Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko apirilaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, 2024-2025 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen dituzten hezkuntza-sistemako ziurtagiri profesionalak (C graduak), oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako zikloak (D graduak), espezializazio-ikastaroak (E graduak) eta oinarrizko eta erdi-mailako ibilbide integratuetan izena emateko eskaerak aurkezteko, berauek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen da, eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onesten dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 86
- Hurrenkera-zk.: 2090
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/04/26
- Argitaratze-data: 2024/05/03
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
1/2018 Dekretuak, azaroaren 2ko 132/2022 dekretuak aldatzen duena, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), bai eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Bada, dekretu horren 10. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura berdina izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietan, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.
Era berean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen Dekretua aldatzen duen otsailaren 28ko 30/2023 Dekretuan ezarritakoa.
Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 28. artikuluan otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan emandako idazkeran jasotzen denez, hezkuntza-arloko eskumena duen sailburuak zehaztuko du ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa egin nahi duten ikasleak onartzeko urteko egutegia, aplika daitekeen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Gainera, sailburu horrek zehaztuko ditu, besteak beste, onarpen-datak, ikastetxe batean eskaintzen diren plazak eskaerak baino gutxiago direnean aplikatu beharreko irizpideak eta sarbide desberdinetarako erreserbatu behar diren plazen ehunekoa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolakuntza orokorra ezartzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat etorriz.
Ondorioz, agindu hau eman da eskabideak aurkezteko eta ebazteko epea ezartzeko. Halaber, zehaztuko da interesdun bakoitzak aurkeztu beharreko dokumentazioa, hala badagokio, eskaerarekin batera, onarpen-prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.
Lanbide Heziketako sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen denez, Lanbide Heziketako sistemaren eskaintzek bost gradu sekuentzial dituzte: A, B, C, D eta E.
Agindu honetan C, D eta E graduak onartzeko eta matrikulatzeko irizpideak ezartzen dira.
Bestalde, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren Azken Xedapenetatik Hirugarrenean ezartzen denez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluko V. kapituluko artikuluetan jasotako lanbide-heziketako irakaskuntzen antolamendua lege honetan xedatutakoaren arabera egin dela ulertuko da, eta araudian agindu horiei egiten zaizkien erreferentzia guztiak ere aipatutako legean xedatutakoaren arabera egin direla ulertuko da.
Bestalde, kontuan hartuta araututako irakaskuntzak ofizialak direla, itundu gabeko ikastetxe pribatuei zenbait informazio-betebehar ezartzen zaizkie xedapen gehigarri bakarrean.
Horiek horrela, hau
Agindu hau aplikagarria da 2024-2025 ikasturterako onarpen-, esleipen- eta matrikula-prozeduran, betiere prozedura hori Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatu itunduetan eta honako irakaskuntza hauek eskaintzen dituzten udal-titulartasuneko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeetan egiten bada:
C graduak: 1. mailako, 2. mailako eta 3. mailako ziurtagiri profesionalak.
D graduak: Oinarrizko Mailako, Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloak.
E graduak: Erdi Mailako eta Goi Mailako Espezializazio kurtsoak.
Lau ikasturteko ibilbide integratuak (oinarrizko maila + erdi-maila).
Ikastetxe pribatu ez-itunduen kasuan, xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa aplikatuko da.
Aurrez aurreko prestakuntza eskaintza osoan (II. eranskina) aurrez aurre ematen diren irakaskuntzei egiten die erreferentzia. Kasu horretan, matrikula C gradu, heziketa-ziklo, espezializazio-kurtso edo ibilbide integratu bakoitzeko egiten da.
Prestakuntza Birtuala (IV. eranskina) Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuan (ULHZI) urrutitik ematen diren irakaskuntzei egiten die erreferentzia. Kasu horretan, matrikula modulu profesional bakoitzeko egiten da.
Irakaskuntza horietako bakoitzerako onarpen-prozedura I. eranskineko jarraibide komunei jarraikiz egingo da, baita, bidezkoa bada, dagozkion eranskinetan jasotako jarraibide espezifikoak aintzat hartuta ere.
Araubide presentzialeko irakaskuntzan, eskaintza osoan, egoera hauetako batean daudenek ez dute ez eskaera aurkeztu beharrik, ez onarpen-prozeduran parte hartu beharrik, baina, hala ere, matrikula egin beharko dute:
Ikasle errepikatzaileak, aurreko ikasturtean egindako ikastetxe, ziklo, ikasturte eta hizkuntza-eredu berean matrikulatzen direnak.
Ikastetxe berean lehenengo mailatik bigarrenera igarotzen diren ikasleak.
Kasu horietan, ikastetxeek bermatu egin beharko dute ikasleek matrikulatzeko aukera izango dutela. Horretarako, beharrezkotzat jotzen diren plazak erreserbatuko dira heziketa-ziklo eta maila bakoitzean. Interesdunak ekainaren 3tik 28ra bitartean egin beharko du matrikula, eta, egiten ez badu, galdu egingo du plaza erreserbatua izateko eskubidea.
Ziklo bereko bigarren maila egiteko lehenengo maila gainditu duten ikastetxea ez den beste batean matrikulatu nahi duten ikasleek espediente akademikoa aldatzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ikasketekin jarraitzeko aukeratu duten ikastetxean, aurreko paragrafoan adierazitako epea bukatu baino lehen.
Epe hori bukatuta plaza libreak geratuz gero bakarrik onartuko da ikastetxea aldatzea eta matrikula bertan egitea.
Halaber, ziklo bateko lehen maila gainditu eta lehenengo maila hori komuna duen beste titulazio bateko bigarren mailan matrikulatu nahi dutenek horretarako aukera izango dute soil-soilik artikulu honetako 1. atalean adierazitako epea bukatuta, plaza libreak geratzen badira.
2 eta 3 puntuetan, ez baldin badago eskaera guztiak artatzeko plaza libre nahikorik, aurreko mailako espediente akademikoko batez besteko nota onenaren arabera egingo da onarpena.
