Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

176. Zezen Plaza (Tolosa)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Zezenketarako zaletasuna duen hiribildua

Ezaguna da Tolosak zezenketarako betidanik izan duen zaletasuna, 1549. urteaz gero horren testigantza dokumentalak baitaude. Gainera, jakina da errekonozimendua lortu zuten tokiko toreatzaileak izan zirela, hala nola Juan Bautista Iraola, 1760an Asteasuko kontzejuak udaletxe berria inauguratzen zuela-eta antolatutako ospakizunetan toreatzeko kontratatua izan zena.

Aro Modernoan zehar eta XIX. mendera arte, zezen-ikuskizunak herriko plazetan egiten ziren, hirigintzak berak mugatzen zituen espazio zabal eta irekietan. Hasiera batean, Plaza Zarra zen ekitaldi horiek hartzen zituena, eta, ondoren, Plaza Berrian egiten ziren. XIX. mendean, ordea, hiribildua harresitik kanpo handitu zenean, zezenketak Justizia Plazan egin ziren, lehen zabalgunean. Esparru karratu horietan, plazara ematen zuten etxebizitzen jabeek beren balkoiak uzten zizkieten zezenketen antolatzaileei, palko gisa alokatzeko.

XX. mendearen hasieran abian jarri zen herrian zezen-plaza eraikitzeko ekimena. 1900. urtean horretarako batzorde bat izendatu zen eta eraikitzeko gestioak hasi ziren. Plaza bigarren zabalgunean eraikitzea erabaki zen, Oria ibaitik gertu. Proiektu arkitektonikoa Alejandro Mujikak sinatu zuen, eraikuntza-prozesuan zehar aldaketa batzuk egin ziren arren. Hala, eraikitako plazaren edukieraren bi herenak estalitako eserlekuak ziren, eta zuloak proportzionaltasun eta edertasun handia zuen. Urte gutxiren buruan lanak amaitu, eta inaugurazioa 1903ko ekainaren 24an egin zen: Jorge Diezen zezen nafarren zezenketa bat ospatu zen, Guerrerito eta Bonarillo toreatzaileekin.

Zezenketa-aisiaz gain, Tolosako Zezen Plazak era askotako jarduerak hartu ditu, betidanik funtzio aniztasunaren alde egin baitu. Horien adibide dira bertan egiten diren herri kirol lehiaketak edo Tolosako inauterietan egiten diren jarduerak. Ehun urte baino gehiagotan, gainera, hainbat ekitaldi hartu ditu, hala nola Santiago Carrilloren mitin bat 30eko hamarkadaren hasieran, edo izotz gaineko irristaketa ikuskizun bat 80ko hamarkadan.

1914tik Tolosako Udalaren jabetzakoa izanik, gaur egun Toros Tolosako Zezenak elkarte pribatua arduratzen da azpiegitura kudeatzeaz.

Tolosako Zezen Plaza

Tolosako Zezen Plaza deigarria da bere proportzionaltasun eta harmonia estetikoagatik. Zezen-plazen ohiko oinplano zirkularraz gain, Tolosakoak atxikitako eraikin bat du, sarrera nagusia hartzen duena. Oinplano angeluzuzeneko eraikin bat da, bi altuerakoa, non erremate gisa frontoi mailakatua nabarmentzen den, inaugurazio urtea bertan agertzen dela. Plaza harlangaitzezkoa da. Bi altuera ditu, zerrenda zuri batez banatuta daudenak. Beheko solairuan sarrerako ateak daude, eta goikoan, berriz, itxitura gorriak dituzten leihoak.

Hirugarren mailako zezen-plaza izanik, 5.500 eserleku ditu, bost tendidutan banatuta. 12 eserlekudun 26 palko ditu, baita presidentearen palkoa ere. 37,5 metroko diametroa du, eta 1,8 metroko kailejoia. Plazak, gainera, bi korta eta zazpi zezentoki, ukuiludun zaldi-patioa, erizaintza eta beste gela osagarri batzuk ditu.

Partekatu

unesco