169. Zubimusu zubia (Amasa-Villabona)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Villabona, gune bat komunikabideen oinean
Dirudienez, Villabona agertu aurretik Amasa zen inguru horretako populatze-gune nagusia, nahiz gaur egun Amasa Villabonako landa-auzoa izan; eta gaur egun baino garaiera handiagoan kokatua zegoen. Ibaiertzean Villabona herria sortu ondoren, bi herriguneek harreman estua izan zuten mendeetan zehar, batzuetan adostasunekin (mugak, kontzeju-mendiak edota zenbait azpiegitura partekatzen zituztelako, hala nola burdinolak) eta bestetan bi herriguneetako biztanleen artean gatazkak sortu zituzten desadostasun handiekin. Mendeetako lotura estuaren ondoren, bi guneak elkartu eta herri bakar bat osatu zuten 1619an.
Dokumentazio historikoari esker badakigu Villabonak bazuela ordezkaritza Gipuzkoako Batzar Nagusietan 1398an. Horrek adierazten du XIV. mendearen amaierarako bazegoela finkatuta populatze-gune bat haranaren behealdean, Amasaren oinetan. XIII. mendetik aurrera, zenbait komunikabide garrantzia hartzen hasi ziren: batetik, Gaztela eta Frantziako muga lotzen zituena (bide horren mugarrietako bat San Adriango pasabidea zen) eta Gipuzkoako lurraldetik igarotzean Segura, Ordizia, Tolosa eta Hernanitik igarotzen zena; bestetik, Donejakue Bidea. Bide horiek merkatari, bidaiari eta erromesen joan-etorri handia eragin zuten Oria ibarrean. Amasako gunea, hala ere, ibilbide horietatik urrun samar geratzen zen, eta, beraz, ziur asko, bizilagun batzuk bailararen behealdera jaitsiko ziren bertako jarduera ekonomikoari etekina atera nahian azpiegiturak sortu eta bide horietan zebiltzanei zerbitzuak eskaintzeko. Horrela, Behe Erdi Aroan bide horiek izan zuten gorakadarekin, eta Villabona bide bazterrean zegoenez, geroz eta herrigune garrantzitsuagoa bilakatu zen.
Zubimusu zubia
Villabona komunikazio-korapilo batean zegoen, eta penintsulako eta nazioarteko ibilbide nagusiekin lotuta (Donejakue Bidea, Postaren Errege Bidea edo Kotxeen Errege Bidea); galtzadak eta zolatutako bideak ziren, azpiegitura egokiak eta zerbitzuak zituztenak bidaiariei eta haien zelabere eta zamariei arreta emateko. Hori dela eta, bigarren mailako eta eskualde-mailako beste bide batzuk inguru horretan batzen ziren, eta handik gertu zeuden beste herrigune batzuk Villabonarekin ondo komunikatuta geratzen saiatu ziren, gurdi-bideen zein bestelako bideen bidez. Dokumentazio historikoan erreferentzia ugari ageri dira bide horietan egindako konponketa eta mantentze-lanen inguruan, kontserbazio-egoera onean egon zitezen.
Bide-azpiegitura nagusien artean Zubimusu zubia dago, Aro Modernoan eraikia. Bideen esparruko ondare-elementu garrantzitsua da, Oria ibaia gainditzeko eraiki zen eta Villabona inguruko herriekin lotzen zuen: Zizurkil, Anoeta eta Asteasurekin, besteak beste.
Harlanduzkoa da eta 2016an egindako azken birmoldaketa-lanen ondorioz irudi berritua du. Esku-hartze horren helburua ur-emari handien aurrean zubiaren segurtasuna handitzea izan zen, eta horretarako zubiaren arku bat bota eta ibilguaren zabalera handitu zen. Hala, antzinako egituratik, erdi-puntuko arkua (erdikoa) eta arkuaren pilareei atxikitako zubi-bularrak baino ez dira kontserbatzen. Deigarria da azken birmoldaketa-lanei dagokien oinezkoen pasabidean kokatutako Corten altzairuzko xafla.