Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko urriaren 11koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, urrutiko prestakuntza telematikoaren modalitatean Lanbide Heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 215
- Hurrenkera-zk.: 5248
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/10/11
- Argitaratze-data: 2010/11/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Pertsonen ezagutza eta gaitasunak garrantzi handiko elementuak izan dira gizarte guztietan, gizarteen kultura eta teknologia garatzeko. Hori horrela izan da historian zehar, eta gaur egun oraindik garrantzi handiagokoa da. Merkatuak erabat globalizatuta dauden gizarte honetan, pertsonen gaitasun profesionalak giltza dira ondasunak eta zerbitzuak modu lehiakorrean ekoizteko sistema edukitzeko, bai eta enplegua sortzeko, ongizatearen gizarteari eusteko eta gizarte-kohesioa indartzeko ere.
Egoera honetan, Europar Batasunak enplegurako bultzatzen dituen estrategia koordinatuen helburua populazio gaitu aktiboa edukitzea da. Esaterako, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 1.2 artikuluan hau xedatzen da: funts publikoekin finantzatzen den prestakuntza-eskaintzak bizitza osoko prestakuntza bultzatuko du, eta aukera eta egoera pertsonal eta profesionalei egokituko zaie. Era berean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69. artikuluak honako hau finkatzen du: hezkuntza-administrazioei dagokie helduei ikasketa horien berariazko eskaintza (helduen beraien ezaugarrietara egokitua) egiteko bidezkoak diren neurriak hartzea.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 20. artikuluan honako hau ezartzen da: irakaskuntza horien eskaintza malgutu ahal izango da; hala, pertsonei eta, bereziki, pertsona helduei aukera emango zaie ikasketa eta prestakuntza lan-jarduerarekin edo beste jarduera batzuekin uztartzeko, horrela norberaren beharrei eta interesei erantzutearren.
Horretarako, irakaskuntza horiek osorik edo zati batean eskaini ahal izango dira eta, era berean, bi kasuetan eta ahal den lanbide-moduluetan, irakaskuntza presentzialeko nahiz urrutiko irakaskuntzako erregimenetan garatu ahal izango dira.
Hezkuntza. Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 9. artikuluan honako hau ezartzen da: urrutiko Lanbide Heziketarako irakaskuntzetarako (modalitate guztiak kontuan hartuta) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak ezarriko ditu, agindu baten bidez, prestakuntzaren sarbidea, matrikula eta ebaluazioa, eta irakaskuntza horiek gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.
Horren ondorioz,
Agindu honen xedea da, urrutiko eskaintza telematikoaren izenaz, urrutiko modalitatean Lanbide Heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua arautzea.
Irakaskuntza modalitate honetan sartzeko, teknikari-tituluetarako hemezortzi urte izan behar dira eta goi-mailako teknikari-tituluetarako hogei urte izan behar dira, edota hemeretzi teknikari-titulua dutenentzat. Modalitate honetan sartzeko eskakizunak Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako oro har ezarritakoak izango dira.
Matrikulatzeko epea eta prozesua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Aginduak urtero zehaztutakoak izango dira.
Matrikula lanbide-moduluka egingo da. Ikasle bat ezin izango da ikasturte berean matrikulatuta egon Lanbide Heziketako bi irakaskuntza modalitatetan lanbide-modulu berean, ez eta lanbide-modulu horretan ere Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probetan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du ikasturte berean ikasle batek egin ditzakeen irakastordu pertsonalen gehieneko kopurua. Irakastordutzat ulertzen da modalitate honetan lanbide-modulu bat egiteak dakarren lanordu kopurua, eta irakastordu pertsonaltzat ikasle bat ikasturte batean matrikulatu daitekeeneko lanbide-moduluen iraupen-orduen batura.
Irakastorduen kopurua ezartzeko, erregimen presentzialeko curriculumetan finkatutako iraupena hartuko da erreferentzia gisa.
Irakastaldia.
Urrutiko modalitatean, Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako irakastaldia irailetik ekainera bitartekoa izango da, biak barne. Modulu bakoitza egiteko hasierako eta amaierako datak, bai eta ebaluazio-saioei dagozkienak ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko ditu.
Curriculuma eta programazioa.