Plaza bat lortzeko prozeduran parte hartu behar dutenen onarpen-, esleipen- eta matrikula-prozeduraren datak eta epeak eranskin hauetako tauletan daude ezarrita, modalitatea presentziala edo birtualaren arabera:
Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren ikastetxeen hezkuntza-eskaintza 1.1 artikuluan zehaztuta dago, eta barnean hartzen ditu eskainiko diren, C graduak, heziketa-zikloak, espezializazio-kurtsoak, ibilbide integratuak, talde kopurua, txanda, plaza kopurua eta hizkuntza-ereduak. Hezkuntza-arloko eskumenak dituen sailak planifikatuko du eskaintza hori, agindu honi dagokion ikasturtean.
Ildo horretan, garrantzitsua da azpimarratzea eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, eta betiere eskariaren arabera, eskaintza akademikoan aldaketak egin daitezkeela hasiera batean eskainitako zikloen, ereduen eta txanden aldean. Are gehiago, hasiera batean eskainitako ziklo batzuk deuseztatu ere egin daitezke, ez bada bermatzen taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua egongo dela.
Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egindako hezkuntza-plangintza horren ondorioz, ikasleak behin betiko matrikulatu daitezen ezinbesteko baldintza izango da dagokion ziklo eta hizkuntza-ereduan taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua matrikulatu izana; izan ere, hori da ziklo horretako eskaintza egiten jarraitzeko baldintza. Bestela, bertan behera utziko da.
Taldeko gehieneko ikasle kopurua hauxe da:
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan: 15 pertsona (salbuespenez, 20raino).
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, 12 pertsona.
Ziurtagiri profesionaletan, erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetan: 25 pertsona.
Espezializazio-kurtsoetan 20 pertsona.
Ibilbide integratuetan: 20 pertsona.
Eskaintza osoko lanbide-heziketa presentzialaren irakaskuntza, ikastetxe publikoen zuzendaritzek edo ikastetxe pribatu itunduen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek honela zehaztuko dute eskaintzaren plaza kopurua: baimendutako eskola-plazen gehieneko kopurua ken 3.1 artikuluan aipatzen diren ikasleentzako erreserbatutako plazak.
Agindu honetan jasotako irakaskuntzetan eskainitako plaza guztietatik, honako hauek erreserbatuko dira heziketa-ziklo bakoitzean:
5, eskaeraren egunean desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonentzat, eta, Oinarrizko Lanbide Heziketan eta ibilbide integratuetan, % 10.
5, eskaeraren egunean goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari diren pertsonentzat, betiere Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan eta Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
Talde bakoitzarentzat gutxienez plaza bat ziurtatuko da, baldin eta ehunekoa aplikatuta ateratzen den emaitza bat zenbakia baino txikiagoa bada. Emaitza bat baino handiagoa bada, berriz, hurrengo zenbaki osora biribilduko da. Soberakina 0,5 baino txikiagoa bada, aurreko zenbaki osora biribilduko da; aldiz, 0,5 edo handiagoa bada, hurrengora.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatu ondoren geratzen diren plazak esleitzeko, kontuan hartuko da modalitate bakoitzera sartzeko bide bakoitzean ezarritako kuotak.
Kuotaren batean eskainitako plaza guztiak betetzen ez badira, plaza hutsak proportzionalki banatuko dira gainerako kuoten artean, II. eranskineko hirugarren jarraibideko 7. eta 8. puntuetan ezarritako ordena errespetatuz, lehenengo «a» kuota, gero «b» kuota eta, azkenik, «c» kuota.
II. eranskinean (hirugarren jarraibidean) ezarritako kuotei esleitutako plazen batura ezingo da txikiagoa izan kuota horietan hasieran esleitu beharreko plazak baino.
Kuotetan plazak banatzearen emaitza dezimala bada, hurrengo zenbaki osora birbilduko da dezimal hori 0,5 edo handiagoa bada.
Zenbait kuotatan dezimal bera baldin badago eta esleitzeko moduan dauden plazak badaude, II. eranskineko hirugarren jarraibideko 7. eta 8. ataletan ezarritako hurrenkerari jarraituko zaio, hau da: lehenbizi «a», gero «b» eta, azkenik, «c».
Onarpen-prozedurari buruzko informazioa Hezkuntza Sailaren webgune honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-lh/
Onarpen-eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen, Hezkuntza sail honen titulartasuneko ikastetxe publiko, udal-titulartasuneko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen familiei edo legezko tutoreei, eta ikusgai jarriko dute ikastetxeko iragarki-taulan:
Ikasleak onartzeko araudia.
Eskaerak egiteko epea.
Prozeduraren egutegiak.
Eskaerak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.
Gainera, esleipen-prozeduran zehar parte-hartzaileei buruz sortzen diren informazio eta zerrendak Ikasgunean (https://ikasgunea.euskadi.eus) kontsultatu ahal izango dira eta ezingo dira argitaratu ikastetxeetako iragarki-oholetan.
Agindu honen ondorioz ikasleek, familiek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.
Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek, euren jardunean, euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta, oro har, testu idatzietan.
Organo kudeatzaileek eskaeretan eskuratutako datu pertsonalak honako prozedura hau antolatzeko erabiliko dituzte: 2024-2025 ikasturtean, hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketako C graduak, ziklo eta modalitateetan, espezializazio-kurtsoetan eta ibilbide integratuetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan, udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasleak onartzeko, plazak esleitzeko eta matrikulak egiteko prozedura, zeinaren arduradun baitira organo kudeatzaile horiek. Hori guztia, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
Eranskinetan ikasleak onartzeko, plazak esleitzeko eta matrikulatzeko bildu diren jarraibideak onesten dira, bai eta ikastetxeek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren aplikazio informatikoa erabiltzeko bildutako jarraibideak ere.
Hezkuntza-sisteman hezkuntza-itunik gabeko lanbide-heziketa eskaintzen duten ikastetxe pribatuek ematen dituzten ziklo eta plazei buruzko datuak eta egindako matrikulak sartuko dituzte IV. eranskinean aipatzen den aplikazio informatikoan, matrikula-aldi arruntaren hirugarren fasea hasten den egunetik Aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako irakaskuntzetan, honako arau hauek aplikatu behar zaizkie onartze-prozedurari, esleipenari eta matrikulari:
3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena.
659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.
32/2008 Dekretua, otsailaren 26koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena; otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuaren bidez aldatu zen.
1/2018 Dekretua, urtarrilaren 9koa, azaroak 2ko 132/2022 dekretuak modifikatzen duena, Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duena hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), bai eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.
86/2015 Dekretua, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzkoa.
46/2014 Dekretua, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena.
2010eko otsailaren 19ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duena.
2010eko urriaren 11ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua urrutiko prestakuntza telematikoaren modalitatean arautzen dituena.
30/2023 Dekretua, otsailaren 28koa, otsailaren 3ko 21/2009 Dekretua modifikatzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.
Titulu bakoitza ezartzen edo arautzen duen araudia.
Aplikatu beharreko beste araudi batzuk.
Bigarrena. Onarpen-, esleipen- eta matrikula-prozeduraren definizio orokorrak.
Prozedura honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:
Onarpena: aurrematrikula egiteko aldia hartzen du, eta dagokion dokumentazioa aurkeztean amaitzen da.
Esleipena: lanpostuak esleitzeko eta behin-behineko zerrendak argitaratzeko fasea, erreklamazio-aldia eta behin betiko zerrendak argitaratzeko aldia hartzen ditu.
Matrikula: ohiko aldi bat hartzen du, hiru fase dituena, eta ezohiko beste aldi bat.
Plaza erabilgarriak: bete daitezkeen plaza libreak guztira.
Eskainitako plazak: plaza erabilgarriak ken errepikatzaileentzat gorde beharreko plaza kopurua.
Kuota: zenbait talderentzat sarbidearen arabera erreserbatutako plazen ehunekoa, eskainitako plazetatik desgaitasunen bat dutenentzako eta goi-mailako kirolarientzako erreserbatutakoak kendu ondoren.
Lehentasuna: lehentasuna ematen du plaza esleitzerakoan, Oinarrizko Lanbide Heziketako kuota edo talde bakoitzean.
Hurrenkera: lehentasuna ematen du lehentasun-talde bakoitzeko plazak esleitzerakoan.
Hirugarrena. C graduetan (1., 2. eta 3. mailako ziurtagiri profesionalak), D graduetan (oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak), E graduetan (erdi-mailako eta goi-mailako espezializazio-kurtsoak) eta oinarrizko eta erdi-mailako ibilbide integratuan sartzeko baldintzak eta bideak.
Aurrez aurreko lanbide heziketako irakaskuntzak.
C graduak.
Ziurtagiri profesionalak eskuratzeko, lehentasuna izango dute langileek, landunek edo langabetuek, eta 18 urtetik gorako gazteek.
Baldintza hauek bete beharko dira:
1. mailako ziurtagiri profesionalak: ez da eskatzen sartzeko baldintzarik.
2. mailako ziurtagiri profesionalak: baldintza hauetako bat betetzea eskatzen da:
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua edo horren baliokidea izatea sartzeko.
Sartzeko, honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da:
Erdi-mailako zikloetan sartzeko prestakuntza-ikastaro espezifiko bat gainditu izana.
Erdi-mailako zikloetara sartzeko proba bat gainditu izana.
Oinarrizko teknikariaren titulua izatea.
mailako profesionaltasun-ziurtagiria izatea.
Unibertsitatera sartzeko proba gainditu izana 25 urtetik gorakoentzat eta/edo 45 urtetik gorakoentzat.
34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren arabera beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak egiaztatuta izatea, dagokion prestakuntza probetxuz egiteko.
2. 2. mailako ziurtagiri profesionala (C gradua) izatea.
3. Egin beharreko eskaintzan jasotako gaitasun-ziurtagiria (B maila) izatea.
4. Lanbide-arlo bereko 1. mailako ziurtagiri profesionala izatea.
3.mailako ziurtagiri profesionalak: baldintza hauetako bat betetzea eskatzen da:
1. Teknikari-titulua, goi-mailako teknikari-titulua, batxiler-titulua edo horren baliokidea izatea.
Sartzeko, honako baldintza hauetakoren bat bete behar da:
Goi-mailako zikloetan sartzeko prestakuntza-ikastaro espezifiko bat gainditu izana.
Goi-mailako zikloetara sartzeko proba bat gainditu izana.
Teknikari titulua izatea.
mailako profesionaltasun-ziurtagiria izatea.
Unibertsitatera sartzeko proba gainditu izana 25 urtetik gorakoentzat eta/edo 45 urtetik gorakoentzat.
14/1970 Legeak araututako Batxilergoko ikasketak gainditu izana.
Batxilergoko hirugarren maila gainditu izanaren ziurtagiria izatea, 14/1970 Legeak arautua.
34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren arabera beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak egiaztatuta izatea, dagokion prestakuntza probetxuz egiteko.
2. 3. mailako ziurtagiri profesionala (C maila) izatea.
3. Egin beharreko eskaintzan jasotako gaitasun-ziurtagiria (B maila) izatea.
4. Lanbide-arlo bereko 2. mailako ziurtagiri profesionala (C maila) izatea.
D graduak.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak (Hasierako Lanbide Heziketa).
Hasierako Lanbide Heziketak oinarrizko mailako heziketa-zikloak hartzen ditu barne, eta askotariko ikasleei arreta emateko diseinatuta dago. Prestakuntza honetako ikasketak amaitzean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua, oinarrizko teknikariaren titulua eta, ibilbide integratuen kasuan, teknikariaren titulua (erdi-mailakoa) egiaztatzea da helburua. Gaitasun profesionalak eta enplegagarritasunerako gaitasunak eskuratzea helburu duen ziurtagiri profesional bat ere egiazta daiteke, bai eta ziurtagiri profesional baten zatiak ere.
Lortu nahi diren helburuetan oinarrituta, hainbat prestakuntza-ibilbide proposatzen dira, hainbat pertsona-kolektibori zuzenduak:
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak (Hasierako Lanbide Heziketa berrian hezkuntza indartzeko ibilbidea).
Oinarrizko mailako prestakuntza-zikloak, ikasteko aukera gehien dituzten lehentasunak eta itxaropenak dituzten pertsonei zuzenduak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gaitasunak ingurune praktikoagoan lor ditzakete. Helburua DBHko titulua eta oinarrizko teknikariaren titulua lortzea izango da.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko, baldintza hauek bete behar dira aldi berean:
Hamabost urte beteta edukitzea edo indarreko urte naturalean betetzea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila edo, salbuespen gisa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila eginda izatea.
