Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2204

AGINDUA, 2021eko martxoaren 24koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baitira 2021eko ekitaldirako turismoko lurralde-proiektuetarako laguntzak.

Turismoa garrantzi handiko sektore ekonomikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Nabarmen laguntzen dio gure herriaren aberastasun ekonomiko eta kulturalari; barne produktu gordinaren (BPGd) % 6,1 sortzen du, eta gaitasun handia du enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzeko.

Azken hamarkadan, turismoak hazkunde etengabea, egonkorra eta iraunkorra izan du EAEn, eta 3,8 milioi bisitarirekin amaitu zuen 2019. urtea. Alabaina, COVID-19ak eragindako pandemiak eta haren ondorioz sortutako krisi sanitarioak geldiarazi egin du turismoaren hazkundea, eta sektore hori suertatu da, hain justu, kaltetuenetako bat.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia global izendatu zuen koronabirusaren agerraldia. Krisi sanitarioari aurre egiteko eta gaixotasunaren hedapena kontrolatzeko, Espainiako Gobernuak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zuen (alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko), herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak hartze aldera. Espainian zein nazioartean ezarririko konfinamendu zorrotzak, murriztapenek eta pertsonen mugimenduan ezarritako mugek inpaktu zuzena izan zuten euskal turismo-sektorean, eta nabarmen urritu zuten sektorearen jarduna, bai eta erabat geldiarazi ere.

Joan den udan gertatu agerraldien eta udazkeneko goranzko kasu kopuruen ondorioz eman ziren urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, eta Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretua, osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzekoa alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; dekretu horrek, batetik, murriztu egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonen sarrera-irteerak, eta, horretaz gainera, mugatu egin zituen pertsonen sarrera-irteerak bizilekua finkatuta zuten udalerrietan.

Ondoren, lehendakariaren abenduaren 22ko 47/2020 Dekretuaren bidez aldatu zen lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretua, zeinaren bidez testu bakar batean bildu eta eguneratzen baitira prebentzio-neurri espezifikoak, alarma-egoera deklaratu den eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, eta eutsi egiten dio pertsonak Euskal Autonomia Erkidegora sartzeko eta irteteko murrizketari, baita mugikortasunean ezarritako beste hainbat murrizketari ere.

Horregatik, askotariko enpresa-tipologiak biltzen dituen turismo-sektorean batzen diren kolektibo guztiei arreta emateko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, beste hainbat instituziok bezala, zenbait laguntza-programa jarri ditu abian, jarduerari eta enpleguari eusten laguntzeko eta, horrela, krisi sanitarioari erantzuteko hartutako neurrien ondorioz jasaten ari diren zuzeneko galera ekonomikoak arintzeko.

Testuinguru horretan, turismoko lurralde-proiektuei laguntzeko programak lortu nahi du ekonomia suspertzea eta turismo-jarduera berrabiaraztea, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak legegintzaldi honetarako garatutako bi aldiko estrategiaren barruan dago. Programa hori 1. ardatz estrategikoaren barruan dago: oparotasuna. Enplegua eta susperraldi ekonomikoa Euskadiko XII. Legegintzaldiko Gobernu Programan, eta, horren barruan, 7. jarduketa-eremuan. Turismo jasangarria eta bikaintasunekoa, zehazki, konpromiso hauetan: 41. Euskadi-Basque Country helmuga turistiko segurua, jasangarria eta arduratsua, eta 42. Euskadi-Basque Country, bikaintasunezko helmuga turistikoa.

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezartzea, sektoreko eragile guztien atxikimendua sustatuta eta garapen jasangarriaren helburuak turismoaren sektorean aplikatuta, EAEn turismo seguru, jasangarri eta arduratsua lortzeko konpromisoa lortzeko aurreikusitako ekimenetako bat da, eta, beraz, erakunde onuradunentzako laguntza-programa honen helburua da beren helmugak osatzen dituzten enpresa, zerbitzu eta baliabide turistikoetan Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin lotutako jarduketak, eta Turismoaren Euskal Saretik (Saretour) eratortzen diren ekimenak. Turismoaren Euskal Sareak (Saretour) kudeaketa- eta gobernantza-eredu berri bat sustatzen du, euskal turismo-sektorearen topaketarako, baterako lanerako eta koordinaziorako foro bat izanik, balio-kate turistikoaren eremu guztietan lankidetza-mekanismoak ezarriko dituena, Kode Etikoaren irizpideak beteta eta sektore anitzeko enpresen arteko lankidetza sustatuta. Azken batean, enpresa eta erakunde elkartuen lehiakortasuna hobetzea sustatzen du.

