Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kasinoei, jokoei eta apustuei dagokienez, kirol eta ongintzako elkarrekiko apustuen kasuan izan ezik. Hori dela bide eman zen 4/1991 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzen duena, bai eta hori garatzen duen erregelamendua ere, zeina dekretu honen bidez onartu baitzen: 120/2016 Dekretua, uztailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duena.
Jokoa arautzen duen legeak jasotzen duenez, Jokoaren Euskal Kontseilua izango da arlo horretako azterlan-, koordinazio- eta kontsulta-organoa, eta, haren egitekoen artean, honako hau dago: Euskadin jokoa arautzen duen organoak euskal esparruko jokoaren garapenari buruz egingo duen urteko memoria onartzea. Bestalde, jokoaren erregelamendu orokorrean jasota dagoenez, Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkularia parte hartze organo bat da, eta organo horren ardura izango da joko-sektorearen iradokizunak eta proposamenak bideratzea eta joko-sektorearen egoera zein den aztertzea, Jokoaren Euskal Kontseiluari horren berri emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen agintaritzak dituen eskudantzien artean, hauek daude: jokoari buruzko politika publikoak egitea; joko arduratsu eta bermedun baten aldeko sentsibilizazioa sustatzea, eta jokoak gizartean duen eragina aztertzea, batik bat herritarren jokabideetan, adingabeengan eta menpekotasun-jarrerak kontrolatzeko garaian; horrez gain, baita jokoen antolaketa baimendu eta kontrolatzea ere.
Jokoaren arloko politika publikoak definitzeko eta ebaluatzeko, horien xede den errealitatea ezagutu behar da, etengabe, modu sistematiko eta berritu batean. Horrela, kontuan izan behar dira jokoaren eskaintza eta gizartearen eskaria, bai eta horrekin lotuta dauden joera prospektiboak ere, Euskal Autonomia Erkidegoan zein beste eremu geografiko batzuetan.
Horretarako, arlo hauei buruzko datuak eta informazioak biltzeko sistematika bat izan behar da: Euskadiko eta nazioarteko jokoaren sektore ekonomikoa, hori osatzen duten enpresak, joko-motak, enpresen bolumen ekonomikoari buruzko aldagai ekonomikoak, horien osaera, salmenta-bolumena, inbertsioak eta abar bai globalak bai azpisektoreen araberakoak. Gauza bera honako hauei dagokienez: jokoen ezaugarriak eta horien antolaketa; prezioak partidako; sarrera fiskalak eta biztanleko gastua modu globalean eta azpisektoreen eta lurraldeen arabera. Baita hauei buruz ere: jokalarien profilaren ezagutza (sexua, adina, ikasketa-maila, maiztasuna, gastua, jokoaren pertzepzioa eta arauketaren benetako eta antzemandako babes-mailarena, gogobetetasun-maila, kexak eta erreklamazioak neurtzea...), herritarrek jokoari buruz oro har duten pertzepzioa, publizitatearen pertzepzioa edo joko patologikoaren prebalentzia neurtzea, eta abar.
Xede horretarako, beharrezkotzat jotzen da Behatoki bat sortzea. Behatoki horrek, besteak beste, jarduera hauek egingo ditu: datuak kodifikatzeko, sailkatzeko eta kategorizatzeko lan-metodologia bat sistematizatzea; dauden joko-politikak ebaluatzeko datuak aztertzea; eta sektorearen etorkizuneko joerak modu prospektiboan ikertzea. Hori guztia, helburu hauekin: batetik, jokoa arautzeko agintaritzak zein parte hartzerako eta kontsultarako beste organo batzuek jardun eta erabaki ahal izatea, kontrasta daitezkeen datu objektiboak oinarri hartuta; eta, bestetik, datu horien arabera, jokoaren arloko politika publikoak egokitzea errealitateak eskatzen duen hartara.
Behatoki hau sortzeko dinamika zeharkakotasunari lotuta dago. Horrela, sinergiak bilatu nahi dira arlo partekatu edo osagarrietan adituak dituzten zerbitzu eta sailen artean, jokoaren ikuspegi holistiko bat finkatzeko orduan, modu itunduan eta gizarteari begira, Administrazioari berari baino gehiago. Hori guztia sarean eta interes komuneko jarduera duten beste behatoki batzuekin koordinatuta hori gertatzen da, adibidez, adikzioen behatokiarekin; horrela, esperientziak partekatu ahalko dira, emaitzak konparatu eta gehitu daitezke, eta abar.
Horri jarraikiz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 16an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau