Arautegia
Inprimatu229/2012 DEKRETUA, urriaren 30ekoa, industria-instalazioak abian jartzeko prozedura errazteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 233
- Hurrenkera-zk.: 5322
- Xedapen-zk.: 229
- Xedapen-data: 2012/10/30
- Argitaratze-data: 2012/12/03
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Agindu honen helburua da industria-segurtasunaren arloan Industria Administrazioaren esku-hartze irizpideak zehaztea, eta industria-instalazioak abian jartzeko izapideak barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauak (Zerbitzuen Zuzentaraua izena du) garatzen duen araudi berrira egokitzea.
2009ko abenduaren 25ean, honako lege hauek jarri ziren indarrean: Zerbitzuetako jardueretarako sarbide libreari eta horiek gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea (2006/123/EE Zuzentaraua Espainiako ordenamendu juridikora aldatzen duena), eta Zerbitzuetako jardueretarako sarbide libreari eta horiek gauzatzeari buruzko legea egokitzeko zenbait lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legea.
Azaroaren 23ko 17/2009 Legeak sendotu egiten ditu zerbitzuak kokatzeari eta aske emateari buruzko oinarrizko askatasunekin bateragarriak diren printzipio arautzaileak, eta, aldi berean, aukera ematen du oztopoak ezabatzeko eta zerbitzuetako jardueretarako sarbidean eta horiek gauzatzean eragozpenak murrizteko. Bere aldetik, abenduaren 22ko 25/2009 Legeak adierazitako zuzentarauaren eraginpean dauden indarreko legeak aldatzen ditu berariaz, eta horien artean dago Industriaren uztailaren 16ko 21/1992 Legea.
Apirilaren 23ko 7/2012 Legeren bitartez, berrikitan aldatu da Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren 8/2004 Legea. Izan ere, lege harekin zenbait lege aldatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123EE Zuzentarauari egokitzeko. Eta 7/2012 Legeak erregulatu egiten ditu, batetik, industria-instalazioen funtzionamendu-araubidearen hirugarren kapitulua, eta, bestetik, instalazioon gainean Industria Administrazioak esku-hartzeko duen ahalmena. Ildo horretan, industria-instalazioei aplikatzeko arautegia eta erregelamendua egoki betetzen direla bermatzeko tresna egokiak ezartzen ditu, betiere industria-segurtasunaren arloan gorabeherak eta istripuak ekiditeko helburuarekin.
Dekretu honek industria-segurtasuneko kontrol-sistemako tresnak garatzen ditu, batik bat auditoretzak, kontrol teknikoa, eta industria-ikuskaritza. Horiei gehitu behar zaie aldez aurreko dokumentazio-kontrola, hain zuzen ere baimenik behar ez duten industria-instalazioak abiarazteko nahikoa izango delako ezarritako dokumentazioa organo eskudunean aurkeztea. Hortaz, ezinbestekoa da arreta berezia jartzea dokumentazioko akatsak nahiz akats teknikoak atzematean eta konpontzean. Hori guztia, helburu nagusi gisa hartuta instalazioen segurtasuna.
Ezinbestekoa da industria-arloko euskal araudia adierazitako lege-aldaketetara egokitzea. Kasu honetan, arau horren helburua da industria-instalazioak abiarazteko prozedura neurri handiagoan dinamizatzea, lehiakortasuna handitzearren; hori guztia, beharrezkoak ez diren baldintzak edo oztopoak, neurriz kanpokoak edo diskriminatzaileak guztiz ezabatuta.
Instalazio industrialak martxan jartzeko prozedura sinplifikatzen zuen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2000ko abenduaren 26ko aurreko Agindua urrats garrantzitsua izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legean jasotako gutxieneko esku-hartzearen eta liberalizazio industrialaren printzipioak aplikatzeko prozesuan. Agindu horren bitartez, Industria Segurtasuneko araudiaren mende jarritako instalazio eta produktu bakoitzaren Administrazioaren zuzeneko kontrola aldatu zen, eta sistemaren funtzionamendu egokia bermatuko zuen kontrol orokorrago bat ezarri zen.
