243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 17 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5699
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 13koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez 2024. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten baitzaie aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, minimis laguntzen araubidea baliatuta, eta zeinaren bidez dirulaguntza horiek arautzen baitira.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.
Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta entitate pribatuek modu aktiboan parte hartu behar dute; alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta, bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.
Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei –diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko– laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta, hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat hasi zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.
Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoa da, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta, hartara, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko planak, programak eta jarduerak egiteko, bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 54. artikuluan ezarritakoarekin.
Ebazpen hau enpresa edo entitate pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako dirulaguntzak arautzen dira.
Deialdi hau argitaratzea guztiz justifikatuta dago Euskadin soldata-arrakala murrizteko ekintzaren Estrategia eta Plan Operatiboaren barruan, eta, bereziki, Euskadin soldata-arrakala murrizteko gidalerroen 4. ardatzean, zeinetan 52. neurria agertzen baita: dotazio ekonomikoa handitzea, enpresa txiki eta ertainetan berdintasun-planak egiteko.
Deialdia bat dator urtero atzemandako premiekin eta lege-aldaketekin; batez ere, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua indarrean jartzeak izan duen eraginarekin (6/2019 Errege Lege Dekretua, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu –eta aukera– berdintasuna bermatzeko presako neurriena). Izan ere, 50 langiletik gorako antolakundeetan berdintasun-planak ezartzeko betebeharra pixkanaka zabaltzen du.
901/2020 Errege Dekretua eta 902/2020 Errege Dekretua indarrean jartzeak betebehar berriak ezartzen dizkie enpresei (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, eta 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa). Alde batetik, enpresaren barruan berdintasun-politikak negoziatzeko beharra berretsi da. Bestalde, berdintasun-planen edukia erregelamendu bidez garatzen dute eta enpresak nahitaez bete beharreko tresnak sartzen dituzte: ordainsari-auditoria, lanpostuak baloratzeko prozedura, eta sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak planen edukian behin betiko sartzea.
Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2024ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Horri jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, 2024. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko deialdi hau arautu eta onartzen da, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, minimis laguntzen araubidea baliatuta, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2023ko urriaren 11ko Ebazpenean aurreikusten den bezala. Ebazpen horren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da. Ebazpen honen eranskinean dago deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua. Bi hauen oinarrizko erregulazioa ere aplikatuko zaie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, zeinaz azken lege horren erregelamendua onartzen baita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo entitate interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 13a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
2024. URTEAN ENPRESEI, ENTITATE PRIBATUEI, KOOPERATIBEI ETA IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, AHOLKULARITZA-ENPRESA HOMOLOGATU BAT KONTRATA DEZATEN, EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNARI BURUZKO DIAGNOSTIKOAK ETA BERDINTASUN-PLANAK EGITEKO, MINIMIS LAGUNTZEN ARAUBIDEA BALIATUTA
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen bidez, enpresei, erakunde pribatuei, kooperatibei eta irabazi asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak arautzen dira, eta dirulaguntzetarako deia egiten da, 2024. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.
Dirulaguntzaren xedea hau da:
Batetik, laguntza ematea 10-150 pertsona bitarteko plantilla duten eta hasiera batean baliabide material eta ekonomikoak eta giza baliabideak behar dituzten entitate eta enpresa pribatuei, enpresaren barruan berdintasuna sustatuko duen kultura bat txerta dezaten eta beren lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseina ditzaten.
Era berean, irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzea du helburu. Entitate horiek, betiere, gutxienez hamar pertsona izan behar dituzte plantillan, eta aldez aurretik berdintasun-planak ezarriak izan behar dituzte eta horiek indarrean dagoen legeriara egokitzeko betebeharra izan behar dute. Zehatzago esanda, arau hauetara egokitzekoa: 901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, zein 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.
2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.
1.– Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: dirulaguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien zerrenda bat egiteko eta dirulaguntza emateko soilik irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei.