Irakasleek familiei edo legezko tutoreei proposatzea interesdunak Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat has dezan.
Espainiako hezkuntza-sisteman eskolatuta egon ez diren 15 eta 18 urte bitarteko gazteei b) atala betetzetik salbuesten zaie, eta garrantzitsua da prestakuntzaren jarraipena egitea ahalbidetuko dien hizkuntza jakitea.
Oinarrizko mailako heziketa-zikloak, HPBak dituzten ikasleentzako ikaskuntza-ibilbide egokituekin.
Hiru urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak, hezkuntza-premia bereziak dituzten eta aldi berean baldintza hauek guztiak betetzen dituzten ikasleentzat:
Hezkuntza Saileko Hezkuntza Laguntzako Premia Bereziak (HLPB) dituztenen Erregistroan sartuta egotea.
Gutxienez, DBHko 2. maila egin izana.
Tutorearen orientazio-aholkua ikasleak 3 urteko ibilbideko Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin dezala izatea, betiere irakasleek proposatu eta orientatzaileek babestu badute aholku hori.
Oinarrizko mailako prestakuntza-zikloak, prestakuntza-zailtasun bereziak edo laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako ikaskuntza-ibilbide egokituekin.
Oinarrizko mailako heziketa-zikloak dira, 3 urteko ibilbidea dutenak, eta Lanbide Heziketako beste ikasketa batzuk egiteko aukera ematen duten aurretiazko ikasketak egiaztatzen ez dituzten 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta daude. Sartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira aldi berean:
16 urte baino gehiago izatea.
Ez da egiaztatu LHko ikasketak egiteko titulaziorik, ezta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin izana ere.
Erdi-mailako heziketa-zikloak.
Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete behar da:
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edukitzea.
Oinarrizko Lanbide Heziketaren titulua edukitzea.
Lanbide Heziketako Teknikari titulua edukitzea.
Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko prestakuntza espezifikoko ikastaroa gainditu izana Hezkuntza Administrazioak baimendutako ikastetxe publikoetan edo pribatuetan.
Erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko proba gainditu izana, edo 25 urtetik gorakoak edo 45 urteko unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana.
2. mailako C mailako prestakuntza-eskaintza gainditu izana, heziketa-zikloaren barruan.
Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan ezarritako erdi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko titulazio baliokideren bat izatea egiaztatzea:
Teknikari laguntzailearen titulua.
Teknikari-titulua.
Goi-mailako batxiler-titulua, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aurreko planen arabera emana.
Irakaskuntza ertainak erreformatzeko lehen ziklo esperimentaleko bigarren maila gainditu izana.
Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen ikasketetako 1963ko planaren hirugarren maila edo komuneko bigarren maila esperimentala gainditu izana.
Batxilergo Bateratu eta Balioaniztuneko (BBB) lehen bi mailetan gehienez bi ikasgai gainditu gabe dituela egiaztatzea.
Hurrengo atalean ezarritako goi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko titulazio baliokideren bat egiaztatuta izatea.
Aipatutako ikasketen baliokideak diren beste ikasketa edo prestakuntza-ikastaro batzuk gainditu izana.
Atzerriko ikasketak lehenago zerrendatutako tituluren batekin homologatzeko egiaztagiria. Homologatze-prozedura ebatzi gabe baldin badago, Baldintzapean Izena emateko Txartela onartuko da.
Goi-mailako heziketa-zikloak.
Goi-mailako zikloetara sartzeko, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete behar da:
Batxilergoko titulua izatea.
Lanbide Heziketako teknikari tituloa edo Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen tituloa izatea.
Heziketa-zikloan sartutako 3. mailako C mailako prestakuntza-eskaintza gainditu izana.
Hezkuntza-administrazioak baimendutako ikastetxe publiko edo pribatuetan goi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko prestatzeko berariazko prestakuntza-ikastaroa gainditu izana.
Goi-mailako heziketa-zikloetarako sarbide-proba gainditu izana, edo 25 urtetik gorakoak edo 45 urteko unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana.
Lanbide Hezkiketako Goi Mailako teknikari tituloa edo Unibertsitate-titulu bat izatea.
Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoan ezarritako goi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko titulazio baliokideren bat izatea egiaztatzea:
Batxilergoko titulua, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritakoa.
Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko (BBB) titulua edo titulua lortzeko irakasgai guztiak gaindituta izatea.
Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila gaindituta izatea.
Unibertsitateko edo unibertsitate aurreko orientazio-ikastaroa gainditu izana.
Teknikari espezialistaren titulua, goi-mailako teknikariaren titulua edo baliokidea ondorio akademikoetarako.
Unibertsitate-titulua edo baliokidea.
Atzerriko ikasketak lehenago zerrendatutako tituluren batekin homologatzeko egiaztagiria: homologatze-prozedura ebatzi gabe baldin badago, Baldintzapean Izena emateko Txartela onartuko da.
E graduak.
Erdi mailako espezializazio-kurtsoak.
Erdi-mailako espezializazio-kurtsoetara sartzeko, oinarrizko araudian zehaztutako teknikari-tituluren bat eduki behar da.
Hala ere, plaza hutsak dauden egoeretan, plaza horiek lehentasun-hurrenkera honetan eskuratu ahal izango dira:
Oinarrizko araudiaren arabera sartzeko aukera ematen duten Lanbide Heziketako teknikarien edo goi-mailako teknikariaren titulua ez izatea, eta ikastaro horri lotutako lanbide-arloan esperientzia egiaztatzea.
Oinarrizko araudiaren arabera sartzeko aukera ematen duten Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren titulua ez izatea, eta aldez aurreko ezagutzak egiaztatzea gaitasun-proba, elkarrizketa pertsonal, sartzeko motibazio-eskaera, curriculum edo lan-esperientziaren bidez.
Lanbide-heziketako titulurik ez izatea, baina espezializazio-ikastaro bat egiteko gaitasunak egiaztatzen dituzte. Kasu horretan, sartzeko baldintzak betetzearen menpe dago titulua lortzea. Ikastaroa amaitu ondoren, sartzeko baldintza horiek egiaztatzen ez badira, ziurtagiri akademikoa egingo da.