Xedapen honek Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 9. artikuluko 2. paragrafoan xedaturikoan sakontzen du; hau da, industria-instalazioen abiarazteko baldintza bakar gisa ezartzen du araubidez ezarritako segurtasun teknikoko baldintzak eta betekizunak betetzen direla dokumentu bidez egiaztatzea. Horrela, prozedura bateratzen da, sektoreko Araudi aplikagarrietan zehazten denarekin bat etorriz. Hortaz, aldez aurreko «abiarazteko dokumentu» bat lortzeko baldintza ezabatzen du, baita enpresa hornitzaileen edo banatzaileen behin betiko hornidurak baldintzatzen zuen 15 eguneko isiltasun positiboa ere.
Espero den emaitza da industria-instalazioak abiarazteari buruzko araudia eraginkorragoa, gardenagoa eta sinplifikatuagoa izatea; era berean, horren bitartez, jarduera ekonomikoa sustatzea lortuz.
Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen helburua da industria-segurtasunaren eremuan esku hartzeko irizpideak zehaztea, baita instalazioak, ekipoak, aparatuak edo produktuak, aurrerantzean, industria-instalazioak abiarazteko prozedura erraztea ere.
Arau honetan bildutako xedapenak industria-segurtasuneko araudiaren eraginpeko industria-instalazio guztiei aplikatuko zaizkie, horien kokapena edozein delarik ere (etxebizitzak, merkataritza-lokalak, jendarteko lokalak, industria-establezimenduak, eta abar).
Euskal Autonomia Erkidegoko Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, honako hauek bakarrik izango dute administrazioaren baimena:
Indarreko legediaren arabera, funtzionamendurako administrazioaren baimena behar duten industria-instalazioek.
Salbuespen gisa administrazioaren baimena jaso ahal izango dute diseinu, helmuga, kokaleku, kokapen edo justifikatutako beste edozein arrazoirengatik indarreko preskripzio teknikoak betetzen ez dituzten industria-instalazioek; betiere, interesdunak aldez aurretik egiaztatu beharko du segurtasun-maila baliokideak eskaintzen dituzten neurriak hartu dituela edo bestelako baldintza alternatiboak ezarri dituela.
Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetatik kanpo, eta 10.3 artikuluan xedaturikoaz kanpo, industria-instalazioak abiarazteko nahikoa izango da dekretu honen 11. artikuluan ezarritako dokumentazioa Industria-arloko lurralde-organo eskudunari aurkeztea. Artikulu horretan ezinbestekotzat jotzen diren agiriren bat falta bada, ezinezkoa izango da instalazioa abiaraztea.
Industria Administrazioak, bere zerbitzu-teknikoen bitartez, edo eragile laguntzaileen zerbitzuak erabiliz, industria-segurtasuneko xedapenen betearazpena egiaztatu ahal izango du edozein unetan, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta.
Eragile laguntzailetzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako 8/2004 Legearen 14. artikuluan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak.
Industria Administrazioaren eskumenen esparruan jarduten dutenean, eragile laguntzaile horietako edonork emandako edo egindako egiaztagirien, ikuskapen- edo kontrol-akten edo bestelako egintzen aurka erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira Industria-arloko lurralde-organo eskudunean. Erreklamazio horien ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, indarreko legedian aurreikusitakoari jarraikiz.
Dekretu honen ondorioetarako, Industria Administrazioaren esku-hartzearen faseak honako hauek izango dira:
Kontrol formala. Aurkezterakoan aztertuko da dokumentazioa, eta araubidez eskatzen den dokumentazioa dela eta formalki ezarritako baldintzak biltzen dituela egiaztatuko da.
Kontrol teknikoa. Zerbitzu Teknikoek araubidez ezarritako dokumentazioa berrikusiko dute, eta dokumentazio horrek aplika dakizkiokeen Araubideetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatuko dute. Hala badagokio, adierazitako kontrolak horren mendeko industria-instalazioak ikuskatzea ekar dezake.
Auditoretza. Industria-segurtasunari dagokionez, esku-hartzen duten eragile laguntzaileen gaineko eta Industria-instalazioen gaineko kontrol sistematiko planifikatua izango prozedura.
Auditoretzak bi motatakoak izan daitezke:
Industria-instalazioak eta eragile laguntzaileak arautzen dituzten arauzko baldintza guztien kontrol orokorrerako auditoretzak.
Industria-instalazioak eta eragile laguntzaileak arautzen dituzten arauzko baldintza baten edo batzuen kontrol espezifikorako auditoretzak.