2.– Emakunderen aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko bideratuko den diru-zuzkidura. Zenbatekoa laurehun mila (400.000) eurokoa izango da. Hori dela eta, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluak dioena kontuan hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen du agindu horrek), ebazpen honek arautzen duen deialdiko dirulaguntzak ebazteko, derrigorrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024. urterako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.
3. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak eta konpromisoak.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten enpresek, entitate pribatuek, kooperatibek eta irabazi asmorik gabeko entitateek eska ditzakete laguntzak. Besteak beste, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta eduki behar dituzte–, eta, bereziki, honako betebehar hauek:
a) Enpresa eta entitate pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo entitateek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.
b) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena inolako administrazio publikok ez izatea.
c) Entitatearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da, edo, bestela, lantokiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, ebazpen honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.
d) Lehen diagnostikoak eta berdintasun-planak egin nahi dituzten enpresa eta entitate pribatuek 10 eta 150 langile arteko plantilla izan beharko dute. Beren diagnostikoak eta planak egokitu behar dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateek, gutxienez, 10 langile eduki beharko dituzte.
e) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten entitateek, zehapenean adierazten den aldian, ez dute izango ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik, ez eta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzetarako legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.
f) Laguntzen deialdi honetan, entitate hauek ere ez dute parte hartzerik izango: dirulaguntza edo bestelako laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.
g) Aurreko urteetan eta xede berarekin (hau da, lehen diagnostikoak eta planak finantzatzeko helburuarekin) beste administrazio publiko batetik dirulaguntzaren bat jaso duten 10-150 langile bitarteko enpresa eta entitate pribatuek ere ezin izango dituzte eskuratu laguntza horiek. Kanpo geratuko dira, halaber, berdintasunaren aldeko beren ibilbidean aurretik planak edo diagnostikoak egin dituzten entitateak. Salbuespen bakarra irabazi asmorik gabeko entitateak izango dira.
h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari errege-dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.
i) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hizkera ez-sexista erabili beharko da dirulaguntza eskatzen duten entitateek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Era berean, genero-estereotipoak ez errepikatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasuna aktiboki sustatzea egiten diren irudi, komunikazio, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.
j) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3.d) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, emakumeen eta gizonen egoeran nolako inpaktua izan dezaketen jakiteko, entitate onuradunei eskatuko diete dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela justifikatzeko memorietan sexuaren arabera banakatuta aurkez dezatela honako hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, pertsona titularrak eta langileak, eta dirulaguntza eragin duen zerbitzua emateko entitateak kontratatu dituen langileak.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako betebeharrak beren gain hartzen dituzten enpresa eta entitate pribatuek lor ditzakete laguntzak, eta, bereziki, betebehar hauek hartzen dituztenek:
a) Enpresei eta entitateei emakume eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana. Laguntza teknikoaren xedea da Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko Diagnostikoa egitea, gutxienez 20 orduko trebakuntza ematea eta Berdintasun-plana diseinatzea, 4. artikuluan xedatutakoa betez. Aukeratutako aholkularitza-enpresa homologatuak sinatu eta diseinatu beharko du eskariarekin batera helarazten den lan-proposamen teknikoa.
b) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea –entitateko langileen artean–, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.
3.– Dirulaguntza eman ondoren, onuradunentzat beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Alta emateko esteka hau da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, azpimarratu behar dugu azkenean betebeharrak beteak baditu soilik emango dela dirulaguntza.
4.– Aurkeztutako eskabide baten helburua bat ez badator dirulaguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu sar daitekeela administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroaren organo kudeatzaileari, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori igarota, entitate eskatzaileak aurka egin ez badu, lerro-aldaketa hori onartu duela pentsatuko da.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da dirulaguntza. Aholkularitza-enpresek, 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era, honako hauek egiten lagundu beharko diete enpresei edo entitateei:
a) Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, kontratazioak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, sailkapen profesionala, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, lan-baldintzetakoa, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorrekoa; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpeneko egoerak eta sexuaren ziozko jazarpen-egoerak aztertuko dira. Horretaz gainera, entitateak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta antolakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ahal dela, haren edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
b) Gutxienez 20 ordu ematea entitatearen langileei lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta Berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren edukien xehetasunak izan behar ditu, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, eta abar. Programak jaso behar ditu, gutxienez, pertsonak kudeatzeko prozesu ez-diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak.
