266. Zeraingo herriguneko multzoa (Zerain)
3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA
Landa izaerako herrigunea
Zerain muino baten gainean egoteak aukera eman zion San Adriango pasabidean zehar Gipuzkoako lurraldea Arabakoarekin lotzen zuen bide nagusira eramaten zuten bideak kontrolatzeko. Bide hori komunikabide garrantzitsua izan zen, non garraio komertzialak, truke ekonomikoak eta Santiagora zihoazen erromesek topo egiten zuten. Zerain Erdi Aroan gertakari gorabeheratsuen lekuko izan zen: Nafarroako eta Gaztelako erresumek elkarren aurka egindako borroketan, adibidez, bien arteko mugan baitzegoen, edo Erdi Aro amaieran probintzia astindu zuen Bandoen Gerran. Azken garai horretan, Zerainen izen bereko leinua izan zen nagusi; oinaztarrak ziren eta herrian dorre bat izan zuten, gaur egungo Jauregi Etxea. Enrike IV.a erregeak 1457an desegiteko agindu zuen dorreetako bat izan zen; dorreak mozteak Ahaide Nagusien proiektu politikoaren porrota adierazten zuen, Gipuzkoan errege boterearen gauzatzea bereganatu nahi baitzuten, besteak beste.
Zerainek, ziur aski XIV. menderako nahiko zaharra zen herriguneak, 1384an Segurako hiribilduarekin Zerain Seguran auzotzea adostu zuen. Hala, Segura zonalde horren erdigune bihurtu zen, hiriburu moduko bat, inguruko herriei babes juridikoa (bere foru eta alkateen bidez) eta behar izanez gero, militarra eskainiz. Akordioak Segurakoen eskubide eta pribilegio berberak izatea eskaintzen zien zeraindarrei, merkataritzari begira, adibidez.
Landa-gunea izanik ere, Zerainen beste jarduera bat ere azpimarratu behar da: burdinaren eraldaketa, herriari onura handia ekarri eta haren paisaia markatu zuena. Dakigunez, minerala erauzteko eta burdin bihurtzeko jarduera Erdi Aroan hasi zen (1000 urte inguruan edo lehenago, beharbada), eta XVII. eta XIX. mendeen artean garatu zen gehien. Bilakaera horren urrats garrantzitsu bat izan zen 1512an Fernando Katolikoa erregeak Zeraini Aizpeako burdin meategien jabetza eta ustiapen baimena eman zionean. Baso-aprobetxamendua ere oso garrantzitsua izan zen; XV. mendean, basoen ustiapenaren hazkundearen ondorioz, hainbat herrik kudeaketarako eta ustiapenerako formula berriak bilatu zituzten. Horren erakusgarri da 1430ean sortu zen Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoa, Altzania mendiaren ustiapena arautzen zuena Gipuzkoako Segura, Zerain Idiazabal eta Zegama herriak eta Arabako Asparrena eta Agurain herrien artean.
1615. urtera arte ez zuen Zerainek independentzia lortu: Felipe III.a erregeari diru kopuru handi bat ordaindu ondoren hiribildu bihurtu zen. Hala ere, XVII. eta XVIII. mendeetan Zerainek ez zuen berezko ordezkaritzarik izan Batzar Nagusietan, eta beraz, beste hiribildu batzuekin bat egin behar izan zuen guztien artean botoa emateko eskubidea lortzeko (Zegamarekin edota Legazpirekin egin zuen).
Zeraingo herrigunearen multzoa
Zerainek ondare aipagarria du eremu zibil, erlijioso eta industrialean, besteak beste. Herriaren erdigunean askotariko elementuak nahasten dira, haien artean Jasokundeko Andre Mariaren eliza nabarmentzen dela. Zeraingo herrigunea eliza honen inguruan garatu zen eta bere dorrea gainerako eraikuntzen artean nabarmentzen da. Gaur egungo eraikina XVI. mendearen lehen erdialdekoa da, eta elementu artistiko nabarmenak gordetzen ditu, hala nola erretaula barrokoak, harribitxiekin apaindutako XII. mendeko kobrezko gurutze erromanikoa eta bataiarri gotikoa.
Plazaren beste aldean, garaiago, Jauregi Etxea dago, Zerain leinuaren dorretxea. Harlanduzko hiru hormak XV. mendean moztu zen jatorrizko dorreari dagozkio. Sarrera bat du gotiko estiloko ogiba-arku bat duena, eta gainean, armarri bat. Azken horren ondoan elementu bat dago, zalantza asko sortzen ditu eta oraindik ezin izan da interpretatu: harlanduan zizelkaturik eguzki bat ageri da ilargi laurden batek besarkaturik, eta alboetan zortzi puntako lau izar.
Bizileku-eraikinak ere aipagarriak dira, hala nola barroko estiloko (XVIII. mendea) Benefiziaunea Etxea eta Bikario-enea, plazaren inguruan kokatuak, bai eta kirol-aisialdiko elementu bat ere, bolatokia (XX. mendea), lurraldean oso errotuta dagoen bola-jokoan aritzeko.