Bestalde, Euskadi-Basque Country bikaintasuneko helmuga turistiko izateko konpromisoa lortzeko aurreikusitako ekimenetako bat, programa honen laguntzaren xede ere badena, turismo-eskaintzaren bikaintasuna sustatzea da, helmugen dibertsifikazioari eta horien berezitasunari lotuta, eta gastronomia-, enologia-, landa-, kirol- eta kultura-eskaintzarekin eta familia-, erosketa-, industria-, ongizate- eta negozio-turismoarekin lotuta. Hain zuzen, turismo-produktu eta -esperientzia jasangarriak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea lagunduko da, hauetan laguntzen dutenak, hain zuzen: EAEko esperientzia turistikoa hobetzen; balio erantsi handiagoa emanda turismo-eskaintza sendotzen eta bereizten; eta turismo-fluxu berriak indartzen eta sortzen, turismoa sasoiz kanpo zabaltzeko eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzeko. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta bat etorriz Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 4. eta 5. artikuluekin, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-eskarirako turismo-politika dibertsifikatua, kalitatezkoa, jasangarria eta erakargarria garatzeko diseinatu da laguntza-programa hau, eta honako hauek dira helburu espezifikoak:

1.– Turismo-produktuen eta -esperientzien kopurua handitzea.

2.– Turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko ekintzetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea (Basquetourrek bultzatzen eta kudeatzen ditu ekintzak), Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezarrita.

Laguntza programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 25eko Aginduan jasota dago, zeinaren bidez onartzen baita Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailaren Dirulaguntzen 2021eko Plan Estrategikoa.

Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (honako arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 15.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– testu bateginaren 51.2 artikulua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten turismoko lurralde-proiektuei laguntzeko programaren oinarri arautzaileak ezartzea, 2021eko ekitaldirako turismo-fluxu berriak dinamizatuz, banatuz eta sortuz, betiere lekua badute laguntza-lerro hauetan:

– Euskal Autonomia Erkidegoko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak.

– Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak.

2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

1.– Turismo-produktua: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi eta/edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berorietan.

2.– Eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako erakundeak): beren konstituzioan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako erakunde publikoak eta pribatuak barne hartzen dituzten erakundeak dira, eta elementu giltzarria dira helmugaren turismo-garapenerako.

Eragile hauen helburua da modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez beren gain hartzea eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka, horretarako mahai instituzionalak, turismoko mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak erabiliz. Ondorioz, turismo-lankidetzako erakunde bakarra egon daiteke eskualde bakoitzeko.

3.– Hiriburuetan turismoa sustatzeko erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten erakunde publikoak.

4.– Turismo-produktuak kudeatzen dituzten eskualdez gaindiko erakundeak (aurrerantzean, turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundeak): eskualdez gaindiko erakundeak dira, eta bisitariak erakartzeko eta turismo-fluxuak sortzeko ahalmen handia duen baliabide gastronomiko, natural edo kultural jakin bat turismo-produktu gisa abiarazteko, kudeatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko sortu dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.450.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatu hauek izango dira onuradunak:

1.1.– Hiriburuetako turismo-sustapenaren ardura duten erakunde publikoek (udalak, toki-erakunde autonomoak, tokiko enpresa eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak) eta eskualdeko turismo lankidetzarako erakundeetan ez dauden toki-erakundeek (horrelakorik ez dagoelako edo haien eremu geografikoan eratu ez direlako), betiere toki-erakunde horiek Itourbask–Turismo Bulegoen Euskal Sareari atxikita dauden turismo bulegoen edo turismo-informazioko guneen titularrak badira eta urte osoan jendearentzat irekita badaude.

1.2.– Erakunde publikoak nahiz pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak, entitate publikoek eta pribatuek eratutako merkataritza-sozietateak eta bestelako erakundeak eta elkarteak), baldin eta eskualde-mailan nahiz eskualdez gaindikoan turismo-lankidetzarako erakunde edo turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakunde gisa jarduten badute.

2.– Erakunde hauek ezingo dira laguntzaren onuradun izan:

– Enpresa taldeak, enpresa-elkarteak, kirol-erakundeak eta Eusko Jaurlaritzari edo foru-aldundiei lotuta edo horien mende dauden eta nortasun juridikoa duten sozietate publikoak.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ondorio horietarako jasotako kasuren batean daudenak:

● Ez egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da eskakizun hau betetzen dela.