2 Goi mailako espezializazio-kurtsoak.
Goi mailako espezializazio-kurtsoetara sartzeko, oinarrizko araudian zehaztutako goi mailako teknikari-tituluren bat eduki behar da.
Hala ere, plaza hutsak dauden egoeretan, plaza horiek lehentasun-hurrenkera honetan eskuratu ahal izango dira:
Oinarrizko araudiaren arabera sartzeko aukera ematen duten Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren titulua ez izatea, eta ikastaro horri lotutako lanbide-arloan esperientzia egiaztatzea.
Oinarrizko araudiaren arabera sartzeko aukera ematen duten Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren titulua ez izatea, eta aldez aurreko ezagutzak egiaztatzea gaitasun-proba, elkarrizketa pertsonal, sartzeko motibazio-eskaera, curriculum edo lan-esperientziaren bidez.
Lanbide-heziketako titulurik ez izatea, baina espezializazio-ikastaro bat egiteko gaitasunak egiaztatzen dituzte. Kasu horretan, sartzeko baldintzak betetzearen menpe dago titulua lortzea. Ikastaroa amaitu ondoren, sartzeko baldintza horiek egiaztatzen ez badira, ziurtagiri akademikoa egingo da.
Espezializazio-kurtsoetan izena eman ahal izango dute kurtso bakoitzera sartzea ahalbidetzen duen titulazioa dutenek, V Eranskinaren IV. taulari jarraikiz: «Espezializazio-kurtsoetan sartzeko baldintzak».
Ibilbide integratuak.
Ibilbide integratu batek 4 ikasturteko iraupena du. Amaitu eta gainditu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua, oinarrizko teknikariaren titulua eta teknikariaren titulua egiaztatzeko aukera ematen du.
Ibilbide honetan sartzeko baldintzak oinarrizko mailako heziketa-zikloetarako ezarritako berberak dira (hirugarren jarraibidea, A letra, 2.1 puntua). A ibilbidea)
Lanbide heziketa biltualeko irakaskuntzak.
Urrutiko Lanbide Heziketa esaten zaion Lanbide Heziketa Birtualeko irakaskuntzan, ikasleak onartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:
2. mailako ziurtagi profesionalei (C graduak) lotutako moduluetarako, horiek erdi-mailako (D gradua) zikloetako prestakuntza-moduluak direnak ere: 18 urte izatea.
3. mailako ziurtagi profesionalei (C graduak) lotutako moduluetarako, zeinak, aldi berean, goi-mailako zikloetako (D gradua) prestakuntza-moduluak baitira: 20 urte izatea (edo 19, teknikari-titulua izanez gero).
Laugarrena. Onartzeko eskaerak aurkeztea. Modua eta epea.
Jarraibide hauek onartzen dituen aginduko 3. artikuluan aipatzen denaren ildotik eskaerarik aurkeztu behar ez duten pertsonek ez dute parte hartuko esleipen-prozeduran. Pertsona horiek artikulu horretan aipatutako epean egin beharko dute matrikula.
Gainerako interesdunek ezinbestean aurkeztu beharko dute agindu honetan aurreikusitako prozeduran parte-hartzeko eskaera onartuak izan eta ikastetxe batean matrikula egin ahal izateko.
Eskaera aurkezteko epea hautatutako irakaskuntza-modalitateari dagokion eranskinean jasotako egutegian adierazitakoa da (II., III. eta IV. eranskinak).
Honako moduetako batean aurkeztu ahalko dira eskaerak:
Online, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, kasuan kasuko dokumentazioa erantsita. Eskaera online aurkezteko, sartu helbide honetan: https://ikasgunea.euskadi.eus
Presentzialki. Lehen tokian eskatutako ikastetxeko idazkaritzara joan behar da.
Halaber, urrutiko araubideko irakaskuntza egin nahi dutenek aukera dute Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuko idazkaritzara joateko.
Interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, indarrean dagoena, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Datuk sartutakoan, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari. Bertan jasoko dira eskatzailearen datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako dokumentuak.
Eskatzaileak sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu, eta lehenago sartutako datuak grabatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiria eta egiaztagiria izango da.
Beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkeztu ez badu, kasuan kasuko modalitatearen egutegian zehaztutako egunean aurkeztu beharko du.
Zuzenean zerbitzuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetariko edozeinetan, manu horretan ezarritako baldintzen arabera eta zein ikastetxetarako den adierazita.
Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartu den datan aurkeztu dela ulertuko da.
Aurrez aurre aurkeztu ez diren eskabideak lehenengo aukeran hautatutako ikastetxeak jaso behar ditu. Eskaera ez da baliozkotzat jotzen behar bezala jaso arte. Hori Ikasgunean egiaztatzen da, eta bertan eskabidea egoera honetan dagoela agertuko da: osoa.
Eskaera aurkeztu dutenek aukera izango dute grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, kasuan kasuko irakaskuntza-modalitatearen egutegian zehaztutako egunera arte. Epe hori bukatuta, ez da inolako aldaketa edo zuzenketarik onartuko, salbu eta sarbideei buruzkoak, 6.b) atalean zehazten denez.
Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eskuratutako jatorrizko frogagiria sinatuta eta zigilatuta aurkeztea. Behin beharrezko zuzenketak eginda, eskaerak aurkezteko erabilitako prozedura errepikatuko da.
Eskaera-inprimaki ezberdinak egongo dira irakaskuntza-araubide eta -modalitatearen arabera, eta eskatu nahi diren plazez gain, honako hauek ere adierazi beharko dira bertan:
Ikaslearen identifikazio pertsonala, edo, hala badagokio, bere ordezkariarena, eta interesdunaren eta bere ordezkariaren helbide elektronikoa, jakinarazpenak jasotzeko.
Zer sarbide erabili den, hirugarren jarraibidean adierazitakoetatik. Pertsona batek sarbide bat baino gehiago erabiliz sartzeko baldintzak betetzen baditu, bakarra aukeratu ahalko du. Nolanahi ere, egutegian dokumentazioa aurkezteko zehaztutako epea bukatu baino lehen, hasieran aukeratutako sarbidea alda daiteke.