Aurrez aurreko prestakuntza bideragarria ez den salbuespenezko kasuetan, eta prestakuntza hori aurrez aurre emateko ezintasuna justifikatu ondoren, online-prestakuntza baimendu ahal izango da, baldin eta ikasgela birtualaren formatua badu eta ikaskuntza-ingurune bat badu, non prestatzaileek eta ikasleek elkarri eragiten dioten, aldi berean eta denbora errealean.
c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak behar den bezala banakatu behar dira, eta bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak.
Diruz lagun daitekeen zenbatekotik balio erantsiaren gaineko zerga kenduko da (BEZa), irabazi-asmorik gabeko entitateei izan ezik. Irabazi-asmorik gabeko entitate horiek, horretarako, entitatearen xedeak betetzeko inbertitu edo bideratu behar dituzte produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak, onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, eta ez duten aukerarik izan behar zerga berreskuratzeko. Hori dena entitateek egiaztatu beharko dute.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 16an amaituko da, egun hori barne.
2.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duen eran. Horrela, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/0039211
3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin eta kontsultatzeko entitate interesdunek bide elektronikoak erabili ditzakete: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan onartutako sinadura elektroniko bat eta egiaztagiri elektroniko bat izan behar dituzte, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Izapidetzeari buruzko zehaztapenak, deialdian ezarritakoak, helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0039211
Eskabideak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, nire karpetaren bidez egingo dira (URL): https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskabideak, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, EAEko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan aurkez daitezke. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.
1.– Entitate eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko, batetik, entitateak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik eta, bestetik, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko entitateak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jasotzen ebazpen honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik; edo ziurtatzeko laguntza eskatu duela eta eman egin diotela. Irabazi asmorik gabeko entitateak berori aurkeztetik salbuetsita daude, baldin eta, berdintasun-planak ezarri ondoren, indarreko araudira egokitu behar badituzte.
– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitatearen EAEko egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela entitatea, edo, egoitza EAEtik kanpo izanez gero, EAEko lurraldean dauden lantokietako zuzendaritza- eta administrazio-organoek badutela nahikoa kudeaketa-gaitasun eta autonomia ebazpen honetan aipatutako berdintasunerako jarduera-planak betetzeko behar diren antolamendu-aldaketak egiteko.
– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den deialdian ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko, bereziki 3. artikuluan ezarritakoak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
– Administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko berariazko baimena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada ere.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) I. eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adierazten duela:
– Dinamizatzailearen izendapena.
– Enpresaren datuak.
– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, entitate emaileak eta laguntzen zenbatekoa.
– Barneko lantaldearen aurreikusitako osaera. Adieraziko da erakundean ordezkaritza sindikal propiorik dagoen, ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkaritza edo sektoreko sindikatu ordezkagarrien ordezkaritza, edo antzeko elkarrizketa-organoa, Gizarte Kontseilua, eta abar.
– Negoziazio-batzordearen osaera, dagoeneko eratuta badago.
b) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.
c) Laguntza teknikorako proposamena, aholkularitza-enpresa homologatuak egina eta sinatua, entitate eskatzaileari 2024. urterako diagnostikoa, berdintasun-plana eta prestakuntza-plana egiteko laguntzari buruzkoa; hizkera ez-sexista erabiltzen saiatu behar da hor. Honako hauek jaso behar ditu:
– Entitate edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.
– Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.
– Entitate edo enpresa eskatzaileak berdintasunaren arloan egin duen ibilbidea.
– Entitatearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun-politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.
– Diagnostikoan xehe-xehe berrikusi beharreko alderdiak.
– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.
– Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan langileak prestatzeko saioen programa (hogei ordu gutxienez), 4. artikuluan ezarrita dagoen eran.
– Ekintza-plana prestatzeko prozesua.
– Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, ebazpen honen I. deialdian jasotako moduan.
– Negoziazio-batzordearen osaera, eta osaera-irizpideak, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.
– Kronograma.
– Egindako proposamenaren jarduera motaren arabera xehatutako aurrekontua (Diagnostikoa, Berdintasun Plana eta Trebakuntza), kontratatuko den aholkularitza homologatuak sinatua. BEZ balio erantsiaren gaineko zerga ere agertuko da, jardueraren arabera xehatuta. Gainera, aholkularitza-enpresa homologatuak kalkulatutako aholkularitza-orduak zehaztu behar dira.
d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena. Gutxienez aurkeztu beharrekoa: dirulaguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua, betiere erakundearen langileak sexuaren arabera bereizita; identifikatu behar da, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko diren entitatearen alderdi estrategikoak; planaren garapenak eragingo dien entitateen kopurua, eta abar.
e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: RLC eta RNT ereduak (lehengo TC1 eta TC2 ereduak), eskabidearen aurreko hilekoak.
f) Estatutuak eta eratze-agiria.
g) Esleipen-irizpideetan oinarrituta proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.
3.– Eranskinik izendaturik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetuta bidaliko da, helbide honetan: https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko, baldin eta II. eranskinean horretarako dagoen atalean adierazten bada noiz aurkeztu zen eta zer prozeduratan aurkeztu zen, eta, bestalde, kontsulta egiteko baimena eman bada.
5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa den egiaztatzeko.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.
Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:
a) Presidentea: Miren Josune Irabien Marigorta andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.
Ordezkoa: Miren Elgarresta Larrabide, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
b) Bokalak:
Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Mari Jose Etxegoien Arzuaga andrea, Berdintasun Eskubideak Defendatzeko Arloko arduraduna.
Begoña Calvo Vicandi andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Unay Casado Lataburu jauna, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.
Ane Miren Fernández Gómez andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.
Ordezkoa: Maria Montserrat Parra Jorna, Programa eta Prestakuntza Arloko teknikaria.
Aholkularitza Juridikoko Arloko arduradunak idazkari-lanak egingo ditu.
9. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez.
– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez.
– Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.
– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.
– Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.
B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta antolakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.
– Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.
– Lantaldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.
C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.
– Lurraldean duen ezarpena. 3 puntu, gehienez.
– Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.
– Jarduera-sektorea/eremua. 6 puntu, gehienez.
– Barne- eta kanpo-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.
D) Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden bertako emakume langileen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.
2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.
10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 12.000 eurokoa, gehienez ere.
2.– Gehienez ere % 80ra mugatuko da, 12.000 euroko mugarekin, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, baldin eta entitateen titularren edo partaideen artean mozkinak banatzen ez badira, baizik eta ondasun eta zerbitzuen ekoizpen edo banaketatik lortutako soberakina edo irabazia inbertitzen bada edo entitate horien helburuak betetzeko erabiltzen bada.
Hau da, irabazi-asmoa duten enpresek zerga-oinarriaren gaineko % 50 ere jaso ahal izango dute; BEZa berreskuratu ezin duten irabazi-asmorik gabeko entitateek zerga-oinarriaren % 80 eta BEZa jaso ahal izango dute, eta irabazi-asmorik gabeko entitateek, BEZaren aitorpena aurkezten badute, zerga-oinarriaren % 80 ere jaso ahal izango dute.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo bestelako laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin, laguntzen izaera eta entitate emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehieneko kopurura egokitzeko. Laguntzak, berariaz, erakunde honek diruz lagundutako plana eta diagnostikoa egiteko gastuak zein prestakuntza-orduak finantzatzeko izango dira.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Eskabideak hautaketa-batzordeak ebaluatuko ditu, dirulaguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen espresu eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta adieraziko du dirulaguntza nori eman zaion, minimis izaerarekin, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo entitate onuradunei. Hala ere, emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo entitate interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpetaren» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Ebazpenean, entitate onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren arabera (diruz lagunduko diren enpresa zein entitateak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta, horretaz gain, ordezko entitateen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero ordezkoengana jo ahal izateko. Entitate horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta onuradunak uko eginez gero ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin dion onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.
