BPE-en kalifikazioaren iraupena

BOEen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua onartu ondoren, arau hori onartu zenetik behin betiko kalifikazioaren xede diren etxebizitza eta lokal guztiek kalifikazio iraunkorra izango dute eta, beraz, babes publikokoak izaten jarraituko dute. Hau da, betiko izango dira babes publikoko etxebizitzak, eta ezin izango dira deskalifikatu. Beraz, inoiz ezin izango dira saldu etxebizitza libreak bezala. Neurri horren bidez, higiezin horien inguruko espekulazio oro saihestu eta, aldi berean, etxebizitza babestuen eskuragarritasuna sustatu nahi da. Hala ere, berralojatzera zuzendutako etxebizitzak deskalifikatu ahal izango dira berralojatutako pertsonek edo horien eskubide-hartzaileek eskatuta, kalifikazioaren datatik 20 urte igaro ondoren. Azaroaren 25eko 290/2003 Dekretua onartu ondoren, araudi horren aurretik babes publikoko gisa behin betiko kalifikatu ziren etxebizitzen kasuan kalifikazioaren epea zabaltzeko aukera dago. Zabalkuntza hori etxebizitzaren titularrak eskatuta egingo da beti. Eskaera hasieran ezarritako kalifikazio-epea amaitu aurretik egin beharko da. Ondoren, dagokion lurralde-ordezkariak erabakiko du, ebazpen bidez, epea zabaltzeko aukera ematea bidezkoa den ala ez. Kalifikazio-epea zabaldu nahi ez bada, garrantzitsua da honako hauek kontuan hartzea:

- Babes publikoko etxebizitzen legezko erregimenaren iraupena, behin behineko kalifikaziorako eskaera 1996ko abuztuaren 14aren ondoren eta 315/2002 Dekretua indarrean jarri aurretik egin denean, 20 urte izango da, behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik aurrera kontatzen hasita. Dena den, babes ofizialeko erregimena, hala badagokio, emandako finantza neurriak osorik amortizatu arte luzatuko da. Bestalde, babes-erregimenaren iraupena 30 urte izango da honako kasu hauetan:

- Erabilera-erregimen gisa errentamendu-erregimena duten babes publikoko etxebizitzen kasuan.

- Jabetza osoko erregimenean eskualdatutako babes publikoko eta sustapen publikoko etxebizitzen kasuan.

Iturria: www.etxebide.info  Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu Etxebideren web-orrialdean.