Bi kasuetan, ikuskatu beharreko industria-instalazioak edo eragile laguntzaileak laginketaz hautatuko dira.
Era berean, Industria Administrazioak honako kasu hauetan esku hartu beharko du:
Arauzko ikuskapenak. Adierazitako esku-hartzea nahitaez eta derrigorrez aurreikusten duen arau bat dagoenean.
Salaketa baten ondoriozko ikuskapenak. Industria-araudiaren mendeko instalazio baten egikaritzeari edo funtzionamenduari lotutako salaketa bat dagoen kasu guztietan, betiere arrazoitutzat jotzen bada, eta argitzeko ikuskapen bat egitea ezinbestekoa bada.
Istripu baten ondoriozko ikuskapenak. Industria-araudiaren mendeko instalazio baten egikaritze- edo funtzionamendu-prozesutik zuzenean ondorioztatutako istripu baten kasuan, dagokion ikuskapena egingo da, betiere beharrezkoa bada gertatu dena argitzeko edo erantzukizunak zehazteko, baita lankidetza-eskaerak betetzeko ere.
Industria-segurtasunaren arloko zuzendaritza eskudunak ezarriko ditu Industria-arloko lurralde organo eskudunen zerbitzu teknikoen jarduteko irizpideak. Eta horiek ezarriko dituzte aurkeztutako dokumentazio teknikoaren berrikuspenaren irismena eta edukia, baita laginketa bidez egin beharreko ikuskapenena ere. Irizpide horiek lehentasunez hartu beharko dituzte kontuan arrisku potentzial handiagoa duten industria-instalazioak.
Eskumendun zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera laginketa bidez egin beharreko ikuskapenez gain, industria-instalazioen ikuskapenak egingo dira, horiei buruz aurkeztutako dokumentazioaren berrikuspenean honako kasu hauetako bat atzematen denean:
Dokumentazio teknikoak ez ditu betetzen industria-instalazioaren segurtasunean eragina duten arauzko baldintza teknikoak.
Dokumentazio teknikoari araubide tekniko aplikagarriaren arabera funtsezkotzat jotzen den dokumenturen bat falta zaio.
Funtsezkotzat hartutako aurkeztutako dokumentu teknikoetako batek ez dauka datu tekniko garrantzitsurik; industria-instalazioaren egikaritzearekin lotutako konponbideak nahasiak dira; edo horien idazkuntzatik arauzko ez-betetzeak edo zailtasun teknikoa ondoriozta daitezke egikaritzeari dagokionez. Irizpide hori kontuan hartuko da, bereziki, erabilera publikoko industria-instalazio bat denean edo lokal publiko batean kokatua dagoenean.
Dokumentazio teknikoak, araubide tekniko aplikagarria bete gabe, neurri zuzentzaile bitxiak proposatzen ditu.
Industria-instalazioa berritzailea da bere diseinu teknikoari dagokionez, eta konplexutasun tekniko handiagoa ekar dezake egikaritzean.
Zirkunstantzia bereziak pilatzea, frogatzeko modukoak, instalazioen edo enpresa instalatzailearen titularra tartean izanik.
Urtero, eskumeneko Zuzendaritzak egin beharreko auditoretza-programa espezifikoa ezarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 13.1 artikuluan bildutako irizpideak aplikatuz.
Programa hori lurralde-organo eskudunek gauzatuko dute.
Industria-administrazioaren aurreko esku-hartze eta kontroletan oinarrituta, industria administrazioaren Zerbitzu Teknikoek egiten dituzten ikuskatze-bisitei buruz, dagokion akta egingo da.
Aktetan, gutxienez, honako datu hauek jaso beharko dira:
Industria-instalazioaren pertsona titularraren edo, hala badagokio, erabiltzailearen identifikazioa.
Industria-instalazioaren identifikazioa.
Eragile laguntzaileen identifikazioa, hala badagokio.
Egiaztatutako gertakarien deskribapena.
Ikuskapena ikusten dutenen identifikazioa eta nola jarduten duten.
Jarduneko ikuskatzaileak kautelazko neurriak ezartzen baditu, hartutako kautelazko neurria edo neurriak adieraziko ditu, baita horien arrazoi eta helburu zehatzak ere.