13. artikulua.– Enpresa edo entitate onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezartzen diren betekizunak konplitu behar dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo entitate onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, dirulaguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, erakundeko zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 15. artikuluan ezarritakoa betez.
e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (webgunean, intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako mezu elektronikoetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoak eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantzaketa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 18.4 artikuluan ezartzen duen moduan.
f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta, prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusiak. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.
g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.
h) Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro –plantillan egindakoak–, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.
i) Justifikatu behar dute ekintzak burutzeko dirulaguntzen erabilera.
j) «Datuen alta/Hirugarren interesduna». Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta aipatzen diren datuak aldatu ez diren, ez eta ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken apartatuan aipatzen den baimena eman bada. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak –Emakundek estali ez dituenak ere bai– justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluari jarraikiz, jardueraren guztizkora iritsi arte; horretarako, 2024ko azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Egindako diagnostikoa, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela, aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatuko da. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.
b) Urte Anitzeko Berdintasunerako Plana, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.
c) 2025erako plan operatiboa edo ekintza-plana, ekintza bakoitzerako aurrekontuarekin batera.
d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.
e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, III. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura xehatua, baita emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiriak ere. Fakturek edo froga-balio baliokidea duten agiriek (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak) behar adina xehetasun izan behar dute, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko, edo egindako gastuak egiaztatzeko (diruz lagundutako jarduerei dagokienez), hau da, banku-egiaztagiriak, zer kontzeptu eta faktura-zenbaki justifikatzen dituen, horiexei egin behar die erreferentzia. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bitartez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zerga-eremuan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.
Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.
f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.
g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
h) Laguntzaren barne- eta kanpo-eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena. Kanpo- eta barne-adierazle kualitatibo eta kuantitatiboak jaso behar ditu.
i) Planaren Negoziazio Batzordea eratu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
j) Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (entitatekoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (lana gauzatzeko kontratatu direnak edo diagnostikoa eta plana aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko planaren onurak jasoko dituztenak).
2.– Dokumentazio hori bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki izenpetua bidaliko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Ordaintzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.
4.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da dirulaguntzaren zenbatekoan.
15. artikulua.– Dirulaguntza emateko inguruabarrak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta dirulaguntzaren helburua bete badira) eta beste edozein entitate publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta, behar izanez gero, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, 13. artikuluan ezarritakoak bereziki, jasotako dirua eta hark sortutako atzerapen-interesak itzuliko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenaren arabera, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako egintzak. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan hartutako egintza eta egoerak.
Deialdian jasotako betebeharrak –konpromisoak betetzeko helburuzkoak– partzialki betetzeak berekin ekarriko du jasotako zenbatekoak itzultzeko betekizuna, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.2 artikuluari jarraikiz.
17. artikulua.– Itzulketa prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako dirulaguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.
18. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, 3/2018 Lege Organikoan eta (EB) 2016/679 Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena).
Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo entitateei.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontuen Auzitegia edo autonomiako baliokidea.
– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.
Eskubideak: datu horiek, bakar-bakarrik, Institutuak botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko sustatutako laguntzak kudeatzeko erabiliko dira. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatu ahal izango dute. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
19. artikulua.– Minimis laguntzak.
1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak 1407/2013 Europako Batzordearen Erregelamenduan (EBAO, L 352 zk. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira (Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori). Dirulaguntza hauek minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Kantitate hori baino gutxiagoko dirulaguntzak ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.
2.– Dirulaguntzaren onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta momentuko ekitaldi fiskalean jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du I. eranskina beteaz, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.