Urrutiko prestakuntzako curriculumak erreferentzia gisa hartuko du modalitate presentzialeko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen lanbide-moduluei dagokien curriculuma, modalitate-desberdintasunaren arabera bidezkotzat hartzen diren egokitzapenekin.
Urrutiko prestakuntzako ikastaro bakoitzak berezko programazio didaktikoa izango du. Horretan, curriculuma zehaztu eta haren xedeetara egokitu da, ikaskuntza- eta ebaluazio-jardueren antolamendua eta denboralizazioa zehazki azalduko dira, eta ebaluazio- eta kalifikazio-prozedurak deskribatuko dira.
Urrutiko prestakuntzako ikastaroetan, ikaskuntza- eta ebaluazio-saio presentzialak ezarri ahal izango dira, nahitaezkoak nahiz aukerakoak. Ikasturtearen hasieran, saio horien ezaugarrien, aldiaren, iraupenaren, garapen-lekuaren eta aurreikusitako egutegiaren berri emango da.
Irakasle taldea.
Urrutiko Lanbide Heziketako ikastaro bakoitza irakasle batek emango du (teleirakasle deitzen zaio). Hura esleituta dituen ikasleen eta horien ebaluazioaren arduraduna izango da, eta ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduera presentzialak garatzeko beste irakasle batzuen laguntza eduki ahal izango du (horiei laguntzako irakasle deitzen zaie). Horiek guztiek osatuko dute prestakuntza-ikastaroko irakasle taldea, teleirakasleak koordinatuko duena.
Teleirakasleak funtzio hauek izango ditu:
Ikasleak ikaskuntza-prozesuan orientatu, gidatu eta laguntzea ezarritako helburuak lortzeko, eta, ezarritako ikasmaterialetatik abiatuta, taldearentzako egokitzapenak egitea, hala badagokio.
Proposatutako jardueretan ikasleen parte-hartzea sustatzea.
Taldeko jarduerak eta ikasleen arteko komunikazioa dinamizatu eta suspertzea, foroen, bestelako lankidetza-baliabideen, denbora errealeko elkarrizketa-saioen edo, hala badagokio, saio presentzialen bidez.
Ikasleen zalantzak ebaztea, zuzentzea, orientatzea eta haien aurrerabidearen jarraipena egitea.
Ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduera presentzialak antolatu eta garatzen laguntzea, eta horietan parte hartzen duten irakasleak koordinatzea.
Ezarritako irizpideen arabera ikasleen ikaskuntza ebaluatzea, eta ebaluazio- eta kalifikazio-saioetan parte hartzea.
Ezarritako bideetatik, bat egiten ez duten, jarduera eskasa erakusten duten edo irakaskuntza-jarduerak uzten dituzten ikasleen zerrenda jakinaraztea.
Programazioaren prestaketan, irakasle taldearen bileretan eta bestelako koordinazio-jardueretan parte hartzea.
Ikasleak urrutiko prestakuntzako beste zerbitzu edo instantzia batzuekin harremanetan jartzea, haien arazoen edo interesen erantzuna bideratzeko.
Irakasleen irakaskuntza-jarduna ebaluatzea, haien lanpostuarekin eta antolamenduaren helburuekin lotutako alderdiak aztertuta.
Laguntzako irakasleen funtzioak teleirakaslearentzat aipatutako berberak dira, baina dagokien jardun-esparrurako.
Irakaskuntza modalitate honen oinarria da informazio- eta komunikazio-teknologiak, eta Internetek eskaintzen dituen hainbat baliabide erabiltzea, ikaskuntza autonomoa eta lankidetzakoa sustatzeko.
Modalitate honetan, irakaskuntzetan ikaskuntza presentzialeko zati bat sartu ahal izango da, lanbide-moduluaren edo erabilitako metodologiaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du modulu bakoitzerako gehienez zenbat irakastordu presentzial egin ahal izango diren.
Modalitate honetako irakaskuntzak emateko lantzen diren ikasmaterialen diseinuan, arreta berezia jarri beharko zaie irakaslearen etengabeko presentziarik gabe ikasi behar duten hartzaileen interesei.