● Ez ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da baldintza horri eusten zaiola.

– Horretarako ezgaitzen dituen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

Diruz lagundu daitezke 2021eko ekitaldian proiektu mota hauek garatzeko egiten diren jarduketak:

a) EAEko helmugen erakargarritasuna eta turismo-esperientzia hobetuko duten turismoko lurralde-proiektuak; I. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.

b) Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak; II. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Oro har, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta agindu honetan zehaztutako epean egiten badira. Gastu horiek I. eta II. eranskinetan daude zehaztuta.

Zeharkako zergak ere sartu ahal izango dira, baldin eta azken horiek ezin badira berreskuratu edo konpentsatu.

2.– 2021. urtean garatuko diren jarduketetarako 2020ko ekitaldian egindako gastu-aurrerakinak onartuko dira, kontrataziorako baldintzek hala eskatzen dutenean (azoketarako guneak erreserbatzea, Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateko kuotak). Era berean, onartuko dira 2020ko ekitaldian egindako jarduerak garatzeko 2020an egindako gastuak, baldin eta ekitaldi horretan ezin izan badira egin lehendakariaren 36/2020 Dekretuan ezarritako mugen ondorioz (36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, berariazko prebentzio-neurriak ezartzen dituena alarma-egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko), eta zeina 2021ean betetzea proposatu baita.

3.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) ezarritako baldintzetan.

Erakunde onuradunek kontratuak egiten badituzte ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak emateko, eta diruz lagundu daitekeen zenbateko garbia 15.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, erakunde onuradunak, gutxienez, eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziak direla eta merkatuan ez badago zerbitzu hori egiteko, eskaintzeko edo hornitzeko behar beste erakunderik, edo salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz hautatu beharko da aurkeztutako eskaintzen artean (justifikazioan aurkeztu beharko dira), eta, betiere, hautua berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

4.– Dirulaguntza onartu ondoren erakundeari ematen zaizkion funtsen % 70i dagozkion benetako finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako dirulaguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Atal hau ez da aplikatuko onuraduna administrazio publiko bat denean.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Diruz lagundutako jarduketa mota bakoitzarentzako laguntzen zenbatekoak I. eta II. eranskinetan daude jasota.

2.– Hona hemen erakunde batek deialdian gehienez jaso ahalko duen dirulaguntzaren zenbatekoa, kontuan hartuta erakundearen jarduketa-eremua eta aurreko apartatuan xedatutakoari jarraikiz:

a) Udal-mailako eremuko toki-erakundeak: 40.000 euro; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, aldiz, 66.500 euro.

b) Eskualdearen edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten erakundeak: 66.500 euro.

3.– Erakunde batek gehienez 35.000 euro jaso ahalko ditu, turismoko lurralde-proiektuak planifikatzeko eta kudeatzeko giza baliabideetan egindako gastua (I.2.1 eranskina) eta helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten programetan parte hartzen duten enpresa eta erakundeei laguntzeko gastuak (II. eranskina) ordaintzeko.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lotura organiko edo funtzionalik ez dute bestelako erakundeek edo organismoek xede bererako emandako laguntza ororekin. Salbuespen gisa, bateragarriak izango dira turismo-sektoreari laguntzeko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19aren testuinguruan erabil ditzakeen aparteko laguntzekin.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako zenbatekoak, bere horretan edo beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, eta jarduketa eta/edo inbertsio beretarako beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ez du gaindituko laguntza emateko arrazoia den jarduketaren kostua. Kasu horietan, mugaren gainetik geratzen den zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

9. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren laguntzen ondorioetarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako erakunde deklaratzen da Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo SA, erakunde laguntzaile gisa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.2 artikuluan ezartzen den bezala, eta honako hauetaz arduratuko da:

1.– Eskabide-fasean, informazioa ematea Basquetourrek Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan bultzatutako eta kudeatutako jarduketak gauzatuko dituzten helmugetan ezarriko dituzten erakundeei buruz, bai eta inskribatutako erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kopuruari buruz ere.

