Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barrualdeko bidea

Erromatar garaitik penintsulako iparraldeko komunikazio-ardatz garrantzitsuenetako bat izan da Done Jakue bidearen barneko ibilbidea Euskal Herrian zehar. Galtzada hondarrek eta artzaintza bide zaharrek Santiagorako erromesaldietan berebiziko garrantzia zuela erakusten dute. Nahitaezko pasabidea zen, Irundik, Errioxan edo Burgosen Frantziako bidearekin lotu nahi zutenentzat.

Antzinako bide hori, Hernanira iritsi ondoren, gailurretatik zihoan, lepoz lepo. XIII. mendearen hasieran Gipuzkoa gaztelar agintepean geratu zenean, Alfontso VIII.a erregearen agindupean, Oria bailaran zehar Tolosa, Ordizia eta Segura hiribildu gotortuak sortu ziren, hiribildu horiek bideari garrantzi handia eman zioten, kostako bidearen kaltetan. Eskuragarriagoa izan arren, San Adriango pasabideraino igo behar zuen, tarte laburra baina bihurria, Arabako Lautadako bide atseginetara iritsi aurretik.

Bidaiari batzuen testigantzek islatzen dute haitzean zulatutako pasabide horrek haiengan sortzen zuen zirrara. Horren adibide da Manierren "Voyage a St. Jacques de Compostelle” (1730), horretan San Adrian "munduko mendirik garaienetako bat" dela zioen.

Barneko ibilbidea Santiago zubitik abiatzen da, Bidasoa ibaiaren gainetik, eta interes handiko ondare-elementuak ditu, hala nola Irungo Junkaleko Andre Mariaren eliza. Adar batek lotzen du bide hori Hondarribiko kostaldekoarekin. Horretaz gain, leku horretara iristen daBehobian hasten den ibilbidea.

Barrualdeko bideak Gipuzkoa zeharkatzen du. Hernani eta Zegama arteko bi adar ditu, eta hortik Lizarraterantz igotzen da, Altzaniako Partzuergoan galtzada historiko batetik sartuz. Galtzada horretatik San Adriango tunela ikusten da, barruan izen bereko ermita duena. Erdi Aroko galtzadak, ondo kontserbatuak, Arabako lurretan barrena jarraitzen du Zalduondoraino; bertan Aistrako San Julian eta Santa Basilisa ermita zaharra dugu.

Aurrerago, bidea Lautadako hiribildu harresituetatik igarotzen da (Agurain, Alegria, Burgelu …) Gasteizera iristeko. Bertan, Bideko tenplu garrantzitsuenetako bat aurkitzen da, Santa Maria katedral zaharra, eta hortik Armentiako San Prudentzio. Trebiñuko konderriko eta Estavilloko lurretatik jarraitzen du, non Bidea bi ibilbide posibletan banatzen den: Errioxara hurbiltzen dena (Briñasetik Santo Domingo de la Calzadara doan Frantziako bidearekin lotuko da) eta Burgosera doana (Miranda Ebro inguruan honekin lotuz).

Berriro, bide honetan gure kultur ondarearen elementu garrantzitsuak aurkitzen ditugu. Haiek bisita batean ezagutzea merezi dute, eta laster horiei buruzko informazio zehatza eskainiko dugu.


Kultur-ondarearen multzoak eta elementuak, etapaka

1. Etapa: Irun • Hernani
2. Etapa: Hernani • Tolosa
2B. Etapa: Hernani • Bidania
3. Etapa: Tolosa • Zegama
3B. Etapa: Bidania • Zegama
4. Etapa: Zegama • Salvatierra-Agurain
5. Etapa: Salvatierra-Agurain • Vitoria-Gasteiz
6. Etapa: Vitoria-Gasteiz • La Puebla de Arganzón
7. Etapa: La Puebla de Arganzón • Briñas
7B. Etapa: Arganzón • Miranda de Ebro