Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da, datozen 2015eko hauteskunde orokorretarako. Zozketan, udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira. Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die interesdunei, bai eta mahai bakoitzerako ordezkoei ere. Jakinarazpenarekin bat, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.
Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek mahaian ez egoteko kausak (desenkusak) alegatu ditzakete izendatu dituen eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar dira. Onartzen diren desenkusak argitaratuta daude BOEren 103. zenbakian (2011-04-30) eta BOEren 307. zenbakian (2014-12-20). Arrazoi horiek idatziz aurkez daitezke, dela eskualdeko hauteskunde-batzordera bertaratuta, dela batzordeari fax edo posta bidez bidalita (ikus eskualdeko hauteskunde-batzordeen helbideak eta telefono- eta fax-zenbakiak).
Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, eskualdeko hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur. Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.
Hauteskunde-mahaiko lehendakaritzaren eta bi bokaltzen titularrek 2015eko abenduaren 20an, igandea, asteko atsedena izan edo ez) beren laneguneko lehen bost orduetarako baimen ordaindua eta berreskuraezina dute abenduaren 21ean, hau da, hauteskundeen biharamunean, baldin soldatakoak edo funtzionario publikoak badira. Horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak, baimen horretarako egiaztagiritzat, mahaiko kidetzat izendatzearen jakinarazpena eskatu ahal izango die. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikus Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuaren agindua, azaroaren 3koa, horren bidez, arau batzuk ematen dira, langileek 2015ean egitekoak diren hauteskunde orokorretan parte hartu ahal izan dezaten (EHAA, 216 zk., azaroaren 12koa).
Mahaiko lehendakari- eta bokal-karguak betetzea nahitaezkoa da, indarrean den Hauteskunde-araubide orokorrari buruzko Lege Organikoari jarraituz; beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Delitu horren zigorra da hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxealdia, edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna (HAOLO, 143. artikulua).
Mahaiko lehendakaria da hauteslekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa-egunean gertatuko edozein egoeratan.
Bestalde, hauteskunde-egunean, mahaiko lehendakariari dagokio hauteslekuaren barruan eta haren inguruan ordena publikoko arauak betearaztearen ardura, hautesleen boto-askatasuna zein legea betetzen dela bermatzeko.
Mahaiko lehendakariak edo bokalek saioaren aktan jasoko dituzte hauteslekuaren ordenan eragina izan duten istiluak, gertaera horiek eragin dituztenen izen-abizenak adierazita.