Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

167. Zumeako Gurutze Deuna Baseliza (Andoain)

2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA

Tenplu bat bidearen ertzean

Zumeako Gurutze Deuna antzinako Errege Bidearen oinean dago, Leitzaran eta Oria ibaiek bat egiten duten puntuan, eta ermita enblematikoa da Andoainen. Mendeetan zehar auzokideen artean debozio handia eragin du: kapilautza ugari sortu ziren bertan, eta 1600. urtean, santutegiak aita santuaren jubileu bat onartua zuen.

Tenplu honen lehen aipamen dokumentala 1512koa da, non Leizaurreko Gurutze Deunaren Basilika izena jasotzen den. Izen horrek erakusten du ermitak jatorrian Leizaur leinuarekin zuen lotura. Hala ere, gerora udal-patronatukoa izatera pasa zen, hau da, alkate eta erregidoreek hartzen zituzten kudeaketaren gaineko erabakiak, San Martin parrokiarekin gertatzen zen bezala, eta, beraz, hiribilduak zuen ermitako serora izendatzeko eskubidea.

Eskualdeko berezitasuna zen eraikin erlijiosoak emakume ezkongabeek edo alargunek (serora deituak) gordetzea. Ermitei eta haien ondasunei arreta emateko eginkizuna zuten, eta komentuetako emakume erlijiosoen antzeko bizimodua egiten zuten. Horrela, Leizaur ermitari lotuta serora-etxea ikusten da, administratzailearen etxebizitza gisa erabiltzen zena. 1664an ermita berritzeko egindako lanetan eraiki zen eraikin hori, eta tenpluak gaur egun duen itxura berrikuntza-lan horien ondorioa da, bai eta sakristia ere (orduan eraikia).

Antzinako Errege Bidearen oinean dagoenez, gertaera bitxiak izan dira Zumeako Gurutze Deunan. Adibidez, 1712an, Tolosako Francisco Allanegi zirujau-maisua Tuteratik Donostiara zaldiz preso eramaten ari zirela, bide horretatik igarotzean ermitari gogor heldu zion, eta eskoltatzen zuten zaindariek baselizatik indarrez atera zuten. Berak, hala ere, auzi bat hasi zuen, argudiatuz justizia zibilak ezin zuela inor atxilotu eliza batean, eta arrazoia eman zioten. Ondorioz, Iruñeko San Juan de Dios ospitalera eraman zuten, baina ezin zen handik atera egozten zizkioten karguetatik libre geratu arte. Antzeko gertaera bat gertatu zen urte batzuk geroago, 1724an, Hondarribiko bi soldadu desertorerekin.

Tenplua

Zumeako Gurutze Deunaren ermita hego-ekialdera begira dago, eta oinplano angeluzuzeneko eraikuntza da, eskuineko aldean seroraren etxea atxikita duena. Harlangaitzezko hormak ditu, harlanduzko ertz-kateak, eta lau isuriko estalkia.

Fatxada nagusian, erdi-puntuko dobeladun ate bat du, eta eskuinean, ur bedeinkatuaren ontzia. Atearen gainean dagoen leihoak atearen antzeko ezaugarriak ditu. Fatxada kanpai txiki bakarreko kanpai-horma batez burutzen da. Ibaira ematen duen aldean, lau leiho, bi gezileiho eta itsututa dagoen ate bat ditu.

Elizaren barrualdea ertz-gangaz estaltzen da, eta presbiterioa kanoi-gangaz. XIII. mendeko Kristo zizelkatu handi bat dago aldarearen buruan, alboetan San Martin eta San Antonen irudiak dituela.

Partekatu

unesco