Hala badagokio, desgaitasunagatik edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatik plazak erreserbatzeko aukera baliatu den (ikus 5.4 artikulua).
Hezkuntza-premia bereziko egoeran izanez gero, horren berri eman behar da, beharrezko izan litezkeen laguntza bereziak emateko.
Bosgarrena. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskatzaile guztiek aurkeztu beharko dute, horretarako adierazitako epean, ikaslearen nortasuna eta adina egiaztatuko dituen dokumentu bat.
NAN edo AIZ indarrean. Izapidea on-line egiten bada eta nortasun-datuak konsultatatzeko zerbitzuak dokumentu hori baliozkotzen badu, ez da beharrezkoa izango agiri hori aurkeztea.
Eskaera aurkezteko unean ikaslea adin txikikoa bada eta ez badago legez emantzipatuta, eskaera aitak, amak edo ikaslearen tutorea den pertsona edo erakundeak aurkeztu behar du. Kasu horretan, familia-liburua edo eskaera aurkezten duena ikaslearen legezko ordezkaria dela egiaztatzeko dokumentua ere aurkeztu beharko da.
Eskaeran desgaitasunen bat duten pertsonentzat edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat erreserbatutako plazetan onartua izatea aukeratu dutenek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, aurreko atalean aipatutako nortasun-agiriaz gain:
Desgaitasunagatiko erreserba: kasuko lurralde-historikoko foru-aldundiko gizarte-zerbitzuetako departamentuak edo administrazio publikoaren organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Han, legez aitortu beharko da eskatzaileak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela. Gainera, plaza horietara Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Laguntzako Premia Espezifikoen Erregistroan (HLBP) inskribatuta egon gabe sartzen bada, desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatiko erreserba: adierazpen ofizial bat, baldintza hori egiaztatzen duen kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren arabera.
1. apartatuan adierazitakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztuko da.
Ziurtagiri profesionalarentzako (C Graduak).
Sarbidea titulazio akademiko ofizial bat bada: sartzeko alegatutako titulua edo titulua eskuratzeko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria. Ikasketak bukatu diren data dela-eta ezin bada bi dokumentu horietatik bat ere aurkeztu, baldintza hori egiaztatzeko, tituluari dagokion historia akademikoaren ziurtagiria aurkeztu ahal izango da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik edo Batxilergotik egiten bada sarbidea; Lanbide Heziketako titulu batetik egiten bada, ordea, ziurtagiri akademiko ofizial bat aurkez daiteke.
Sarbidea profesionaltasun-ziurtagiri bat bada, ziurtagiri hori lortu dela egiaztatzen duen agiria.
Sarbidea egin beharreko eskaintzan jasotako gaitasun-ziurtagiria bada, hura lortu dela egiaztatzen duen agiria.
Heziketa-zikloetara sartzeko kurtsoa gainditzea baldin bada sarbidea: kurtsoaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala.
Sarbidea heziketa-zikloetara sartzeko proba edo 25 urtetik gorakoak edo 45 urtekoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana bada: probaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala (ez da beharrezkoa izango heziketa-zikloetara sartzeko probaren ziurtagiria aurkeztea, baldin eta EAEko 2013-2014 ikasturteko deialdian edo hurrengoetan egin eta gainditu bada. Hala ere, proba hori beste edozein autonomia-erkidegotan gainditu dutenek, edo EAEn baina aurreko ikasturteetan gainditu dutenek ziurtagiria aurkeztu beharko dute irakaskuntza-modalitateari dagokion egutegian zehaztutako epean).
Urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren arabera beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak egiaztatzeko, gaitasun horiek dagokion dokumentuaren bidez egiaztatzea.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako, hasierako lanbide-heziketan hezkuntza indartzeko ibilbidea:
Ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin dezala proposatzen duen irakasleen orientazio-aholkua.
Azken maila egin den ikastetxeko ikasketa-ziurtagiria, baldin eta ikasketak EAEtik kanpo egin badira.
Espainiako hezkuntza-sisteman eskolatuta egon ez diren 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko.
Hezkuntza-premia bereziak dituztenei zuzenduta dauden eta 3 urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako:
Ikasleak 3 urterako prestakuntza-ibilbidea duen Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin dezala proposatzen duen irakasleen orientazio-aholkua.
Azken maila egin den ikastetxeko ikasketa-ziurtagiria, baldin eta ikasketak EAEtik kanpo egin badira.
16 urte edo gehiago dituzten ikasleei zuzenduta dauden 3 urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako ez da inolako dokumentazio akademikorik aurkeztuko.
Erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetarako: zer sarbide aukeratu den. Horretarako, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
Sarbidea titulazio akademiko ofizial bat bada: sartzeko alegatutako titulua edo titulua eskuratzeko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria. Ikasketak bukatu diren data dela-eta ezin bada bi dokumentu horietatik bat ere aurkeztu, baldintza hori egiaztatzeko, tituluari dagokion historia akademikoaren ziurtagiria aurkeztu ahal izango da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik edo Batxilergotik egiten bada sarbidea; Lanbide Heziketako titulu batetik egiten bada, ordea, ziurtagiri akademiko ofizial bat aurkez daiteke.
Sarbidea heziketa-zikloetan sartutako C mailako prestakuntza-eskaintza bat gainditu izana bada: lortu izana egiaztatzen duen dokumentua.
Heziketa-zikloetara sartzeko kurtsoa gainditzea baldin bada sarbidea: kurtsoaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala.
Sarbidea heziketa-zikloetara sartzeko proba edo 25 urtetik gorakoak edo 45 urtekoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana bada: probaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala (ez da beharrezkoa izango heziketa-zikloetara sartzeko probaren ziurtagiria aurkeztea, baldin eta EAEko 2013-2014 ikasturteko deialdian edo hurrengoetan egin eta gainditu bada. Hala ere, proba hori beste edozein autonomia-erkidegotan gainditu dutenek, edo EAEn baina aurreko ikasturteetan gainditu dutenek ziurtagiria aurkeztu beharko dute irakaskuntza-modalitateari dagokion egutegian zehaztutako epean).