Pertsona interesdunek aurkezten dituzten alegazioak. Bisita egiten denean ez bada alegaziorik egiten, eta pertsona interesdunak hala eskatzen badu, administrazioak epe bat emango dio pertsona interesdunari, hain justu ere ikuskapenean egiaztatu eta aktan jasotako gertaerei dagokienez egoki irizten dien kontsideraziak aurkez ditzan.
Prozedura hori, indarreko legediaren arabera, aldez aurreko administrazio-baimenik behar ez duten industria-instalazioei aplikatuko zaie, eta industria-instalazio berriak nahiz jada existitzen direnen aldaketak, zabalkuntzak edo bajak hartuko ditu eraginpean.
Kapitulu honetan bildutako xedapenak mota guztietako industria-instalazioei aplikatuko zaizkie, alde batera utzita, araubide tekniko aplikagarriaren arabera, proiektu teknikoa edo beste edozein dokumentu tekniko aurkezteko eskatzen den ala ez.
Prozedura hori ez zaie aplikatuko honako hauei: abiaraztea izapidetzea energia hornitzen duen enpresaren edo enpresa banatzailearen aurrean egitea aurreikusten duen araudi espezifikoa duten industria-instalazioei.
Proiektua eskatzen duten industria-instalazioen kasuan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da industria-arloko lurralde-organo eskudunean:
Abiaraztearen jakinarazpena, dekretu honen eranskinean ezarritako ereduari jarraiki.
Teknikari eskudunak sinatutako proiektua.
Teknikari eskudun batek egindako egiaztagiria. Bertan, industria-instalazioa aurreko idatzi-zatian adierazten den dokumentaziora egokituta dagoela eta bidezkoak diren baldintza teknikoak eta araudiko preskripzioak betetzen direla adierazi beharko da.
Araudi espezifiko aplikagarrian ezarritakoaren arabera, eska daitezkeen bestelako dokumentuak.
Proiekturik eskatzen ez duten industria-instalazioen kasuan, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da industria-arloko lurralde-organo eskudunean:
Memoria edo dokumentazio teknikoa, araudi espezifikoan halakorik ezartzen denean.
Enpresa instalatzaile gaituak emandako instalazio-egiaztagiria. Bertan, bidezkoak diren baldintza teknikoak eta araudiko preskripzioak betetzen direla adierazi beharko da.
Araudi espezifiko aplikagarrian ezarritakoaren arabera, eska daitezkeen bestelako dokumentuak.
Igogailuen eta 13 m3-rainoko PGLko tangen instalaziorako, eranskinean jasotzen den abiarazte-jakinarazpena aurkeztu beharko da.
Araudiak ezartzen duen kasuetan, kontrol-erakunde baimendu batek emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Dekretu honen ondorioetarako, honako hau hartuko da funtsezko dokumentaziotzat: proiektu edo memoria teknikoa; obra-zuzendaritzaren egiaztagiria; instalazio-egiaztagiria; kontrol-erakundearen egiaztagiria edo txostena; eta, araudi espezifikoan funtsezkotzat jotzen diren gainerako dokumentuak.
Artikulu honetan adierazitako dokumentazio guztia paperean edo bitarteko telematikoen bidez aurkeztu ahal izango da, betiere bitarteko horiek ezarri badira.
Abiarazteko ezarritako dokumentazioa aurkeztu ondoren, kontrol formala egingo da, eta, hala badagokio, kontrol teknikoa, dekretu honen 6.1 artikuluan xedaturikoari jarraikiz.
Aurkeztu den dokumentazioa araubidez ezarritakoa ez bada, edo baldintza teknikoak biltzen ez baditu, pertsona interesdunari eskatuko zaio, hamar eguneko epean, dokumentazioa aurkeztu, osatu edo zuzentzeko.
Lurralde-organo eskudunak, pertsona interesdunak eskatzen duenean, hasiera batean emandako epearen erdian luzatu ahal izango du epea eskatutakoa zuzentzeko.
Komunikazioa ez bada zuzentzen, errekerimenduan honako hau ohartaraziko zaio komunikatzaileari: atzera egin duela kontsideratuko dela.
Proiektudun industria-instalazioen kasuan, aurkeztutako «Abiarazte Jakinarazpenaren» dokumentua, Administrazioak bideratu ondoren, baliagarria izango da dekretu honen 3. artikuluan abiarazteko ezartzen diren administrazio-betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.