2.– Justifikazio-fasean, informazioa ematea dirulaguntzen programa honen babesean helmuga bakoitzean Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren programari atxikitzearen ondoriozko jarduerak gauzatzeko laguntza jaso duten erakundeen kopuruari buruz.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakundeek elektronikoki aurkeztu behar dituzte eskabideak, EAEko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide honen bidez:

https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1020608/

3.– Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentazioa aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

4.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

5.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira agindu honen I. eta II. eranskinetan zerrendatutako jarduera diruz lagungarri guztiak. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.

6.– Laguntza eskatzeko, interesa duen erakundeak behar bezala bete eta sinatu behar du inprimaki normalizatua (ikus IV. eranskina), EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos/) onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez, eta artikulu honetan aipatzen diren dokumentazio osagarriak aurkeztu. Sinadura elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

7.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea/), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa ahalorde-emailea legitimatzen duen zuzenbidean baliozkoa den agiri bat.

Ordezkariak (fisikoa zein juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.

9.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

11. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko bestelako dokumentazioaren edukia.

1.– Eskabidearen inprimaki normalizatuan erakundearen datu orokorrak idatzi beharko dira, eta langileen datuak sexuaren arabera bereizita jaso. Era berean, proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa eman beharko da. Gainera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du. Hau, zehazki:

– Laguntza jaso duen pertsonaren edo erakundearen izaerari dagokionez:

● Pertsona edo erakundea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretan, zeinek eragotzi egiten baitute pertsona edo erakunde onuradun izatea.

– Zehapenei dagokienez:

● Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

● Erakundea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez, Administrazio Orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitako prozedura.

– Bestelako laguntzei dagokienez:

● Proiektu bererako beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

● Agindu honetan ezarritako zenbatekoa, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, dirulaguntza emateko xede den jarduketaren kostua baino altuagoa bada, eskatzaileak konpromisoa hartzen du egoera horren berri emateko.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

● Ez dago zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

– Eskabideko datuei dagokienez:

● Erakundearen organo eskudunak erabaki du jarduketak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren bezala onestea eta finantzaketa-konpromisoa onartzea diruz lagundu ezin daitekeen zatiarentzat.

● Betetzen ditu deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako eskakizunak.

● Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen da dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako funtsezko datu edo informazioren bat zehaztugabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:

● Ekintza-plan bat turismo-produktu bakoitzeko, alderdi hauek bilduko dituena: ekintza-planaren testuingurua, helburuak, laguntzaren helburu izango diren jardueren deskribapena eta aurrekontu banakatua, plana garatzeko behar diren baliabideak, kronograma eta ebaluazio-adierazleak.

● Dirulaguntzaren xede den proiektuaren tipologia ez badator bat Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez garatzen dituenekin, erakunde eskatzaileak horretarako egindako produktuaren plana aurkeztu beharko da, eta horrek agindu honen I. eranskinaren 3. apartatuan jasotako gutxieneko edukiak izan beharko ditu.

● Lankidetza turistikorako erakundeak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.

● Turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundeak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.

3.– Erakunde interesdunek ez dute zertan aurretik administrazioren batean aurkeztutako dokumentuak aurkeztu, betiere adierazten badute noiz eta zer administraziotan aurkeztu zituzten. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.

4.– Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, non eta ez den arrazoituta aurka egiten, orduan egiaztagiri horiek aurkeztu beharko baitira.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako Turismoaren arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Jakinarazpenak elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Jakin baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola, baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

13. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Epean aurkeztutako eskabideak aztertuko dituzte Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-bulegoetako teknikariek, eta, horretarako, bete beharreko eskakizunak bete diren egiaztatuko dute; bestalde, erakunde eskatzaileari eta Basquetourri eskatu ahalko diete horietako bakoitza egoki ulertzeko eta ebaluatzeko behar beste dokumentazio eta/edo informazio osagarri.

2.– Azterketa horren emaitza eskabide bakoitzeko txosten batean jasoko da, zeinetan identifikatuko baitira gastu hautagarriak eta hautagarri izan ez direnak, eta, kasu horretan, ez onartzeko arrazoiak emango dira, bai eta eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak ere (dirulaguntza teorikoa), agindu honen 7. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan adierazitako mugen arabera.

3.– Gero, egindako txostenak eta programara bideratutako zuzkidura ekonomikoa ikusita, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako antolaketa-arduradunak edo, halakorik ez badago, sustapen-arduradunak ebazpen-proposamen bat bidaliko dio zuzendaritza horretako titularrari.