Sarbidea irakasgaiak edo gaiak gainditzea bada: ziurtagiri akademiko ofiziala.
Ikasketak atzerrian egin dituzten eta titulazioa homologatzeke duten ikasleen kasuan, Baldintzapean Izena emateko Txartela eta dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.
Espezializazio-kurtsoak: sarbidea kurtso bakoitza egiteko gaikuntza ematen duen titulua denez, aurkeztu beharreko dokumentazioa da kurtsora sartzeko alegatutako titulua edo titulu hori jaukitzeko tasa ordaindu izanaren agiria. Ikasketak bukatutako datagatik bi dokumentu horietako bat ere aurkeztu ezin bada, titulua lortu dela tituluari dagokion espediente akademikoa aurkeztuta egiaztatu beharko da.
Egiaztatu beharreko esperientziaren kasuan, esperientzia hori egiaztatzen duen agiria, lan-bizitza, lan-kontratua edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da.
Araubide birtualeko irakaskuntzetarako, ikasle berriek EAEn erroldatuta daudela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai eta prestakuntza-moduluak gainditu dituztela egiaztatzen duen ziurtagiri akademiko ofiziala eta/edo gaitasun atala egiaztagarriekin gaitasunak egiaztatu izanaren ziurtagiria ere.
Eskatutako irakaskuntzari dagokion eranskinean jasotako lehentasun-irizpideei jarraikiz ikaslearen eskubide izan daitezkeen erreserbak, lehentasunak edo hurrenkeran lehenago joateko aukera erabiltzeko, horretarako eskubidea duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, salbu eta Administrazioak aurretiaz badu informazio hori.
Eskatzaileak irakaskuntzetara sartzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatuta geratzen den guztietan, plaza erreserbatzeko, lehentasuna izateko edo hurrenkeran lehenago joateko eskubidea ematen duen dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ikasleak izan zezakeen hurrenkera galduko du. Egoera horietan, esleipena kupo orokorrean dagokion sarbidetik egingo da.
Seigarrena. Plazak esleitzeko prozedura.
1. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzetako plazak esleitzeko prozeduran parte hartu nahi dutenek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako ezarritako epean. Epetik kanpo ez da eskaerarik onartuko.
Plazak esleitzeko, aintzat hartuko da eskaeran adierazitako hurrenkera, plaza bat baino gehiago eskatzen bada.
Eskaeran, datu hauek eman beharko dira plazei buruz: ikastetxea, ziurtagiri profesionala, zikloa, espezializazio-kurtsoa edo ibilbide integratua, txanda, maila, eredua eta eleaniztasuna.
Urrutiko irakaskuntzarako modulu bana ere egongo da.
Pertsona bakoitzak nahi adina plaza eskatu ahal izango ditu. Ez dago mugatuta eskaera bakoitzean eska daitekeen plaza kopurua.
Eskaeran zenbat eta plaza gehiago eskatu, orduan eta aukera gehiago esleipen-prozeduran plaza bat lortzeko.
Esleipen-prozedura desgaitasuna duten pertsonentzat eta goi-mailako eta errendimenduko kirolarientzat erreserbatutako plazetatik hasiko da, 5.4 artikuluan ezarrita dagoen bezalaxe. Erreserbatutako zenbait plaza esleitu gabe geratzen badira, gainerako plazei batuko zaizkie.
Prozeduraren lehen urrats horretan parte hartu eta erreserbatutako plazarik lortu ez dutenak plazak esleitzeko prozedura arruntean sartuko dira.
Berdinketarik izanez gero, ausazko esleipen-prozedura bat baliatuko da, ikasleak onartzeko prozeduran erabilitako aplikazio informatikoak egina. Aplikazio informatikoak, eskaera grabatzeko unean, ausazko hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskaerari, 1aren eta 99999aren arteko zenbaki oso bat, alegia. Berdinketak hautsi behar diren kasuetan erabiliko da zenbaki hori, horretarako gainerako irizpide guztiak agortu ondoren, betiere. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.
Zazpigarrena. Batez besteko nota kalkulatzea.
Beren ikasketak EAEn egin dituzten ikasleen kasuan, Hezkuntza Administrazioak aurretiaz du beren historia akademikoan lortutako batezbestekoa; beraz, kasu horretan ez da historia akademikoa aurkeztu beharko, esleipena egiteko erabiltzen den aplikazio informatikoak zuzenean hartuko duelako aintzat nota hori.
Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozenek historia akademikoa aurkeztu beharko dute, eta bertan agertzen den batez besteko nota hartuko zaie aintzat.
Hezkuntza Administrazioak ez badu aurretiaz nota hori, tituluan lortutako batez beste nota jasoko duen historia akademiko ofiziala aurkeztu beharko da, plazak esleitzeko hurrenkera ezartze aldera. Ziurtagiri hori aurkezten ez duenari 5eko batez besteko nota emango zaio.
Aurkeztutako ziurtagirian ez baldin badago batez bestekoa kalkulatuta, honako kalkulu hau egin beharko da:
Mailako ziurtagiri profesionaleko, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo eta Ibilbide integratuen kasuan, batez besteko nota kalkulatzeko Bigarren Hezkuntzan edo irakaskuntza baliokidean egindako maila bakoitzeko irakasgaietan ateratako noten batez bestekoa egingo da. Irakasgaiko nota kuantitatiboa bada, zenbaki hori bera hartuko da aintzat. Ikasgaiko nota kualitatiboa bada, kuantitatibo bilakatu beharko da, honako baremo honi jarraituz:
Gutxiegi: 3.
Nahiko: 5.
Ongi: 6.
Oso ongi: 7,5.
Bikain: 9.
Batez besteko notaren kalkulua bi dezimalekin adieraziko da.
eta 3. Mailako ziurtagiri profesionaleko, erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetarako eta espezializazio-kurtsoetarako batez besteko nota kalkulatzeko, egiaztatutako ikasketetan lortutako batezbestekoa hartuko da aintzat. Irakasgaiko nota kuantitatiboa bada, zenbaki hori bera hartuko da aintzat. Ikasgaiko nota kualitatiboa bada, kuantitatibo bilakatu beharko da, honako baremo honi jarraituz:
Nahiko: 5.