Ondorio horietarako, proiekturik ez duten industria-instalazioen kasuan, aurkeztutako instalazio-egiaztagiria, Administrazioak bideratu ondoren, baliagarria izango da betekizun hori egiaztatzeko.
Izapidetze telematikoen kasuan, betetze-egiaztagiria aplikazio informatikotik bertatik lortu ahal izango da instalazio-ziurtagiria aurkeztu ondoren. Egiaztagiri horretan erregistro-zenbakia, aurkezpen-data eta industria-instalazioaren identifikaziorako datu garrantzitsuenak adieraziko dira.
Administrazioak egindako dokumentu horien sarrera-erregistroak ez du ekarriko instalazioaren edo aurkeztutako dokumentazioaren egokitasunaren aldeko iritzia ematea.
Beren berezitasunagatik aldi baterakoak diren obrentzako edo ekitaldietarako hornidura elektrikoa lortzeko, araubidez ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da enpresa banatzailean edo hornitzailean.
Aldi baterako hornidura elektrikoaren iraupenak ezin izango du gainditu dagokion administrazio-lizentzian edo baimenean obrarako edo ekitaldirako finkatutako iraupena, ezta horretarako emandako luzapenen iraupena ere.
Industria-instalazio lotuetan probak egiteko energia-hornidura lortzeko, energiako industria-instalazioa dagokion araudian ezartzen denera egokitzen dela egiaztatzen duen egiaztagiri teknikoa enpresa banatzailean edo hornitzailean aurkeztu beharko da. Egiaztagiri hori enpresa instalatzaileak edo eskumeneko teknikari tituludunak emango du, betiere araubidez gaituak badaude.
Probetarako behin-behineko hornidurak, proba horiek egiteko behar den denbora bakarrik iraun beharko du. Nolanahi ere, iraupena ezin izango da 30 egunetik gorakoa izan, enpresa banatzailearen edo hornitzailearen eta egikaritzean esku hartzen duten gainerako eragileen ardurapean. Epe hori amaitu ondoren, hornidura eten egingo da. Industria-arloko organo eskudunak iraupen bereko luzapen bat eman ahal izango du, interesdunak behar bezala arrazoitutako aparteko kasuetarako.
Industria-instalazioaren pertsona titularrak, behin betiko energia-hornidura lortu ahal izateko, enpresa banatzailean edo hornitzailean instalazio-ziurtagiria aurkeztu beharko du, eta, egoki bada, zerbitzua abiarazteko jakinarazpen-agiria, eskudun organoak izapidetua.
Dekretu honetan aurreikusitako izapidetze-prozedura pertsona interesdunen aldekoagoa dela aintzat hartuta, indarrean jarri aurretik hasi diren eta amaitu ez diren espediente guztiak, egun horretatik aurrera eta indarraldia amaitu arte, dekretu honetan aurreikusitako arauen arabera izapidetuko dira.
Lehenengoa. Instalazio industrialak martxan jartzeko prozedura sinplifikatzen zuen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2000ko abenduaren 26ko aurreko Agindua (2001-01-24ko EHAA, 17. zk.) indargabeturik geratzen da, eta bai Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduari buruzko arauak (RITE) eman zituen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko uztailaren 22ko Aginduko 1. artikuluaren 5. paragrafoko bigarren idatzi-zatia.
Bigarrena. Indargabeturik daude dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek ezarritakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 30ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,
BERNABÉ UNDA BARTUREN.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Indargabetutakoa: 81/2020, DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, segurtasun industrialarena.
- Aldatutakoa: 5/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa, industria segurtasunari buruzko erregelamentazioa bete behar duten instalazio eta ekipoak aldizka ikuskatzeko kudeaketa-prozedurari buruzkoa.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2008ko uztailaren 22koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Horren bitartez, Eraikinetako instalazio termikoen erregelamenduari (EITE) buruzko arauak eman dira
- Ikus: AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Industrialak ez diren Eraikinetako Suteen Aurkako Babes Instalazioen Egiaztagiri-eredua.
- Garatzen du: 8/2004 LEGEA, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, instalazio industrialak martxan jartzeko prozedura sinplifikatzeko.