4.– Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidurarekin nahikoa ez bada 7. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan aurreikusitako gehieneko ehunekoetan eta zenbatekoetan aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da zuzkidura hori, haietako bakoitzerako hasieran kalkulatutako kopuruek eskabide guztiak betetzeko behar den guztizko zenbatekoarekiko izango luketen proportzio berean.

14. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak du eskumena erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpena emateko eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen horretan identifikatuko dira erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» aplikazioaren bidez bakarrik izapidetuko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/).

3.– Epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe igarotzen bada, erakunde interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.

4.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Arau honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epean, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da, honela: dirulaguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren edo, dagokionean, agindu honen 16.1 artikuluan zehaztutako epea dirulaguntzari espresuki uko egin gabe igarotzen denean; eta gainerako % 30a egindako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aurrerakina ordaintzeko laguntza onartu arren, errekurtsoa aurkeztu ahalko da laguntza onartzen duen ebazpenaren aurka.

2.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, hirugarrenei alta emateko datuak eman beharko dira, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenak/).

Hirugarrenen alta Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez egiten ez bada, inprimakiarekin batera nortasun fiskaleko txartela ere aurkeztu beharko da.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Emandako dirulaguntza eskatutako helburua betetzeko bakar-bakarrik erabiltzea, agindu honen 18.2 artikuluan ezarritakoa aplikatzekoa ez bada behintzat. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuen eskutik xede bererako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

4.– Dirulaguntza emateko edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.

5.– Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen dieten informazio oro.

6.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:

● Hezkuntza, sustapen eta marketinerako euskarriek, beren formatua eta hedatzeko modua edozein delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa (https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua/ eta Euskadi-Basque Country turismo-marka erakutsi beharko dituzte, horri buruzko eskuliburuetan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako sustapen-ekintzetan erakunde onuradunaren, helmugaren edo produktu-klubaren logotipoa erabiltzen ez bada. Euskadi-Basque Country markaren eskuliburua eta logoa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren web-orrian daude (Turismoa): https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismoa/)

● Gainera, eta hala badagokio, webgunean, turismoaren web-orri ofizialaren banner bat jarri beharko da: www.euskaditurismo.eus

8.– Beren gain hartzea Administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; hizkuntza mota ororen erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

9.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritzei eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jardueren garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritzek eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio oro, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio oro ere.

17. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta azken likidazioa.

1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/) «Nire karpeta» aplikazioa erabiltzea.

2.– Dokumentuak elektronikoki aurkeztuta frogatu beharko du erakunde onuradunak bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela laguntza ematean ezarritako helburua. Justifikazioa egiteko epea 2022ko urtarrilaren 31n amaituko da.

3.– Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek errekerimendua egingo diote enpresa onuradunari, hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesa itzuli beharko dira.

4.– 2. apartatuan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.

5.– Dirulaguntzak justifikatzeko, justifikazio-kontua modalitatea erabiliko da, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuta. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du gutxienez:

● Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jarduketen azalpen-memoria; zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu diren adierazi behar da.

● Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostuarena, hauek jasoko dituena:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura noiz eman den (data), kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatutako eta emandako ereduaren arabera beteko da: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

b) Jatorrizko fakturek (elektronikoak izan daitezke), merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten dokumentuek edo administrazio-eraginkortasuna dutenek bat etorri beharko dute aurreko apartatuan zehaztutakoekin. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), ordainagirien ordez, posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, eta abar), betiere zenbateko hori emandako dirulaguntzaren % 10 baino txikiagoa bada. Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

c) Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

e) Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona kualifikaturen bat kontratatzeko dirulaguntza jasotzen den kasuetan.

f) Hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.3 artikuluari jarraikiz eta agindu honen 6.3 artikuluan ezarrita dagoen moduan, erakunde onuradunak eskatu dituen hiru aurrekontuak.

6.– Gainera, kasu guztietan:

– Sustapenerako materiala egiteko dirulaguntza eskatu dutenek aurkeztu beharko dute sortutako material bakoitzaren ale bat edo, materiala interneten argitaratu bada, interneteko sarbidea.

– Dagokionean, bankuko dokumentu bat, dirulaguntzaren % 70eko aurrerakinak ordaindu zenetik dirulaguntzaren justifikazio aurkezteko egunera arte sortu dituen benetako finantza-etekinak adierazita.

7.– Turismo eta ostalaritzaren arloko teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.

