Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

235. Zanbranako humildegia (Zanbrana)

7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS

Bideetako gurutzeak eta umildegiak

Bideetan seinaleak jartzea gizakiaren behar bat izan da, eta hainbat modutan erantzun dio behar horri; kasu baterako, mugarrien bidez. Lurrean iltzatutako seinaleak dira mugarriak, lurralde edo jabetza bat mugatzeko, puntu batetik besterako distantziak adierazteko edo bidearen norabideari buruzko informazioa emateko balio dutenak. Erromesaldietan, ordea, beste elementu batzuk ere ikusten dira, erlijio-sinbolismo handikoak eta erromes-bidean zehar oso ugariak direnak erromesen premia espiritualei erantzuteko. Donejakue Bidean, bidean bertan zein inguruko herriguneetan, oso ohikoak dira guruztokiak eta umildegiak. Zutabeen gainean jarritako gurutzeak dira: erromesak parean gelditu eta otoitz egin zezakeen; halaber, babesa ematen zion elementua zen. Izan ere, kristautasunaren ikurra eta heriotzaren aurrean Kristo garailearen sinboloa izanik, ikur babeslea bilakatu zen, eta horregatik ageri zen leku askotan, etxeetako ate edota teilatuetan, adibidez.

Donejakue bideko ohiko beste elementu bat, gurutzeak baino konplexuagoa bere osaeran, umildegia da. Teilaz estalitako eraikinak dira, baina alde guztietatik irekiak (baldakin baten antzera), eta barruan gurutze bat edo irudi bat dute. Debozio-toki txikiak dira, bidearen ertzean dauden herrien kanpoaldean kokatuak. Estalki bat izatea, barruan gordetzen duen gurutzea edo irudia babesteko modu bat da, eta bide batez monumentaltasuna ematen dio. Herriguneetako sarrera-irteeretan egoteak herria bera babesteko sinbolismoa ere bazuen, izan ere, kanpotik zetozenek paretik pasatzean aitaren edo otoitz egin behar izaten zutenez, herriko biztanleak haiengandik babesteko modu bat zen.

Zanbranako umildegia

Zanbranako umildegia herrigunearen mendebaldean dago, Miranda Ebrotik datorren bidearen sarreran. Donejakue Bidearen eta Errege Bidearen bazterreko herri bat da Zambrana, eta beraz, komunikazio-korapilo garrantzitsua, non nazionalitate guztietako merkatari eta erromesak elkartzen ziren, eta jarduera ekonomiko oparoa egiten zen.

Umildegia XVI. mendean eraiki zen eta estilo errenazentista du. Podio txiki baten gainean dagoen zutabe ildaskatu batez osatuta dago, eta, antzina gurutze batez burutzen zen. Estalkiak oinplano karratuko eraikina osatzen du, eta alde bakoitzean erdi-puntuko arkua duten baoak ditu. Hiru aldetan horma baxu batek beheko aldea ixten du; laugarrena, berriz, irekia da barrura sartu ahal izateko. Harlanduz egina dago, eta lauzez estalitako teilatua du; barrualdean, berriz, nerbio-ganga batez estalita dago. Dekorazioa sinplea da, eta gangaren nerbioen mentsulak historiatuak dira.

Biztanleek gogoan dute Aste Santuan bertara penitentzia jarreran joateko ohitura zegoela. Zanbranako umildegia, beraz, bidearen elementu bat da, bidaiariarentzat eta herritarrentzat sinbologia handia duena, eta babesa ematen diena.

Partekatu

unesco