Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da, datorren 2015eko maiatzaren 24ko hauteskundeetarako. Zozketan udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira. Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die interesdunei, bai eta mahai bakoitzerako ordezkoei ere. Jakinarazpenarekin bat, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.
Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek mahaian ez egoteko kausak (arrazoiak) alegatu ditzakete izendatu dituen eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar dira. Onartzen diren arrazoiak hemen daude argitaratuta: BOE, 103 zk., 2011-04-30ekoa. eta BOE 307zk., 2014-12-20koa. Arrazoi horiek idatziz aurkez daitezke, dela eskualdeko hauteskunde-batzordera bertaratuta, dela batzordeari fax edo posta bidez bidaliz (ikusi eskualdeko hauteskunde-batzordeen helbideak eta telefono- eta fax-zenbakiak).
Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, eskualdeko hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur. Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.
Hauteskunde-mahaien presidenteak eta bi bokalek, besteren konturako langileak edo funtzionario publikoak badira, (maiatzaren 24an, igandean, asteko atseden egunik gabe geratzen badira zein ez) eskubidea dute maiatzaren 25eko, hau da, hauteskunde-egunaren hurrengo eguneko lanaldian bost orduko baimen ordaindua izateko, eta errekuperatu beharrik gabekoa . Xede horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak Hauteskunde mahaikide izendatzeko jakinarazpena eska dakieke, baimen horretarako frogagiri gisa. Xehetasunarako, Agindua, 2015eko apirilaren 7koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, kontsultatu. (EHAA, 70. zk., apirilaren 16koa).
Mahaiko presidente- eta bokal-karguak betetzea derrigorrezkoa da gaur egungo Hauteskunde-araubide orokorrari buruzko Lege Organikoaren arabera; beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Betebehar hori ez betetzeagatiko zigorra: hiru hilabetetik urtebetera bitarteko kartzela-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna.
Mahaiko presidentea da hauteslekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa-egunean gertatuko edozein egoeratan. Bestalde, hauteskunde-egunean, mahaiko presidenteari dagokio hauteslekuaren barruan eta haren inguruan ordena publikoko arauak betearaztearen ardura, hautesleen boto-askatasuna zein legea betetzen dela bermatzeko.
Mahaiko presidenteak edo bokalek saioaren aktan jasoko dituzte hauteslekuaren ordenan eragina izan duten istiluak, gertaera horiek eragin dituztenen izen-abizenak adierazita.