8.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

9.– Dirulaguntza likidatzeko, kontuan hartuko dira entitate onuradunak benetan egindako eta justifikatutako diruz lagundutako gastua, diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste entitate batzuek emandako laguntzak, bai eta, hala badagokio, laguntzaren aurrerakinaren finantza-etekinak ere. Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izango da inola ere dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa izan. I. eranskinean jasotako jardueren justifikazioen zenbatekoak, dirulaguntzaren ehuneko berekoak badira, elkarrekin konpentsatu ahal izango dira, baina ezin izango dute gainditu jarduketa horietarako emandako gehieneko zenbatekoa.

10.– Justifikaturiko eta likidazioan onartutako kostua onetsitako aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuta.

11.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, izendatutako teknikariek txosten bat emango dute, eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da. Nolanahi ere, ez badira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta, horrek emandako dirulaguntza murriztea badakar, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan, hala badagokio.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Laguntza-programa honen onuradun izateko, gutxieneko baldintza horiek bete behar dira. Baldintzak agindu honen 4. artikuluan daude, eta dirulaguntzak jasotzeko jarduerak, ordea, 5. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

2.– Aurrekoa gorabehera, aurkeztutako proiektua funtsean aldatzen ez duten aldaketak, hala nola diruz lagundutako turismo-produktuak sortzeko, sustatzeko edo merkaturatzeko aurreikusitako ekintzak antzeko izaera eta helburuko beste batzuekin ordezkatzea, laguntza-eskabidean aurkeztutako eta ondoren onartutako baldintzetan egin ezin izateagatik, SARS-CoV-2k eragindako pandemia globalaren testuinguruan gerta daitezkeen eta erakundearekin zerikusirik ez duten zirkunstantziengatik, eta dirulaguntza-deialdi honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta laguntza ematea eragin zuen helburuari eusten bazaio, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, osoki onartuko du uko egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

2.– Enpresa onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du emandako ukoa, eta ordurako ordainketaren bat egin bada, dirulaguntza itzultzeko obligazioa adieraziko du, sortutako interes eta guzti; halaber, amaitutzat emango du prozedura.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo ez badu laguntza emateko aintzat hartutako xedea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:

a) Emandako dirulaguntzaren % 25 edo gutxiago gauzatu izana diruz lagundutako jarduerak guztira.

b) Egiaztagiriak ezarritako epetik kanpo aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

c) Laguntza eskuratzeko eskatutako eskakizunak ez betetzea.

3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espediente hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez bakarrik izapidetuko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/).

4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

21. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak; eta prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HELMUGEN ERAKARGARRITASUNA ETA ESPERIENTZIA TURISTIKOA HOBETZEN DUTEN TURISMOKO LURRALDE-PROIEKTUAK

1.– Atal honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: EAEko esperientzia turistikoa hobetzea; turismo-eskaintza sendotzea eta bereiztea, balio erantsi handiagoa emanez; eta turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea, horrela kontsumo turistikoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen badute eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen badute. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, ea berariaz merkaturatzean; eta konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko interakzioa ahalbidetzeko.

2.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak izango dira Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak sustatutako gida-planen eta turismo-produktuen arabera –Basquetour SA erakundeari eska dakizkioke– egiten diren jarduerak; zehazkiago, honako hauek:

2.1.– Turismo enogastronomikoa: turismo enogastronomikoa sustatzeko planarekin bat datozen proiektuak baino ez dira kontuan hartuko, «Euskadi Gastronomika» produktu-klubaren testuinguruan garatutakoak.

2.2.– Naturarekin lotutako turismoa: honako kategoria hauetan bildutako turismo-produktuei dagozkien proiektuak baino ez dira hartuko kontuan:

2.2.1.– Turismo aktiboa naturan.

– Mendi-ibilaldiak: Euskadiko mendi-ibilien plana.

– Zikloturismoa: Euskadiko zikloturismo-plana.

2.2.2.– Ekoturismoa: Ekoturismoaren gida-planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.3.– Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuek izango dute lehentasuna.

2.4.– Kultura-turismoa.

– Done Jakue Bidea EAEn.

– Ignaziotar Bidea EAEn.

2.5.– Kostaldeko turismoa: EAEko kostaldearen gida-planeko eragiketa-planari dagozkion eta ezarritako lan-mahai edo foroetan onartzen diren ekintza guztiak jasoko dira; hala ere, produktu hauei lotutakoek izango dute lehentasuna: Surfing Euskadi, turismo nautikoa eta marinel-kultura.

