Joan edukira

ELEBI programaren bilakaera

 

2008. urtean  Eusko Jaurlaritzako Trebakuntza Programa ezarri zen. Lau ikasturtez ( 2008-2012) trebatzaile baten gidaritzapean bakarka emandako saioetan gauzatu zen programa; hots, bakarkako prestakuntza izan zen. Horrela bada, tutoretzaren esperientzia bi liburuotan eman genuen argitara: Trebakuntzako eskuliburua eta Trebakuntzako ariketa-liburua.

 

2012ko abenduan  beste urrats bat eman  genuen  eta,  trebakuntzaren ordez, ELEBI jarri genuen abian: Eusko Jaurlaritzako langileen taldekako trebakuntza mintegien bidez, hau da, langileen lanpostuko jardun elebidunerako mintegiak. Programa horren bitartez, antzeko behar komunikatiboak dituzten langileek mintegiak osatu, eta beren funtzioei dagozkien dokumentuak landu dituzte launakako taldeetan.

 

2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak V. Plangintzaldiko Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia ( 2013-2017) onartu zuen. Plangintzaldi horren helburu nagusia da euskara lan hizkuntza bihurtzea. Bestalde, V. Plangintzaldi honetan aplikatu beharreko  derrigortasun indizea aurreko plangintzaldikoa baino handiagoa denez, jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuetan eta gizarte orokorreko ataletan, euskarazko administrazio atalak eta atal elebidunak izendatu behar izan dira. Atal horietan, euskara zerbitzu edota lan hizkuntza dela kontuan hartuta, herri langileek lana euskaraz egiteko behar duten prestakuntza eskura izan behar dute. Horren ondorioz, atal horietako langileei eskatuko zaie zenbait lan-eginkizun euskaraz egiteko, eta horretarako ELEBIk laguntza emango die.

 

Horren ildotik, 2014-2015 ikasturtean, ELEBIn honako egokitzapen hauek egin dira:

  • Erabilera Planaren eraginpean dauden atal euskaldun eta elebidunetako langileek izango dute lehentasuna, idatzizko dokumentu edo ahozko jarduna euskaraz egiteko benetako beharra baitute.
  • Langile horiek ELEBI mintegietan lau hilabeteko prestakuntza jasoko dute.
  • Behin prestakuntza amaituta, ELEBI mintegiko ikaste prozesuaren eraginkortasuna neurtuko da ikasle bakoitzeko.

Hau guztia kontuan izanda, azken urteotako esperientziaren berri ELEBI Programaren eskuliburuan eman zen.

2015-2016 ikasturtean 13 mintegi sortu dira. Mintegi horietan  atal euskaldun eta elebidunetako langileek ELEBIren bidez prestakuntza jasoko  dute, helburu hauek dituztela: telefono bidezko harrera landu, lan-bileretan euskara erabiltzeko prestakuntza jaso, prebentzio teknikariek erabiltzen dituzten dokumentuak euskaraz sortu, goi mailako teknikarien proiektuak eta espedienteak euskaraz landu, aniztasunaren gaineko terminologia berria landu etab.

2017ko otsailean beste mintegialdi bati hasiera eman diogu. Mintegialdi hau, besteak bezala, aurreikusitako ekintzetako bat da sailaren erabilera planetan partaide direnei normalizazio prozesuan laguntzeko. Ekintza honi esker, partaideak txosten bateratuak, ebazpenak, gutunak, bilera-deiak, webguneko argitalpenak, telefono-deiak eta aurkezpenak euskaraz sortzen arituko dira lauhileko honetan.

Uda pasatutakoan, irailean, hain zuzen ere,  6 mintegik  lanerako behar dituzten ebazpen, aurkezpen, eskutitz eredu, zirkular, gutun, mezu elektroniko eta bilera-deiak lantzeari ekin diote.

2018ko otsailean, 37 ikaslek hartuko  dute parte ekainera arte iraungo duen mintegialdian. Lau hilabete eta erdi horietan, ahozko lan-jardun bera duten langileek telefono bidezko elkarrizketak landuko dituzte, administrarien eta herritarren artean informazioa eskatzeko, argibideak emateko, kexak adierazteko edo informazio orokorra trukatzeko eta, horrekin batera, gai bati buruzko lexikoa eta terminologia erabiltzeko estrategiak ere bai. Bestalde, gainontzeko mintegietan prestakuntza jasoko dute, dokumentuak itzultzetik euskaraz sortzera pasatzeko.

Irailaren bigarren hamabostaldian 2018-2019ko mintegialdia hasi da, hau da, irailean hasi eta otsailaren erdian  bukatuko dena. Mintegialdi honetan 27 partaidek jasoko dute prestakuntza 6 mintegitan banatuta. Prestakuntza hori berdintasunaren inguruko gaiak lantzera, ebazpen jakin batzuk lantzera eta  hezkuntzako txostenak lantzera bideratuko da. Horrez gain, beste mintegi batzuetan bestelako ahozko zein idatzizko dokumentuak landuko dituzte, besteak beste, bisiten harrera, telefonozko arreta, e-mailak, bilera-deiak, gutunak ...

Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldiak (2018-2022) prestakuntzari eragiten dion ondorengo helburua finkatu du: langileen euskarazko komunikazioek lehentasuna izatea, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek herritarrekiko harremanetan hizkuntza eskubideak %100ean bermatzeko. Horrenbestez, IVAPek ELEBI programarekin jarraitu beharra du, herri langileek lana euskaraz egiteko dauzkaten trebakuntza premiak asetzeko. Hori dela eta, 2019ko urrian abiatuko da mintegialdi berria. Bertan, herritarrekiko harremanen ondorioz, telefono bidezko arreta eta aurrez aurreko simulazioak izango dira hainbat mintegiren oinarri eta beste hainbatetan, administrazioko hizkera jasoaren esaldi-egiturak eta hiztegi teknikoa garatu nahian, txosten teknikoak, ebazpenak eta ikuskapen aktak landuko dira. Mintegi hauek antzeko behar komunikatiboak dituzten sail bereko partaideek osatzen dituzte; hala ere, Euskara Normalkuntzako teknikarien laguntzari esker, mintegialdi honetan lau sailarteko osatu dira,hau da, sail ezberdineko partaideek osatutakoak, baina eginkizun berberak dituztenak.

Behin helburua zehaztuta (ebazpen jakin bat, telefono bidezko arreta, gutuna eta idazki laburrak, ikuskaritza medikuen txosten jakin bat, bileretarako aurkezpenak), zazpi mintegi berrik hartuko dute parte otsailean ELEBI programan. Bi tutore arituko dira prestakuntza ematen ekainera arte.

2020ko udazken honetan, lau mintegi jarri ditugu abian. Prestakuntza jasotakoan, euskaraz egingo dute landutako lan eginkizuna, mintegiaren hasieran finkatutako helburuak lortzearren.

2021eko mintegialdian ( otsailetik ekainera artekoa) Ebazpenak landuko dira. Ebazpen horiek testu errealak dira, eta ,oinarri hartuta, testu ulergarriak eta argiak sortuko dituzte partaideek. Horretarako, saioetan ebazpenen egitura ez ezik, estiloa eta hizkera ere jorratuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Eukara Planaren lanketetan, hizkuntza normalizazioko teknikariek beharrak identifikatu dituzte, eta, horren ondorioz, Administrazioko langileek euskaraz idazten edo ahozko azalpenak ematen trebatzen jarraitu behar dute. Adibidez, gabeziak nabarmenak dira ,Administrazioko zenbait langilek laneko gai bati buruzko xehetasunak azaldu behar dituztenean edo lexiko espezializatua erabili behar dutenean.  Gauzak horrela, 2021-2022 mintegialdian eta 2022koan ( otsail-ekaina artekoa) laneko argibide, azalpen eta termologia espezifikoez gain, dirulaguntzak,memoriak, aurrekontuak, ebazpenak eta idazki laburrak ere landuko dituzte ELEBIko partaideek.

Ahozko lan-hizkuntza bultzatu nahian, 2022ko urrian hasitako mintegiak, ikastetxeetako langileei ahozko bat-bateko azalpenak ematen trebatzen arituko dira.

2023ko mintegialdia otsailean hasiko da, eta eratutako zenbait mintegi, aurreko mintegialdian bezala, ikastetxeko langile zein barruko langileentzako ahozko bat-bateko azalpenak ematen trebatzen arituko dira. Gainontzeko mintegietan, auditoreek, arkitektoek eta letraduek lanean erabiltzen dituzten idatzizko dokumentuak landuko dituzte, baita bere arloko terminologia ere. 

VII. Plangintzaldiko Hizkuntza Irizpideei jarraiki, kalitatezko komunikazioa sustatu behar du Administrazioak, estilo zuzen, egoki eta ulergarrian. Hori lortzeko, ELEBI programaren bidez, 2023-2024ko mintegialdian, sailetako parte-hartzaileek lanean euskaraz sortzen dituzten testuak (mezu elektronikoak, oharrak, ebazpenak eta azalpen-memoria laburrak) landuko dituzte, komunikazio horien estiloa eta egiturak jorratuz. Bestalde, telefono bidezko lan harremanetan ziurtasuna lortu nahian, lan arloko glosarioa eta ohiko galderen zerrenda osatu eta landuko dituzte. 

2024ko otsailetik aurrera, sailetako zenbait mintegik honako hau izango dute helburu: lan eginkizunari lotutako testu juridikoak landu, telefono bidezko arreta eta posta elektronikoak eta, bukatzeko, estatistika esparruan, txosten, fitxa, eskaera eta erantzun ofizialak euskara maila jantziago batean trebatzea. 

 

 

Azken aldaketako data:

Euskadi, auzolana