Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2011/03/29

Titulartasun publikoko Alokabide SA sozietatea sortu da, etxebizitzen alokairua kudeatzeko

Alokabide, SA sozietatea, juridikoki, izaera pribatuko erakundea da. Kapitalaren % 50, sortu zenetik, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, VISESAk du, eta gainerakoa, euskal aurrezki kutxek eta Euskadiko Kutxak. Gaurdaino, etxebizitza-parke publikoaren zati handi baten eta bere ondarekoak direnen errentamenduak kudeatu ditu sozietate horrek.

Une honetan, alokairuko etxebizitza publikoak sustatzea da Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, eta, hori gauzatzeko, ezinbestekoa da tresna eraginkor eta espezializatu bat edukitzea, kudeaketaren eremu publikoa ongi mugatuko duena.  Eusko Jaurlaritzaren ustetan, ez da komeni zeregin hori izaera pribatuko erakunde baten eskuetan uztea. 

Horrela bada, Gobernuak une honetan BBK-k, Kutxak, Vital Kutxak, Euskadiko Kutxak eta Visesak sozietate horretan dituzten akzioak erostea erabaki du eta merkataritzako sozietate publiko anonimoa sortzea. Sozio bakarra izango du eratzen denean, hau da, Eusko Jaurlaritza, eta Alokabide SA. izango du izena. 

Akzioen salerosketa-prezioa 4,7 milioi eurokoa izango da. Sozietatearen ondare garbia 12,9 milioi eurokoa zen 2010eko abenduaren 31n. Partaidetzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak kapitalaren ehuneko ehun izango du (12 milioi euro). 

Ondare-eragiketa honekin, Jaurlaritza izango da sozietatea osatzen zuten alokairu publikora bideratutako 2.487 etxebizitza sozialen jabe bakarra. 2004-2010 aldian, sozietateak ia 88,5 milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik. 

Kopuru horretatik, ia 31,2 laguntza zuzenen bidez , eta 57,3 etxebizitza horiek erosteko kreditu-entitateek emandako maileguen interes-tasetarako subsidioen bitartez. 

Jaurlaritzaren Kontseiluak sozietate berriaren estatutuak ere onartu ditu. 

Hona sozietate berriaren xedea: 

  1. Etxebizitzak sustatu eta birgaitzea, hasiera batean behintzat, alokatzeko, baina errentariei edo, halakorik ezean, hirugarrenei eskualdatzeko aukera baztertu gabe.
  2. Sustatutako etxebizitzekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea.
  3. Etxebizitzak eraikitzeko erabiliko diren lursailen urbanizazioarekin edota etxebizitzak eta industriako edo negozioetarako lokalak birgaitzearekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea, baldin eta ondoren 1) idatz-zatian zehaztutako eran ustiatzekoak badira.
  4. Mota orotako ondasun higiezinak erosi eta saltzea, eta horien gainean, aurreko puntuetan zehaztutako helburu eta jardueretarako beharrezko edo egoki dena eraikitzea.
  5. Hirugarrenei laguntza teknikorako prestazioak ordaintzea, eta zerbitzu teknikoak, ekonomikoak, industria-arlokoak, merkataritza-arlokoak, komisio-zerbitzuak eta sozietatearen izaerari eta jarduerari lotutako beste guztiak egitea.
  6. Alokairu araubideko etxebizitzak kudeatzea.
  7. Alokabide, SA sozietate publikoa tresna gisako bitarteko propio eta zerbitzu tekniko da, Jaurlaritzarentzat, kapital sozialaren zati bat duten erakundeentzat, eta erakunde autonomiadun eta haien mendeko gainerako ente publikoentzat. 

Sozietatearen kapital guztia publikoa izango da, eta lanaren zati handiena sozietate hori bitarteko propio eta zerbitzu tekniko gisa duten erakundeekin egingo du. 

Sailak edo erakunde gomendatzaileak, kudeatzeko gomendioaren bitartez, lanak enkargatzen badizkio sozietateari, haiek ezarritako jarraibideen arabera egin beharko ditu. 

Aipatu kudeatzeko gomendioek tresna-izaera dute eta ez kontratuzkoa; beraz, barrukoak, agindupekoak eta menpekoak dira ondorio guztietarako . Sozietateak betebeharrekoak izango dira, eta honelaxe ordainduko dira: tresna propio eta zerbitzu tekniko izango da Sozietatea beste entitate batzuetan, eta entitate horien partaidetzarekin, Jaurlaritzaren zein sailari dagoen atxikia, bada, sail horren arau organikoek zehaztu organoak, –na­hikotasun ekonomiko eta finantzariorako irizpideaz– finkatutako tarifen arabera, alegia. 

Alokabide, SA sozietate publikoa Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikirik geldituko da, eta finantzen kontrola Ekonomia eta Ogasun Sailak egingo du. 

Bazkide-eskubideak -bazkide bakar gisa Eusko Jaurlaritzari baitagozkio- Jaurlaritzaren Kontseiluak baliatuko ditu.