2.6.– Familia-turismoa: familia turismoaren planarekin bat datozen proiektuak.

2.7.– Esperientzien programa eta jarduera-planak: III. eranskinean zerrendatutako esperientzia eta plan ofizialei dagozkien ekintza guztiak.

2.8.– Turismo industriala: Turismo industrialaren gida-planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.

2.9.– Erosketa arduratsuko turismoa: Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak abiarazi duen «Erosketa arduratsuko turismoa» estrategiarekin bat datozen ekintzak barne hartuko dira.

3.– Halaber, aurreko atalean identifikatutako planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu-mota batzuk (txangoak, ibilaldiak, interes bereziko turismoa, eta abar) sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, produktuaren planean justifikatuko, baita onartutako Turismoko Estatu Idazkaritzako (Setur) Helmugetako Turismo Iraunkortasuneko Planetan jasotako jarduerak ere. Planak honako atal hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

– Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren azterketa eta AMIA diagnostikoa identifikatuta).

– Planaren helburuen identifikazioa.

– Turismo-produktuaren definizioa eta ezaugarriak.

– Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).

– Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia –hala badagokio–, eta abar).

– Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.

4.– Diruz lagundu ahalko dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduerak egiteko behar diren gastuak:

1) Plangintza eta kudeaketa:

– Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak. Diruz lagundu ahal izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakundeetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta laguntzaren xede diren proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea xede badute.

– Erakundea Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateari dagozkion gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak.

– Produktuak kudeatzeko tresna teknologikoak ezartzea eta mantentzea (produktuak garatzeko beharrezkoak diren prozesuak eta baliabideak planifikatzeko eta kontrolatzeko sistemak, bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak).

2) Produktua sortzea:

– Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren eta haren kudeaketaren garapenean interesa duten erakundeek parte hartzen duten tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, eta abar. Barne hartzen dira, halaber, webinar bidez egindako mintegiei, hitzaldiei eta prestakuntzei lotutako gastuak.

– Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagundu ahalko dira ostatuari eta garraiori dagozkien bidaia-gastuak.

– Proiektua abiaraztea. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eskariaren jokamoldearen azterlanei buruzkoak (Ibiltur estatistika-operazioaren planteamendu metodologikoaren arabera), bai horiek eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei eta jarduerei zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.

– Kanpoko sentsibilizazio-ekintzak, foroak, jardunaldiak eta produktuen aurkezpenak, indarrean dagoen Euskadiko Marketin Planarekin bat datozenak, aurrez aurre nahiz modu birtualean. Diruz lagundu ahal izango dira ekintza horiek abiaraztearen ondoriozko gastuak, hauei dagokienez: euskarri fisiko eta teknologikoen garapena, espazioen alokairua, materialaren garapena, zabalkundea, hizlariak, eta abar.

– IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua, eta abar.

3) Sustapena:

– Interes handiko ekitaldiak sortzea edo martxan jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere, izan aurrez aurre nahiz birtualki.

– Web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak, eta abar).

– Sare-sozialen kudeaketaren eta mantentze-lanen gastuak.

– Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.

– Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara –fisikoa edo digitala– egokitzea. Gainera, zehazki, Euskadi Gastronomika eta Familia Turismoa produktu-klubei lotutako helmugetarako, produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, mendi-ibilaldiei, zikloturismoari eta ekoturismoari buruz egindako euskarrien inprimatzeen ondoriozko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.

– Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak, baita jendearentzako arreta-zerbitzua emateko pertsona baten kontratazioarenak ere. Azoka birtualen kasuan, partaidetza-gastuak. Ez dira diruz lagunduko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.

– Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» delakoak eta kaleko ekintzak.

4) Merkaturatzea:

– Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea; besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak, eta abar.

– Lineako merkataritza-estrategiak.

5.– Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

– Inbertsio-gastuak.

– Informatikako ekipamendua erostea.

– Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); Internetera sartzeko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuk. Diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzen duten frogak aurkezten ez badira.

– Erakunde eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak, eranskin honen 4.1) apartatuan zehaztutakoak izan ezik.

– Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik; baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.

– Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.

– Web orria erregistratzeko gastuak eta mantendu eta ostatatzeko («hosting»a) kuotak.

6.– Turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da honako eremu hauetan:

– Euskal Autonomia Erkidegoa.

