan adierazi beharko da orobat zer formatu-eredu erabiltzen diren eta zer kalitate-erregistro hartzen diren beharrezkotzat, jardueren egokitasuna bermatzeko.
Gutxienez honako arlo hauetan izan beharko dira jarduera-prozedurak:
Mantentze-zerbitzuaren diseinua.
Jarduera mantentzeko berrikuspenetan.
Konponketak.
Mantentzea eta konponketak egiteko materiala erostea.
Matxura-abisuak.
Barneko auditoriak.
Langileak prestatzeko plana.
Prozedura horiek gauzatzeko, UNE-EN ISO 9001 Arauan adierazitakoa hartu beharko da kontuan.
1. HUTSUNERA SARTZEKO ATEAK ETA EUREN KATIGATZE-GAILUAK.
HUTSUNERA SARTZEKO ATEAK.
Ateen ezaugarriak.
Ateen egoera.
Kabinaren presentzia detektatzea.
ATEAK KATIGATZEKO GAILUAK (SARRAILAK).
Sarrailen ezaugarriak.
Sarrailen egoera.
Sarrailen funtzionamendua.
Solairuko adierazleak.
Solairuko sakagailuak.
Besterik.
2. ESEKIDURA-KABLEAK ETA LOKAILUAK.
Kableak.
Kable-lokailuak.
Besterik.
3. ABIADURA-MUGATZAILEA, KABINAKO JAUSGAILUA, BASTIDOREA ETA GIDARIAK.
Mugatzailearen irisgarritasuna.
Mugatzailearen egoera.
Mugatzailearen kablea.
Kabinako jausgailua.
Kabinako bastidorea.
Kabinako gidariak eta bere lokailuak.
Igoerako gainabiaduraren aurkako babesa.
Besterik.
4. KABINA.
Kontserbazio-egoera orokorra.
Argiztapena.
Alarma, larrialdietako geldialdia, ateak irekitzeko posibilitatea eta norabide bikoitzeko komunikazioa.
Errotuluak eta plakak.
Kabinako ateak.
Kabinako sabaia.
Organo finkoen eta mugikorren arteko jokoa.
Salbamendu-sistemak (hutsune irekietan).
Beste segurtasun-baldintza batzuk (hanka-babestekoa, ispiluak, zama-pisatzekoa, laguntza-ateak,...).
Besterik.
5. KONTRAPISUAK, BERE GIDARIAK ETA JAUSGAILUAK.
Kontrapisua.
Kontrapisuaren gidariak.
Kontrapisuko jausgailua (beharrezkoa denetan).
Patioetan mugitzen diren kontrapisuen babeskiak.
Besterik.
6. KABINAKO MOTELGAILUAK ETA KONTRAPISUA.
Motelgailuak izatea eta kokatzea (hidraulikoak, malgukiak edo tope elastikoak).
Motelgailuen eta euren finkapenen egoera.
Motelgailu hidraulikoen funtzionamendua (badaude).
Kabinako motelgailuen garaiera.
Kabinaren sabaiko motelgailuak.
Besterik.
7. AGINTEAK ETA SEGURTASUNEZKO BESTE GAILU BATZUK.
AGINTEAK.
Kabinako sabaiko geldialdi-etengailua.
Ikuskapen-botoiak.
Gelditze-etengailua zuloan eta entxufea.
BESTE SEGURTASUN-GAILU BATZUK.
Lur-konexiorako sare ekipotentziala.
Ibiltarte-bukaerak.
Muturretako nibeletako gelditze-dispositiboa.
Atzerapen-lehentasunak eta -gailua (tenporizatzea).
Akats elektrikoen aurkako babesa.
Kabina mugitzearen segurtasuna.
Besterik.
8. HUTSUNEA.
Hutsune irekitako itxiturak.
Hutsune itxietako esparruak.
Esparruen arteko banaketa.
Argiztapena.
Aireztapena.
Segurtasunezko ibiltarte libreak (5.7).
Zuloa.
Zuloaren beheko alderako sarbidea, kontrapisu-jausgailurik gabe.
Zerbitzutik kanpoko instalazioak.
Besterik.
9. MAKINA-GELA, POLEEN GELA ETA TRAKTORE-MULTZOA.
MAKINA-GELA.
Sarrerak.
Makina-gelaren barrualdea.
Beste baldintza batzuk (aireztapena, tenperatura, jarraibideak, zerbitzutik kanpoko sarbideak, itoginak...).
Instalazio elektrikoa.
POLEA-GELA.
Poleen gelaren baldintzak.
TRAKTORE-MULTZOA.
Traktore-multzoa eta bere balazta-elementuak (aparatu elektromekanikoak).
Multzo hidrauliko eragilea.
Makinaren egoera orokorra.
Larrialdietako eragintza.
Besterik.
10. MAKINAK GORDETZEKO GUNEAK (MAKINA-GELARIK GABEKO IGOGAILUAK).
Hobiko makinak.
Kabinako edo sabaiko lan-eremuak.
Zuloko lan-eremua.
Plataforma bateko lan-eremua.
Hutsunetik kanpoko lan-eremuak.
Hutsunetik kanpoko makinak.
Larrialdietako maniobretarako eta probetarako gailuak.
Besterik.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko uztailaren 1ekoa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez prozedura berria ezartzen baita igogailuen aldizkako ikuskapenak egin eta mantentze-lanak egiteko, apirilaren 2ko 355/2024 Errege Dekretura egokitu dadin. Errege-dekretu horren bidez, ITC AEM 1 «Igogailuak» jarraibide tekniko osagarria onartzen da, zeinak arautzen baitu igogailuak martxan jartzea, aldatzea, mantentzea eta ikuskatzea eta lehendik dagoen igogailu-parkearen segurtasuna handitzea.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2014ko otsailaren 20koa, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Igogailuen Aldizkako Ikuskapenen Eskuliburuaren 6. edizioa onartzen duena.
- Garatzen du: 8/2004 LEGEA, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa.
- Aldatutakoa: 81/2020, DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, segurtasun industrialarena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2002ko ekainaren 7koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, igogailuen aldiroko ikuskapenak eta igogailuen mantentze- eta zaintza-lanak egiteko prozedura zehazten duena.