199. Zalduondoko herrigune historikoaren multzoa (Zalduondo)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Zalduondo, Bideko pausaleku
Bidegurutze batean kokaturik egoteagatik, Zalduondo herria igarolekua izan da bai Santiagoko Bideko erromesentzat, bai San Adriango tunelean barrena Frantzia eta Gipuzkoatik Arabara iristen ziren mandazain eta merkatarientzat. Bere kokapenari esker, Arabako sarrerako puntu garrantzitsu bilakatu zen, atseden hartzeko pausaleku paregabea baitzen. Arabako Santiagoko Bidean ezinbesteko kokagunea zen, beraz.
Zalduondoren lehen aipamen dokumentala XI. mendekoa da: Donemiliagako goldea izenez ezagutzen dugun zerga-erregistroan Heguiraz (gaur Egilatz) alfoz edo barrutian kokatzen zen. Hala ere, seguruenik herrixka lehenagokoa izango zen, nahiz hasierako data ez jakin.
Bide ertzean kokagune garrantzitsua zuenez, herrian azpiegitura ugari ezarri ziren bertaratzen ziren bidaiariei erosotasunerako zein merkataritza jarduerarako zerbitzuak eskaintzeko asmoz; adibidez: erromesen ospitalea, XIX. mendera arte zabalik izan zena, eta garraiolarien kofradia garrantzitsua, merkatariek garraiatzen zituzten produktuen neurriak kontrolatzeaz eta inguruko azoka arrakastatsuez arduratzen zena.
Jarduera horiek guztiek sortutako aberastasunak Arabako familia handiak erakarri zituen Zalduondora: bertan ezarri eta jauregi bikainak eraiki zituzten bizitzeko. Horietako familia nabarmenetako bat Lazarragatarrena izan zen, Oñatiko eta Arabako Lautadako leinu nagusienetako kidea.
Zalduondo herriguneko multzoa
Kontserbatu den ondareak Zalduondok izan zuen garrantzia erakusten du: bai Santiagoko Bidearen baitan izan zuen garrantzia, bai herriko jarduera ekonomikoek izan zutena.
Herriaren erdigunean Toulouseko San Saturnino eliza dago, Santiagoko Bidean tradizio handiko santua. Gaur egungo eraikina XVI. mendekoa da, areto-oinplanoa du, burualde laua eta hiru ataldun nabe bakarra, nerbiodun gangez estalia. Portada ere XVI. mendekoa da eta elizataria XVII.enekoa. Bi gorputzeko eta oinplano karratuko dorrea du, XVI. mendekoa. Elizak barruan gordetzen duen altxor handienetako bat erretaula nagusia da, XVII. mendeko lehen erdikoa. Errenazimentu eta barrokoaren arteko trantsizio-garaikoa da, Araban dagoen garai horretako erretaularik garrantzitsuenetakoa. Une hartan Araban zegoen irudigile eta eskultore aipagarrienetakoa zen Pedro Aiala eskultorearen irudiak nabarmentzen dira. Tenpluaren ezkerraldean Lazarragatarren kapera dago, bere sakristia eta guzti; XVI. mendekoa da eta gotikoaren eragina du.
Herrian zehar garai desberdinetako arkitektura zibileko elementuak aurkitzen dira. Ondare zibileko harribitxietako bat elizatik hurbil kokatzen da: hain zuzen ere, Lazarraga jauregia, XVI. mendekoa. Oinplano karratuko eraikina da, hareharrizko harlanduzkoa fatxada nagusian eta harlangaitzezkoa gainerakoan. Lau isuriko teilatua du, zeramikazko teilaz osatua. Nabarmentzekoa da fatxada nagusia; ekialdera begira dago eta bi solairu ditu. Behe solairuan, atearen alde banatan bi koloma joniko ageri dira, eta lehen solairuan, alboetan neurri handiko gerlari bana duen armarri ederra. Hegoaldeko fatxadan, galeria bat du lehen solairuan, kapitel korintoarreko koloma errenazentistek eutsia.
Horrez gain, Zalduondon bada beste jauregi aipagarririk, besteak beste: Andoin-Luzuriaga jauregi barrokoa, XVII. mendekoa eta Montemayor baserria, XVIII. mendekoa. Azpimarratzekoak dira, halaber, udaletxe barrokoa, XVIII. mendean harlanduz egina, eta bolatoki eta iturri-aska neoklasikoak, XIX. mendekoak.