Ongi: 6.
Oso ongi: 7,5.
Bikain edo bikain ohorezko matrikularekin: 9.
Batxilergoko edo DBHko titulu homologatua: homologazio-ebazpenean ageri den nota.
Gai sarrera-proban: 5,00.
Sarrera-proba egitetik salbuetsia: 5,00.
Baldintzapean izena Emateko Txartela: 5,00.
Zortzigarrena. Onartutako eta ez-onartutako eskaeren behin-behineko zerrendak onetsi eta argitaratzea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskuragarri jarriko da onartutako eta baztertutako eskaeren zerrenda, Ikasgunean https://ikasgunea.euskadi.eus eta dagokion ikastetxeko idazkaritzan. Bertan, honako hauek zehaztuko dira: lehentasun-hurrenkera, eta, horren barruan, kasu bakoitzean ezarritako hurrenkera.
Bederatzigarrena. Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkeztea
Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkez daiteke ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean, presentzialki edo online, dagokion egutegian ezarritako epean.
Pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean, ikastetxeak dagokion aplikazio informatikoan jaso beharko du. Ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia bat inprimatu, zigilatu eta erreklamaziogileari emango dio, egiaztagiri modura.
Ikastetxeak jasotako erreklamazioa izapidetuko du, eta onartu edo ezetsi egin beharko du. Horretarako, ikastetxean aplikazio informatikoaren erreklamazioak ebazteko pantailara sartu eta erreklamazioa atzera bota edo osorik edo zati batean onartu beharko du.
Kasu bakoitzean aplikazio informatikoari dagozkion laukitxoak markatuz eta, hala dagokionean, erreklamazioan onartutako datuak aldatuz.
Erreklamazioak ebatzitzat joko dira behin betiko zerrendak argitaratzearekin batera. Edozein kasutan, hurrengo puntuan ezarritakoari jarraikiz egingo da.
Hamargarrena. Behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratzea.
Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, eskuragarri jarriko da onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda, Ikasgunean https://ikasgunea.euskadi.eus eta dagokion ikastetxeko idazkaritzan.
Behin betiko zerrenden aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, hilabeteko epean, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal izango ditu Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.
Ikasleak behar bezala matrikulatu daitezkeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.
Hamaikagarrena. Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak.
Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da ikasleen onarpena bermatzeko batzordeak eratu eta jardunean jartzeko.
Hamabigarrena. Baldintzak objektiboki ez betetzearren matrikula ukatzea edo ofizioz ezeztatzea.
Segurtasun- edo osasun-egoerekin lotutako baldintza psikofisiko zehatz batzuk eskatzen dituen profil profesionala duten lanbide-heziketako ikasketetan, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak beharrezkoak diren frogagiriak aurkezteko edo proba jakin batzuk egiteko eskatu ahalko du, titulu bakoitza arautzen duen arauan hala jasota badago.
Kasu horietan, atzera bota edo deuseztatu ahal izango da ikaslearen matrikula, Hezkuntza Saileko laguntza-zerbitzuen iritzia eskatu ondoren, eta, betiere, Hezkuntza Ikuskaritzak dagokion txostena egin ostean, baldin eta ondorioztatzen bada eskatzaileak ez dituela betetzen eskatzen zaizkion baldintza horiek.
Interesdun batek izena emateko momentuan aurkeztutako datuei erreparatuta ikastetxeko arduradunek uste badute baldintza batzuk betetzen ez dituela, ikastetxearen zuzendaritzak, hilabeteko epean, matrikula behin-behinekoa dela jakinarazi beharko dio ikasleari, eta lehenago deskribatutako prozedurari ekin beharko dio; gainera, egoeraren berri eman beharko dio hezkuntza ikuskaritzako lurralde-buruzagitzari. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak erabakiko du matrikula onartu edo baztertu behar den.
Hezkuntza-jarduera igaro ahala, ikusten bada arestian aipatutako baldintza objektiboak ez direla betetzen, ikastetxearen zuzendariak egoki den prozedurari ekin beharko dio hilabeteko epean, egoeraren berri eman zaion momentutik hasita. Era berean, horren berri eman beharko dio hezkuntza-ikuskaritzako lurralde-buruzagitzari. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak erabakiko du matrikula onartu edo baztertu behar den.
Hamahirugarrena. Onartzeko eskudunak diren organoak.
Ikastetxe publikoetan, zuzendaritzak hartu beharko ditu ikasleak onartzeko erabakiak, aplikatu beharreko araudian eta agindu eta jarraibide hauetan adierazitakoari jarraituz. Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Kontseilu Sozialak, berriz, onarpenaren berri eman beharko dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 127.e) eta 132.n) artikuluetan ezarritakoa betez.
Itundutako ikastetxe pribatuetan, ikastetxeko arauak ezartzen dituzten organoek erabakiko dute ikasleak onartzen dituzten ala ez, aplikatu beharreko arau.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (11)
- Zuzendutakoa: HUTS-ZUZENKETA, honako agindu honena: Hezkuntzako sailburuaren 2024ko apirilaren 26ko Agindua. Horren bidez, 2024-2025 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen dituzten hezkuntza-sistemako ziurtagiri profesionalak (C graduak), oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako zikloak (D graduak), espezializazio-ikastaroak (E graduak) eta oinarrizko eta erdi-mailako ibilbide integratuetan izena emateko eskaerak aurkezteko, berauek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen da, eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onesten dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.
- Ikus: 30/2023 DEKRETUA, otsailaren 28koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen Dekretua.
- Ikus: 132/2022 DEKRETUA, azaroaren 2koa, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretua aldatzen duena. 1/2018 Dekretuaren bidez, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen da hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.
- Ikus: 1/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duena hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.
- Ikus: 14/2016 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen Dekretua aldatzen duena.
- Ikus: 86/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzkoa.
- Ikus: 46/2014 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-Heziketako Ikastetxe Bateratuak arautzen dituena.
- Ikus: AGINDUA, 2010eko urriaren 11koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, urrutiko prestakuntza telematikoaren modalitatean Lanbide Heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua arautzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2010eko otsailaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, lanbide-heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duena.
- Ikus: 21/2009 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz besteko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.
- Ikus: 32/2008 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.