– Espainian eta nazioartean, batez ere indarreko Euskadiko Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan, hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoa sustatzen duten erakundeek egiten dituzten jardueretarako. Era berean, gainerako erakunde onuradunek eremu horietan egiten dituzten sustapen- eta merkaturatze-ekintzak ere onartuko dira, baldin eta Espainiako eta/edo nazioarteko sareetako kide izateagatik badira eta hala justifikatzen bada eskabidean.

7.– Honako hau izango da produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika:

– Erakunde onuradunen logotipoa duten markak Euskadi-Basque Country markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.

– Euskadi-Basque Country logotipoa duen markak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logotipoak erakunde onuradunaren logotipoa duen markaren garrantzi hierarkiko bera edo handiagoa izango dute.

– Aurrekoa gorabehera, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, erakunde onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi-Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.

8.– Dirulaguntzen zenbatekoa:

8.1.– Honako hauek dira eranskin honetan jasotako laguntzen zenbatekoak eta ehunekoak:

a) Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak (eranskin honen 4.1 apartatua): onartutako gastuaren % 60, eta, gehienez, 25.000 euro erakunde bakoitzeko.

b) Diruz lagun daitezkeen gainerako jarduketak: onartutako gastuaren % 50.

8.2.– Aurrekoa gorabehera, honako hau da eranskin honetan ezarritako kontzeptu guztiengatik erakunde onuradun berak gehienez jaso dezakeen dirulaguntza, bere jardun-eremuaren arabera:

a) Udal-mailako eremuko toki-erakundeak: 15.000 euro; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, aldiz, 66.500 euro.

b) Eskualdearen edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten erakundeak: 66.500 euro.

II. ERANSKINA
HELMUGEN LEHIAKORTASUNA ETA JASANGARRITASUNA HOBETZEKO PROIEKTUAK

1.– Erakunde onuradunei Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako jarduerak antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren eta Turismoaren Euskal Sarearen (Saretour) esparruan, bai entitateen bai helmuga bateko enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezinbesteko tresna da Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda garatzeko; izan ere, bere helburu nagusia garapen jasangarrirako 17 helburuak (GJH) betetzea da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Basquetourren bitartez, euskal turismo-lehiakortasunaren eraldaketa jasangarri eta arduratsua egiten ari da, Garapen Jasangarriaren 17 Helburuak (GJH) betetzea lortzeko. Eraldaketa hori proiektu integratzaile bat zabaltzean datza, eta proiektu hori Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari (euskal enpresak eta helmugak) atxikitzearekin hasten da, iraunkortasunarekin eta erantzukizunarekin duten konpromisoa erakusteko. Behin erakundeak atxikita, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritako 8 printzipioak betetzeko konpromisoa hartzen dute. Printzipio horiek gobernantzaren, teknologiaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloekin lotuta daude, eta kode horri lotutako jarduketak inplementatuta gauzatzen dira.

Bestalde, Euskadiko Turismo Sareak (Saretour) kudeaketa- eta gobernantza-eredu berri bat sustatzen du, euskal turismo-sektorearen topaketarako, baterako lanerako eta koordinaziorako foro bat izanik, balio-kate turistikoaren eremu guztietan lankidetza-mekanismoak ezarriko dituena, Kode Etikoaren irizpideak betez eta sektore anitzeko enpresen arteko lankidetza sustatuz. Azken batean, enpresa eta erakunde elkartuen lehiakortasuna hobetzea sustatzen du.

2.– Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari dagokionez, Basquetourreko urteko programazioko laguntzaren erakunde eskatzaileak onarpena eman beharko du jarduketa horiek ezartzeko.

3.– Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan parte hartzeko, Euskal Turismo Sareari (Saretour) atxiki beharko zaizkio enpresak.

4.– Diruz lagundu ahal izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua –laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez–, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakunde onuradunetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta haien xedea bada Euskadiko Turismoaren Kode Etikoko prestakuntza-ibilbidean, memoria lantzen eta lotutako ondorengo jardueretan laguntzea, baita Turismoaren Euskal Saretik datozen ekimenetan ere.

5.– Laguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez, 25.000 eurokoa erakunde bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa honako alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:

a) Euskal Turismoaren Kode Etikoari atxikitako erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kopurua.

b) Erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoengatik, gehienez 20 ordu ordaindu ahal izango dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko.

c) Orduko diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 35 euro da. Horrenbestez, honako hau da onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula: (enpresa parte-hartzaileen kop.) x (diruz lagundutako ordu kop.) x (kostua orduko).

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala