201. Zubizabal zubia eta humildegia (Zalduondo)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Zubizabal zubia
Zalduondoko irteeran, Erdoñanarako errepidean, Zubizabal zubia aurkitzen da. Garai modernoan eraiki zuten (XVI. mendea) Ametzaga errekaren malda libratzeko. Harearrizko harlanduz egina da, neurri txikikoa, eta bi zubi-begi ditu, erdi-puntuko arkua dutenak. Bidearekiko zertxobait goratuta dago, baina erdiko zatian laua da. Aipagarria da jatorrizko galtzadaren zoladura kontserbatu duela. Gaur egun ez da erabiltzen, errepidearen albo batean baitago.
Zalduondo herriaren kokapen geografikoa estrategikoa da, bidegurutze batean kokaturik dago. Faktore hori bere garapenean erabakigarria izan zen, Erdi Aroan batez ere. XI. mendean Santiago apostoluaren erlikiak Compostelan aurkitu ondoren, erromes askok kostako eta Arabako barneko bideak erabili zituzten, seguruagoak baitziren. Lurraldea kristau eta musulmanen arteko mugatik kanpora geratzen zenez, musulmanen erasoetatik salbu zegoen. XIII. mendetik aurrera, San Adriango tunelean barrena Araba eta Gipuzkoa lotzen zituen ibilbide berriaren loraldia izan zen; bide horrek Frantzia eta Gaztela lotzen zituen, eta merkataritza- eta erromes-bide nagusi bilakatu zen. Gainera, bide horrek Nafarroatik pasatzea saihesten zuen: garrantzi handiko kontua garai hartatik aurrera, 1200 urtean Araba eta Gipuzkoa Gaztelako erreinuan sartu baitziren. Hala, bide honen inguruan sortutako hiribilduak (Zalduondo, kasu baterako) horniketa- eta igarobide-puntu seguruak bihurtu ziren.
Zubizabal humildegia
Zubizabal zubia igaro ondoren, Erdoñanara doan bide berean Zubizabal humildegia aurkitzen da, oro har bideekin eta bereziki Santiagoko Bidearekin oso lotuta dagoen elementua. Humildegiak harrizko gurutzeak dira, bide bat baino gehiago elkartzen ziren puntuetan, herrien sarrera-irteeretan edota eliz atarietan kokatzen zirenak. Antzina, erromesaldietan batez ere, humildegiek bideko etapa bat bukatzen zeneko lekua adierazten zuten. Halaber, babes ikur bat ere baziren, eta paretik pasatzean ibiltariak belaunikatu egin behar izaten ziren herrian sartu aurretik. Gaur egun, aldiz, udalerriko lurren mugekin erlazionatzen dira batik bat.
Zubizabal humildegia errenazentista da, XVI. mendekoa, eta hareharriz egina. Plinto gainean kokatua, toskanar ordeneko koloma eta molduradun arkitrabea ditu. Goialdean gurutzea ageri da, besoetako bat erdi desagertua duena. Humildegia harlanduxkoz egindako plataforma baten gainean dago, eta bertaratzeko bi maila daude.