Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

255. Zubieta herriguneko multzoa (Donostia-Usurbil)

2B. ETAPA: HERNANI • BIDANIA

Populazio atipikoa

Zubietako populazioa atipikoa da hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, bere lurraldea eta etxe-multzoa bi udalerritan banatuta daudelako: zati bat, zabalena, Donostiako hiriarena da eta bestea Usurbilgo jurisdikziopean dago. Aldi berean, Gañaundi azpian eta Oria ibaiaren ezkerraldean dauden baserri zaharrek Zubietako Komunitatea izeneko erakunde politiko, ekonomiko eta soziala osatzen dute, nahiz batzuk Donostiarenak eta besteak Usurbilenak izan.

Banaketa hori Behe Erdi Arotik dator; izan ere, 1379an Zubietak Donostiako hiribilduko bizilagun izatea negoziatu zuen Ibaeta, Igeldo (Donostiako jurisdikziopekoak) eta Andoainekin batera. Urte batzuk lehenago, 1371n, Usurbilgo herrixka zaharrak hiribildua izatea lortu zuen eta 1379an Oriok. Datu horiek erakusten digute Oria ibaiaren behe-ibilgua mugimendu betean zegoela. Egia esan, hipotesi hau egiaztatzen duen agiririk ez izan arren, litekeena da ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik baserrietako batzuk Usurbilen eta gainerakoak Donostian sartzea. Beraz, udalerri horien artean marrazten diren muga irregularrek erakusten dute zatiketa ez zela gorabehera geografikoen ondorio, baizik eta arrazoi politikoak zituela, hau da, giza irizpideen emaitza izan zela.

Hori ez da populazio horren berezitasun bakarra. Probintziako gainerako herriak ez bezala, Zubieta ez zen izan “kolazio”, “elizate”, “lur” ez “hiribildua”, baizik eta “unibertsitatea” (hasieran) eta “komunitatea” (Aro Modernoan). Zentzu askotan antolaketa modu hori baliabide- eta aprobetxamendu-komunitate bat da hein handi batean. Adibidez, Aizpuruko errotaren jabetza (dokumentuetan 1495ean aipatua), Zubietan auzotasuna zuten etxeen artean banatuta zegoen. Partekatzen zituzten mendien kasuan ere antzeko egoera aurkitzen zen: komunitateko etxe bakoitzak akzio kopuru jakin bat zuen eta mendien gozamena kopuru horren araberakoa zen.

Komunitate horren antolaketa ez zen ia bereizten Antzinako Erregimeneko edozein erakunde txikiren antolaketatik, eta kontzeju baten bidez kudeatzen zen, batzarrak egiten zituena eta kontzeju-etxe moduko bat zuena (Alamandegi etxea, aldi berean ostatu zena). Antzina, gainera, bazen gainerako herrietatik bereizten zuen beste ezaugarri bat: Zubietan ez zegoen elizarik, eta beraz, erlijio-zerbitzurako lekuaz gain sozializazio-espazio hori ere falta zitzaien. Egoera hori 1649tik aurrera konpondu zen, Santiago ermita eraikitzeko lizentzia jaso baitzuten.

1869an, partekatzen zituzten mendiak bazkideen artean banatu zituzten, eta ondorioz, ia ez da geratzen ondasuna partekaturik. Hala ere, Zubietako Komunitatea oraindik existitzen da eta gutxi gorabehera duela bost mende bezala antolatzen da.

Zubietako ondare-multzoa

Eraikin aipagarriena antzina ermita izan zen eta gaur egun parrokia den Santiago eliza da. Hasieran Usurbilgo parrokiako kabildoa eta patronoak aurka izan arren, 1649an eraikitzen hasi ziren. Zailtasunak gaindituta, 1660an inauguratu zen, baina berehala (1666) ermita handitzea beharrezkoa izan zen. Azkenik, lanak bukatuta eliza 1681 inguruan amaitu zen.

Tenpluak gurutze latindar formako oinplanoa eta burualde zuzena ditu. Alboetako hormak hareharrizko harlangaitzezkoak dira eta fatxada nagusia material berekoa baina harlanduzkoa. Barrualdea kanoi-ganga batez estalita dago, eta aldare nagusian erretaula rococo bat du. Erretaula horretan Santiago Matamorosen erliebea nabarmentzen da erdiko horma-hobian. Eliz arkupea zutabe toskanarrek eusten dute eta sarrera bikoitza du: ezkerreko atea Donostiako jurisdikzioan dagoen nabe-zatira sartzen da; eskuinekoa, berriz, Usurbilgo zatira. Horrela, Zubietako jurisdikzioa bakoitzak leku bereizia zuen eliza barruan eta bizilagunak banaketa horren arabera kokatzen ziren bertan.

Zubietako beste elementu adierazgarri bat erreboteko frontoia da. Euskal pilotaren modalitate horren berezitasun nagusia da jokalariak lerro baten alde banatan jokatzen direla eta sakea erdiko pieza zilindriko baten gainean egiten dela. Frontoia 1931n eraiki zen.

Azkenik, auzoko baserri batzuk, Aizpurua, Berridi, Aliri eta Alamandegi kasu, Aro Modernokoak dira (XVI-XVIII. mendeak) eta antzeko ezaugarri orokorrak dituzte, hala nola harlangaitzezko hormak beheko solairuan eta adreiluzko trenkadadun egurrezko armazoia gainerakoetan. Horien artean Alamandegi nabarmentzen da: beheko solairuan benta edo taberna ditu, eta horren gainean Komunitateko batzar-aretoa.

Partekatu

unesco