Ikasmaterialek modulu bakoitzean proposatzen diren ikaskuntzaren emaitzak eskuratzen lagundu beharko dute. Gainera, autoikaskuntzaren ezaugarrietara eta autoaskitasunera egokituko dira, ikasleek euren ikaskuntza-prozesua bere kasa garatu eta kontrola dezaten.
Lanbide-moduluak berariazkoak eta teoriko-praktikoak direla kontuan izanda, ikasmaterialek aukera emango dute urrutiko prestakuntza jarduera presentzialekin eta norberaren lanarekin behar bezala uztartzeko.
Ikasteko sistema ireki eta malgu honetarako diseinatutako ikasmaterialen ezaugarri izango dira elkarreragina eta hainbat multimedia-sistemaren erabilera orokortua.
Modalitate honetarako irakasleen espezialitateari buruzko eskakizunak Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako oro har ezarritakoak izango dira.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko du irakasleen ordu-dedikazioa irakaskuntza-modalitate honi lotutako irakaskuntza-funtzioa betetzeko.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak modalitate honetako irakasleak prestatzeko programak eta jardunak garatuko ditu.
Ikasleen ikaskuntza etengabe ebaluatuko da. Ildo horretatik, Lanbide Heziketako ebaluazioari eta horretarako ematen diren berariazko jarraibideei buruz oro har xedatutakoa bete beharko da.
Urrutiko prestakuntza-ikastaro bakoitzaren garapenean, irakasleek ikaskuntza-prozesuaren jarraipena egingo dute. Horretarako, programazioan aldez aurretik ezarriko diren eta ikasleek ezagutu beharko dituzten informazioa biltzeko trenak eta prozedurak erabiliko dituzte.
Urrutiko prestakuntza telematikoko ikastaroan ikasle batek jardueran behin eta berriz huts egiteak ekarri ahal izango du etengabeko ebaluazioa galtzea eta ikastaroaren ardura duen irakaslearen aldetik teleprestakuntzarekiko arretari uztea. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarriko ditu aipatutako neurriak aplikatzeko irizpideak eta egoerak, eta horiek programazioan jasoaraziko dira.
Etengabeko ebaluazioa galtzeak berekin ekarriko du lehen deialdian ebaluazio negatiboa lortzea eta ebaluatua izateko bigarren deialdian aurkeztu behar izatea.
Urrutiko prestakuntza-ikastaro bakoitzaren ardura duten irakasleek ikasleei aldizka ikaskuntza-prozesuaren bilakaeraren berri emango diete eta, hala badagokio, programazioan ezarritako prozeduren bidez ikaskuntza-prozesua hobetzeko hartu behar dituzten neurriak gomendatuko dizkiete.
Lanbide-modulu bakoitza gehienez lau deialditan ebaluatu ahal izango da, baina Lantokiko Prestakuntzakoa eta Proiektukoa bitan egingo dira. Irakaskuntza-modalitate honetan, ikasturte bakoitzean bi ebaluazio-deialdi baino ez dira izango.
Deialdi horietan proba presentzialak egingo dira eta horiek behar adinako aurrerapenaz deituko dira, lekua, egutegia eta ordutegia adierazita. Ikasturte bakoitzean, deialdien arteko denbora tartea zazpi egutegi-egunekoa izango da.
Lanbide-modulua gainditzen ez dutenek hura berriro egiteko aukera izango dute, behin bakarrik, ondorengo ikasturteetan, modalitate honetan nahiz eskaintza partzialean.
Modalitate hau egiten dutenek aparteko deialdia eskatu ahal izango dute Lanbide Heziketako beste modalitate batzuk egiten dituztenen baldintza beretan.
Etengabeko ebaluazio-saioak. Programazioan adierazten diren ebaluazio-saioak egingo dira, eta interesdunari emaitzak jakinaraziko zaizkio.
Azken ebaluazioko saioak. Azken ebaluazioko saioetan lanbide-moduluari dagokion kalifikazioa erabakiko da. Bigarren azken ebaluazioan, lehenengoan ebaluazio positiboa lortu ez dutenak besterik ez dira ebaluatuko.
Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra arautzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera, lanbide-modulu baten kalifikazioa zenbakizkoa izango da modalitate guztietan, batetik hamarrera bitarte, hamartarrik gabe. Bosteko edo hortik gorako kalifikazioak positibotzat jotzen dira. Bigarren azken ebaluazioan aurkezten ez direnak EA (ez da aurkeztu) gisa kalifikatuko dira.
Deialdi guztietako emaitzen berri emango zaie ikasleei, eta horiek dagozkien agirietan jasoko dira.
Azken ebaluazio bakoitzaren akta egingo da, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduan agertzen den ereduaren arabera, eta urrutiko prestakuntza telematikoa dela jasoaraziko da.
Baliozkotzeak eta salbuespenak egokitu egingo dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduan eta dagozkion tituluen dekretuetan ezarritakora.
Matrikula egiten deneko ikastetxeek ikaslearen espediente pertsonala luzatuko dute eta, hala badagokio, hura helaraziko dute, eskaintza presentzialeko modalitateetarako aplikatzekoa den indarreko araudiaren arabera.
Lantokiko Prestakuntzako eta Proiektuko moduluak ebaluatzeko, heziketa-zikloa osatzen duten gainerako lanbide-moduluetan ebaluazio positiboa lortu beharko da. Lantokiko Prestakuntzako modulua modu presentzialean eta eskaintza partzialaren modalitatean egingo da. Horretarako, bi aldi hauek ezarri dira: arrunta eta apartekoa.
Aldi arrunta otsailaren eta ekainaren artekoa izango da, dagokion zikloko eskaintza osoko ikasleak LPko eta Proiektuko moduluak egiten ari diren bitartean. Aldi horretarako matrikula urtarrilean zabalduko da, eta ebaluazioa eskaintza osoko ikasleekin egingo da.
Aparteko aldia ikasturte hasieratik otsailera arte egingo da. Kasu horretan, matrikulazioa deialdi orokorreko eskaintza partzialeko gainerako ikasleekin egingo da, eta ebaluazioa eskaintza osoko ikasleek LPko modulua egin aurretik ikastetxeak egingo duen ebaluazio-saioan.
Proiektuko modulua horren tutoretza-lana egiten duen irakasleak adierazitako jarduera, ariketa eta proben bitartez garatuko da, eta urrutiko prestakuntza telematikoaren modalitate honen edo eskaintza partzialaren bidez egin ahal izango da.
Matrikula borondatez ezeztatuko da, egiten ari den moduluaren iraupenaren % 80 bete aurretik, eta moduluan baja hartzea ekarriko du ondorio guztietarako.
Irakaskuntza modalitate honetan ezin izango zaio deialdiari uko egin. Hortaz, hala badagokio, ebaluatua izan nahi ez deneko moduluaren edo moduluen matrikula ezeztatu beharko da, aurreko paragrafoan jasotakoaren arabera.
Modalitate honetarako ebaluazio-prozesurako agiriak, horien formari eta zaintzari dagokienez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduan ezarritakoak izango dira.
Agirien atalen batean modulua zein modalitatetan egin den agertu behar izanez gero, «urrutiko prestakuntza telematikoa» jaso beharko da eta, hura eman deneko ikastetxeari dagokionez, «urrutiko prestakuntza telematikoko ikastetxea» adieraziko da.
Lehenengoa. Urrutiko modalitateko Lanbide Heziketaren inguruan agindu honetan arautzen ez diren alderdi guztiak Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialei buruzko arau orokorrek zuzenduko dituzte.
Bigarrena. Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen ebazpenaren bidez zehaztuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko zein ikastetxe publiko baimenduta egongo diren modalitate hau irakasteko ikasturte bakoitzean.
Hirugarrena. Ikastetxe pribatuentzako baimena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduaren bidez arautuko da.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-prozeduraren alorrean arautzen ez dituen alderdiak arautzeko, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, arautzen duena aplikatuko da.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 11.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko apirilaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, 2024-2025 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen dituzten hezkuntza-sistemako ziurtagiri profesionalak (C graduak), oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako zikloak (D graduak), espezializazio-ikastaroak (E graduak) eta oinarrizko eta erdi-mailako ibilbide integratuetan izena emateko eskaerak aurkezteko, berauek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen da, eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onesten dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.
- Garatzen du: 32/2008 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.